Komunikatzeko beharraren abentura

  • Barneko pentsamendu eta premien berri ematea ezinezkoa zitzaion Lourdes Arrietari; jaiotzetiko arazo batek gorputzeko mugimenduak koordinatzea eta hitz egitea galarazten dio. Mentxu ahizpa problema berarekin jaio zen, eta hitz egiteko gaitasuna baduen arren, apenas ahoskatu dezakeen, baina ez dute etsi eta elkar ulertzeko modua sortu dute: Arrieta metodoa. Komunikatzeko beharra abiapuntu duen abentura horri buruzko dokumentala egin berri dute.

Begirada gora, behera, ezker eta eskuinera, begien bidez airean idazten ari da Lourdes Arrieta, Mentxuk ahizparen hitzak arretaz irakurtzen dituen bitartean. Hizkiz hizki, urteek eta ohiturak emandako abildadeari esker azkar osatzen dituzte hitzak, eta hitzez hitz esaldiak. “Izugarrizko ezintasuna”, itzuli digu Mentxuk. Hori Lourdesen erantzuna, inkomunikatuta egoteak zer sentiarazten zion galdetu diogunean. Izan ere, barneko burutazioak ezin adierazi eman zituen Lourdesek lehenengo hamasei urteak. “Jar zaitez une batez bere azalean, zein gogorra izango zen…”, gaineratu du Mentxuk. Bigarren itzultzaile bat ere badugu gelan, Mentxuri ulertzea beti ez baita erraza. Jorge Gil Munarriz zinegilea ari zaigu laguntzen, hiru urte eta erdi egin baititu ahizpekin elkarlanean, Arrieta metodoa dokumentalean, eta begi-mugimenduak irakurtzen ikasi du.

56 urte ditu Lourdesek, bost gutxiago Mentxuk, eta bien arteko komunikazioa hasieran oso basatia zela azaldu digute. Keinuekin adierazi dute nola aritzen ziren: burua buruaren kontra, imintzioak eginez, laztanen bidez… “Irakurtzen eta idazten ikasi nuen arte, ez zen erabateko komunikaziorik egon”, dio ahizpa gazteenak. Amak irakatsi zion leitzen, erietxe eta erietxe artean, eta horri esker, mugitu dezakeen hatz bakarraz ahizparen gorputz gainean hizkiak irudikatzen hasi zen Lourdes, izterrean, bizkarrean, aurpegian.

Eta 1979ko egun batean, komunikazio arina ahalbidetuko zien metodoa jaio zen. Aspace Elbarritasun Zerebralaren Elkartean zeuden, distantzia batera ezin elkar ukitu, eta hotz zela adierazi nahi zion Lourdesek Mentxuri. Begiak mugituz, hizkiak airean marrazteari ekin zion, eta halako batean, elkar ulertzea lortu zuten. Horixe da, funtsean, Arrieta metodoa, nahiz eta bere konplexutasun eta berezitasunak dituen, hizki simetrikoak alderantziz “idaztea” adibidez, ispiluan ikusten ditugun moduan. Pozarren agertu digute komunikazioaren konkistak euren bizimoduan izandako garrantzia.

“Pentsa, txikitan, ahotsik ez izateaz gain, arkatz bat hartzea bera oso ekintza zaila zen Lourdesentzat, eta ez zuen modurik ingurukoei adierazteko zer pentsatzen zuen edo nola sentitzen zen. Guztiz isolatua zegoen eta Arrieta metodoa sortzeak ateak ireki zizkion”, dio Jorge Gilek. Bost hamarkadaren ostean, gaur egun aukera gehiago dituzte arrietatarrek. Ordenagailuak eta Internetek erraztu diete bidea, eta eskuetan mugikortasun arazoak izan arren, e-mailez aritzen dira lagunekin, eta Sarean egiten dituzte erosketak edota gestionatzen dituzte diru kontuak. Gora, behera, eskuin, ezker hasi da begiekin Lourdes… “Baita senarra lortu ere!”, idatzi du airean. Izan ere, Interneten ezagutu zuen berak senarra: Tulio.

Mahai gainean duten taula txiki bat erakutsi digu Tuliok. Abezedarioa eta zenbait hitz solte ditu (hotza, nahi dut, gustura, arte, agian, naiz, eskerrik asko, zenbat, Tulio, mesedez…), eta Lourdesek komunikatzeko duen tresna bat gehiago da. Hatzarekin taula gaineko hizki eta hitzak doa seinalatzen, adierazi nahi duena osatu arte.

Gu ez gaude gaixo

Zehazki zein da duzuen gaitza? “Ez dugu inongo gaitzik –erantzun digute–, gurea dibertsitate funtzional bat da”. Dibertsitate funtzional horrek, besteak beste, mugikortasuna oztopatzen die, baina ezaugarri bat dela azpimarratu dute, “pertsona guztiek beren ezaugarriak dituzten gisan”. Euren egunerokoa nolakoa den galdetuta ere, prest dute arrapostua: “Gure erritmoan, baina zurea bezalakoa da. Guk behar batzuk ditugu eta zuk beste batzuk izango dituzu, kontua da gureak agerikoak direla eta zureak beharbada ez direla ikusten. Baina ez dago pertsona normalik, inor ez da ‘normala’, denok ditugulako gure berezitasunak”.

Vida Independiente Bizitza izeneko elkartean, dibertsitate funtzionala duten beste lagunekin batera autonomo izateko eskubidearen alde egiten dute borroka. “Gure parte-hartzerik gabe ez ditzatela hartu besteek erabakiak, guk geuk baitakigu inork baino hobeto zer gertatzen zaigun eta zer behar ditugun –dio Mentxuk–. Bizimodu duina nahi dugu”.

Autonomiaren bide horretan, funtsezkoa da komunikazioa, eta horregatik euren metodoa zabaltzea dute zereginetako bat, gorputz-adarrak mugitzeko arazoak dituen eta hitz egin ezin duen jendeak balia dezan. Metodo erraza izan arren, jendeak ez duela ezagutzen azaldu du Mentxuk, eta hitzaldiak eskaintzen dituzte euren esperientzia kontatzeko. “Beti aurrera”, hori da helarazten duten mezu nagusia: “Bizitza ez da penetan itotzeko, ‘ai, hau ezin dut’ eta ‘hura ezin dut’, aurrera egiteko baizik. Bestela, akabo. Umorea ezinbestekoa da”. Hain juxtu, pailazo aritzen da Mentxu, Bazen Behin Clown taldean.

Optimismoa da, zalantza barik, ahizpen bereizgarri nagusietakoa. Zegaman eta Beasainen jaioak, txikitatik bizi dira Donostian eta Amara auzoan duen etxe koloretsu eta argian hartu gaitu Lourdesek. Eraikin berean, beste pisu batean bizi da ahizpa eta txandaka aritzen diren bi zaintzaile dituzte. Nahiz eta oso haurtzaro gogorra izan, beti itxaropentsu egin diote aurre bizitzari, erronka erronkaren atzetik: psikologian doktore da Mentxu eta besteak beste, liburu-denda batean eta loteria, detergentea eta osasun produktuak saltzen egin dute lan. Poesia liburu bana ere argitaratu dute. “Oso pertsona aktiboak gara, ezin gara egon ezer egin gabe”.

Ukitu surrealista duen dokumentala

2009ko udan izan zuen Jorge Gilek arrietatarren berri. Zuzendari legazpiarrak ahizpei buruzko erreportajea ikusi zuen telebistan, deigarri gertatu zitzaizkion komunikatzeko duten era pertsonala eta bizitzarekiko jarrera, eta hitzordua lotu zuen haiekin. “Hasieran ez genekien dokumentalak zein forma hartuko zuen –dio Gilek–, elkar ezagutzen ari ginen eta pixkanaka harreman pertsonala garatzen joan gara, denborak hastapeneko ideiari forma zehatzagoa eman dion arte, planteamendu eta ildo jakin bat, hiruon elkarlanari esker, ahizpek beraiek ekarpen ugari egin baitituzte”.

Emaitza: ordu askoko grabaketa 85 minutuko dokumentalera ekarria. Hain material oparoari muga jartzea izan da zailena. “Erabaki genuen beraien egunerokotasunean zentratzea, baina beti ere komunikazioa oinarri hartuta. Horretan jarri dugu arreta, ahizpentzat komunikazioak duen balorean, eskubide horri eusteko gaur egun ere mantentzen duten borrokan”. Kutsu intimista eta sentimentala du filmak, barrutik kontatua dagoelako: ez da adituengana jo gaia jorratzeko, protagonisten beraien errealitatea haiengandik eta ingurukoengandik jasotzea izan baita asmoa. “Kamera beraien etxean jarri eta euren harremana, euren familia ezagutu dugu; trama bat ere sortu dugu, dokumentalgintzaren inguruan Mentxuk duen interesa baliatuz. Une umoretsuak eta momentu serioagoak ageri dira, bizitza horrelakoa delako. Borondate onarekin denon artean aurrera ateratako proiektua da, eta nik uste energia hori badaukala filmak”.

Ukitu surrealista duela nabarmendu du Mentxuk. “Bai, tartean momentu surrealistak daude, ahizpek badutelako surrealismorako joera…”, “baita zuk ere”, “bai, egia da, baita nik ere”. Hiru urteko harremanak emandako konfiantzaz hitz egiten diote elkarri eta zuzendaria familiako bat gehiago dela gehitu du ahizpa gazteenak. Esperientzia dibertigarria izan da, barre eta negar, denetik egin dutela adierazi du Lourdesek, imintzio bidez. “Horrelako dokumental bat egiteko, beharrezkoa da inplikazioa –dio Gilek–; pertsonalki abentura berezia izan da, fikzioak eskaintzen ez dizuna. Niretzat mota honetako lehen lana izan da, generoa ez da batere erraza eta beldur eta zalantza ugari daukat, inork ez duelako oraindik ikusi, publikoak ikusten duenean hartuko dut benetako lasaitua”. Postprodukzio fasean dago Arrieta metodoa eta 2013an estreinatuko du Moriarti ekoiztetxeak: lehenik nazioarteko jaialdiren batera eramatea da asmoa, eta gero Euskal Herrira ekartzea.

Zein ekarpen egingo du dokumentalak? Lourdesek eta Mentxuk argi dute: Arrieta metodoa zabaltzeko balio badu, ez da gutxi izango. Zuzendariaren hitzetan, hedapen horretan laguntzea da filmaren motibazioetako bat: “Metodo honen berri ahalik eta jende gehienak izatea da helburua, onuragarri eta baliagarri zaionak erabili dezan”.

Dokumentalaren teaserra:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza Eskubideen Zinemaldia
Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2023-04-14 | Irutxuloko Hitza
40 film proiektatuko ditu Giza Eskubideen 20. Zinemaldiak

20.000 erle espezie (2023) filmak, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari. Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, eta... [+]


2021-04-30 | ARGIA
Abade antifrankisten oroimena berreskuratzen duen dokumentala aurkeztu dute

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian  aurkeztu dute Apaiz Kartzela, diktadura garaian Zamoran giltzapetutako abade antifrankisten borroka kontatzen duena.


2020-06-24 | ARGIA
Asteazken honetan estreinatuko da '2 urte, 4 hilabete eta egun bat' intsumisoen borroka kontatzen duen dokumentala

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatzekoa zen Lander Garro zuzendari errenteriarrak intsumisoen borrokari buruz egin duen dokumentala. Koronabirusari aurre egiteko neurriengatik zine jaialdia ez da osorik egingo, baina antolatzaileek lan hau proiektatzea erabaki... [+]


2020-03-26 | ARGIA
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bertan behera geratu da

Covid-19k sortutako egoera ikusita, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak erabaki dute bertan behera uztea apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Ikastetxeentzako zinema-saioak ere ez dira egingo.


Eguneraketa berriak daude