Sexologiak badu euskarazko hiztegia

  • Sexologian diharduten profesional euskaldunek lan-baliabide berria dute eskura, Euskal Herriko Unibertsitateak Sexologiako Hiztegia osatu baitu, Nerea Sancho sexologo eta irakaslearen zuzendaritzapean. 

Nerea Sanchok zuzendu du hiztegia.
Nerea Sanchok zuzendu du hiztegia.Iure Eizagirre

Hiztegiaren egitasmoa ez da ezerezetik sortua, izan ere, Nerea Sanchok eta Itziar Alonso-Arbiolek –EHUko Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Saileko irakasleak biak– sexologo euskaldunen talde baten eskutik hartu zuten proiektuaren ideia. Egitasmoko zuzendaria izan da Sancho eta aholkulari teknikoa Alonso-Arbiol.

Lanean hasterako baziren aurrekariak sexologiako argitalpenetan, besteak beste, Ramon Etxezarretak 1980ko hamarkadan kaleratutako Hiztegi Erotikoa. Arlo horretan oso hiztegi oparoa dela dio Sanchok: “Esparruko terminoak oso ongi jaso zituen Etxezarretak”. Psikologian ere ba omen zen glosario bat egitasmo hau garatzen hasi zirenerako. Biek ala biek sexologiaren zati txiki bana hartzen ei dute eta Sexologiako Hiztegiak, berriz, eremu zabalagoa lantzen du, euskaraz eta ikuspegi sexologikotik. Horiek dira lan honen ezaugarririk berezkoenak.

 Sexologian jakitun baina euskararen zuzentasuna menderatu gabe, EHUko Euskara Zerbitzura jo zuten Sanchok eta Alonso-Arbiolek laguntza eske. Ordutik Juan Kruz Igerabide izan dute bidelagun proiektuan, bera izan baita hizkuntza-arduraduna.

Hizkuntzaren egokitasun falta egunerokotasunean islatzen da eta, besteak beste, hedabideen kasua mahaigaineratu du Sanchok: “Askotan maileguak gaztelaniatik euskarara itzultzen dira zuzenean eta gaztelaniazkoa ingelesezkoaren itzulpen txar bat denez, euskarazko emaitza eskasa da”. Eta gurean ‘G puntua’ bezala erabiltzen den terminoa jarri du adibidetzat: “Ingelesezko ‘G-spot’ ‘punto G’ bezala itzuli dute gaztelaniara (‘point G’ gisa frantsesera) eta euskaraz ‘G puntua’ esaten dugu. Agian, ordea, gehiago interesatzen zaigu ingelesezko kontzeptua ‘G puntua’ deituriko hori ez baita puntu bat, gune bat baizik. Beharbada, nahiago genuke ‘G gunea’ esan”.

Ikuspegi sexologikoaren garrantzia

Gaia ikuspegi sexologikotik lantzea izan dute beste erronketako bat Sanchok eta Alonso-Arbiolek. Zer da, ordea, ikuspegi sexologikoa? Sexologia diziplina arteko diziplina dela eta hainbat alorretatik hartzen badu ere ikuspuntu propioa daukala azaldu du Sexologiako Hiztegiaren zuzendariak. Eta adibide bat jarri du azalpena hobeto ulertzeko: “Demagun ‘koitoa’ hitza definitu behar dugula. Medikuntza ikuspegitik haurdunaldia sortzera daraman eta infekzioak eragin ditzakeen jokabide erotikoa dela esango genuke, ikuspegi biologikotik espeziearen biziraupenerako ugaztunen jokabide bat, begirada erlijioso-katolikotik bekatuaren jokabidea baldin eta ezkontzaren barruan egiten ez bada eta ikuspuntu progresista politikoki zuzenetik orgasmoan bukatu behar duen eta plazer handiena eragin behar duen gizon-emakumeen arteko jokabide erotiko garrantzitsuena”. Zuzenean ezer esan gabe, horrelako definizioekin gauza ugari adierazten direla dio Sanchok, besteak beste, harremanak nolakoak izan behar diren edo zein jokabide diren garrantzitsuenak. 

Ikuspegi sexologikoak, berriz, gizonen eta emakumeen ezaugarri ezberdinak hartzen ditu aintzat, eta hain zuzen ere ezaugarri horien arabera definitu dituzte terminoak Sexologiako Hiztegian. Horrela, honakoa da ‘koitoa’ren adiera: “Zakila sexukidearen baginan edo uzkian barruratzea: zakila izan daiteke aktiboa, edo bagina nahiz uzkia, sartuz, igurtziz, laztanduz edo kolpatuz. Bestelako zehaztasunik ematen ez denean, bagina-sarketa dela jotzen da”. Sanchoren esanetan, gauzak ahalik eta modurik sintetikoenean eta karga moralik gabe egiten saiatu dira, definizioetan zer den egokia eta zer ez adierazi gabe edo hala dagokionean aukerez, eta ez arriskuez, hitz eginda.

Izan ere, egitasmo hau gauzatzeko aztertutako lau hizkuntzetako (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa) hiztegietan aurkakoa topatu dute, eta hasierako asmoa definizio onak bilatzean haiek itzultzea bazen ere, oso kasu gutxitan izan da hau posible, definizio gehienak desegokiak baitira. Ondorioz, beraiek moldatu edo asmatu behar izan dituzte hitzen adierak, beti ere aniztasuna kontuan izanda. Sanchok azaldu duenez, “saiatu gara ez sexistak, ez heterosexistak, ez orgasmozentristak, ez falozentristak, ez koitozentristak… izaten”.

1.700 hitzetik gora profesionalen lagungarri

Zalantzak izanda Sexologiako Hiztegia edonori lagungarri gerta badakio ere, sexologia arloko profesionalentzat, hau da, medikuentzat, erizainentzat, farmazia-langileentzat, ginekologoentzat, psikologoentzat... izango da bereziki erabilgarri lan hau. Baina, lehenago esan bezala, baita prentsako eta ikus-entzunezko komunikazioko langileentzat, hezitzaileentzat zein kulturako eta arteko profesionalentzat.
Lanak 1.700 terminotik gora ditu, bakoitza bere definizioarekin, eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenarekin. 6.000 termino inguru zituzten identifikatuta Sanchok eta Alonso-Arbiolek hiztegian sartzeko, horietako asko filiak (zoofilia, gerontofilia, pedofilia) eta parafiliak. Baina asmoa ez da izan horien bilduma egitea, beraz, sexologiaren barruko hainbat esparrutako hitzak biltzen saiatu dira modu proportzionatuan. Ugalketarekin, osasun eta osasun arretarekin, sexu eskubide eta nazioarteko mundu egunekin, anatomiarekin, emozioekin, eta erotismo eta jarrera sexualarekin lotutako hitzak hautatu dituzte.

Oraingoz sarean bakarrik kontsulta daiteke hiztegia, EHUko Euskara eta Eleaniztasun Errektoreordetzaren webgunean. Hainbat profesionalek egindako zuzenketen ondoren kaleratuko dute paperezko bertsioa. Profesionalek ez ezik, militantzian ari direnek ere izan dezaketela zeresanik uste du Sanchok: “Gerta liteke feminismoan dabilen norbait ez egotea ados guk mugimenduaz egindako definizioarekin, eta zuzentzea. Hori jaso nahi dugu, eta proposamena zentzuzkoa eta arrazoitua bada, definizioa aldatuko genuke”.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude