Ekonomiak ere bere lurra eta elkargoa behar ditu

  • Ipar Euskal Herriko ekonomiari begira jarri gara. Industri arloa aztertu dugu bereziki, baina laborantza eta turismoa begitik kendu gabe. Lurralde Elkargoa sortzearen aukerak animatu gaitu industria txikiaren esparruan diharduten lau eragilerengana joateko. “Nolako Lurralde Elkargoa nahiko zenukete tokiko ekonomia eraikitzeko?” galdetu diegu.

Baionako portuaren gainegitura hobetu beharra aipatu digute solaskideek
Baionako portuaren gainegitura hobetu beharra aipatu digute solaskideekGaizka Iroz

Iparraldeko ekonomia egoiliarra da, ez  produktiboa. Hots, egoiliarrek –hirugarren sektorea tarteko– sostengatua da, lehen eta bigarren sektoreetako ekoizleek baino. Lapurdi kostan 160.000 biztanle dira, eta barnealdean 80.000. Baxenabarren eta Zuberoan 40.000. Guztira, 280.000. Udaldian 600.000 bizilagun izaten da, horregatik azpimarratu dugu ekonomia bereziki egoiliarra dela. Iparraldea ez da krisiak gehien jotako lurraldea, hortaz. Alta, ez dauka berezko ekonomiarik.  

Onarpen politikorik gabeko lurraldea denez gero, are zailago zaio tokiko ekonomia garatu ahal izatea. Jakina denez, ekonomia turismoan finkatuta dago, ez laborantzaren ez industriaren gainean. Areago, globalizazioak eta deslokalizazioak kanpotarren kopurua emendatu dute azken hamarkadetan. Kanpoko jendea tokikoa baino kalifikatuagoa izateak, hein batean, ekoizpen sektorea kanpokoen esku izatea erraztu du. Alta bada, laborantza garrantzizkoa da, bertakoek landua: populazio aktiboaren %6 da, barnealdean %10. Barne Produktu Gordinaren %20 ekoizten du. Frantzian baino altuagoa da, batez beste.

Industria da azterketa honen zioa, halere. Hautetsien Kontseiluak Frantziako Gobernuari proposatu berri dion Lurralde Elkargoaz galdezka hasi gara. Erantzuna konplexua da, Lurralde Elkargoa gauzatu gabe baitago. Anartean, premisa-galdera hauek kontuan hartu ditugu: “Turismorik ez” esateak ez du balio. Nolakoa behar da, ordea? Turismoa industriarekin eta laborantzarekin ongi uztartzeko zer estrategia behar da? Hegoaldearekin artikulatu behar al da?

Iparraldean ez da des-industrializaziorik izan inoiz. Aitzitik, industriaren kultura ez da egundo garatu. Aeronautika da salbuespena.  Baina eremu hori ez da bertako industriaren ezaugarri. Gainera, industria hori Estatuko iparraldera desplazatzen ari da. Areago, usteak ustel dira: Frantzia ez da potentzia industriala egun. Euskal Herrian, berriz, Maule da tokiko industria tipiaren plaza eta eredua. Hazparne eta Uztaritze ere izan dira iraganean. Amikuzen, Garazin eta Baigorrin industria molde berriak garatzen ari dira laborantzako mozkinen transformazioaren industria medio.

Ekonomia eragileak eta hezkuntza

Merkataritza eta Industria Ganbera (MIG) da industriaren erreferente nagusia, Herrikoa eta Hemen tokiko enpresen eragile esanguratsuak izaki. Miarritzeko ESTIA (Ingeniaritza Eskola) da irakaskuntza-gune nagusia. Baionako UIT, bestalde. Tokiko instituzio politikorik ez dagoenez, ez da inoiz Cluster programa landu modu eraginkorrez. Hots, formazioa oinarrizkoa da, baina egitura sendorik ez dago. Enpresa txikiak laguntzeko egitura teknikoak behar dira. Lurralde kontzeptua funtsezkoa da industriaren garapen estrategian. Galdera da: zer behar da industria eraginkortasunez sustatzeko?

Uztaritzeko Olaberria kooperatiban gaude. 15 langile ari dira moldegintzan, automozioaren sektorearentzat. Beñat Castorene da gerentea. Lurralde Elkargoak onik baino ez lukeela ekarriko diosku: “Industria ez da sekula hainbatekoa izan gure lurraldean, eta azken 40 urteetan zegoena deuseztatu da. Zapatagintza, bonetagintza, eiherak desagertu dira. Duela 200 urte zeuden egitura aurre-industrialak gutxituz joan dira. Alta, batez ere, industriarekiko grina jendearen espirituetan ahitu da”. Olaberriako gerentearen hitzetan, laborantzatik industriara iragaitean huts egin zuen jendeak. Ez du Hegoaldeko industrian eman den bilakaerarekin alderatu nahi, baina egungo teknologia-osagailuak ekoizteko enpresak eraikitzea bazegoela uste du: “Kultura hori ez badugu zuzentzen egun, biziki zaila dena, gure ekonomia hondoratuko da”. Demagun Lurralde Elkargoa sortzen dela... “agintariek deus aitzin, iraultza ideologikoa eragin beharko lukete jendartean”. Industrian aritzeko gogo eskasa da larriena: “Politikariek  gure herrian industria garatu daitekeela kontzientziarazi behar dituzte herritarrak. Nahikaririk baldin badute, posiblea da”. Ez da urrutira joan behar, bertan bada zer landua: “Estatuak ez du sekula azpiegitura berezirik sortu gure ekonomiarako. Horregatik, Hegoaldeko egiturak baliatu behar ditugu ahal dugun neurrian. Guk Gernikako kooperatiba eta enpresekin egin dugu lan, bilerak euskaraz eginez. Ekonomian ez ezik, kulturan ere aurrera ari ginen. Gero krisia heldu da. Iparraldeko kultur industria ezak gure arteko harremanak arrunt mugatu ditu”. Gure arteko beste muga bat, bere hitzetan.

Euskal nortasuna barnealdean dagoela dio: Maule, Atharratze, Garazi, Hazparne, Kanbo, Uztaritze... “Baina gazteek ez dute bizitzerik ikusten Euskal Herrian. Gehienez BAB delakoan, kostaldean. Gazteak arras hiritartu dira”. Barnealdean aspertzen omen dira. Castorenek ez du politikariengan itxaropenik, politikaren funts nagusia ekonomia da eta Iparraldean ekonomia politika da. Euskal Herria biziko bada, tokiko ekonomia sustatu behar da: “BABeko %80 frantsesak dira. Arazoa ideologikoa da. Zuzena ere ez da erraitea den-dena ekonomia dela, baina abertzaleen estrategia BABn gehiengoa lortzea bada, ez dago zer eginik. BABen alde eginez, adibidez, Baigorri ibarra uzten dugu hiltzen. Frantsesek euskal langilea eraldatzea lortu zuten aspaldi. Laborari semeak kostaldera joan ziren, administrazio, turismo eta zerbitzu sektoreetan aritzeko. Populu bohemio bihurtu ginen”. Lurralde subentzionatua da Iparraldea. Lurrari eta tokiko ekoizpenari lotutako lanaren gustua galdua ikusten du, bertako ekonomiarik gabe ez dela posible nazioa sortzea. Abertzale izatea ez da aski: “Zentzu horretan ez gara gauza gure izatea eraikitzeko”, diosku. Herri kolonizatuaren izaera azpimarratu digu. Politikariek optimismo okerra darabiltela. Herri eta populu txipia izatea ez da larria bere aburuz: “Helburu argiak baldin baditugu asko lortzen ahal da. Gure lur eremuan sinestu behar dugu. Laborantzari atxiki zaion gisan, industria ere garatu liteke. Garazin eta Baigorrin industria ekimen zenbait abiatu da laborantzaren mozkinen inguruan. Hegoaldeko kultura ere garatu daiteke hemen. Olaberria enpresa da horren adibidea: enpresa tipiak sareetan ehundu eta zabaldu behar dira ibarretan. Urola, Leintz, Goierri ibarretan bezala. Beñat Castorenek bestela ez du etorkizunik ikusten Iparraldean.  

Amikuze, Iholdi, Garazi, Baigorri

Baxenabarrera joan gara. Garazin gaude. 1960ko hamarkadan iraultza izan zen laborantzan. Azken bi hamakadetan bigarren iraultza gisakoa eman da. Laborariek ekoizpenak transformatzen dituzte. Mozkinak ekoizleen eskutik kontsumitzaileen eskura doaz zuzen. Francis Carricart dugu horren eragile. Herrien Elkargorako diharduen Indar-Developpement sailaren arduraduna da. Hiru lan ardatz azpimarratu dizkigu. Bat: proiektu sortzen laguntzea, enpresen bideragarritasuna aztertzea, eta behar teknikoak eskaintzea MIGen bitartez. Bi: lan-guneak muntatzea merkataritzan, eta administrazio-txostenak lantzea. Hiru: enpresak atomizatuak direnez, elkarren arteko lanak uztartzen saiatzea.

Laborariaz gain, ontzi, espartin edota altzari egileak ari dira ibarretan. Laborantza da ekonomiaren %50. Sektore agro-alimentarioak indarra hartu du: Oteiza, Elizaldia, Agerria eta Aznabar dira ekoizle eta mozkinen izen ezagunak. Enpresa txikiak dira. Kalitateko lana ekoizteko antolakuntza eta formazioa landu behar dituzte: “Ekoizle hauek ez dute handitu nahi. Sobera produzituz gero, saltzeko bitartekari handiak behar dituzte, eta merkatu handietan irabazpen etekinak aldatzen dira. Merkatu hori arriskutsua da”. Lurraren arazoaz mintzo zaigu Carricart: “Enpresak eraikitzeko lurra bada aski, baina espekulazioa handia da. Lurra merkeago erosten da etxeak egiteko, enpresa-guneak eraikitzeko baino. Jendeak ere errazago saltzen du lurra etxeen eraikitzeko, industria garatzeko baino. Lurra badago. Zertan eta nola antolatu da arazoa”. Nola ez den antolatu behar azaldu digu: “Amikuzen fundizio bat ezarri zuten. Bideko burdin-bereizgarriak egiten dituen lantegia da, 70 langileko enpresa. Inaugurazio ederra eta politikoki ontsa ‘saldua’. Langile batto ere ez da tokikoa alabaina. Orthezetik heldu dira lanera eta egunean itzuli etxera. Lantegiko teknikariak, berriz, Baionatik datoz”. Erran nahi baita, bertako inor ez dagoela. Donapaleu, Hazparne, Maule edo Garaziko eskoletan ikasi duten seme-abalak ere ez. Horko lizeoetan ez da soldatzaile edo antzeko ofiziorik ikasten. Eta behar direnean kanpotik ekartzen dituzte. Hori da egin behar ez dena, baina hori da batez ere eredua: “Barnealdean ez da ekoizpen lanetan aritzeko usaiarik. Gazteek informatikari, irakasle edo mediku izan nahi dute”. Nola azkartu industria? Carricartek ez du Baionako MIG eta Gipuzkoako Ganbararen arteko lana gutxiesten. Bere ustez, Mugaz Gaindiko egituraren bidez diru pizar heldu da, baina egiten dena gutxi da, eremua ere tipia. Harreman gehienak instituzioen artekoak dira. Beñat Castorenen bidea hobesten du Carricartek eta Nafarroako Cederna-Garalur enpresa-sarearekin harremanak landu ditu iragan urteotan.

Lurralde Elkargoaz mintzatu gara segidan: “Hegoaldearekin harremanak izateko egitura ikusten dute batzuek. Iparraldea behingoz onartua izanen dela, bestetzuek. Beste multzo batek dio, ‘hauek kalmatuko ditugu, baina azkenean instituziorik ez dugu emanen’. Gu Bordeleko politikaren menpe gara. Hegoaldearekin lan gehiago egin beharko genuke. Hegoaldearekin harremanak sustatzeko zer delibero hartuko duten? Nik ere ez dut konfiantza handirik”. Ekonomia eta politika arrunt bereizia baldin badaude, Iparraldean bezala, beti ekoiztuko da merkeen egiten den tokian: “Beraz, politika egin behar da. Gure ekoizpen-burujabetza behar dugu eta Iparraldean ez dugu. Bordeleko botereek ez digute  emanen, ez dute gure beharrik, eta gainera turismoa nahi dute sustatu”. Lan harremanak, distantziaren aldetik, logikoagoak dira Hegoaldearekin egitea. Bordele urrun dago. Ehun kilometro inguruan merkatu izugarria da. Donostia inguruan eta Nafarroako mendialdean dago gure ekonomiaren merkatu naturala. Guk ematen ahal dugu eta hartu ere.  Europako iparraldera bidean ate bat izan beharko genuke hegoaldeko enpresentzat.

Parisen horren beldur ote dagoen galdetu diogu. Parisek ez bide du hori natural ikusten. Bere esperientzia azaldu digu: “Parisko altzari enpresa batek Arrosako Denek enpresarekin lan batzuk egin nahi zituen. Arrazoi tekniko batzuk zirela medio, hemen posible ez zenez, Arrosatik Donostia ondoko enpresa batera joatea proposatu nion. Gipuzkoan bazen lan egitea, baina haien hitzetan ‘ez da posible’. Muga izugarria da. Frantziako beste norbaitekin egitea erabaki zuen. Lurralde Elkargoak ez du eskumen berezirik izanen, baina ate hori zabaltzen lagundu lezake. Edo gure bi aldeen arteko harremanak sustatzen lagundu bederen”.

Maule, industria tipiaren eredua

Artzainak enpresako buru Michel Etxebest-ekin gaude, Maulen. Zortzi lantoki biltzen ditu sarean. Maulez gain, Atharratzen, Gotainen eta Ahurtin daude. Mekanizazio sektorean, itsasgintzan eta aeronautikan dihardute. 250 langile dira: “Frantzian ez dago industriarako kulturarik, harrigarria bada ere. Funtzionarioen kultura nagusitu da. Ekonomia nobleena industria da, bertan sortua, tipia, zerbitzuak barne. Zorigaitzez jendeak ez du ezagutzen ekonomiaren oinarria zein den. Formazio eskasa dago, industriarako kultur gabezia dago. Lege sozialak ez dira ezagutzen. Niri horrek min egiten dit” dio Mauleko auzapeza ere den Etxebestek.  

Zuberoan zernahi lur dagoela dirudien arren, ez da horrela. Arazoa ez da industriak laborantzari lurra hartzea, baizik kanpotik datorren jendeak etxebizitzak eraikitzea. Laborariak aspaldi desagertu ziren kostaldean, Zuberoan ere hori gerta liteke. Horregatik EPL (Lur-zerga Publikoko Erakundea) legea ezarri da. Honen bidez arautzen da lurraren arazoa. Legeak hautetsiak gaia hobeki kudeatzera behartu ditu. Lehen urtea hautetsiak formatzen pasa zuten, kanpotik heldu den jende dirudunaren presioa izugarria baita: “Euskal Herria garbia nahi dute, koloretsua. Legeak zazpi urte bete ditu eta etxe-sustatzaileek ezin dute EPLren arauak bete gabe eraiki” diosku solaskideak. Lurraren prezioa izugarri da. EPLren legea betetzea ez dela politika egitea dio, herriak emandako boterearen arabera eraikitzea baizik. Iparraldean, Maulen konparazione, EPL ezartzen lehenak izan dira Estatuan. Biarnon, aldiz, departamenduan, ez dute EPL erabili oraindik.

Turismoari dagokionean, Euskal Agentzia behar dela dio Etxebestek. Turismoa, laborantza eta industriaren garapenak uztartu behar direla. Lurralde Elkargoak hori kontuan hartu beharko luke. Industriaz berriz, hona bere nahia: “Bat: estabilizazio fiskala ezartzea, legea sei hilabetetan behin aldatzen baita. Bi: langileriaren soldataren kostua apalagoa izateko, deslokalizaziorik ez izatea. Adibidez, Portugalen hilabeteko sariaren karga sozialak %22 dira. Frantzian, enpresak kargen %50 hartu behar du bere gain. Arazo handia da”. Lurralde Elkargoak ez luke markoa aldatuko, bere ustez. Akitaniak Parisek agindutakoa kudeatuko du. Hegoaldearekin harremana honela azaldu digu: “Nik hamar urtez zernahi ahalegin egin dut Hegoaldearekin lotzeko. Hegoaldetik ikusita Iparraldeko industria ezdeusa da. Munduko merkatua funtsean bera da denentzat. Bion arteko lankidetza sortzea xedea da, baina ametsa ere bai. Bekan gauzatzen dira ametsak. Adibidez, Gamesa zen gure ametsa. Baina egoera guztiz aldatu da. Dena mundializatu da. Gasteizeko enpresariak ez dira Maulera begira, Berlinera edo Pekinera baizik. Normala da. Gure erronka, gure tipian, inguruan atxikitzea da”.

Pantxoa Bimboire: Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea "Lurralde Elkargoak kostaldearen eta barnealdearen lokarri izan behar luke"

Zein izan litezke enpresarien abantailak Lurralde Elkargoa onartuz gero?

Departamenduak darabilen aurrekontua hobekiago erabiliko luke Lurralde Elkargoak. Ekonomiaren eskumena orokorra da, eta erakunde askoren (Erregioaren, Departamenduaren eta Herri Elkargoen) esku denez, errate baterako, tokiko enpresa batek baimenak ukateko hala nola horien araberako dirua lortzeko, ez luke horrenbeste energia eta denbora galduko.

Lurraldetasuna ere hobeto kudea liteke, naski.

Bai. Kostaldean bi herri elkargo dira nagusi: Baiona-Angelu-Biarritz eta Hendaia-Donibane Lohizune-Urruña. Herri elkargo bi horiek indartsuegiak dira barnealdeko herri elkargoen aldean. Beren politikak ez du bermatzen gure lurraldearen garapen orekatua, ez baitira horretarako eginak. Lurralde elkargo berri batek egiazko estrategia zutik ezarri beharko luke, adibidez, kostaldearen eta barnealdearen lokarria –eta garapena– lurraren funtzioen arabera orekatuz, hots, laborantzaren, lantegien, etxebizitzen beharrak arbitratuz.

Iparraldeko industriak zer behar du bereziki?

Iparraldeko ekonomian –Frantziakoan bezala funtsean– industria sektoreak arrakasta guti dauka eliteetan. Hemen ero egon behar da gazte bati industriaren aldeko aholkua emateko. Hirugarren sektoreak eta administrazioak biltzen ditu goi-mailakoen indar guziak. Louis Galloisen txostenak dioenez, industriako lan-enpleguaren tasa %12 da Frantzian. Legedia gero eta zorrotzagoa da: lan baldintzak ezartzean kutsadura zorrozki begiratua da. Iparraldeak ere ildo bera segitu behar du. Adibidez, bere tradizioa segituz, nortasun handiko industriari anitz baitaude, Zuberoak kinka txarretik ateratzeko beste aukerarik ez duenez, industria enpleguetan %20ko tasa lortu du! Maulen maila ertaineko eskola tekniko izateak laguntzen du. Gazteak eskola horretatik formazio egoki eta eraginkorrarekin ateratzen baitira enplegatuak izateko.

MIGek zein arlori eman behar dio lehentasuna?

Baionako portuaren gainegitura hobetu behar du, zonaldeak industriarako eta lantegietarako erreserbatuz, Iparralde txukun, eder eta geldi honetan erresistentziak gogorrak daudela jakinik ere. Auzapezek eta politikariek oro har, egiazko ardurak dituzte zeregin horretan.

Abertzale gisa, zazpi ahalak egin behar ditugu kanpotik sartzen den dirua hemen egon dadin: tokiko erosketak eginez, partikularki agro-elikadurak. Halaber, enpresak hemendik kudeatuak izan daitezen, kapitala hemengoa izateko iniziatiba autonomoak suspertu behar dira, Herrikoa eta Hemen eragileak lagunduz, gure lurraldean dinamika ekonomikoa sortzeko. Iparraldeko marka azkartu behar dugu tokiko enpresek lurraldearekin lokarri iraunkorra ukan dezaten alor guzietan, bertako jatorria ezagutua izan dadin merkatuan.

Beñat Castoreneren behako zorrotza

Uztaritzeko Olaberria kooperatibako buruaren hitzetan, “Iparraldeko ekonomiaz mintzo den jendea gutti da, eta enpresen kopuru eskasaz axolatzen denaz are gutxiago. Gizartearen egungo portaera ikusita, egoera ez da laster eta erraz aldatuko. Hona adibide bi frogatzat: Etxepare Lizeoko ikasketetarik landa oso gutti dira enpresen karreretara zuzentzen direnak. ESTIA ingeniari ikastetxean euskaldunak bakar batzuk baizik ez dira. Mauleko edo Hazparneko Lizeo teknikoetan deabrua ikusten dute beren klaseak betetzeko, tokiko gazteak ezin erakarriz. Hortik datoz guk sortutako enpresetan usu ikusten ditugun bitxikeriak: doi bat tarrotzen hasi orduko, ezinbestean kanpotik jinarazitako teknikaria kontratatu behar. Enpresa sortzaile euskaldunak lekukoa pasatzeko orduan, ezinbestean ondokoa kanpoan aurkitu behar. Alta, horrelako egoeraren ondorioak aspalditik ezagun dira, gure aberrian beste edozein herritan bezala: euskaldunen desterratzea eta kanpokoen etortzea guk utzitako hutsunea betetzera. Alabaina, gure laborariek, nahirikan ere, ezin dute berek bakarrik eremu guztia zaindu eta betetzen ahal! Nola, hola portatuz, euskal identitatearen biziraupenak jarraikitzea espero? Noiz konprenituko ote, batez ere beren burua abertzaletzat daukaten gazteek, identitatea galtzear duen populu batean, lehenbiziko urratsa dela herrian bertan lan egitea eta horretarako gure burua gaztetik preparatzea?”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industria
2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


Eguneraketa berriak daude