Tren lasterra birpentsatu

PARISERA abiadura handiko trenean bidaiatu duenak eta txartela Internetez erosi, sarri jasoko ditu eskaintza miragarriak: Hendaiatik Parisera 35 eurotan, 20 eurotan… Berdin Europako beste hiriburu batzuekin ere. Hegazkinez noranahi bidaiatzeko kostu txikiko txartelez zer esanik ez. Herritarra, oro har, harro da halako pagotxari heltzeko aukera duenean. Nonahi dira –edo batez ere ziren– amuak: duela hiruzpalau urte New Yorkera asteburu pasa eta erosketak egitera joatea zein moderno eta errentagarria zen saltzen zuten Espainiako egunkarietako erreportajeek. Neskatilendako bideo jolasetan araka dezakezu Interneten eta ikusi Parisen erosketak egitea zer guai eta txatxipirulia den: “egun osoa pasatu ahal izango duzu bertan, erosi eta erosi”. Eta AHTrekin Donostiatik Bilbora aurreratuko duzun ordu laurden hori?

Ondorioak argiak ziren, bidaiatu eta erosi berdin zoriontasuna; edo gurera etorrita, Euskal Y-a berdin ongizatea. Duela 30 urte ere oso ezagun egin zen esaera hura, Lemoizko zentral nuklearra egin ezean azak besterik ez genituela jango. Duela 30 urte egin zuten Madril-Sevilla AHT ospetsua, eta gaur egun Sevillan %30eko langabezia dago.

Baina Errauskineri gauerdia iritsi zaio eta ezusteko krisi baldar eta zantar batek bere ametsa bertan behera utzi du. Urtetan Euskal Y proiektua eta gure ongizatea lokarri sendoz lotu dituzte erakundeek, eta hala jarraitzen dute egiten, baina apalago, gaur egun murrizketek eurek adierazten baitute ongizatea zerekin dagoen lotua. Eta are eta garrantzitsuago, gero eta argiago ikusten da murrizketetan eta ongizatean zerk eragiten duen benetan: Euskal Y-aren kilometro bakoitzak 25 milioi euro balio du, adibidez, eta Espainiaren esperientziak erakusten du mantenu gastuetan urtean kilometro batek 100.000 eurotik gorako gastua duela (tunel barruan 200.000 euro, eta Euskal Y-an 172 kilometrotik 104 halakoak dira).

Kontua da Espainiak bere aurrekontuaren %40 moztu diola aurten Euskal Y-ari eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez, gaitza izango dela lanak 2016rako bukatuak izatea. Nafarroan egoera larriagoa da, Castejon-Iruñerria arteko zatia egiten hasi berri dira eta 2013rako Espainiak erdira murriztu du AHTko lanei eskainitako  diru kopurua, eta datozen hiru urteetan ere antzeko joera espero da, okerragoa ez bada. Nafarroan zalantzan jartzen da lanak 2020rako ere bukatu ahal izango diren. Castejon eta Zaragoza arteko Nafarroako zatiak 250.000 euro izango ditu 2013an eta Espainiako Gobernuak bertan behera utzi ditu ibilbide horretan Aragoiko zatirako aurreikusita zituen 59 milioi euro.

Euskal Y-a abiadura handiko irla gisa gera liteke. Espainiatik Lisboarantz doan adarrak jai du urte luzez, Zaragozatik Madrileranzkoa aipatu dugu eta Gasteiztik Hegoaldera ere larri. Eta Europarekiko lotura ospetsua? Gaur egungo errealitatea da Frantziak gero eta baztertuago duela Bordeletik beherako tren lasterra. Ipar Euskal Herrian ere oposizioa gero eta indartsuagoa da eta, gainera, alternatibak gero eta sendoagoak (oraintsu Hego Lapurdik, Aturri-Errobi eta Errobiko mankomunitateek aurkeztu berri dute txosten esanguratsua).

ARRAZOI asko leudeke faraoien obra hau birpentsatzeko, besteak beste, oraindik gehiena egin gabe dagoelako, eta eginda dagoena bestelako tren mota bat egiteko balia litekeelako. Funtziotan den Lopez lehendakariak honakoa zioen duela gutxi: “Guk inork baino gehiago egiten dugu AHTaren alde”. Eta Roberto Bermejo EHUko irakasle nekagaitzak zera erantzun zion berriki Deia-n egindako elkarrizketa interesgarri batean, “bai, baina hori ona edo txarra da? Mundua beste bideetan dabil gaur egun eta ergelkeria bat egiten ari zara, hori da nik ezagutzen ditudan garraioaren aditu guztiek diotena”.

Gaitza izango da agintariek moratoria gisakorik onartzea, besteak beste dozenaka enpresaren presioa dutelako gainean, baina oraindik ez litzateke berandu. Inbertsiorik handienak egiteke daude, tren eredua birformulatzeko aukera dago eta, gainera, dirutza horiek urrea lirateke ekonomia sarea sustatzeko.

Bai, Alvaro Amann Jaurlaritzako sailburu ohiaren profezia betetzen ari da, baina ez zehatz-mehatz berak zioen arrazoiengatik: “Herritarrok gorriak pasatuko ditugu 2010erako Euskal Y-rik egiten ez badugu” (Larrun, 2005eko apirila).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude