Urguilu heteroa

“Eta zuri, gustatzen al zaizkizu mutilak?”. Ezin uka galderaren zuzenak harritu ninduenik. Nire artean pentsatu nuen atzerrian nengoela eta han akaso halako galderak egitea naturalagotzat joko zela. Galderari itzuri egiteak, bestetik, “maritxutasunaren mamua” handiagotzea besterik ez zukeen ekarriko, eta hala, erantzun progrearen bidea hartu nuen: “Ez naute mutilek sekula erakarri izan, baina ez dut baztertzen akaso etorkizunean halakorik gertatzea. Zergatik ez?”. Nire lagun gay eta lesbianei buruz iruzkinen bat egitea besterik ez zitzaidan falta izan. Horren ordez arrapostu egin nion, karga arintze aldera-edo. “Eta zuri, zuri gustatzen al zaizkizu neskak?”. Nirea baino erantzun zuzenagoa izan zen berea, “Ez, ez zaizkit gustatzen”. Gero gaineratu zuenak txunditu ninduen gehien ordea: “Lehenengo musua neska batekin eman nuen, izan nuen neskalagun bat, baina ez, ez zaizkit gustatzen. Konturatu nintzen ez zitzaizkidala gustatzen, ohean-eta desastre hutsa izaten zen”.

Euskal Herrian halako solasaldi bat edukitzeko aukeren (ia) ezinezkotasunaz hausnarrean ibili naiz denbora batez. Izan ere, nirearen, gurearen aldean, ene solaskidearen heterosexualitatea askoz ere laxoagoa, askoz ere zentzudunagoa zela ohartu nintzen berehala. Ez zuen nik bezala urgentziazko erantzun politically correctik behar haren naturaltasun sexuala agerian uzteko.

Heteronormatibitatearen malurak askotarikoak baitira, izan ere. Esan gabe doa, haren lehenengo biktimak, biktima nagusiak, lesbianak, gayak eta emakumeak dira, baina gizon heterosexualok ere dastatzen dugu, sarri dastatu ere, haren ozpinetik. Adibideak askotarikoak dira. “Gizon ehiztaria”ren (a. k. a. babosoa, lerdetsua, lerdoa) estandarrean kabitzen ez diren gizonak zenbat alditan ez ote ditugu gizon bigun, gizon eskas, gizon maskalaren etiketaren bortitzaz azpiratu? Ohean ez bazara aski bipil, aski ar, ez baduzu zakila aski lodi, hor izango duzu berriz ere “maritxutasunaren mamua” zure inguruan hegaka. Halako batean zure ohe-kideak beroaren beroan “jostailutxo bat” ateratzen badu zure zakilari begiratuko diozu: “Zer egin dut gaizki?”, mundua zure zakilaren bueltan mugitu beharko balitz bezala. Ez baduzu zure “konkisten” gainean aski publizitate egiten, ez zaizu faltako lagun begiluzerik galdezka heteroen esparrua ongi zedarritu eta urguilu heteroa ongi mantendu aldera. Mutil batek uko egiten badio herriak, koadrilak neska ikusgarritzat, neska ukaezintzat, duenari luze gabe erantzun beharko du: “Ez haiz gaya izango?”. Jakina, galdera berez, beste hainbat bezala, neutrotzat jo lezake inork, inozotzat, baina testuinguru horretan ezagun da ez duela inozotik deus, homofoboa dela bete-betean. Zer esanik ez, zure neska ohi bat orain lesbiana “bihurtu” dela kontatzen badizute. Halakoa baino laido handiagorik! Maskulinotasunari berari eginiko traiziotzat hartuko du lerdo, lerdetsu batek baino gehiagok.

Ongi egingo genuke ulertuko bagenu heteronormatibitatea gizarte-instituzioa den heinean denok hartzen dugula parte, gutxi-asko, haren sustapenean. Egongo da esango duenik heterosexualitatea bera dela eraitsi beharrekoa, eta endemas, erlazio binario oro dela lurperatu behar. Baliteke. Anartean, uste dut ez litzatekeela soberan egongo heterosexualitatea bizitzeko beste forma batzuk bilatu, praktikatu, zabalduko bagenitu. Hasieran aipatzen nuen heterosexualitate laxo, soseguzkoago bat-edo. Bizi askeago baten alde, bizi bizigarriago baten mesedetan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude