"Artearen industria eta sailkapen guztietatik kanpo nago"

  • Gustu bizia eta bizi gustua elkartzen direnean…


2012ko urriaren 07an
Irkus Robles-Arangiz
Irkus Robles-ArangizGaizka Iroz

Ez zinen une egokienean sortu.

Jaio eta zazpi ordura izebak eraman behar izan ninduen Bilbo bonbardatzen ari zirelako. Anaia zaharrena bihotzetik eri zen, eta biziko bazen, Bilbotik ihes egin beste erremediorik ez zuela esan zion medikuak amari. Ordurako Bilbotik kanpo zebilen aita, eta halaxe atera zen ama etxetik, dokumenturik hartu gabe, hilabeteko kontua izango zelakoan. Itzultzerako 15 urte pasa ziren ordea. Hala, Beskoitzen hazia naiz ni. 5 urterekin hasi nintzen eskolan, eta orain hitzetik hortzera dabilen bullyng-a gure larruan ezagutu genuen. Komunistak ginela zabaldu zen, gaiztoak, eta “buhame beltza!” edo “español y burrico, tripa zaharrean bi ostiko” bezalakoak entzun behar izaten genituen. Hantxe ikasi nuen borrokan, pataskan, auto-defentsan.

Hamaika neba-arrebako sendi batek, alemanen okupazio sasoian, beste borroka mota batzuk izango zituen, ala?

Autobus bat zegoen herrian, baina autorik inon ez. Orgen karrankek betetzen zuten bidea, zaldiek, astoek, idiek... Gehienek bizikleta zeukaten, guk ez. 15 urte arte oinutsik ibili naiz etxean. Justu-justuko etxea zen gurea: argirik ez, ura orain kaltegarria dela dioten burdina-ur gorri-gorri hori, eta afaltzeko gaztainak eta esnea. Alabaina, gogortasun eta laztasun horretara ohiturik, jolas bezala hartzen genuen bizitza. Gose ginenean sagarrak ebasten genituen, eskolatik itzultzean amak agindutako zereginei ekiten genien, eta estutasunak estutasun, ez zitzaigun umore eta irudimenik falta. Gure artean izugarrizko giroa genuen, eta anaia Koldo zenak irakasten zizkigun dantza, kantu eta antzerkiekin gure arteko ikuskizunak muntatzen genituen neguko afalondoak alaitzeko. Gurasoak edo arrebak irriz ikustea aski zen gure zorionerako. Hortik dator gure farandularako sena. Ez gara punta-puntakoak izan ezertan, baina maila onekoak bai, eta ez da meritu makala taxuzko ikasketak egiteko paradarik ez dugula izan kontutan hartuz.  

Kontziente zinen alemanen okupazioaren edo zuen gurasoen konpromiso politikoaren esanahiaz?

6 urte nituela gure aitak Comète Sareko iheslariak etxean hartu zituen, eta guk jakin arren, ez genuen ezer esaten. Lagunak etxera jostatzera etortzen zirenean amak basora tiratzeko esaten zigun, eta disimuluan ibiltzea munduko gauzarik arruntena zen guretzat. Pentsa, zona asketik okupaturako bidean kontrolak pasatzen genituen noiznahi, eta xaxtatzen saiatzen baziren ere, ez ziguten deus ateratzen. Guk ez genien alemanei beldurrik, beste begi batzuekin ikusten genituen. Herrian pelotoi iraunkorra zegoen, eta egun batez, eskolako leihoak txiki-txiki egin zituzten bi bala eskapatu zitzaizkion soldatu bati. Haur guztiak zoratu ziren, negarrak, oihuak, leihotik salto egiteko saiakerak... Gu ez ginen ernegatu ere egin. Hazparneko bidean, alemanek beraien auto blindatuetan igotzeko esaten zigutenean haiekin joaten ginen etxe ondoraino, besteak berriz, “hilen haute!” oihukatuz sasien gibelean gordetzen ziren. Guretzat normaltasuna zen. Amak garbiki azaltzen zigun gauza batzuei buruz ezin ginela inorekin mintzatu eta guk kasu egiten genion, besterik ez. Guk jolas bezala bizitzeak, alta, ez du esan nahi alemanen okupazioa goxoa izan zenik. Hiru edo lau aldiz etxea hustu eta mudatu behar izan genuen maniobra eremuan geundelako, eta gauzak zer diren, gerora jakin dugu errusiarrei atzemandako “Organo Stalin” izeneko armen lehen frogak gurean egin zituztela.    

Joan ziren alemanak, pasa ziren urteak, eta halako batean, Bilbora itzuli zineten. Itxuraz, ez ziren farandularako sasoi onenak baina...

Bilbora heldu eta dena zen espainiarkeria frankista, militarrak nonahi, zezenketak... Itogarria zen guretzat. Bilbora iristean negar egin nuen. Pentsa, Beskoitzetik nentorren, mendian lasai eta euskaraz bizitzetik, eta bat-batean Frankismoak are itogarriago egiten zuen orduko Bilbo bezalako hiri itogarria. Farandulan topatu genuen ihesbidea, eta Txinpartak antzerki taldea sortu eta Euskaltzaindiaren bulegoetan elkartzen hasi ginen. Arnasa zen guretzat, babesa. Bakoitzak ekartzen zuen bere hondar-alea: batek gidoia, besteak kantua, halakoak dantza... Nik gehienbat dekoratuak eginez eta kantatuz hartzen nuen parte. Emanaldi egunetan herrietara joaten ginen trena gure poltsikotik ordaindurik, handik aritu behar ginen lekura saski-bete traste bizkar gainean hartuta, eta behin antzezpen gunera iritsita, arditegia zelaitu, gortina batzuk jarri, eta aurrera bolie. Orduan ia ezinezkoa zen euskaraz ezer egitea, baina guk ez genuen baimenik eskatzen, egin eta kito. Izugarria zen menditik jaisten ziren artzaiak edo herritar xumeak seko hunkituta ikustea.


Antzerkiarekin aski ez eta Olaeta dantza taldean eta Soroak laukotean ere buru-belarri murgildu zinen.

Olaetatik sortu zen Soroak. Oso nahasketa bitxia zen Olaetakoa, aberats notableen alaba-ilobak eta miserikordiako umezurtzak elkartzen zituen, izugarrizko giroa sortuz. Tartean, gitarra ongi dantzatzen zuen Txabi Villaverde zegoen, eta behin Iruñera gindoazela, autobusaren atzealdean, gitarraz lagundurik kantuan hasi eta izugarri ongi sonatzen zuela jabetu ginen. Entseatzeari ekin, abesti euskaldun, aleman, frantses eta latinoamerikarrez osatutako errepertoriotxoa osatu, eta handik gutxira Bilboko txalet batean kantatzera gonbidatu gintuzten. Arrakasta itzela izan zen. Pentsa, sei kantu baizik ez geneuzkan, eta seiak hiruna aldiz errepikatu behar izan genituen! Batak bestea dakarrenez, Muebles El Paraisok babestutako asteroko saioa izan genuen Radio Bilbaon hiru urtez. Jendeak gure errepertorioko kantuak eskatzeko deitzen zuen eta guk zuzenean kantatzen genituen. Txitean-pitean, astebururo Madrilera joateko aukera sortu zitzaigun. Larunbatez hegazkinez joan, irratian eta diskoteka batean kantatu, eta igandean gure dirutxoarekin itzuli. Los Panchosekin kantatu genuen, baita Wellington hotelean ere zinemaren sari nagusien banaketaren karietara. Mundu osoan aritzeko eskari eta kontratu proposamenak izan genituen, baina horretarako Euskal Herria uztera kondenatuak ginen, euskararen presentzia anitz murriztera, eta taldearen izpiritua desitxuratzea zatekeen. Horregatik, pixkanaka utzi egin genuen.

Utzi aurretik, alabaina, sekulakoak eta bi entzun behar izan zenituzten euskal kantuzale klasikoenen ahotik.

Gure lehen kantuak rekinto batekin, gitarratxo batekin, eman genituelako hasi zen eztabaida. Euskal kantua lurperatzen ari ginela, gureak ez zuela izenik, herejeak ginela... Beti gertatzen dira halakoak. Gure argumentua sinplea zen: “Iparragirrek gitarra batekin kantatu bazuen, guk zergatik ez?”. Zorionez, zuzenean entzuten gintuen jendea txora-txora eginda itzultzen zen etxera. Gogoan dut Galdakaoko frontoian kantatu genuela behin, eta sarrera guztiak saldurik, munizipalak jendearen eromena ezin baretuz ibili zirela. Jendearen harrera beroak urak bere onera ekarri zituen, eta apurka-apurka, jendearen eskaria kritikarien hitz gogorrei gailendu zitzaien. Hori gutxi ez eta Mixel Labeguerie bezalako eminentzia batek gure kontzertu batetik jalgita “hau da nik egin nahi dudana!” aldarrikatu zuen. Erreferenteak balekotzat jotzen zaituenean fite isiltzen dira bazterrak.

Hainbeste urte dantza, kantu eta antzerkian iraganda, nola erabaki zenuen pintatzen hastea?

Txikitan trebea nintzen marrazten. Bilbora heldu eta Artes y Oficios-en marrazketa lantzen hasi nintzen, eta urte batzuen buruan, Firestonen sartu nintzen marrazkilari, kartografiara jauzi egin aitzin. Ezkondu, guraso izan, eta etxean denbora gehiago pasatzen nuenez, nire gauzatxoak egiten hasi nintzen inongo pretentsiorik gabe. 1972an, bi margolari ezagutu, eta eurekin Errioxara joaten hasi nintzen pintatu eta eurek nola pintatzen zuten ikusi eta ikasteko asmoz. 1973an zabaldu nuen nire lehen erakusketa eta gaur arte. Ikasi dudan ezer ez dit eskolak irakatsi, ez dut irakaslerik izan, ikusi dudanak irakatsi dit. Bizimoduan ikasten den gizaldikoa naiz ni. Horregatik marrazten ditut zaharrak mahai-bueltan kantuz edo ferian. Hori da nik ezagutu dudana, nire baitan gelditu den arrasto sentimentala. Zoragarria iruditzen zait bizimodu nekeza eta gogorra izan arren zein alegera ziren. Orduan jateko eta lagunartean lasai egoteko behar zen sosa, ez oporretara joateko. Badakit sasoi hori ez dela oraingoa, ene denbora pasatua dela, baina ni garai horren erreportaria naiz, eta aro horren testigantza utzi nahi dut. Nire gauzak nire estilora eginez gozatzen dut. Zergatik pintatu, bestela? Badut bizitzeko beste diru, ez dut gehiago nahi.


Barkatuko didazu baina ez zaitut artearen industria eta sailkapenetan irudikatzen.

Artearen industria eta sailkapen guztietatik kanpo nago. Ez daukat mundu horrekin zerikusirik. Nahi dudana egiten dut eta bost axola zait non kokatzen nauten. Ez dut jasaten arte munduko jende baten hitzezko kakalarria. Koadro bat ikusita, kritikari edo dena delakoek nola arraio esan ditzakete “mundu berri baterako giltza eskaini digu” bezalako txorakeriak, artistak komuneko lapiko gainean ukandako okurrentzia marraztu besterik ez badu egin? Artista ezin kaka eginda eta kritikaria inspirazio bulkada bat dela esaten! Gaur egun, margolariek baino gehiago dakite margolariez kritikari eta ikerlariek. Artista bakoitzak dauka robot bat ondoan, gaizki sintonizatutako irratia bezala mintzo, denoi zer pentsatu eta zer sentitu behar dugun esaten. Amerikanismoa erraietaraino sartu digute, eta artista batek egiten duena baino garrantzitsuagoa da horren inguruan diskurtsoa sortzeko duen gaitasuna. Pentsa, aurrekoan bezero batek kontatu zidan X artistaren rodilloz pintatutako koadroa dirutza batean zegoela salgai. Behin koadro on bat pintatu duzulako edozer saldu dezakezu? %100a bikain pintatzen duten artistarik badea? Ni ez naiz horietarik, pintatzen dudanaren %10-15a oso ona da, %50a ona, eta gainontzekoa, ba... Dena den, zin dagizut askoz hobeki bizi naizela hori onartuta, etengabe ondoan robot bat edukita baino.

Amerikanismoaz ari zarela, aurten hamabost urte betetzen ditu Bilboko Guggenheimek.

Hastapenetik uste izan dut Guggenheimen inbertitu zena inbertitu aurretik Euskal Herriarentzat eta bertako kultura eta kulturgileentzat zer komeni zen eztabaidatu eta hausnartu behar zela. Dena ez da dirua eta ospea. Guggenheim izan zitekeen bertako errealitatea aintzat hartu eta bertako kultur mugimendua hauspotzen duen museoa, baina ez da. Betikoa, handienak nekez egiten dio kasu txikienari, sudur-puntan jartzen zaiona egiten du eta kito. Aspaldi esan zuen Oteizak Euskal Herrian ez zegoela artistak laguntzeko sistema justu eta antolaturik. Gurean, artistak erabili egin dira turismo eta prestigio mota bat erdiesteko. Gobernu guztiek diote arterako diru-partida bat daukatela, eta hori hala bada, non dago nire zatia? Bueltan ez badut ezer jasoko, zergatik ez naute zergak ordaindu beharraz libratzen? Baina ez, denek ordaintzen dugu eta gutxi batzuk baizik ez dute jasotzen. Hori horrela da musikan, artean, literaturan... Batzuek munduko laguntza guztiak izan dituzte eta besteak beti izan dira baztertuak.

Alta, bazterretik ekiteko grina sumatzen dizut oraindik.

Eta nola! Marrazki zenbait egiten hasia naiz Ibañetan aurpegi batzuk agerian dituen 5.000 kiloko harritzar batean ezartzeko, “Ibañetako batailako garaileak” izenburupean. Bai, Rolland-en monumentua hantxe dago, baina inork ez dio deus euskaldunez. Horregatik, zizelkari batekin mintzatu naiz halako harritzarra non atzeman genezakeen ikusteko, eta norbaitek puskatu nahi badu dinamita beharko du. Gainontzean, ahal dudano pintatzen segitzeko asmoa dut, ene koadroen balorea handitzeko jende batek pintatzeari uztea edo hiltzea nahi duela dakidan arren. Badakizu, askorentzat artista ona artista hila da, baina ni hobeki nago bizirik eta pintatzen!

Nortasun agiria

Irkus Robles-Arangiz.1937an sortu zen Luisa Bernaola eta Manu Robles Arangizen semea, Bilbon. 11 neba-arrebako sendian zortzigarrena, Beskoitzen pasa zuen haurtzaroa, eta nerabezaroan Bilbora itzuli zen. Txinparta antzerki taldeko, Olaeta dantza konpainiako eta Soroak laukoteko kide, 1970eko hamarkadatik landa pintatzeari eman dizkio bere ordurik onenak, Euskal Herriko hiriburu guztietan, Madrilen, Mexikon edo Caracasen erakusketak egitera iritsiz.

Azken Hitza: Gurasoak

“Guretzat aita, aita zen, ez Manu Robles-Arangiz. Orduan ez ginen bere dimentsio politikoaz ohartzen. Oso diziplinatua zen, gogorra, eta amak estaltzen gintuen sarri. 12 urterekin arto-bizarra erretzen hasi ginenean gezurretan harrapatzen gintuen, eta astindua eman ostean, belarretara bidaltzen gintuen lotara. Biharamunean, hantxe etortzen zitzaigun ama, lagundu eta ikastolara joateko goxatzera. Gaixo ama, lanez gainezka ibiltzen zen beti, ez zen gelditzen, ez zuen ia lorik egiten”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude