Tiro eta danba, has dadila urtea

Ba omen da italiar esaera zahar bat, non gizon bat ageri den egunero-egunero, santu bati errezatzen: “Mesedez, mesedez, loteria irabazi nahi dut!”. Esaerak dio, santuak, nazka-nazka eginda, behera begira jarri eta hurrengoa erantzuten diola: “Mesedez, mesedez, eros ezazu txartel bat behingoz!”.

Esango nuke, urte berriekin ere antzeko zerbait gertatzen dela. Diot, urte berri bakoitzari, berez urteak horretarako ahalmen naturala balu bezala, denok eskatzen diogula zerbait. Zerbait ona, noski. Egia dena da, ordea, ondoren, guk geuk egin ezean, ezer gutxi gertatzen dela mirakuluz.

Gure etxean, ohitura beste bat da. Gauerdia eta gero, ehizerako eskopetak hartu eta tiro egiten dugu zerura. Ez iezadazue galdetu ohitura nondik datorren, baina azken urteetan, nik neuk ere, erritual horri bere balioa eman diot pixkanaka. Kontua da, urteak emandako kontu txarrei egiten diedala tiro, eta askotan (sinbolikoki, noski), urtea izorratu diguten hainbat kabroiri ere egiten diodala tiro. Nik ere beraz, urte zaharrari txarra uxatzeko eskatzen diot, eta berriari, berez, zerbait ona eskatu.

Aurten, pentsatzen jarri naiz nori egingo diodan tiro. Kabroi asko izan dugu aurten ere, krisi handiak jota, banketxe, politikari eta matxista askok izorratu nahi izan dute urtea. Ez naiz hemen izenak esaten jarriko, batez ere, tiroka hasten naizen momentuko berotasunaren bat-batekotasunaren xarma ez izorratzearren.

Hala ere, gure etxeko ohitura horren terapeutikotasunaren inbidiaz, batek baino gehiagok egin dizkit enkarguak aurten, eta halaxe izango da. Eta hau irakurtzen duzuenerako tiroak jota izango baditut ere, behingoagatik, pentsatu dut, egingo ditudan eta ditugun gauzengatik joko ditudala tiroak airera aurten.
Eskatu didazue, 2013 feminista bat, antikapitalista bat, euskaldunago bat. Eskatu didazue, maitasun apur bat, osasuna, dirua eta lana, eta orgasmo bat edo beste gehiago. Eskatu didazue egiteko tiro gogor zuengatik, eta gugatik, eta horrelaxe egingo dut.

Baina arrazoi bakarra dut hori dena lasai aldarrikatu eta eskatzeko; izan ere, santuari errezuan zebilen italiar gizajo hark ez bezala, badakit, egunero, gogotsu arituko garela gure desira guzti horiek 2013an bete daitezen. Ez garela etxean geratuko. Aurten beraz, ez da zuengatik tirorik itsuan joango.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude