argia.eus
INPRIMATU
Airearen kutsadura
Dosi txikitan pozoitzen ari da Hego Euskal Herria
  • Tamaina txikiko partikulen urteko balioak Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako mailen gainetik daude ia Hego Euskal Herri osoan. Biztanle gehienek aire kutsatua arnasten dute, Ekologistak Martxan taldeak airearen kalitateari buruz argitaratu duen 2011ko txostena irakurrita ondoriozta daitekeenez.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2012ko urriaren 14a
Muskizek sufre dioxido maila altuak ditu airean, Petronorrek herrian daukan plantaren eraginez.
Muskizek sufre dioxido maila altuak ditu airean, Petronorrek herrian daukan plantaren eraginez. Pirineos 3000

Norbait pozoituta hiltzen saiatu denak badaki biktimari dosi txiki konstanteak ematea dela krimen perfektua egiteko metodorik egokiena. Erailketa faszikuluka gauzatzea nekagarriagoa gerta daitekeen arren, frogak ezkutatzerako orduan abantailak handiak dira. Antzeko zerbait gertatzen da airearen kutsadurarekin ere: gai toxikoen emisio masiboren bat gertatuz gero albiste bihurtuko da; pozoia pixkanaka emitituz berriz, hiltzaileek isil eta pozik egin dezakete lan gure airean.

Ekologistak Martxan taldeak Espainiako Estatuko airearen kalitateari buruzko 2011ko txostena argitaratu zuen joan den astean eta Hego Euskal Herriari buruz eskaintzen dituen datuei erreparatuta ondoriozta daiteke, biztanle gehienek arnasten dituztela gai kutsagarriak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako mailen gainetik.

Partikula toxikoen tankerari erreparatuz gero, PM10 eta PM2,5 motakoen maila altuak neurtu dira Hego Euskal Herriko gune askotan. Tamainaren arabera egindako sailkapena da: PM10 partikulak 10 mikrometro baino txikiagoak dira eta arnas aparatuko hodi meheenetaraino irits daitezke. PM2,5 motakoak berriz, 2,5 mikrometro baino txikiagoak dira eta arnas aparatutik odolera hel daitezke daukaten tamaina txikiagatik.

Nola eragiten dion osasunari partikula horiek arnasteak? Agurtu ditzagun heriotzaren hiru zaldunak: biriketako minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta arnas-eritasunak. Zenbat eta txikiago, orduan eta kaltegarriago, PM2,5 partikulen biktima gogokoenak haurrak, adinekoak eta biriketako arazoak dituzten pertsonak dira.

EAEko ia eskualde guztietan daude PM10 eta PM2,5 motako partikulak OMEk gomendatutako mailen gainetik, Arabako lautadan, Enkarterrietan eta Nerbioi Ibarrean salbu. Bilbo da punturik beltzena, jarduera industrialak eta trafiko handiak eraginda. Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, Iruñerria eta Tutera agertzen dira aire kutsatuena duten gune gisa.

Mikropartikulez gain, sufre dioxidoa eta ozono troposferikoa ere arnasten ditugu azpimarratzeko moduko mailetan. Sufre dioxidoak Arrasate eta inguruko herriak, Muskiz, Santurtzi eta Abanto kutsatzen ditu batez ere, baita Iruñea ere, Landabengo industriguneko emisioen ondorioz. Ozono troposferikoa kostaldean, Goierrin, Deba garaian, Ibaizabalen, Zangotzan, Tuteran eta Arabako Erriberan agertzen da nabarmen.

Ekologistak Martxanen txostenak argia ikusi eta biharamunean, Federico Ramos Espainiako Ingurumeneko Estatu Idazkariak adierazi du ez dela “alarmista” izan behar airearen kalitateari buruz hitz egitean. Hilketa guztietan agertu behar du polizia agente batek, gorpuaren klarionezko marrazkiari begira ari den jendeari “hemen ez da deus gertatzen” esateko.