11 ordu bertsotan

Gasteizko bertso eskola 1982an.
Gasteizko bertso eskola 1982an.

Urriaren 27an, larunbatez, Arabako bertso eskolek 30 urte bete dituztela ospatuko dute, egun betez. Asier Lafuente Arabako Bertsozale Elkarteko Sustapen eragileak azaldu digunez, “11 ordu horiekin ugaritasuna irudikatu nahi genuen, batetik, eta bertsoa kalera eta jendartera atera, bestetik”.

1982an Gasteizen (Txusta tabernan) eta Aiaran (Aretako Tunel jatetxean) erein zen bertso eskolen hazia. 30 urteren ostean izugarri ugaritu dira Araban bertsolaritza lantzen duten taldeak: 11 herritan daude bertso eskolak, eta guztira 29 taldetan 190 lagun biltzen dira. Hezkuntza arautuan, berriz, 2.200 haurrek ikasten dute bertsolaritza 41 ikastetxetan.

11 ordu bertsotan ekimenean era guztietako saioak dastatuko ditu entzuleak. 11:00etan emango zaio hasiera Arabako Bertsozale Elkartearen egoitza den Amaia Zentroan. Bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen Patxi Aizpuruak kantatuko du hasierako agurra. Segidan, Gasteiz Europako hiriburu berdea dela baliatuz, bertso eskolek ondu dituzten bertso sorta berdeak kantatuko dira, “berde”aren tonalitate guztietakoak (ekologikoak, sexualak, poliziakoak...).

Jarraian, Bertxorakeriketa abiatuko da tabernaz taberna. Izena eman duten bertsolariek zozketaz jakingo dute zein tabernetan eta zein bertsolariren aurrean kantatu beharko duten, beren burua defendatu eta parekoa etzanaraziz. Bost minutuko konbateak izango dira, gai librean. Dagoeneko 14 bertsolarik eman dute izena, besteak beste, Irati Anda, Juan Mari Juaristi, Iker Olabarrieta, Ainara Balantzategi eta Asier Iriondok...

Eguerdian bazkaria egingo da Landatxo kiroldegian eta bazkalostean jokatuko da bertxorakeriketako finala, era guztietako ariketekin.

Arratsaldeko lehen orduetan Bertsodantzaplazan egingo da Landatxon bertan, Araban arrakasta handia lortu duen ekimena. Lautadako bertso eskolako Jotafa euskaldunen txarangak dantzako doinuak joko ditu, baina Oihane Pereak eta Izar Mendigurenek bertsotan markatuko dute erritmoa. Gorka Urturi animatzaileari esker, bertaratutakoek hainbat dantza pauso ikasteko aukera izango dute.

19:00etan bertso batukada egingo da lehen aldiz, Kutxi kalean zehar. Rapean zaildutako Iñaki Viñasprek eta Iker Pastorrek batukada erritmora inprobisatuko dute.

20:30etan Jimmy Jazzen egingo da bertso eskolak omentzeko gala. Bertso eskoletan aitzindari izan ziren Serapio Lopez eta Zigor Enbeitak kantatuko dute hasierako agurra. Ruben Sanchezek euskararen eta bertsoaren gaineko bakarrizketa egingo du eta bertso saioak Arabako bertsolariak eta beronekin harremana izan duten beste lurraldeetako bertsolariak elkartuko ditu. Bertso eskola bakoitzetik ordezkari bana igoko da oholtzara, omenaldi xumea jasotzera.

22:30etan Jimmy Jazzen Bertso Tavern emanaldiak itxiko du eguna. Behin baino gehiagotan eskaini duten moduan, Manex Agirrek, Ander Solozabalek eta Jagoba Apaolazak irlandar musikarekin egingo dute bertsotan.
Antolakuntzan murgildutako Asier Lafuentek egun berezi horretan parte hartzeko gonbitea luzatu dizu “30 urte ez dira urtero betetzen, eta bertsolaritza Araban euskararen akuilua da, funtzio hori betetzen jarraitzen du gaur ere”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude