Piztu Ezazu Argia 970x90

 Termometroa 

Hogei egunez, bizia barkatu


Xabier Letona

2345. alea
2012-11-18
alde 2    kontra 0

AMAIA EGAÑAK bere buruaz beste egiteak gizartea astindu du. Etxegabeko eskalea pneumoniak jota ospitalean hiltzea ere ez da inoren gustukoa, baina ez du oihartzunik eta, gainera, ohiko herritarrari ez zaio halakorik gertatuko. Baina Egaña ez zen horietakoa. Zinegotzi ohia zen, etxe berrian bizi zen, soldata ona, familia… Herritarrak ikusi du krisi honek edonor bota dezakeela leihotik behera, eta horrek are eta hauskorrago sentiarazi du. Olatu bat sortu da:  hedabideak jo eta su, Espainiako agintariak, epaileak, bankuak…

Baina unean uneko beroarenak kenduta, bankuen indarra agerian da berriz, berdin da hauek babesten dituen Espainiako legea 1909koa izatea. Banku ahulenak ere, Bankiak adibidez, PPk 23.000 milioi eurorekin erreskatatu duena, Egañaren heriotzatik bi egunera, Maria Cumbicus bere etxetik botatzeko agindua aztertu zuen Iruñeko epaitegietan. Eta hogei egunez bizia barkatu dio Zizur Nagusiko herritarrari.

Hori guztia, EBk dagoeneko erabakia duenean 100.000 milioi euro eskainiko dizkiola Espainiako finantza sistemari bere burua senda dezan. Hori guztia, azken bi urteetan Europako Banku Zentralak ehunka mila milioi jarri dituenean Espainiako bankuen esku %1eko interesarekin, hauek Espainiako gobernuari %7ko interesetan mailegatzeko eta herritarrari %5ean. Edo PPren Gobernuak milaka zerga iruzurgile amnistiatu dituenean. Edo epe laburrean EBren beste erreskate erraldoi bat jasango duenean. Edo Alemaniaren austeritate aginduek joan den astean greziarren lepoa enegarrenez bihurritu dutenean.

Eta hori gertatzen da finantza sistemaren indarra itzela delako: “Egunero merkatuek dirutzak mugitzen dituzte. Adibidez, EBZren arabera, 7 bilioi euro euroguneko estatuen zorretan bakarrik. Orain, merkatu horien eguneroko erabaki kolektiboak, gobernuak ondora ditzake, politika ildoak agindu eta herriak menperatu” (Ignacio Ramonet, Le Monde Diplomatique azaroa).

Eta Javier Olaberri abokatuak (eta Euskadiko Ezkerreko buruzagi ohiak) Espainiako bankuak, agintariak eta etxe kaleratzeak zuzenean lotzen ditu: “Kreditu entitateek epe motzeko 300.000 milioi euroko zorrak hartu zituzten Frankfurten, kaudimen nahikorik ez zuten pertsonei hipotekak eskaintzeko. Euren tasazio filialak medio, gainera, faltsuki goratutako salneurrietan tasatu zituzten etxeak. Ageriko arduragabekeria zen, baina Espainiako Bankuak eta Gobernuak bestaldera begiratzea erabaki zuten. Politikariek patrikak bete zituzten diru-sariekin”. (El Pais, EAEko edizioa, azaroaren 10a).

Testuinguru horretan eratuko da Eusko Jaurlaritza eta krisitik ateratzeko akordio sozio-politiko zabala eskatuko du. Aurreko lerro guztiak kontuan hartuko dituen akordio sozio-politikoa izango da? Edo horren guztiaren aurrean bestaldera begiratzeko kontsentsu politikoa?

EZIN ASMATU dabiltzanen artean dira euskal sindikatuak, abertzaleak eta espainiarrak.  Eta 14rako ataka estuan jarri dituzte milaka herritar. Beste behin ere argi ikusiko da Hego Euskal Herria eta Espainia desberdinak direla. Seguruenik, argi ikusiko den moduan EAEk eta Nafarroak ere desberdin jokatzen dutela.

ELAk eta LABek arrazoi asko dituzte UGT eta CCOOrekin asteazkeneko grebara ez joateko. Espainiako sindikatu nagusien ildoa, boterearen itzalpeko praktika sindikala izan da, botereak berak ondo elikatu duena: adibidez, 2010ean Nafarroan UGTk 7,4 milioi euro jaso zituen Nafarroako Gobernutik formaziorako eta CCOO 7,3; beste sindikatuek ezer ez (Berria, Serio Demonio, azaroaren 11). Espainian duten nagusigoak eta bertako legeak baliatuta, sarri ematen die ELA eta LABekin tratu txarretan aritzeko aukera. Horregatik, eta euskal desberdintasunagatik, ulertzekoa da euskal gehiengo sindikalaren jarrera 14ko greban.

Baina erabakia ulergaitza egiten duten arrazoiak ere asko dira eta, abagunea kontuan hartuta, seguruenik garrantzitsuagoak; akaso sindikalgintzari lotua dagoenarentzat ez, baina herritar arruntarentzat bai. Borroka ez egitea leporatzen zaie UGT eta CCOOri, baina orain borrokara doaz; EBn ez da aldaketa txikiena izango, europar nazioetako herritarrek elkarrekin bultzatzen ez badute; baina Espainian eta Euskal Herrian ere ez. Bakea etsaiarekin egiten den moduan, batasuna adostasunik gabekoen artean egiten da. Aukera bat galdu da. Hilabete eta erdiko epean bi greba egitea korapilatsua bada, hori ere arrazoien artean aipatu behar da. Zoritxarrez, batasun sindikalerako aukerak ez dira faltako, ez euskal gehiengo sindikalaren indarra erakusteko, ez euskal langile eta herritarren batasuna erakusteko.
 



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2344
 
azala2343

2345 zenbakia.
2012ko azaroaren 18a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagai├▒a Argia Antza iametza Adur Luditoys