1952ko laino hilgarria

Londresko kaleak duela 50 urte. Hiria laino artean ikustea ez da ezohikoa, baina 1952ko abendu hartan laino kutsatuak 4.000 pertsona hil zituen berehalakoan, eta hurrengo hilabeteetan kopurua 12.000ra iritsi zen.
Londresko kaleak duela 50 urte.Crisis Pictures

Londres, 1952ko abendua. Hilaren lehen egunetan laino trinkoak hiria hartu zuen. Horrek ez zituen herritarrak kezkatu, ohikoa baitzen. Baina laino itxiak ezaugarri berezia zuen: hil egiten zuen.

Egun batzuk lehenago fronte hotz batek jo zuen Britainia Handia, eta hiriburuko biztanleak ohi baino ikatz gehiago erretzen hasi ziren etxeko goxotasuna atxikitzeko. Baina Bigarren Munduko Gerraren ondorioek gogor astindu zituzten herritar txirotuak. Hala, kalitate txarreko ikatz merkea erretzea beste aukerarik ez zuten. Ikatz hark sufre asko zuen eta ke lodi toxikoa botatzen zuen. Gainera, aire masa hotzak kea behera bultzatzen zuen, lurzorutik gertu burbuila modukoa eratuz. Biztanleek ikatza erre ahala, lainoa geroz eta ilunagoa, itxiagoa eta kirasdunagoa zen. 

Lehen ageriko biktima garraioa izan zen, publikoa nahiz pribatua; sufre, artseniko, kadmio, nikel eta merkurio partikulek, besteak beste, ikuseremua asko murriztu zuten eta agintariek trafikoa –lur gainekoa behintzat– eteteko erabakia hartu behar izan zuten. Horrek ez zuen hiria geldiarazi, metroak martxan segitu baitzuen. Aire zabaleko kirol ekitaldiak ere bertan behera utzi zituzten hasieran, eta kea eraikinen barrualdean sartu ahala zine aretoak, antzokiak... ixten hasi ziren. Hala ere, izuak ez zituen Londresko biztanleak hartu: lainoa hiriaren ikurra zen ia, eta iritsi bezala joango zen.

Great Smog edo Laino Handiak bost egun iraun zuen, abenduaren 5etik 9ra. Handik egun gutxira osasun zerbitzuek bildutako datuak izutzeko modukoak ziren: 4.000 pertsona hilda ziren ordurako, gehienak haur txikiak edo aurrez arnasketa arazoak zituzten helduak, batez ere arnas aparatuko infekzioek –bronkopneumoniak eta bronkitis akutuak– eta arnasbideen buxadurak jota. 

Hurrengo hilabeteetan beste 8.000 lagun hil ziren laino beltzaren ondorioz, eta 100.000 gaixotu. Laino Handiak kutsadura atmosferikoaren eztabaida piztu zuen, eta handik gutxira airearen kutsadura murrizten ahalegintzeko lehen araudiak jarri ziren indarrean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Eguneraketa berriak daude