"Euskara batuko hiztegiak zirriborro rustikoak besterik ez dira"

  • Duela bi urte, Euskara batuaren bigarren jaiotza argitaratu zuen Xabier Amurizak. Orain, berriz, Zazpi ebidentzia birjaiotzarako (Lanku, 2012), aurreko haren erreferentzia eginez datorrena, euskararen norabidean “gako erabakiorrak” litezkeenak landuz beti.
    Ilunak argitzeko asmotan, hainbat irakurgai literario ditu adibide, datorren urtean argitaratuko duen 4x4 Operazioa nobelatik hartuak.

Zaldi Ero

Liburuan, sarrera bera baino lehen, aipu gisakoa, zeurea: “Euskal Herria euskalduntzea ez dago euskaldunon esku bakarrik. Bai dago gure esku –eta geure bakarrik–, hizkuntza lehiakor bat garatzea. Horrek asko lagun dezake Euskal Herria euskalduntzen”. Hizkuntza lehiakorra, diozu.

Inguruan ditugun hizkuntzekin lehian jartzean bistaratzen da aldea. Bestelako hizkuntza batzuk bagenitu ondoan –azpigaratuak, kasu–, lasai geundeke, baina ondoan ditugunekin lehian abiatzen garenean, ez gara haien mailara iristen. Pentsatu ere ez! Hizketan ari garela, euskara garatuenaren jabe denak ere laster esango dizu: “... erdaraz esaten den bezala…”. Zergatik jotzen dugu erdarara hain maiz? Herren egiten dugulako esapide, argot eta abarrean. Lexikoan ere problema handiak ditugu. Liburuan planteatu dudan bosgarren ebidentzian, izan ere, euskara inguratzen duten zenbait hizkuntza handiren ondare komunaz ari naiz: anbizio, intromisio, exotiko, ebidentzia… milaka hitz dira ondare komunekoak, gaztelanian, frantsesean, ingelesean... Aldiz, jo Euskaltzaindiaren hiztegietara, eta ez anbizio, ez ebidentzia, ez antzeko hainbeste, ez datoz.

Zazpi ebidentziaren inguruan ari zara liburuan zu. Lehenengo ebidentzian, esaldien luze-laburraz ari zara, esanez luze, labur eta era guztietako esaldiak behar ditugula. “Ebidentea!”, diot. Bigarren ebidentzia zure liburuan, perpausaren ordenari dagokiona: ez dago ordena jakin eta derrigor bat. “Ebidentea!”, berriz, nik neure buruari. Fernandoren egiak zirelakoan.

“Ebidentea” diozu zuk, neuk bezala, baina badirudi ebidentzia horrek ez duela balio. Euskara “erraza” egin behar dela entzuten da nonahi oraindik! Euskara erraza egitea ondo dago hamar urteko neskato edo mutiko bati, baina heldu bati? Zer esan nahi du “euskara erraza”k? Mota guztietako euskarak behar dira, eta hizkuntza konplexua –ez zaila!– egiteko baliabideak izan behar ditugu, nork behar duen euskara, eta nahi duena, egiteko. Zergatik saihestu behar dut hizkuntza konplexua, ideien lotura bertan gorderik denean? Zergatik saihestu behar dut konplexutasuna, artea bertan baldin badago? Euskarak erraza izan behar duela aldarrikatu zaio irakurleari, eta esaldia apur bat konplikatuz gero, ez da segitzeko gauza! Idazleoi ere, sarritan, horixe sartu zaigu buruan, irakurlea hamar urteko neskato-mutikoen mailan tratatu behar dugula! Baliabideak behar ditugula esaten ari naiz ni. Eta gero bakoitzak dakuske zer nola non aplikatu.

Esaldi konplexuak ere behar ditugu.

Horixe diot nik. Itzultzen ari naizenean –eta ez naiz autore modernoez ari, Proust bat, esaterako, baizik itzuliak ditudan Tazito eta Lukrezio, adibidez–, esaldi konplexuekin topo egiten duzu behin eta berriro. Zer egin behar dut? Guraizeen teoria erabili? Han moztu, hemen ebaki? Ez! Baliabideak ez ditugu irakatsi, edo ez ditugu erabiltzen. Edo irakurlea ez da baliabide horietaz jabetu. Eta zerbait konplexua irakurtzen duenean, oso zail egiten zaio testua.

Liburuan, 5., 6. eta 7. ebidentziak lexikoaren ingurukoak dituzu, esapide eta esaerez ari zara, argotaz.

Lexiko garatuaz ari naiz, edozein mailatako kontzeptuak adierazteko hitzez. Eta hor bada ondare komun bat –ondare ez komun bat ere bai, noski, hizkuntza bakoitzak berea duen hitz multzoa–, eta ondare horretako hitzak gabe, ezin da ezer esplikatu. Hitz egiten dugula, pare bat dozena adjektiborekin molda gaitezke, baina itzultzen hasten garenean, pare bat dozena ez, milaka adjektibo diferente behar ditugu, denak inportanteak. Adibidez, berezi adjektiboak ezin ditu honako denak adierazi: espezial, eszentriko, exotiko, partikular, singular, tipiko, estrabagante... Nire ebidentzia da euskara ere partaide dela ondare komun horretan.

Zer duzu “ondare komuna”?

Euskararen inguruko eremu oso zabal bat osatzen duten hizkuntzen komuntasuna. Erreferentzia bezala, espainola, frantsesa eta ingelesa hartzen ditut, hiru horiek nahikoa direla usterik, baina komuntasun horren partaide dira beste hainbat hizkuntza ere: katalana, galegoa, portugesa, italiera...

Esapide espresiboak eta argota problema handia ditugula ere ebidentzia dituzu.

Ebidentzia handia eta problema ere ez txikia. Ikusi besterik ez dago. Dena dela, oso arlo ezberdinak dira esapideak eta argota. Hizketan ari garela, hizkuntza guztietan ere, noiznahi jotzen dugu esapidera, zerbait azaltzeko. “Itsuak ere ikus”. Edo esaerara. “Alferra beti lantsu”. Beti ari gara sortzen, esapide informatiboak, nahiz espresiboak. Horretan ugaria da euskara, baina ugariagoak ondoko hizkuntzak, eta eurekin lehiatu beste erremediorik ez dugu. Euren mailara hurbiltzen ez bagara, hots, euskara gaitzen ez badugu nahi dugun dena adierazteko, maiz joko dugu erdarara. “Erdaraz esaten den bezala” makuluarekin ibiliko gara beti.

Nola bete hutsune hori?

Berez ez, behintzat! Interbentzioa behar da. Alferrik da esatea beste hizkuntzek denbora bat behar izan dutela normaltzen. Erdarak garatu, normaldu eta nagusitu ziren bitartean, euskara galtzeko arriskuan dago! Hizkuntza ahula da. Maila batzuetan indartuz doa, bai, baina beste batzuetan, erortzen eta hiltzen ari da. Hizkuntza hau kolokan dago. Kanpoko aditu askok galtzekoen artean sartzen dute euskara. Interbentzio on bat eta ondo antolatu bat ez baldin badago –eta gizartearen inplikazioa, jakina!–, euskara galdu egingo da.

Nork egin behar du interbentzio hori?

Nire saiakeran, interbentzio arlo batzuk markatzen dira, ez eragile konkretuak. Dena dela, jo dezagun, adibidez, hiztegien arlora. Euskal Herrian hainbat hiztegi egiten dira. Batean, talde batek, bestean beste batek eginak ditugu. Bazoaz halako hitz baten bila, eta batean ez dator, bestean bai, hurrengoan nork jakin nolako ordainak… Gehienetan, neologismoak ez dira batere konbintzenteak. Nik hiztegi nazional bat nahi dut, ahalik osoena, esapideak eta argota barne. Metodo on bat behar da, hartzen edo asmatzen ditugun hitz eta esapideak hiztegietara eramateko, eta hiztegietatik erabilera iristeko. Horretarako, halako adostasun nazional bat da beharrezko, Euskal Herri guztietako euskaldunek hitz eta esapide horiek onartzeko modukoa. Gaurko hiztegiak helburu horretatik urrun daude oraindik.

Korapilo bihurriago zaizkit zure 3. eta 4. ebidentziak. Lehena erlatiboari dagokio, aditzari bigarrena. “Erlatibo osoa” errebindikatzen duzu, inguruko hizkuntzetan dabilenaren antzekoa.

Erlatibo forma asko bagenituen lehendik ere, ahozkoan erabiltzen genituenak, eta ditugunak oraindik. Bestalde, tradizioan badira erlatibo batzuk –ez-murrizgarria deritzonean, batez ere–, idazleek erabili izan dituztenak: zeina, zeinaren, zeinean, non… eta abar. Batzuek begizkoa diete oraindik, eta hor konpon, erabili nahi ez badituzte, baina hortxe daude, eta baliabide zehatzak dira. Hutsune larria erlatibo murrizgarria deritzon horretan genuen, non aditzak adierazten dituen nor-nori kasuak bakarrik erlatiba genitzakeen zuzenki: hauxe da gehien maite dudana; hauxe da gehien maite nauena; hauxe da gehien zor diodana eta beste kasu guztiak: noren, norekin, norengan, norentzat...? Horixe da nik proposatzen eta ustez konpontzen dudana, izenordain bat –edo genitiboan, posesibo bat–, aurrera pasatuz. Adibidez, norbait aurkezten ari naiz, eta diot: “Hauxe da bere begiek itsuki liluratu nindutena”. “Hauxe da berarekin edonora joango nintzatekeen bakarra”. “Hauxe da berarengan konfiantza dudan bakarra”. “Hauxe da beragatik bizia emango nukeen bakarra”. Edo aposizioan: “Hauxe da bakarra, berarekin edonora joango nintzatekeena”, eta abar. Hain zaila al da hori?

Zure ebidentzia duzu hori, inondik ere.

Ebidentzia da erlatibo osoa behar dugula. Guraizeen teoriak ez duela balio. Sintaxi osoa behar dugu, erlatiboa barne. Erlatiboak adina falta egiten digun beste egiturarik ez dago ezein hizkuntzatan, gure inguruan behintzat. Literarioki, are gutxiago. Erlatibo osorik gabe, ezin da literatura onik egin. Nik neure soluzioa aurkezten dut, eta ondo doakit. Hoberik baletor, pozik eta berehala hartuko dut.

Euskara erraza ezetz esan duzu behin baino gehiagotan, eta elkarrizketa honetan bertan ere bai. Aditzaren gainean, aldiz, “erraztu eta laburtu” beharra aldarrikatzen duzu.

Non edo non idatzia dut, bai: “Aditza behar da egokitu, bestela berak itoko gaitu!”. Aurreko liburuan, aditzaren gaineko atalari “Aditzaren fantasia heroikoa” izena jarri nion. Soluziorik ez daukat, baina banaiz gauza bideak markatzeko, eta batzuk oso emankor izango direla uste dut.

Zure liburu honetara, eta bertan ageri diren irakurgaietara iritsi artean, hainbeste aditz trinko irakurri gabea nintzen aspaldi.

Lehen izan ditugun aditz trinkoak dira gehienak, eta batzuk, analogiaz sortuak. Irakurgaietan, poesian, kantetan eta, oro har, edozein idazkera jasotan, baliagarri zaizkit, eta hantxe erabiliko ditut, ez zurekin hizketan ari naizenean. Edonon ez, baina berreskuratu eta erabili, bai. Ez da estetika kontua bakarrik, praktikotasuna eta beharra baizik. Horixe dugu beste ebidentzia bat: euskara laburtu egin behar da. Eta zein da luzeraren eragile nagusia? Aditza, batez ere. Horretaz ondoen publizitatean dabilena jabetuko da, edo kazetaritzan –titularrak, argazki-oinak–, edo esaldi laburreko elkarrizketak itzultzen dabilena… Diskurtsoa luze denean, beti dira nominalizazioak eta beste, baina hizkuntza batean eremu asko dira laburtasuna nahitaezko dutenak. Aditz trinkoak soluzio handiak dakartza. Kantagintzan edo bertsogintzan ere berehala ikusten da aditz trinkoen balioa. Letozke, nengoke eta antzekoak askoz funtzionalago dira etorriko lirateke, egongo nintzateke eta abar baino. Adibidez: “Bi musu ondo letozke”. Esaldi oso bat esan duzu zortzi silabatan. “Etorriko lirateke”. Aditza besterik ez duzu esan zortzi silabatan. Aditz trinkoen bidea garatu “beharra” ebidentzia bat da niretzat.

Ari zara ebidentziak agertzen, baina gurean, Euskaltzaindiak du aspaldi aginte-makila. Zer leku du zure proposamenak gure hizkuntzaren auzian?

Hiztegi kontuan, Euskaltzaindiaren lana oinarrizkoa eta lehentasunezkoa dela pentsatu nahi dut, baina noizbait –ahalik lasterren, mesedez!–, munduan ibiltzeko moduko hiztegia osatu beharko da. Euskaltzaindiak atera berri duen hiztegian badaude, noski, gaurko munduko hitzak, baina milaka falta dira! Zergatik falta dira anbizio, ebidentzia, instrukzio eta, oro har, ondare komuneko milaka horiek? Erdal-euskal hiztegiek ematen dituzten ordainak, berriz, sarritan arbitrarioak edo gutxi gorabeherakoak dira. Adibide bat: gaztelaniaz ambición; frantsesez eta ingelesez, ambition; portugesez, ambiçao...  Ikus hitz horren ordainak gure hiztegietan, eta zer topatzen dugu? Kaos bat! Zergatik falta da anbizio gure hiztegietan? Zergatik falta dira horrelako milaka hitz garrantzitsu? Inguruko hizkuntzen jokaera zuzena bada, jaiotzatik mende erdirantz doan euskara batuko hiztegiak, oraindik proportzio etsigarrian, zirriborro rustikoak besterik ez dira. Hiztegiei edo estilo liburuei jaramon egin banie, liburu honen izenburuak beharko zukeen: Zazpi begi-bistakotasun birjaiotzarako edo horrelako zerbait. Nora goaz hortik?

Akademiaren hiztegia

“Oraintsu, Euskaltzaindiaren Hiztegia kaleratu du Euskaltzaindiak berak. Egia esan behar badizut, dezepzio handia hartu dut. Hobeto esanda, beste dezepzio bat. Lehendik sarean zegoen Hiztegi Batuatik milaka hitz kendu dituzte. Hurrengo bertsioan sartuak izango direla agintzen dute, baina orain… falta dira! Niretzat, Hiztegi Batua bera ere oso murritza eta irizpidez restriktiboa zen. Euskara batua jaio zenetik, laster da mende erdi. Horrexegatik aldarrikatzen dut birjaiotza bat. Eguneroko urgentzia dugun lexikoari gagozkiola, Euskaltzaindiaren azken hiztegi honekin ezin da etxeko atarira ere irten. Noizko itxaroten dudan hiztegi oso eta lehiakor bat? Buf! Uste dut Euskaltzaindiak munduan ibiltzeko moduko hiztegi bat osatzen duenerako, euskara galduta egongo dela”.

Karlos Cid Abasolo

“Oso hizkuntzalari ona da. Sen handia du. Madrilen bizi da, Madrilgoa da eta, paradoxaz, era argiagoan ikusten ditu hemengo gauzak, gure zurrunbilo sarritan biszeraletik eta ika-mika probintzianoetatik kanpo. Bere irizpidea beti interesatzen zait. Madrilen izan nintzen, bertsolaritzaz mintzo, eta hantxe ezagutu nuen. Lagun egin ginen, eta zertan ari nintzen azaldu nion. Berak, bestalde, erlatiboaren inguruko lan sakona egina zuen. Neure saiakeraren testua bidali nion, eta egundoko lana egin zidan, neuk eskatu gabe, batean eta bestean oharrak eta zuzenketak eginez. Harrezkero, bera dut aholkulari eta berrikusle. Oso esku segurua da Karlos. Hala izan zen Euskara batuaren bigarren jaiotza hartan, eta halaxe izan da oraingo honetan ere”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude