Interneten seguru ibiltzeko

  • Aro digitalean, gazteek Internet modu egokian erabiltzeko ardura hartu du hezkuntzak. Helburu horrekin abiatu zuten duela bi urte Cybermanager proiektua aurtengo Nafarroa Oinez gidatuko duen Iruñeko San Fermin Ikastolan.

Ikasle zaharragoek gaztetxoenei irakasten
Ikasle zaharragoek gaztetxoenei irakasten

“Errepidea gurutzatzen erakusten diegun bezala, Internet erabiltzen ere irakatsi behar diegu”. Argi dute Nuria Ozkoidi eta Kontxi Etxalar irakasleek, ekimenaren arduradunek. Azken finean, egungo belaunaldiek txikitatik erabiltzen dituzte mugikorra eta sarea, eta bizitzan bestelako arriskuak dauden moduan, Interneten ere badira. “Gai hauetan gu baino jantziago daude gazteak, eta horregatik, ideia ona iruditu zitzaigun ikasle gazteak izatea txikienei erakutsiko dietenak”. Hala, helduagoak diren ikasleek beren esperientzia helarazten diete gaztetxoenei. Gainera, txikienek eredu moduan dituzte ikasle zaharragoak, irakasleak baino hurbilago sentitzen dituzte. Dakitena besteei irakatsiz, ikasleak beraiek modu aktiboan inplikatzen dira proiektuan.

Esaterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek 5. mailako ikasleen gurasoei hitzaldia eman zieten eta oso esperientzia baikorra izan zen. Erronka da publiko aurrean hitz egitea, eta harro ateratzen dira halako saioetatik. Arduradunen esanetan, ikasleak irakaslearen rola hartzea garrantzitsua da, haiek ere ikus dezaten 15 urterekin gizarteari zer eskainia badutela.

Barakaldoko ikastetxe batean egiten zela ikusita, proiektua 2010ean abiatu zen San Ferminen eta azken bi urteetan 450 ikaslek hartu dute parte. Martxan jarri aurretik, Pantallas Amigas ekimenak prestatu zituen ikastolako irakasleak. Teknologia berrien erabilera seguru eta osasuntsua bultzatzea eta haur eta nerabe digital arduratsuak heztea da Pantallas Amigasen xedea.

Saio teorikoa eta praktikoa ditu Cybermanager-ek eta Internet egoki erabiltzeko aholkuak ematea da zeregin nagusia. Sare sozialen erabilerari buruzko gomendioei garrantzi berezia ematen diete. Alde teorikoan, adibidez, irudiaren garrantziaz eta pribatutasunaz aritzen dira. Argazki batetik nolako informazioa atera daitekeen azaltzen zaie: zer den cyberbulling-a, zein datu eman daitezkeen eta zein ez, besteen baimenik gabe argazkiak igotzea ez dela egokia, argazki iraingarriak ezin direla sarean eskegi, argazki iraingarriei buruzko iruzkinak egitearen ondorioak... Gisa horretako zenbait ekintza delitu direla azaltzen zaie eta, irakasleen esanetan, batzuetan kosta egiten zaie ikasleei hori ulertzea, sarri uste baitute zigorrik ez duten ekintzak direla. Hala, argazkiak zintzilikatzerakoan ondo pentsatzeko eskatzen zaie, digitalak izanik manipulatu daitezkeelako eta mingarriak izan.

Gazteei esaten diete jakitun izan behar dutela zein irudi eman nahi duten sarean. Egiazko irudia erakutsi behar dutela azaltzen diete, eta ez irudi artifiziala.

Webcama estali

Bizitzako gainerako arloetan bezala, Internetek hainbat arrisku dituela ikasten dute gazteek, baina burutsu jokatuz gero aurre egin ahal zaiela. “Ikasleek pentsatzen dute badakitela zenbaterainokoa den arriskua, baina maiz ez dakite”. Esaterako, Cybermanager saioetan ikasi dute webcama estaltzea komeni dela, programa batzuek ahalbidetzen dutelako beste pertsona baten ordenagailuko webcama aktibatu eta erabiltzailea ikustea. Cyberbulling edo Internet bidezko eraso eta jazarpen kasuak daudela ere ikasi dute. Norbaiti buruz Sarean gaizki esaka aritzea da ohikoenetakoa.

Ikasle gaztetxoek diotenez, Tuenti sare soziala erabiltzen dute gehienbat. Zenbait gauzetarako oso baliagarria zaie, batez ere gainerakoekin komunikatzeko, solastatzeko eta harremanak izateko. Eskolako apunteak ikaskideekin partekatzeko ere erabiltzen dute. Etxalar eta Ozkoidiren arabera, sare sozialetan konturik ez duena oso kanpoan gera daiteke gaur egun, baina 14 urtera arte Messenger bat-bateko posta zerbitzua izatea nahikoa dela iritzi diote. Gainera, ordenagailua egongelan izatea komeni dela diote, etxeko leku publikoan denen agerian.

Ikasleek adierazi digutenez, orain badakite sare sozialetan kontuz aritu behar dutela datu pribatuak ematerakoan; hala nola, ez dutela inoiz mugikorreko zenbakia eman behar. Argazkiak igo aurretik ere ondo pentsatu beharra daukatela ikasi dute eta orain ardura gehiagorekin erabakitzen dute zer igo eta zer ez Sarera. Arduragabe jokatuz gero, min handia eragin daiteke, baita norbere burua arriskuan jarri ere.

Irakasleek diotenez, kontzientziatzeko ere balio du proiektuak, besteak beste konturatzeko norbera iraintzea gustuko ez badugu, bestea iraintzea ere ez dela bidezkoa.

Nola jokatu behar dute gurasoek?

Ozkoidi eta Etxalarrek adierazi digutenez, hainbat gurasok ez dauka oso garbi non jarri behar dizkieten mugak seme-alabei, edo zein adin den egokiena sare sozialetan aritzeko. Irakasleek ez dute zalantzarik: haurra behar bezalako balioen arabera heziz gero, asko errazten da bidea. Garrantzitsua da gurasoek seme-alabei askatasuna ematea ordenagailuan ari direnean, dituzten nahiak errespetatzea eta konfiantza izatea; baina zertan ari diren ikustea, jabetzea eta haiekin denbora partekatzea ere funtsezkoa da. Ikasleek adierazi dute gurasoak fio direla eta ez direla gehiegi inplikatzen. Batzuetan, gazteak ordenagailu aurrean ikusten dituztenean, kuriositateak jota galdezka hasten omen zaizkie: “Erakutsiko al didazu zertan zabiltzan?”.

Nuria Ozkoidiren ustez, gurasoek beraiek ere sare sozialetan kontua izatea ona da, seme-alabek zer igotzen duten jakin nahi badute. Tarteka gazteari esan beharko diote bere profila ikusten uzteko. Eta ordu kopuruari dagokionez, Internetekiko menpekotasuna kontrolatzea gurasoen gain dago gehienbat, mugak jarri behar dizkiete seme-alabei.

Internet, azken finean, gaur egun kontuan hartu beharreko faktore bat gehiago da. Ozkoidi eta Etxalarren aburuz, gazteak bizitzan martxa “egokia” badarama, martxa egokia eraman dezake teknologia berrien munduan ere. “Garrantzitsuena haur eta gaztearen garapen pertsonala da; hori ondo baldin badago, gainerakoa ondo joango da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude