"Aldarrikapenez bete behar dugu Baiona"

  • Datorren larunbatean jokatuko da III. Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarreko (Xilaba) Bertsularien Xapelketako finala. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua, Odei Barroso eta Maddi Sarasua lehiatuko dira bertan. Finalean lehen aldiz sartu den Sarasuarekin eta aurreko bi Xilabetan gora etorri den Barrosorekin bildu gara Larraldean, Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitza ere baden Senpereko etxaldean.

Lizeoa bertso eskola kanpoan Odei Barroso eta Maddi Sarasua
Lizeoa bertso eskola kanpoan Odei Barroso eta Maddi Sarasua

Etxean zer bertso giro jaso duzue?

Maddi Sarasua: Etxean betidanik bertsoa gauza normal bat izan da. Gitarrarekin kantatzen genituen bertso zaharrak, saioetara joaten ginen... hori preziatzen da. Ez ninduten eurek bultza bertso eskolan hasteko baina hastea erabaki nuenean poztu ziren. Laguntza handia da.

Odei Barroso: Etxean eman zidatena izan zen bertsotan hasteko aukera. Bertso eskola ireki zen Ziburun eta oroitzen naiz amak esan zidala “hasi, saiatu eta ez baldin baduzu maite uzten duzu. Baina zu saiatu”. Aitak olerki dezente idazten du, eta nik aitaren olerkiak irakurtzen nituen. Ez zidatena eman da bertsotik, ez hizkuntzatik: ama euskaldun berria zen eta aitak ez daki euskaraz. Euskara eta euskal munduko erreferentziak biziki gutxi nituen etxean. Baina nik eskertzen diedana da aukera hori eman izana, eta bultza izana. Beti eman didate gogoa, ilusioa, beti etorri izan dira nire saioetara, nahiz aitak erdia edo laurdena ulertu.

Bertso eskolan noiz eta nola hasi zineten? Nola gogoratzen duzue garai hura?

Odei Barroso: Ni Ziburuko Kolegioko bertso eskolan hasi nintzen, Karlos Aizpuruarekin. Hiru ikasle ginen eta 12-13 urte izanen nituen. Gero Hendaiako bertso eskolara joan ginen hirurok, han talde handiagoa baitzen. Han aritu ginen, eta gero Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak hartu zuten bertso eskola eta horiekin ibili nintzen unibertsitatera joan arte.
Ume batentzat ez zen modan zen zerbait. Nehor ez zen ari, kolegio osoan hiru ginen! Ez zuen halako pisurik. Oroitzapen biziki politak ditut, hasieran beldurturik joaten nintzen bertso eskolara, bertzeek bazeramatelako urte bat edo bi bertsotan. Baina giro polita genuen, Hendaian ere sekulako giroa sortu zen, Ametsek eta Sustraik beste bultzada bat eman ziguten, bertsoa ikusteko beste manera batzuk, bertsoa maitatzeko tresna denak eman zizkiguten eta guk hartu besterik ez genuen.

Maddi Sarasua: Ni 11 urterekin edo hasi nintzen. Hastapenean Uztaritzeko ikastolan, bikain, Karlos Aizpuruarekin. Eta gero Kolegiora joan ginelarik Patxi Hiriartekin. Hiriartekin gehiago bildu ginen lagunartean, ez zen bertsoa hain teknikoki lantzen, jolas bezala hartzen genuen. Gero Lizeoan Aimar Karrikarekin egin dut urte bat eta orain Odeirekin ari gara; talde bikaina dugu. Askariak eta egiten ditugu, orain txapelketa dela eta serioago ari gara, baina bertso eskola da momentu biziki goxo bat, aste osoan gogaitatzen duguna. 10 lagun biltzen gara, horietatik txapelketan Ortzi Murua eta ni atera gara.

Beraz, finaleko lehiakide izateaz gain, elkarren ikasle-irakasle ere bazarete...

Odei Barroso: Bai, bitxia da. Asteazkenetan bertso eskola dugu Lizeoan eta ni irakasle noa hara. Eta asteartetan hemen bertan (Larraldean) biltzen gara bertsotarako, eta maila berekoak gara. Hori aski berezia da. Lizeoan iduri du nik erran behar dudala zer egin eta hemen dena aldatzen da, elkarri egiten dizkiogu zuzenketak. Truke polita da, berezia.

Txapelketa prestatzeko Larraldea etxea, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitza, bertso eskola bihurtu da.

Odei Barroso: Hemen asteartero biltzen gara. 19:30etatik goiti, eta luzatzen dena. Iparraldeko bigarren Txapelketa izan zelarik hasi ginen biltzen, hilabete batzuk lehenago, prestatzeko. Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Aimar Karrika eta ni hasi ginen, eta txapelketa bukatu zelarik esan genuen “zer, eta orain hau bukatu behar da? ez, ez!” eta geroztik urte guztian saiatzen gara biltzen, astero edo bi astetik behin, bertsoaren aitzakian, oso gustura. Dena dugu hemen, sukaldea, hotz egiten duenerako sua, lagunak eta giro polita.

Maddi Sarasua: Odeik esan zigun Ortzi Muruari eta niri joateko Larraldeara eta hasieran bertze bertsolariak ziren guretzat itzelezko bertsolari onak, eta eurekin bildu eta afaltzea... esperientzia berriak izan dira guretzat. Dena elkarlanean egiten dugu, bertsotan ari ondoren ere eztabaidatzen dugu nola egin behar den, beste ikuspegi bat da.

Odei Barroso: Badugu elkarri laguntzeko giroa, eta zinez Txapelketarako gogoa horrek pizten du. Egun biltzen gara Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Murua, Ortzi Idoate, Maindi Murua, eta Sustrai Colina ere etorri izan da azken aldietan...

Zer ematen dio bertso munduak gazte bati?

Maddi Sarasua: Bertsolaritzak eman didan gauza onena lagunak dira. Eta Eskolarteko Txapelketatik, Euskal Herriko beste lurraldeetako jendea ezagutzea, harreman bikainak, asteburu-pasak egiten ditugu finalistekin... bestalde, bertsoa anitz gauza ezagutzeko modua da, gure artean eztabaidatzen ditugun gauza horiek denak, biziari buruz ikasten duzu bertsoaren bidez ere.

Odei Barroso: Bertsoa norberarentzat ikasgai bezala ere hartzen ahal da. Bertsoa bera hartzen badugu hizkuntza ikasten da, baina horren inguruan badira askoz gauza gehiago, harremanak, lagunak, momentuak... inguru bat eman dit, bertsoaren aitzakian egiten ditugun lagun horiek, sekulako koadrila dira. Aldiz, nire eguneroko lagunak, txikitatik ditudanak ez dira bertsozaleak. Iparraldean izanik, eremu euskaldun bat ere ematen du. Ostatura baldin bazoaz, anitzetan frantsesez hitz egiten duzu ingurukoek ez baitakite euskaraz, ikastolatik pasa ez diren lagunekin, esaterako... Bertsoak ematen du euskara hutsean den eremu bat.

Norberaren bertsokera definitu.

Odei Barroso: Ni nire buruarekin aski borrokan nabil, erran nahi dudan hori bertsotara eramateko. Zuretik egitea eta zure bertsoa izatea bilatzen dut, ez besteen kopia izatea. Ni borroka horretan nabil. Erantzunak baino galderak ditut bakarrik, momentuz, baina ona da galderak ukaitea, ikasteko bidea da zure buruari galdetzea zer egiten ari naiz, nola egin nahi dut? Lanketa horretan nago.

Maddi Sarasua: Nik orain arte ez dut ukan bertsokerarik, gaia entzun eta jiten zitzaizkidan ideiak kantatzen saiatu izan naiz. Larraldeako bertso eskolan anitz landu dugu bata besteari erantzutera joatea, elkarrizketa bat sortzea ofiziotan... eta bakarkakotan bertsoa zure egitea, nik oraindik ez dakit oso ongi zer den hori, baina zure pertsona ikustea bertso horietatik.

Bakoitzaren bertso ibilbidea zein izan da?

Odei Barroso: Iparraldeko lehen Txapelketa izan zelarik, 2008an, ni Eskolarteko Txapelketetan bakarrik ibilia nintzen eta lagunartean, biziki saio gutxi-gutxi nituen, plazaren bat, sariketaren bat... Txapelketa hura joan zen, Euskal Herriko Txapelketara sartu nintzen eta nire bertso esperientziarik txarrena izan nuen bertan. Horrek ez zidan saio askorik eman, segitzen nuen urtean asko jota hamar saio egiten. Kolpez iritsi zen 2010eko Iparraldeko Txapelketan buruz burukora sartu izana, txapelketan bigarren geratu nintzen beraz, eta saio dezente ekarri zizkidan. Pasa nintzen urtean hamar saio egitetik 60-70 saio egitera. Niretzat hasieran gehiegi izan zen, asteburuetan ez nuen ohiturarik saioz saio ibiltzeko, eta pixka bat sufritu nuen hasieran, plazak kolpez etorri zitzaizkidalako. Hartu nuen pausa bat, hilabete edo bian ez nuen batere kantatu, eta hortik bueltan nire burua bere lekuan eman nuen eta lasaiago joaten nintzen saioetara eta berriz hasi nintzen gozatzen.

Urtean zehar bai Hegoaldean bai Iparraldean, bietan ibili naiz, agian gehiago Hegoaldean, hemen saio gutxiago egiten baita. Baina hemen ere sumatu da saioak sortzen doazela eta saio finkoak ere baditut hemen, urtez urte atxikitzen direnak. Pozez hartzen dut deitzen nauten aldiro, sekulako gogoekin noa saioetara, ez dut ikusten hasieran bezala presio edo pisu moduan, baizik plazer gisa, gozatzera noa saioetara. Egiten dakidana egiten dut, ez gehiago ez gutxiago.

Maddi Sarasua: Eskolarteko Txapelketa da urteko gure saio finkoa. Gero izaten dira Hernandorena Saria eta beste saio ttipi batzuk. Xilaban parte hartzea bera hiru saio dira. Eta bertso eskolatik ikastoletara joaten gara kantatzera, bertsoa zer den erakustera.
Desberdina da publiko aitzinean kantatu edo bertso eskolan. Nire kasuan, behar bada gehiago kontzentratzen naiz jende aitzinean, orain arte esperientzia onak ukan ditut.

Odei Barroso: Hori da gertatzen dena gazteen mailan, txapelketak bakarrik dituztela bertsotan egiteko. Eta denok dakigu txapelketa zer den, momentu bat dela eta zer estua den. Eta gaztetan hori eramaten duzun moduaren arabera, batzuek ateratzen dira eta beste batzuek ez. Problema da txapelketa bakarrik ukaitea. Txapelketa ere behar dela? Agian bai, baina bestetik landu behar genuke, ikastoletara eramatea, beste eremu batzuk eskaintzea, non poto bat egiten baduzu ez den ezer gertatzen!
Ni Eskolarteko Txapelketetan eta Hernandorena Sarietan, sekula ez nintzen finalera sailkatu. Bertsolaritza ez da egun bateko kontua. Landu behar da eta segitu behar da aitzina. Ni lagundu nauena, etxetik momentu horietan izan dudan babesa da. Etxetik eman didate segitzeko gogoa. Egon izan nintzen bertsoa uzteko, “hau ez da nirea” pentsatzen, eta irakasleek eta gurasoek erraten zidaten segitzeko eta hor segitu dut.

Zer espero duzue larunbateko finalerako?

Maddi Sarasua: Enetzat finalera pasatzea sorpresa handia izan da, eta pixka bat beldurtzen nau, horrelako bertsolarien artean nire burua ez baitut sobera ikusten. Polita izanen da, ohore bat da horiekin kantatzea, eta espero dut lortuko dudala han zerbaiten ematea. Nahi nuke Xilabaren esperientzia ongi buka dadin, saio polit bat egitea.

Odei Barroso: Saio bete bat ateratzea, ofizioak elkarrekin joatea, elkarrizketak entzutea, lantzen duguna agertzea. Han kantatuko dugun seietatik bost Larraldean biltzen gara. Talde bat goaz, elkarrekin goaz denok eta joan behar dugu jendeak espero duen hori eskaintzera. Batzuetan handitzen ditugu gauzak eta gero zer ematen diogu heldu den jende horri? Erantzun behar diogu jendeak espero duen horri.
Bakoitzak bere helburu pertsonalak izanen ditu. Ni ez naiz itsutzen postu batekin, maiz entzun dut buruz-burukoarena, baina hori hor geratzen da, denok dakigu txapelketa zer den, egun bateko kontua, eta atera daiteke gaur ongi eta bihar gaizki. Hori dena ahantzi eta final hau egitera joango naiz, ez aurrekoei begira. Bakoitza berea ematera joaten bada, polita atera daiteke.

Irakurtzen ari den horri esan, zergatik joan behar duen finalera.

Odei Barroso: Etxetik mugitu zaitez, euskararen alde egiteko etxetik atera behar da. Etxean geldituz hitz egiten ahal dugu gure artean euskaraz, baina ez dugu kanpora eramanen. Aurretik manifestazio bat bada, nahi duenarentzat, beraz zergatik ez bietara joan? Manifestaziora doazenei ere esango nieke etortzeko gurera, biak bat direlako azkenean. Aldarrikapenez bete behar dugu Baiona, urtean zehar badakigu inguru hauetan euskararen egoera zein den.

Maddi Sarasua: Egun polita izanen da, bai manifestazioan eta bai saioan sortuko den giroarekin ongi pasako du jendeak.

Maddi Sarasua Laskarai

-1995ean jaioa, Itsasun bizi da.
-Ikaslea.
-Eskolarteko Txapelketak: 2012an bi aldiz egin da txapeldun,  Iparraldeko Eskolartekoan eta Euskal Herrikoan. 2011n, bietan bigarren egin zuen.

Odei Barroso Gomila

-1988an jaioa, Urruñan bizi da.
-Bertsularien Lagunak Elkarteko langilea. Bertso irakasle aritzen da ikastolaz ikastola eta bertso eskoletan.
-Xilaban: Lehen txapelketan (2008) finalista izan zen, eta bigarrenean (2010ean) bigarrena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude