"Gure zuzenekoak pieza bakarreko estraperlo poetiko-musikalak dira"

  • Mugaldekoak lagun-taldeak Beran du topalekua, nahiz eta urteko sasoi luzea kanpoan pasatzen duten, publikoarekin partekatzeko kontakizun bila. Bidairik luzeena izan den honetan batu dituzten ipuin, poema eta kantetan oinarrituta Begiak lekuko (Gaztelupeko Hotsak) CD-liburua osatu dute. Oraingoan ere AEBetako folk doinuak dira nagusi, baina lurralde asko daude islatuta.

Sei bat urte eman dituzue isilik. Mugak itxi dizkizuete? Zertan aritu zarete?

Egia erran behar bada, lau urte izan dira isilik joan direnak, 2008tik 2012ra hain zuzen. Izan ere, aitzineko diskoa 2006an atera zen arren, urte eta erdiz aritu ginen lana aurkezten. Gero, bakoitzak bere kontuak jorratu ditu: familia, lana, bertze proiektu batzuk... Duela hiru urte berriz elkartu ginen orain aurkezten hasiak garen lana prestatzen hasteko. Gainera, kide berri bat daukagu gure artean: Mattin.

Nolakoa izan da bildu dituzuen kanten eta testuen bilaketa?

Arlo musikalari dagokionez, Raul eta Beñardo arduratu dira batez ere. Arlo literarioan, berriz, Edu aritu da espedizio-buru. Nolanahi ere, hainbat eta hainbat aldiz egon izan gara elkarrekin proiektua koordinatzeko. Taldearen funtzionamendu demokratikoak martxa moteldu du behin baino gehiagotan. Bertzalde, kanpokoa Euskal Herrira ekartzeko lanetan laguntzaile zenbait izan ditugu, zubiak behar bezala eraikitzeko.

Zer dute egile hauek guztiak elkarrekin?

Guk hautatutako egile gehienek musika eta literatura uztartu izan dituzte euren ibilbidean. Idazle hutsen kasuan, aldiz, munduko hainbat kolore eta testigantza jaso nahi izan ditugu, kanpoko bidaian ikusitakoa eta ikasitakoa, etxean eta etxekoen ondoan gogoratzeko asmoz.

Nor izan duzue gogoan lan hau egin duzuenean?

Baliteke lan honek jatorrizko bekatu bat izatea: geure gustuetatik abiatzeak lehen-lehenik geure bihotz-buruengan pentsatu dugula salatzen ahal du. Dena dena, folk musika anitza eta literatura maite dituen edonor izaten ahal da gure entzule, irakurle, ikusle. Baina ohartzen hasiak gara 30 urtetik goitikoen artean harrera hobea dugula oraingoz!

“Poema eta musika kontrabandistak dira Mugaldekoak”. Han eta hemen lapurtzen dituzue jende artean zabaltzeko. Baina zer jasotzen duzue trukean? Ahaleginak merezi du?

Nork erran du halakorik? Guk ez dugu fitsik ere ebatsi eta! Hartu, maileguan utzi, erreskate kulturala gozatu, bai, baina ebatsi gabe, aizu! Trukean zer jasoko dugun erreparatu gabe ere merezi du apustuak, gure irudiko: lanak zenbait momentutan kezka eman badigu ere, ikastea eta ongi pasatzea lortu dugu batez ere. Baita inguratzen den jendearekin gustuak, kezkak, zalantzak, irriak eta galderak partekatzea ere. Besterik eska al zitekeen?

‘Gutxi da gehiago’ leloa muturrera eraman duzue instrumentazioan?

Hiru musikariren artean banatu dira tresna guztiak, eta jotzen dakizkigun guztiak baliatu ditugu, beti ere, gero zuzenean diskoko giro bera eskaintzeko asmoz. Geure musika-ahalmenen eta esku kopuruaren araberako oreka eta emaitza lortu ditugu. Horrela, folkaren oinarri biluzia indartzen saiatu gara.  

“Inork ez ditu soka guztien muturrak (...) eta honek interesgarri egiten du mundu zalantzati hau”. Inprobisazioa eta patua dira zuen motibazioak?

Ez zaigu pesimismoa interesatzen, deus ere egiterik ez dagoela behin eta berriz elkarri oroitarazteko diskurtsoak ez ditugu maite. Hortaz, mundua zalantzatia –eta latza eta ankerra eta alu-pitoa– izanagatik ere, egunerokoa bizitzea interesgarria da. Ezinbertzean. Ez dugu bertze erremediorik, ez eta bertzelako salbaziorik ere: egunerokoan dago giltza.

Zer bilatzen du zuen begiradak?

Egunerokoa bertze modu batez bizitzea. Hatsa nahi eta behar dugu. Hartara, aise hobeki hartzen da arnasa kontu xehetan alimaleetan baino. Paradoxikoa badirudi ere, egunerokoak eskaintzen dituen zirrikituetan arnasbide anitz daude. Bilatu behar dira. Eta aurkitu!

Mugaldekoak ohituta daude gizakirik gabe, kantua besterik ez dutela lagun?

Nazim Hikmet poeta turkiarrak lagundu gaitu kontu honetan, berak poema batean zioen bezala, kantuak ez baitu sekula engainatzen: beti fidel, beti lagun.

“Gauza serioa da umorea”, diozue.

Horregatik egiten dugun apenas irri (bereziki nork bere buruari). Guk umorea maite dugu. Kantuetan, testuetan eta zuzeneko emanaldietan umorea dago. Umorea behar-beharrezkoa da. Horregatik da hain serioa afera. Denon artean egunero antzezten dugun teatroa bezain serioa, baiki.

“Azaroa”, “Maiatza”. Mugaldekoek ezinbestez egiten diete beha urtaroei?

Urtaroei so egiteak denboraren gaineko ikuspegia ematen du: denboraren iragana eta errepikatzen diren bizitza-zikloak, adibidez. Sasoiak irakurtzen jakiteak bizitza irakurtzen jakiten lagun dezake, nolabait.

“Erantzun gabeko galderek atsekabetuta abandonatu egiten gaituzte”. Baina nora doaz?

Lehengo diskoan ere bidaide izan genuen Wislawa Szymborskak galdera zerrenda proposatu digu oraingoan. Galderak egitea da poesiak omen duen zeregin behinenetako bat. Galderak egiteko lantegian treba daiteke norbera, begirada egunero trebatzen ahal den neurri berean. Berriki itzali zaigun poeta poloniar honek galderak eta soak bikain uztartzen zituelako egin nahi izan diogu omenaldi xumea, bere poema bat euskaratuz eta musikaz girotuz.

Zuek egindako interpretazio eta moldaketez gain, kanta eta hitz originalak ere ekarri dituzue diskora. Munduko artistak ezagutzeko gonbitea?

Munduko hainbat artista ezagutzeko gonbita eginagatik ere, munduan barrena ikusitakoa etxera ekarri eta geure egunerokoan txertatu nahi izan dugu, bidaiak utzitakoak ingurukoekin partekatzeko.

Nolakoak dira zuen zuzenekoak?

Hitz batez errateko, atipikoak: hainbat giro, kultura eta aldarte uztartzen dituzten emanaldiak dira, oinarrian musika eta literatura estilo diferenteak biltzen dituztenak, antzerkiari muzin egin gabe. Izan ere, 80-85 minutuko iraupena duten zuzeneko hauetan, maiatzeko egun horietako batean bezala, denetik gerta daiteke: erauntsi zakarrak, eguzki leunak... Gurea ez da, beraz, ez errezitaldi, ez kontzertu, pieza bakarreko estraperlo poetiko-musikala baizik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude