Kanibalismo ekonomikoari, stop!

  • Elkartasuna, konfiantza eta duintasuna, eguneroko bizitzan estimatzen ditugun baloreak dira. Horiek ekonomian islatzeko teoria sortu du Christian Felber austriarrak, eta Europan barrena dabil krisi garaiotan. Kapitalismo lehiakor basatiaren aurrean, jendeak, enpresek eta herriek elkar ulertzen hobeto funtzionatzen dutela dio Felberrek:
    “Oheratu gaitezke norbaiten kontra?”.

Valentziako Muro d´Alcoiko hitzaldi jendetsua
Valentziako Muro d´Alcoiko hitzaldi jendetsua

Gorputza erregaiez busti eta su eman zion bere buruari gizasemeak. 57 urte zituen, lau seme-alaba, eta 30 urte zeramatzan France Télécom enpresan lanean. 2011ko ekaineko hark, aurreko urteetako hamarnaka biktimen zerrenda loditu baino ez zuen egin. Alferrik izan zituen telefonia mugikorraren erraldoiak 3.895 milioi euroko irabaziak urte hartan, langile hark problema bat zuen.

Frantziako enpresa handietako suizidioen krisiak ondo baino hobeto erakusten du ongizatea eta etekin ekonomikoa ez doazela eskutik helduta, korporazioen clashflow azkarrak ez duela batzuen onerako ekonomia baizik sortzen. Alemaniaren BPG tasaren gorakadak minijobetan dabiltzan gazteen ezinak igartzen ez dituen gisan, edota BBVAren finantza balantze positiboak, etxetik bota duten hipotekatuaren negarrak entzuten ez dituen moduan.

“Arrakasta ekonomikoa adierazle monetarioekin neurtzen da: diruarekin. Baina dirua ez da gai neurtzeko gizakiontzat eta ingurumenarentzat baliotsua den ezer”, dio Christian Felber ekonomialari austriarrak, sarean bolo-bolo dabilen bideoan. Felberren esanetan, gaurko ekonomiak lukurreria eta lehia ditu oinarri, baina jendearen arteko harremanetan beste balore batzuk onesten dira: konfiantza, zintzotasuna, laguntasuna, solidaritatea… Horiek guztiak ekonomiaren arlora ekartzeko teoria proposatu du: guztien onerako ekonomia.

Alternatiba ekintzailetik sortua

Ez du ezer asmatu. Guztien onerako ekonomiak (GOE) jasotzen dituen eredu batzuk aspaldi aplikatzen dira zenbait mugimendutan, banku etikoa, ekonomia solidarioa edota bidezko merkataritza, kasu. Bestalde, historian barrena erregimen ugarik baliatu eta murtxikatu dute “guztien onerako” hitza; konstituzio politiko askotan ere ageri da ideia. Duela mende parrasta Tomas Akinokoak berak bonum comunne kontzeptua erabili zuen eta kristau dotrinan aise zabaldu zen. Baina Felberren pentsamoldeak ezer gutxi dauka dotrinatik eta asko alternatiba ekintzailetik.

Felber Salzburgen jaio zen 1972an. Vienan eta Madrilen egin zituen filologia eta zientzia politikoetako ikasketak eta egun, dantzari garaikide izateaz gain, Vienako unibertsitatean ekonomia irakasten du. Globalizazioarekin oso kritikoa, Attac-en sortzaileetako bat izan zen Austrian, eta mugimendu altermundialistaren bozeramaile da herri hartan.

2008an Felberrek ekonomiaren balore berrien inguruan idazkia publikatu zuen. Bertako ideiek txundituta, Attac mugimenduari loturiko hainbat enpresari elkartu ziren, ideiak praktikan nola jarri aztertzeko. Bi urteren ondoren, emaitza: Gemeinwohl-Ökonomie (Guztien onerako ekonomia) liburua.

2010eko urrian jarri zuten proiektua martxan, Vienan egindako sinposioan. GOEren teoriaz hausnartzeko hamarnaka talde sortu ziren Austrian, Alemanian, Italia iparraldean eta Suitzan. Hortik urtebetera ehunka enpresaren eta erakunderen babesa zuten jadanik, eta horietatik 60 inguru “guztien onerako balantzeak” egiten hasi ziren.

Balantze hori da GOEren funtsetako bat. Taula batean enpresek jarraitu beharreko irizpideak daude ezarrita; guztira 17 irizpide nagusi dira: lan baldintza onak izatea, genero berdintasuna, produktuaren salmenta etikoa, kalte ekologikoak gutxitzea, langileen parte-hartzea, kudeaketa gardentasuna, soldaten arteko oreka… Irizpide bakoitzak puntu jakin batzuk ditu; 1.000 puntura iristen dena txapeldun litzake eta 200era iristen ez denak baluke izerdirik botatzeko oraindik (ikusi azpiko taulan).

Otsoa ala gizakia?

Hori oso ondo dago –esango dizu adi entzun dizun bazkaltiarrak–, baina nola konbentzituko duzu marrazoa arraiak ez jateko? Homo homini lupus dio latinezko esapideak (gizakia otsoa da gizakiarentzat) eta askok egungo kanibalismo ekonomikoa horrela justifikatzen dute, berekoitasuna espiral genetikoan bagenerama moduan.

Felberrek uste hori ipurdiz gora jartzen duten hainbat ikerketa ditu aipagai, tartean Joachim Bauer neurobiologoarenak. Bauerren esanetan, Darwinek eboluzioaren teoria sortu zuenean, XIX. mendeko Ingalaterrako gizarte kapitalista islatu zuen, baina ezin da inolaz ere esan gizakiok genetikoki egoistak garenik. Alderantziz, ingurura egokitzeko bide onena kooperatzea dela dio Bauerrek, baita biologikoki ere. Antza, gizakiok elkar ulertzen dugunean, garunak estimulua nabaritzen du eta ondo sentiarazteko hormonen jarioa hasten da.

Hitz gutxitan, enpresen artean lehian aritu beharrean, elkarrekin kooperatzea litzateke gizarte osoaren ongizatea handitzeko modu natural eta eraginkorrena.

Hori lortzeko, GOEren errezetak ez du aparteko misteriorik: produktuetan etiketatu graduala (gorria, horia, berdea) sortuko lukete auditorien emaitzekin, erosleek enpresak saritu edo zigortu ditzaten; balantze onak lortzen dituzten enpresek hobariak edo laguntza publikoak jasoko lituzkete, kreditu merkeagoak, kontratazioetan eta ikerkuntza programetan lehentasuna…  Gisa horretan, enpresaren helburua jada ez litzateke etekin ekonomiko hutsa izango, guztien onerako jarduera baizik.

Esaldi hau idazten ari garen unean, 856 enpresak, 58 politikarik, 147 erakundek eta 2.877 lagunek eman diote babesa guztien onerako ekonomiaren mugimenduari. Horietako askok guztien onerako balantzea egina dute gainera, eta ez dira tamainaz eskasak inondik ere. Badaude aseguru etxeak, garagardo produzitzaileak, bankuak, okindegiak, altzarigileak… Horietako askok ehunka langileri ematen diote beharra eta milaka bezero dituzte.

Egiptoko Sekem enpresan, esaterako, 1.850 langile ari dira. Nekazaritza biodinamikoaren bidez basamortuari eta bertoko jendearen pobreziari aurre egiteko Ibrahim Abouleishek  Sekem sortu zen, 1977an . Kooperatiba horretako enpresek baliabide ekologikoak erabiltzen dituzte zukuak, espezieak eta fito-botikak produzitzeko, besteak beste. Bidezko merkataritzan eta bazkideen parte hartzean ere urratsak egin dituzte; bertako etekinekin haurtzaindegiak eta jasangarritasuna zer den ikasteko unibertsitateak eraiki dituzte.

Espainiako Estatuko hainbat herrialdetan eta Hego Amerikan ere aski zabaldu da guztien onerako ideia, batez ere ekainean gaztelaniazko bertsioa publikatu zenetik (La economía del bien común). Babesleen artean Euskal Herriko dozena bat enpresa txikiren izenak azaltzen dira eta hausnarketa taldeak sortu dira –Bilbon eta Donostian talde bana (ikusi goiko koadroko elkarrizketa)–. Gaztelaniazko liburu horrek, hain justu, MCCren esperientzia dakar gogora, zenbait esparrutan guztien onerako ekonomiarekin bat egiten duelako.

“Mugimendua geldiezina da eta bera bakarrik ari da hazten” diote GOEren defendatzaileek. Zinez, egitasmoa, etiketatu eta pizgarri soil batzuk baino subertsiboagoa baita. Merkatu ekonomiatik atera ez, baina hura iraultzeko neurriak jasotzen ditu. Azken batean, “herri subiranoak” konbentzio batean guztien onerako lege batzuk ezartzean iritsiko ginateke hogeitabira, halako “konstituzio ekonomiko” bat sortzean, alegia.

Piztia kapitalistak baina, azkar atera ditu atzaparrak, eta ez dira gutxi izan zenbait hedabidetan Felberren kontra jaurtitako eztenak: anarkomarxista, nerabea, poto egindako ezkertiarra... Beste askorentzat, zumarrak garia ematea bezain erraza da ekonomia ametsetako hori egia bihurtzea. Pauso handiegia.

“Ipotxen pausotxoen estrategia erabili behar dugu –dio austriarrak bere hitzaldietan–, egin dezagun ahal duguna. Ez gaitezen hasi Banco Santanderrekin, ezta Europar Batasunarekin ere. Has gaitezen Muro d’Alcoiko ekintzaileekin”.

Muro d’Alcoi, guztien onerako udalerri

Mediterraneoak Valentzian ikusten dituen lehenengo mendien magalean sartuta, Muro d’Alcoi 9.000 biztanleko herri ezkertiar abertzalea da –Bloc Nacionalista Valenciák irabazi ditu azkeneko lau udal hauteskundeak–. Bertan ondu da guztion onerako ekonomiaren baitan koka litekeen esperimentu bat: Celler la Muntanya upeltegiko jabe Joan Cascant-en ekimenez Microvinya ardoaren proiektua jarri zuten abian duela urte batzuk.

Filoxeraren gaitzak jo aurretik, inguru guztia mahastiz marraztua zegoen paraje haietan. Cascant eta bere bazkideak ardoa egiten hasi zirenean, abandonaturik zeuden mahasti sail txikien jabeengana jo zuten. Hala, helburu hirukoitza lortu dute: batetik, mahastiak lehengoratu eta mahastizainen bizimodua duintzea; bestetik, ardo arrakastatsua produzitzea tokiko mahats barietateak erabiliz; eta azkenik, Muro d’Alcoiko gizarte eta kultur taldeak proiektuaren inguruan batzea.

Microvinya ardoa 28 minifundiotako mahatsarekin egiten da eta zigilu propioa du. Zigilupe horretan merkaturatutako ardoek baldintza batzuk bete behar dituzte: nekazariak egindako lanaren ordainetan irabaztea; mahatsa bertako mahastietatik lortzea eta ingurumenari kalterik ez egitea; upeltegia inguruan errotua egotea; eta promozioa diseinatzea bertako herrien kultura errespetatuz.

Iraultza txiki bat ekarri du mahasti-zaintzaren ikuspegi berri horrek herrian. Hasi ziren mahastiak berreskuratzen eta bukatu dute urtero jasangarritasun jardunaldiak antolatzen, dekrezimenduaz hitz egiten eta guztien onerako ekonomia babesten. Muro D’Alcoik guztien onerako udalerri izendatu baitu bere burua.

Austrian, Bavieran, Hegoaldeko Tirolen eta Suitzan ere, hainbat udalerri guztien onerako ekonomiaren partaide izango direla iragarri dute mugimenduaren webgune ofizialean. Gisa horretako udalerri batek betekizun batzuk dauzka, horien artean, udal administrazio publikoan guztien onerako balantzea egitea eta neurriak hartzea azpikontratatzen dituen enpresek, eta udalerriko gainerako enpresek, balantze hori egin dezaten. Vienan, adibidez, aztertzen ari dira balantze hori egina duten enpresek lehentasuna izatea udalak erosketak egiten dituenean.

Euskal Herrian baditugu zero zabor sortzearen aldeko udalerriak, baita hurbileko komertzioa sustatzeko euskal monetaren proiektua ere, baditugu auzolanean bizi diren herriak, autogestionatzen diren auzoak, ekonomia sozialean eta kooperatiboan esperientzia handia duten eskualdeak... Zein izango da guztien onerako klubera animatzen lehena?

Neurri esanguratsuak

Banku demokratikoa: “Zeregin nagusia aurrezkiak bermatu eta tokiko enpresa eta familientzat kredituak ematea izango da. Diruak, kreditu itxuraz, ondasun publikoa izan behar du, eta finantza merkatuak itxi egin behar dira”.

Ondasun pribatua: “Eztabaidatu beharko litzateke jabego pribatua mugatzeko gehienezko kopuruaz, esaterako 10 milioi euro. 10 milioirekin edonork ia edozein luxu izan dezake, baina gutxiegi da gobernu bat erosi ahal izateko”

Gehienezko soldatak: “Soldata maximoak gutxieneko soldata baino hamar aldiz handiagoak ez izatea. Handizaleek gehiago irabazi nahi badute, posible dute, gutxieneko soldata igoaz”

Enpleguaren banaketa: “Ordu estrak kendu eta asteko lan orduak 30 edo 33ra jaitsi. Horrek denbora utziko luke lanaren beste alderdi batzuetarako: pertsonen zaintza, norbere lanak eta auzolana. Hamar urtean behin ‘urte sabatikoa’, oinarrizko errentak finantzatuta. Langabezia tasa %10 arinduko luke”.

Aztarna ekologikoa: “Hazkunde ekonomikoa jada ez da helburua, bai ordea aztarna ekologikoa gutxitzea. Bizimodua aukeratzeko dugun askatasuna amaitzen zaigu, beste batzuek bizitza duina izateko duten askatasuna mugatzen dugunean”.

Demokrazia zuzena: “Egiazko demokrazian, herri burujabearen interesak eta bere ordezkarienak, berberak dira. Demokrazia ordezkatzailea osatu behar da demokrazia zuzen eta parte-hartzailearekin. Herritarrek euren ordezkariak zuzendu behar dituzte”.

Valentín Zurbano: "Probak egiten hasi gara zenbait erakunderekin"

Nola izan zenuen guztien onerako ekonomiaren berri?

Baneraman denboratxo bat haren atzetik, batez ere Interneten Attac mugimenduaren orrialdeak eta bideoak segituz. Gero, Arizmendiarretaren Lagunak elkarteak hitzaldi bat antolatu zuen eta Christian Felber etorri zen, hantxe egin genuen topo.

Zer nabarmenduko zenuke teoria honetatik?

Kontzeptuak jasotzen dituen ideiak ez daude soilik Felberren mugimenduan, lehenago ere landu izan dira, EHUn adibidez, ekonomialari ugari ari dira horien inguruan lanean. Inportanteena da ikuspegia aldatzen duela: ekonomia lehiakortasunean eta norberarentzako etekinean oinarritzen da egun; aldiz, ikuspegi berriak kooperazioan eta guztion ongizatean egiten du azpimarra.

Nola ari zarete antolatzen?

Oraintxe bertan Bilboko taldean ari gara gehien mugitzen; Donostian ere badago beste talde bat, baina hasiberritan daude. Zehaztu nahian ari gara zein den bakoitzaren ikuspegia, oso jende ezberdina biltzen gara, arkitektoak, ingeniariak eta beste mugimendutan ere aritzen den jendea dago.

Pentsatu duzue nola hasi lanean Euskal Herrian?

Hainbat proba egin ditugu erakunde batzuekin, guztien onerako balantzeak dakartzan irizpideak ebaluatu ditugu elkarrekin. Beraiek deitu digute, bizpahiru orduz bildu gara hausnartzeko eta hasierako balorazio bat egiteko.

Etorkizunean aurreikusi duzue, esaterako, guztien onerako udalerriak sustatzea? Udalekin hitz egin duzue?

Ez da gure asmoa proselitismoa egitea. Interesa duen ororekin hitz egin nahi dugu. Austrian gertatu zenaren antzeko zerbait da: hainbat enpresari elkartu ziren eztabaidatzeko eta hortik sortu zen mugimendua, baina hasierako ideia ez zen hori, Felberrek soilik liburu bat idatzi zuen. Gu bide beretik goaz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Jaurlaritza
Erkorekak GKSk Gasteizen "eragindako istiluak" salatu ditu eta Ertzaintzaren jokabidea babestu du

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera, gazteek ertzainei “bortizki eraso” zieten, eta “erabat gaitzetsi” ditu jokabideak.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Beste emakume batek salaketa jarri du, Ertzaintzak Donostian egindako kargetan zauritu zutelako

Buruan foam jaurtigai batekin kolpea jasotako emakumeaz gain, bigarren pertsona bat zauritu zen Donostian asteartean ertzainek Realeko zaleen aurka egindako oldarraldietan. Ertzaintzak jakinarazi du kasu hau ere ikertzen ari dela.


Emakume bat larri dago ZIUn, Ertzaintzak Donostian foam jaurtigai batekin jo ostean

Emakumea Donostia ospitalean ingresaturik dago, foam jaurtigaiak buruan jo eta odol isuria eragin ostean. Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partiduaren aurretik polizia agenteek egindako kargetan zauritu dute. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu duela jakinarazi... [+]


Eguneraketa berriak daude