Van

Lurrikararen urteurrenean, drama bera

  • 2011ko urriaren 23an 7,1eko lurrikara jasan zuen Kurdistango Van hiriak. Lehen astinduari ehun bat erreplika etorri zitzaizkion atzetik. Ondorioz, 60.000 lagun inguru etxerik gabe geratu ziren. Urtebete igarota berreraikitzea geldo doa, arazo berriak tarteko.

Turkiako Gobernuak nazioarteko laguntza jaso du lurrikarak eragindako hondamendiari aurre egitek, besteak beste hamar milioi dolarretik gora. Baina diru horren zati handi bat ez da Vanera heldu.
Iñigo Azkona

Gaur egun Vanera doan bidaiariak Turkiako zatian dagoen Kurdistango eskualde horretako hiri tipikoa aurkituko du. Lehenengo begiratuan guztiz arrunta iritziko dio ikusten duenari; arreta jarriz gero, ordea, lurrikaren ondorioak agerian geratuko zaizkio. Lursailak hutsik bata bestearen ondoan, orain urtebete etxe bat, bulegoak edota denda bat egon ziren lekuan. Zutik dirauten eraikin asko ere hutsik daude; lurrikaren ondorioz erabiltezin geratu dira, eta zain daude, eraitsi edo desmuntatzeko txanda noiz helduko. Etxebizitza bloke batzuetan hormetako arrakalek barruan gelditutako altzariak erakusten dituzte, bukatutako bizimoduaren testigu.

Iazko urriaren 23an, 13:41ean gertatu zen, Van hiriak bere historian sufritu duen lurrikararik gogorrena. Lehen astinduak, nagusienak, Richter eskalako 7,1eko indarrez jo zuen. Ehundik gora erreplika etorri ziren gero, garrantzitsuena azaroaren 9an jazoa, 5,7 mailakoa. Turkiako Gobernuaren datu ofizialen arabera, 604 lagun hil ziren, baina tokiko agintarien ustez milatik gora izan ziren. Zaurituak ere milaka, 4.152, iturri ofizialen esanetan. 11.000 eraikuntzak baino gehiagok kalteak jasan zituzten eta horietatik 6.000 inguru bizitzeko balio ez zutela geratu

Aurten, herritarrek ahalegin itzela egin dute hiria bere onera ekartzeko, baina oztopo ugari aurkitu dituzte bidean. Alde batetik, Ankarako Gobernua bera, zeinak ez duen eman beste eskualde batzuetan antzeko hondamendiak gertatu direnean emandako erantzuna. Bestetik, eskualde honetako egoera politiko zaila dugu eta horrek arazoak areagotzen dizkie tokiko agintariei.

Turkia, bere kokapen geografikoa dela-eta, lurrikara gunea da. Azken hogei urteetan hamar lurrikara baino gehiago izan dira, oso gogorrak, milaka heriotza eragin dutenak. Okerrena 1999. urtean izan zen, Izmit hirian: 7,6 puntuko indarrez astindu zuen lekua eta 20.000 bat biktima utzi zituen. Turkiako agintariek orduan eta beste hainbat ezbeharren aurrean hartutako neurriak ikusita, ez da harritzekoa kasu honetan izandako erantzun eskasa iraingarria iruditzea Vaneko herritarrei.

Kurdu izatea giltzarri

Van da kurdu biztanle gehien duen bigarren hiria Turkiako Estatuan. 370.000 biztanleko hiri honetan, gutxienez %75 kurduak dira. Ondorioz, kurdua da etxea galdu dutenen gehiengoa ere. Turkiako Gobernuak kaltetuentzako etxebizitzak eraikitzeko kanpaina jarria du martxan, beste eskualde batzuetan egin zuen gisan, baina ez guztiz berdin: etxebizitzak ematerako orduan, hortxe dago aldea. Lurrikararen ondorioz bizitokia galdu zutenei etxebizitza berriak saltzea izan da Gobernuaren hautua. Salneurririk apalena, beheko solairukoena, 50.000 turkiar lirakoa da (23.000 euro, gutxi gorabehera) eta garestiena 180.000 lirakoa (77.000 euro inguru). Batez besteko soldata 700 lirakoa den eskualde honetan, prezio horiek neurriz kanpokoak dira guztiz. Gainera, Van eta inguruko herrietan langabezia tasa %40koa da.

Vanetik hurbil 30 bat herrixka daude, etxebizitza gisa funtzionatzen duten barrakoiez osatuta. Behin-behineko konponbide izan behar lukeena denboran luzatzen ari da. Barrakoietan jarraitu nahi ez duten familiek ez dute etxe berria ordaintzea beste aukerarik, edo epeka ordainduko dutela hitzematea, baina zaila dute hitza betetzen. Neguan tenperatura zero azpitik 20 gradura jaisten da Vanen, eta ohikoa da elurra egitea. Barrakoi horietan datorren negua igarotzea latza izango da, eta bereziki arriskutsua ahulenentzat, zahar eta umeentzat.

Vaneko jarduneko alkate Cahit Bozbay-k adierazi digunez, “gobernuek euren herritarrak lagundu ohi dituzte. Vanen ez da halakorik gertatzen, eskualde kurdua delako. Turkiako beste eskualde batzuetan, gertakari berdintsuen ondoren, herritarrek etxebizitzak eskuratu zituzten ezer ordaindu gabe. Ez zuten argindarrik, urik eta zergarik ordaindu urtebetez, batzuetan urte bi edo gehiagoz. Vango bizilagunek den-dena ordaintzen jarraitzen dute, nahiz eta zerbitzu asko oraindik eskuragarri ez egon. Turkiako Gobernuak ez du turkiar lira bakar bat ere erabili hiria berreraikitzeko. Horren ordez egin duena zera izan da, alkatea kartzelan sartzea. Bera eta baita beste herri kurduetako 37 alkate eta sei parlamentari eta alderdiko kide ere. Guztira 8.000 dira gure alderdiko preso politikoak”.

Cahit Bozbay kurduen aldeko Bakea eta Demokrazia alderdiko kidea da. Legezko alderdia da, indarkeria gaitzesten du, baina hala ere errepresio gogorra pairatu behar du Ankarako agintariengandik. Turkiako kurduen beste alderdi politiko nagusia Kurdistango Langileen Alderdia da. Legez kanpo dago, baina 30 urtez turkiar tropen aurka borrokan dirau, herri kurduaren eskubideen alde. Alderdi horretako gudarien eta turkiar armadaren artean azkenaldian izandako liskarrak ere, Van hiriaren egoera gaiztotzen duten beste faktore bat dira. Urte honetan bertan, borrokek mila hildakotik gora utzi dute, eta hori ikusita, nekazari herrietako biztanle askok etxetik hirietara egin du ihes. Vanen, kasurako, egoera lehendik ere latza izanik, bizilagun berri horiek baldintza okerragoetan bizi dira lurrikarak kaltetutakoak beraiek baino.

Errefuxiatu gehiago

Turkiako kurduez gain, Afganistan eta Irango errefuxiatuak ere iristen dira Vanera. Komunitate horiek gizarteko beherengo maila osatzen dute, Turkiako Gobernuak ez baitie errefuxiatu izaera aitortzen. Nazio Batuen Erakundeak bai, errefuxiatu gisa onartuak ditu, baina ez ditu aspaldion beste herrialde batzuetara ebakuatu. Turkiar agintarien egoskorkeria dela-eta, errefuxiatu estatusik gabe ezin da errefuxiatuei erreserbatutako etxebizitzarik eskuratu, eta euren kabuz lortu behar dute etxea errentan. Legezko lanik ezin dute egin, ordea, eta benetan gaitz zaie bizirauteko diru-iturririk aurkitzea. Doako osasun zerbitzurik ere ez dute, gainera.

Turkiako Gobernua kanpamentu bat eraikitzen ari da hiriaren kanpoaldean eta esan du errefuxiatuek bizi baldintza duinagoa izan dezaten egiten duela. Baina Cahit Bozbayren aburuz, “presondegi edo kontzentrazio esparrua baino ez da, errefuxiatuak kontrolpean edukitzeko eraikia”.

Arazo horiek guztiak bidelagun dituela, Van hiria aurtengo negurako prestatzen ari da. Turkiako Gobernuak nazioarteko laguntza jaso du lurrikarak eragindako hondamendiari aurre egiteko, bai material aldetik (kanpin-dendak, generadoreak, mantak, eta abar) baita dirutan ere (hamar miloi dolarretik gora). Diru horren zati handi bat, baina, ez da Vanera heldu, eta hiriak bere baliabide eskasekin egin behar die aurre berreraikuntza lanei eta errefuxiatuen dramari. Gobernuak ez die lagunduko; aitzitik, traba jarriko die trabaren atzetik, zapalkuntza politikoa, poliziala eta militarra baliatuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude