Karbono trafikoa Espainian: kutsatzaileen lapurreta berdea

  • Klimaren aldaketak ez dauka zertan tragedia izan beharrik... baldin eta ez bazara bizi itsasoak harrapatuko dituen lurraldeetan. Telebistako erreportaje apokaliptikoek herritarrok gaituzte izutzen, kutsatzaileak ez. Ikusi nola ateratzen dioten etekina kutsadurak eragindako arazoari haren eragile nagusiek. Tartean, hemengoek.

Arcelor Mittal da karbonoaren merkatuko etekin zerrendan txapeldun. Irudian, Asturiasko Avilesen duen faktoria.
Arcelor Mittal da karbonoaren merkatuko etekin zerrendan txapeldun. Irudian, Asturiasko Avilesen duen faktoria.

Ulertzen zaila erraz azaltzea izan behar badu kazetariaren dohainetako bat, Carbon trade edo karbono salerosketa ipuin txar batez adierazi beharko genuke.

Bazen behin gizon aberats bat altxorra egin zuena gainerako herritar guztiak izorratuz. Jauntxoak zerabilen sistemaren erruz etxeak bezala kaleak urez gainezka zeuden, hasieran behatza bete, gero orkatilaraino, belauneraino… Herritarrak txit larri zirenez, zerbait egin behar zela deliberatu zuten ordezkari politikoek. Eztabaida luze mamitsuen ondoren, aurkitu zuten soluzioa: kutsadura sortzen zuena bera diruz pagatuko zuten arazoa bideratu zezan. Jauntxoak uholdearen kalteak pagatzeko partez “arazoa bideratzeagatik” kobratu zuen eta fabrika ibaian goragoko herrira urrundu. Geroztik, herrikoak eta auzokoak denak dira urpean, itolarria handitu da eta jauntxoak “arazoa bideratzeko” sos gehiago eskatzen du.

Sistema era pedagogikoan azaldu zuen Anni Leonardek –The story of stuff (Gauzen istorioa) famatuaren egileak– The story of Cap & Trade bideo famatuan, Net Hurbilek laburbildua 2009an. Uda honetan operazioaren emaitzak erakutsi ditu  Carbon Trade Watch erakundeak   “Castillos en el aire: El Estado español, los fondos públicos y el mercado de carbono de la Unión Europea” txostenean.

Gizarte industrialak eragindako klima aldaketa larria izanik, hura geldiarazteko neurriak hartzeko ordez herrialde aberatsetako agintariek korporazioen lobbyek bultzatuta arautegi konplexuz hornitutako negozio lerro berria osatu dute. Ororen buru, klima aldatzen ari diren kutsadurak ugaritu dira izugarri... eta herritarren zergetatik ateratako dirutzak etekin berriak eman dizkie kutsatzaileei.

1997an Kyotoko protokoloa onartzerakoan korporazio handiek  lortu zuten isuri kutsagarrien merkatua, funtsean CO2 karbonoarena, bi mekanismotan mamitzea. Alde batetik cap and trade, hau da, kutsadurentzako gehieneko topea eta trukea. Bestetik konpentsazioak, hemen kutsatzen segi urrutiko beste nonbait isuriak gutxitzearen truke. Horrela sortu zen salerosketarako gai berri bat, karbonoa. Salerosketarako... eta espekulaziorako.

Europan Kyotoko protokoloa 2005ean mamitu zen Isurien Merkataritzarako Europako Elkartearen Arautegia (RCCDE gaztelerazko sigletan, EU-ETS ingelesezko- etan) delakoan. Carbon Trade Watch behatoki independientearentzako Beatriz Martinez eta Tamra Gilbertsonek idatzi duten analisian diotenez, “egia zera da, Europar Batasunean isuriak handitzen ari direla eta sistemak ez dituela bere balizko helburuak lortu, baina industria kutsatzaileenei eskaini dizkiela negozio handiak egiteko aukerak”.

1990ean Espainiari eman bazitzaion isurtzeko %15 karbono dioxido gehiago, 2007rako %53an handituak zituen. Okerrena da, gainera, horretara iristeko Madrilgo administrazioak 750 milioi euro xahutu dituela konpentsatzeko mekanismoetan. Herritarrek ordaindu eta enpresek kobratu: Arcelor Mittal batek 263 milioi euroko etekinak atera dizkio operazioari, Cemex porlangileak 210 miloi, Repsolek 105 milioi, Cementos Portland Valderrivasek 97 milioi, eta abar.

Agintarien bedeinkapenarekin

EU-ETS karbono merkataritza sistemak 30 herrialde eta 11.000 fabrika biltzen ditu, tartean zentral elektrikoak, petrolio birfindegiak, siderurgiakoak, porlangileak, eta abar. Horiei kalkulatu eta eman zaizkie kutsatzeko hainbat kreditu edo baimen; hauek saldu nahiz erosi ditzakete elkarren artean edo urrutiko herrialdeetan energia berriztagarrietan egindako inbertsioekin konpentsatu. Laster sartu dira bankuak eta finantza erakundeak isurtzeko baimenon salerosketan.

Europako arauak egokitzeko, Espainiako Gobernuak Plan Nacional de Asignación (PNA) abiarazi zuen. Honen koordinatzailea Arturo Gonzalez Aizpiri izan zen, Repsoleko gizona. Energia, siderurgia, porlana, beira eta papera lantzen dituzten konpainia nagusiek hartu zuten parte planaren idazketan, gizarte zibilaren ordezkari bakar batek ez. Haren aktak sekretupean daude gaur artio.

Carbon Trade Watcheko dosierrak salatu duenez, Espainiako planean industrialek lortu zuten kutsatzeko baimenak puztea, krisiaren aurreko beroaldi ekonomikoan egin zutela aprobetxatuz. Espainia hormigoi festan murgildurik zegoen, 5.000 kilometro autopista eraiki dira hamar urtetan, aireportuak, beste inon baino etxe gehiago, era guztietako erakustoki erraldoiak... Burbuila lehertutakoan, industriaren martxa epelduta, barra-barra emandako baimenak salgai dauzkate konpainia handiok.

Karbonoaren merkatuko etekin zerrendan Arcelor Mittal da txapeldun. Espainian 2008 eta 2011 artean dohaineko 18 milioi baimen lortu zituen. Europa osoan 97 milioi baimeneko soberakina kalkulatzen zaio, merkatuan daukaten preziotan kalkulatuz 1.600 milioi euro balio dutenak. Lobbygintza gogorra egiten du Bruselan eta Estrasburgon Arcelor Mittalek, bateko edo besteko usina itxi eta milaka langile kalean uzteko mehatxuekin.

Zerrendako bigarrena eta laugarren daude bi zementu konpainia: Cemex mexikarraren Espainiako adarrari karbono salmentengatik 210 milioi euroko etekinak kalkulatzen zaizkio eta Cementos Portland Valderrivasi –Olaztin hondakinak erre nahi dituenari– 97 milioi. Bien artean Repsolek 105 milioi euroko etekin bereziak lortu ditu.

Operazioa ondo borobiltzeko hiru osagai izan dira beharrezkoak. Batetik, estrategiaren diseinua energiaren, porlanaren eta oro har jarduera kutsakorrenak dituzten korporazioen esku uztea. Fondo Español de Carbono partzuergoan denak daude, hasi Endesa eta Iberdrolatik, pasa Repsol, Gas Natural, edo Cepsatik eta porlangileak biltzen dituen Oficemen elkarteraino.

Bigarrenik, herrialde behartsuagoetara jo da isurien konpentsazioak lotzerakoan. Karbonoaren trafiko hau kontutan eduki beharra dago munduko gatazketako asko ulertzeko. Mexikoko Oaxacan eraiki dituzten parke eoliko erraldoien kontra oldartu dira herritarrak, Txilen urtegi handien kontra, Kolonbian biomasazko zentralak eraiki dizkiete....

Operazioaren hirugarren oina agintari politikoen konplizitatea da.    Jose Maria Aznarrek, Elena Salgado presidenteordeak eta gaur ministroa den Luis de Guindosek lotura dute Endesarekin, Felipe Gonzalezek Gas Naturalekin, Jaiver Solanak Accionarekin... Eta Euskal Herriko politikari kutsatuen izenak? Kazetari gazteentzat lana bada.

Poloniarren CO2 merkea

Rafael Mendez kazetariak El Pais-en webgunean ezagutarazi du urriaren 5ean, antza denez Reuters agentziatik hartuta, nahiz eta biharamunean paperezko egunkariak jaso ez. Espainiako ingurumen ministerioak 40 milioitan erosiko dizkiola Poloniari ia 100 milioi tona CO2 isurtzeko eskubideak. Albistearen ontsa erakusten du negozioaren funtsa.

Kyotoko protokoloaren jarraipenak laster kontrola pasa behar duenez, Europar Batasunak zerbait azkar egitea eskatu zion Espainiari. 1990eko isuriak gehienez %15ean handitzeko eskubidea edukiz, askoz kutsadura gehiago ari da ekoizten Espainia. Europa munduaren aurrean lotsagarri ez uzteko, gehiegizko kutsadura eskubideak erosi beharra dauzka Espainiak.

Mariano Rajoyren Gobernuaren zorionerako, CO2aren prezioak hondoratu egin dira krisi ekonomikoagatik. Multinazionalen lobbygintzaren eraginez, Europak goitik kalkulatuta oparitu zizkien konpainiei kutsatzeko eskubideak. Orduko kontabilitatean, tona bat CO2 erosi edo saldu zitekeen 20 euroko prezioan. Baina orain ekonomiaren martxa hoztu denean, tona bat gutxiago isurtzeko zertifikaioa 7,5 eurotan dago. Baina prezio hori ere handiegia izango zen Espainiarentzako, urte hasierako kalkuluetan 500 milioi euroko gastua egin beharra baitzeukan CO2aren kontabilitatea eguneratzeko.

Azkenean Poloniak salduko dizkio likidazio prezioan duela hogei urtetik hona komunismo garaiko industria asko itxi izanaren eskubideak. Berez Kyotoko arauak zorrotz betez eskubide horiek ezingo lituzkete ordaindu, Espainiak behar dituenak atal diferenteetakoak direlako, baina bakearen izenean –eta korporazioen sakelen gozagarri– Europako Elkarteak ezikusia egingo diete tratuaren xehetasunei. Horrela, Europak beteko du Kyotoko ituna, Poloniak sos batzuk eskuratu, Espainiak %53 gehiago kutsatuz %15 baino gehiago ez duela kutsadura igo argudiatu, kutsatzaileek segiko dute kutsatuz aberasten… eta Juan Carlos Borbonen subditoen sakeletan 800 milioi euro (gehiago) faltako dira.
 

Karbonoaren Espainiako Funtsa, haize-errotak eta indioak

Fondo Español de Carbono (FEC) delakoa daukate antolaturik Espainiako Estatuaren eta enpresa handien artean. Izaera pribatu eta publikoa dauka, Mundu Bankuak kudeatzen du 278,6 milioi dolareko kapitalean oinarrituta. FECean parte hartzen duten enpresa eta taldeen artean nagusienak dira: Endesa Generación, Enel-Viesgo Generación, Repsol, Gas Natural, Iberdrola Generación, Oficemen –porlana ekoizten duten konpainien elkartea–, Abengoa, Azuliber, Cementos Portland Valderribas, CEPSA eta Hidroeléctrica del Cantábrico.

Mundu Bankuaren webean Espainiako FECen 20 proiektu daude. Horien artean badira alde batetik HFC gasak erauztekoak, energia hidroelektrikoa sustatzekoak do Txinako zabortegietan gasak erretzekoak bezalakoak, baina baita  Indiako Karnataka estatuan haize-errota sailak eraikitzekoa bezalakoak ere. Gisa honetakoa da orain arte ondoen dokumentatuta dagoen eta istiluak eragin dituen beste bat: Mexikoko Oaxacan eraikitako La Venta II parke eolikoa.

2007an inauguratu zuten La Venta II, energia eolikozko proiektu erraldoi baten osagai dena. Mesikoko hegoaldean Corredor Eólico del Istmo deitu dutenaren barruan aurreikusita daude La Venta saileko lau haize-errota sail handi. Gamesa konpainiak La Venta I eta IIren artean pilatu ditu 100 generadore baino gehiago, bakoitza 850 Kilowatteko potentziaren jabe.

Tehuantepec eskualdean, Oaxacan, bertako indigenek eta nekazariek gatazka bortitz asko nozitu dituzte errotok direla eta. Herritarrek salatu dute inork ez ziela galdetu gaiaz, eolikoekin egin nahi zutenaz engainatu egin zituztela, eta askok beren lurren jabegoa ere galdu egin dutela. “Enpresak [Iberdrolak] kaltetutako gure lurretako metro karratuko bi peso ordaindu nahi digu, nahiz eta horiek benetan hektareako 150.000 balio izan; ezingo ditugu lurrok gehiago erabili, horietan bideak ebaki eta sortutako energia bideratzeko hodiak eraiki dituztelako”.

Komunitateko beste herritar batek esan du: “Orduan lurjabearekin harremanetan sartzen ziren eta 30 urterako kontratua sinatzen zuten; konpainiak diru kopuru bat eskaintzen zuen, baina hasi ginenean kalkuluak egiten ohartu ginen huskeria zela konparatuta liskarrean dauden lurrok ematen duten etekinarekin. Lurrok hektareako gutxienez 40 litro esne ematen dute eguneko, zortzi behi bazkatzen dituztelako. (…) Aldiz baserritarrei hilabete eta hektareako 260 peso [15 euro inguru] pagatzen zieten, engainu bat, gezur zikin bat nekazarientzako”.

2011ko urriaren 28an bertako herritarrek ezagutarazi zutenez, liskarrak izan ziren La Venta herri inguruan Carretera Panamericana errepidean, Oaxacako Juchitanen. Bertako komunitateek eten egin zuten kamioko pasabidea beren lurrak babesteko eta parke eoliko gehiago instalatzea eragozteko. Polizia azaldu eta indarrez desegin zuen blokeoa, pertsona bat hil eta 20 gehiago zaurituz. Antza denez, inguruko herritarrek heriotza mehatxuak jaso zituzten hori gertatu baino zortzi egun lehenago, Amnesty Internationalek frogatutzat eman dituen mehatxuak.

*Carbon Trade Watch-en Castillos
en el aire... txostenetik itzulia


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude