Banku eredu kooperatiboa indartzen

  • Martxotik harremanetan eta negoziaziotan aritu ondoren, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak Euskal Kreditu Kooperatiba eratu dute. Urtarrilaren 1ean hasiko du ibilbidea, eta datorren urtean zehar egonkortuz joango da. Kooperatiba berria Euskal Herriko bigarren finantza-erakundea eta Espainiako Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba izango da.

Euskadiko Kutxa - Ipar Kutxa
Euskadiko Kutxa - Ipar Kutxa

Zortzi hilabete igaro dira Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak hizketaldiak hasi zituztenetik kreditu-kooperatiba bateratua osatzeko. 2012ko martxoaren 20an, bi finantza-erakundeek ofizialki jakinarazi zuten negoziazio formalak martxan zituztela. Orduz geroztik, bi erakundeen ordezkariek hainbat arlo jorratu dituzte, euskal kreditu-kooperatiba berri eta aitzindari hau abiarazteko akordioak lortzeko helburuz. Joaneko azaroaren 1ean, erakunde juridiko bakarra osatzen zutela iragarri zuten. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, bateratze operatiboari hasiera emango diote, baita burutu ere.

 Epe honetan, euskarri ugaritako publizitatea ikusi izan dugu, eta banku-eredu berria, bezeroekin lan egiteko modu berria, susperraldi ekonomikoa sustatzeko agente aktibo bihurtzeko nahia… iragartzen zuen. Orain, hori guztia praktikan jartzeko unea iritsi da. Eta proiektuaren arduradunak buru-belarri ari dira. Merkatu-marka berria Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren marken konbinazioa izango da, eta bien balioa eta posizionamendua kapitalizatuko ditu.

 Hala ere, MCC taldearen, haren barruko Fagor eta Eroski enpresen eta Euskadiko Kutxaren zoritxarrerako, kaltegarriak izan litezkeen gertaerak azaleratu dira etapa berri honetan. Eroskiren eta Fagorren finantza-ekarpenen eta hainbat finantza-erakundetako lehentasun-akzioen ondorioz, bezero askok kalteak jasan dituzte, eta aurreztutako dirua itzultzea eskatzen dute, 2004an ekarpenak egin zituztenean aurreikusten ez zen legedi batek euren aurrezkiak hipotekatu baititu. MCC Taldearen irudia eta sinesgarritasuna ahul lezake horrek, Arrasateko taldeak ez badu gaia modu gardenean argitzen.

Euskal Herriko bigarren finantza erakundea

Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxa kreditu-kooperatiba bakarrean elkartzerakoan, sortutako erakunde berria Euskal Herriko bigarren finantza-erakundea eta Espainiko Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba bihurtuko da, eta merkatu-posizioa indartuko du, batik bat Bizkaian eta Araban. Horrela, kooperatiba berriak 25 mila milioi eurotik gorako aktiboak kudeatuko ditu guztira. Gainera, Hego Euskal Herrian 860.000 bezero baino gehiago dauzka (750.000 EAEn eta 110.000 Nafarroan), eta horri Euskadiko Kutxak beste erkidegoetan dituen bezeroak gehitzen badizkiogu, erakunde berriak 1.300.000 bezero baino gehiago izango ditu.

Erakunde biek batera, 451 bulego dituzte (Euskadiko Kutxak 364 eta Ipar Kutxak 87), eta 2.497 langile guztira (Euskadiko Kutxak 2.100 eta Ipar Kutxak 397). Kreditu-kooperatiba bakarra osatu ostean, zenbait bulego eta lanpostu murriztuko dituzte; baina ez dirudi arlo horretan aldaketa handirik egongo denik.

Batasunak, indar. Integrazioaren negozio-plana zuhurtziaz gauzatu da, eta aurreikuspenak egitean, bankuentzat negatiboa den testuinguru bat hartu dute oinarri. Horrenbestez, kooperatiba berriak kaudimen-baldintza guztiak beteko ditu. Izan ere, ekitaldi honetan zuzkidura guztiak estali eta enpresen eta partikularren kartera handitzeaz gain, estaldura orokorrerako funtsa nabarmena lortu du.
Arduradunen iritziz, aliantza honek bere posizionamendu estrategikoa hobetuko du tokiko erakunde gisa, eta ekonomia soziala oinarri duen finantza-erakundea sustatuko du, helburua izanik erakundeak barne hartzen dituen merkatuak finantza-zerbitzuz eta aseguramenduz hornitzea. Gaur egungo eredua finantza-sistema banku bihurtzearen ondorio da, eta erakunde berriak eredu horren ordezko aukera bat ere eskaini nahi du. Arduradunen hitzetan, proposatutako eredu berriak bezeroenganako gertutasuna mantentzearen alde egiten du, eta haren xedea da finantza-egoera berrian rol garrantzitsua betetzea, garapen ekonomikoa eta soziala ikuspuntu berri batetik sustatzeko asmoz. Halaber, kooperatiba-proiektu berriak industriarekin eta nekazaritza-elikagaien sektorearekin lanean jarraituko du, oinarrian dituen bi erakundeen ezagutzez baliatuta.

Arrasaten izango du egoitza soziala

Arrasaten egongo da euskal kreditu-kooperatiba berriaren egoitza soziala. Orain arte, Ipar Kutxak Bilboko Areatza plazan zuen egoitza, eta hemendik aurrera, bertan izango dira Txikizkako Bankuaren Merkataritza-sarearen eta haren Negozio Batzordearen azpi-egoitza operatiboak, baita Lurralde Zuzendaritza eta horri dagozkion euskarri-egiturak ere. Era berean, Bizkaiko hiriburuan jarraituko dute Lagun Aro Aseguruen, Kartera Sozietatearen eta Kudeatzaileen egoitza sozialak.

Artezkaritza-kontseiluak 15 kide izango ditu oraingoz: 12 Euskadiko Kutxarenak eta 3 Ipar Kutxarenak. Fusionatutako bi erakundeen batzarrek Txomin Garcia izendatu dute erakunde berriko lehendakari, orain arte Euskadiko Kutxaren zuzendari izandakoa, hain zuzen ere. 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude