"PP atzera ari da berriro, demokrazia egiteko dago"

  • (Lizarra, 1955). Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea EHUn. Psikologian doktorea eta Historian lizentziaduna. Idazlea. Euskal PEN Klubeko presidentea. Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia da Euskal Herria Bildu koalizioaren izenean. Koreatik –PEN klubaren bilera batetik– heldu berria hartu gaitu Algortan, bertakoa ere baita.


2012ko irailaren 30an
Dani Blanco

Laura Mintegik “ederrean sartu zara” entzun ohi du lehendakarigai  denetik. Segituan baina, “animo” entzun ere: “Ederrean sartu zara esaten didate, eremu politikoa bortitza dela hautematen dutelako. Pertsona horiek, herritar arrunta ikusten naute eta euren eremutik jardutea espero dute, alegia, herritarrek politikan esku-hartze handiagoa izatea nahi dute” diosku EH Bilduren lehendakarigaiak.

Hautagai izendatu zintuztenetik nola antzeman duzu politikaren eremua?

Lege zurrunak dituen eremua da politikarena. Eremuan sartu den arrotz bat bezala hartu naute beste politikariek, intruso bat bezala: “Etorri berria da plazara eta eginahaletan ari da nabarmentzeko” sentiarazi didate. Argi dago: herritarren eta politikarien artean amildegia dago. Aldiz, guk, EH Bilduko ordezkariok, kaletik gatozela hautematea nahi dugu. Areago, aditzera ematen ari gara ez gatozela politikaren eremuan integratzera, eremua aldatzera baizik. Egitera gatoz eta ez soilik esatera. Badugu programa bat, eta berau betetzeko borondatea eta jende ongi prestatua.  

Politikari ez, politikagile izan nahi duzula, idatzi duzu zure blogean.

Nahi dudala ez, politikagilea naiz. Bizitzan –ari naizen beste eremuetan– politika egiten dut, erabakiak hartzen ditugunean politika egiten baitugu. Unibertsitateko sailean edo PEN klubean hartzen ditudan erabakiak politikoak dira. Politikaren irakurketa oso murritza da, ordea. Bizitza printzipio batzuen arabera antolatzea da politika. Politika egiten dugu gure seme-alabentzat eskola hautatzean edota zer-nolako kontsumitzaile mota garen arabera.

Politika gutxietsia al dago?

Nik bereizten ditut politika eta politikoa. Politika ez da gutxietsia, errespetu handia diot. Politika da zer-nolako ideologiaren arabera antolatzen duzun bizitza soziala bestearekiko, edozein eremu sozialean. Serioa eta inportantea da. Politikoa da, ohiko politikari profesionalek politikari buruz egin duten erabilpen partziala, interesatua eta askotan zikoitza. Politika egin daiteke politika-kerietan galdu gabe.    

Zer ekar dezake EH Bilduk politikara?

Ezkerreko politika garatzea eta subiranotasunean sakontzea dira gure helburuak. Helburuok gauzatu daitezen baldintzak sortu nahi ditugu, asmo osoa dugu zentzu horretan.

Hori bera saiatu dira egiten ordezkatzen duzun esparru sozialaren hainbat aukera politiko 30 urtez, Konstituzioaren eta Estatutuaren markoan saiatu ere. Orain bezala, funtsean.

Askotan ahazten dugu panorama zeharo aldatu dela iazko urritik, eta hori ezin dugu enoratu. Beste fase politiko batean gaude, gauzak aldatu dira zeharo. Azken bost urteetan ez da hildakorik izan. Independentzia helburu dugunoi politika egiteko ordua heldu zaigu, soilik politikaren bidez, eta horretan ari gara.

“Dugun guztia eman behar dugu” esan duzu. Iraganean ezker abertzaleak zeukan guztia eman ei du.  

Berriro diot: ezin da azterketa politikoa egin koordenada edo espazio tenporalak alde batera utzita. Guztia eman da iraganean, eta beste modu batera eman daiteke garai berrian. Momentuak, zikloak eta koiunturak daude, eta oraingo koiuntura egokia da goi-mailako politika ofizialean ere jarduteko.

“Orain artekoa irauli egingo dugu”, ere esan duzu. Politika posiblearen artea da. Iraultza berriz, utopikoa egun.

Ez nago ados utopia ez dela posible esatearekin. Utopiak helburu izan behar du, ez du izan behar dagoenaren barruan kuota gehiago lortzeko. Ez dagoena bilatu behar dugu, ez ditugu dagoenaren barruan hobekuntzak bilatu behar, ez nator, ez gatoz, horretarako. Esango balidate, “gehien lortu daitekeena da gradu bat gehiago dagoenaren barruan”. Bada, agur! Ados, politika posiblearen artea da, baina badago bigarren esaldi bat ere: posible da dagoena aldaraztea. Hau da, posiblearen eremua hedatzea, handitzea eta areagotzea.  

Bigarren trantsizioan al gaude? Ordezkatzen duzun gizarte sektoreak ez zuen ontzat jo trantsizio aldia.

Trantsizioan gaude, eta ez naiz bakarra hori esaten, EAJko hautagaiari ere entzun diot trantsizioa ez zela behar bezala egin. Asko poztu nau horrek, ez baikara bakarrak hori esaten. Bistan da, trantsizio hura ez zen apurketa izan, erregimen frankista birziklatu zen eta handik heldu gara egungo egoerara. Dena den, gure saioa ez da bigarren trantsizioa gauzatzea, demokrazia eraikitzea baizik. Hau sasi-demokrazia da, simulazioa. Orain ikusiko dugu demokrazian edozein ideia gauzagarria den edo ez.

Horretara heltzeko bake prozesua abiatu zen Aieteko Adierazpenaren bidez. Parot doktrinak segitzen du irmo, eta justizia ministro Ruiz Gallardonek zigor kodearen lege proiektu berria landu du, berau areago gogortzeko. Betirako kartzela eta guzti.   

Espainiako Gobernuaren aurrerako ihesaldia da, ahultasun seinale handia. Ez du bide politikorik bakegintzan eta normalizazio prozesuan jarduteko. Eskura duen bakarra legea da eta prozesua gelditzeko erabiltzen du. Sintoma batzuk oso adierazgarriak dira. Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinari buruzko sententzia eman zuenean ez genion Ruiz Gallardoni entzun, barne ministroari baizik, poliziaren nagusiari. Josu Uribetxeberriaren kasuan ere, zigor kode hau aplikatzeko unean, justizia ministroak hitz egin behar zuen, baina ez dugu behin ere entzun. Beraz, justizia erabiltzen dute ez justizia aplikatzeko, disidentzia isilarazteko baizik, Montesquieu nor zen ez dakite. PP atzera ari da berriro, demokrazia egiteko dago.

Arnaldo Otegik ETAk eragindako biktimei barkamena eskatu die. Rodolfo Aresek interpelatu zaitu eta gauza bera egitera deitu.

Lehenengo egunetik esan nuen ez niela erantzungo irainei ez interpelazio bortitzei. Ez naiz sartuko guirigay horretan. Prest nago, errespetuz, guztiekin hitz egiteko, baina maila berean. Otegik esan duena oso interesgarria iruditzen zait, beste une politiko batean bizi garen beste zantzu bat da. Hori entzutea pentsaezina zen duela bi urte, eta egun, berak badaki ez dela bakarrik geldituko, badaki sentimendu bat dagoela ildo horretan, espresio politiko baten liderra da bera, giro baten seinale argia da. Arduratzen nauena da  hizkera belikoa beste eremu batzuetan mantentzeak, Aresen deia horren adibidea da. Horrek adierazten du batzuek ez dutela ikusten beren burua egoera berrian, lehenengo egoeran segitzen dute, eta lortuko duten bakarra da prozesua luzatzea, hala eta guztiz ere, ez da atzera egiterik.  

Desobedientzia zibilaren bidea landu beharra aipatu du ere Otegik. Zer deritzozu?

Bat nator ideia horrekin, erabat. Izan ere, herri baten politika ezin da egin behetik gora edo goitik behera ekinez bakarrik. Ez dezagun pentsa orain, aukera handia dugulako [EAEko] gobernuan egoteko eta presentzia handia dugulako hainbat erakundeetan –Gipuzkoako Diputazioan eta hainbat udaletxetan–, nahikoa dela oraingo politikaren inertzia aldatzeko. Politika aldatzeko behetik gorako politika egin behar da, presioa –desobedientzia zibila edo bestela deitua– beharrezkoa da. Nola lortzen da erakunde bat eta gizartea ildo batean ipintzea? Aldi bereko mugimenduan jardunez, behetik gora eta goitik behera. Testuinguru horretan ulertzen ditut Arnaldo Otegiren hitzak.

Nola uztartu lezake EH Bilduk atzean duen borrokarako kapitala, demagun Jaurlaritzan egotearekin?

Ezkerraren eztabaida klasikoa da hori, ea ezkerrak boterea hartu behar duen edo ez, botereak usteldu egiten duelako izatez. Askoren  tentazioa da oposizioa izatea beti, boterean daudenak hala edo nola neurri zuzentzaileak hartzera behartzeko. Instituzioetan egoteko apustua ona da. Gobernuan egonik baliabide hobeak dituzu egin nahi duzuna egiteko, eta hori Gipuzkoan ikusten ari gara, ongi egiten ari dira. Horren seinale da Bilduri egiten dioten oposizio zikoitza, neurriz kanpokoa. Bildu demostratzen ari baita badela posible ezkerra boterera heldu eta beste politika bat egitea. Utzi behar direla larru zatiak bidean? Hori ziur.  

Transbertsalitatearen aukera garatzerik ba al dago Jaurlaritzan? Koalizioan gobernatzeko aukera ikusten duzu? EAJrekin hasteko...

...alderdi guztiei buruz hitz egingo dizut, eta berdin: egoera hau ez da gainditzen ez bada herri paktu bat egiten arazo larriei erantzun komunak emateko. Beraz, transbertsalitatea denekin eta denen artean, ehunetik ehunekoa. Aurkezten diren indar guztiekin hitz egin behar da, parlamentuan egongo direnekin eta egongo ez direnekin ere bai. Eta ez naiz bakarrik lau indar nagusiei buruz ari. Herri paktu bat egin beharko da, neurri potoloak hartu beharko dira. Politikariek besterik esanda ere, boterea ez daukate eurek, indar ekonomikoek dute boterea, eta hemen jolasean ibili gaitezke, kendu zu, eta ipini ni neu, eta jolastu parlamentuan Monopoli jokoan ari bagina bezala. Hemen pieza handiak mugitzen dituena botere ekonomikoa da, orduan, gure artean ibiliko gara txikikeriatan, nik bi parlamentario gehiago eta zuk bi gutxiago, ez zuk ez nik agintzen ez dugunean?  

Ezker abertzaleko sektore batek, “Laura Mintegik PSOE-EH Bildu gobernu akordioa ez duela baztertzen irakurtzean, alarma gorriak piztu zaizkigu” idatzi du.

Financial Time egunkarian atera zen berri hori eta kazetariak zuzendu du okerra. Halaber, koalizio honetako alderdi baten kide batek egindako deklarazioak zentzu horretan ulertuak izan ziren, baina zuzendu zituen. Beraz, koalizio honek ez du halako koaliziorik egingo.  

Eraiki al daiteke herri hau dauden ideologia guztien artean?

Herri hau eraiki behar da herritarrekin, ez ideologiekin.

Baina zoritxarrez, ideologi horien ordezkariek zehazten duten marko politikoan mugitzen gara.  

Hain zuzen ere gu marko hori desmuntatzera gatoz. Ez gara alderdikeriatan sartuko, gu gatoz politika maiuskulaz egitera, hori da eremu politikoaren jarduera, hau da, politikoa, ez politikakeria egitea. Politikaren adjektiboa da hori, gurea substantiboa da, politikoa.

Diskurtso hori hauteman izan dugu beste nonbait ere lehenago, baina zuek ere joko politikora zatozte...

Joko politikoa espresioa entzuten dudanean haserretzen naiz. Hemen Xakearekin zer ikusi gehiago duen joko politikoa muntatu da Partxis jokoarekin duena baino. Oso araututa dagoena. Erregea mugitzen da modu batera, erregina bestera, baita alfila, dorrea eta zaldia ere. Joko hori oso estrukturala da, piramidala, eta gainera, urtetan taulatik kanpo utzi dituzte indar politiko garrantzitsuak. Eta esan dute: zuek ez duzue lekurik joko honetan. Orain iritsi da unea esateko: eta Partxisean aritzen bagara? Lau koloreekin joka daiteke eta zortzirekin ere bai. Nik jokatu dut zortzi koloretan Partxisean. Joko horizontala da, eta fitxa guztiek daukate mugimendu bera, askoz ere orekatuago eta demokratikoagoa da. Beraz, Xakea jokoa kendu eta Partxisa jartzera gatoz.

Zein da EH Bilduren eredu soziala? Sozialdemokraziarena? Sozialdemokraziak ez du kapitalismo liberalaren politika ekonomikoa ezbaian jartzen. Edo bai? Edo harago al doa EH Bildu?  

Koalizio hau sortu orduko eboluzio handia izan da indar guztien aldetik, konfluentzia egon da. Alternatiba, ezkerretik dator zuzenean, Aralar eta ezker abertzalea ere bai, eta EA, agian honek ez zeukan ideologia hori, baina konfluentzia honi esker egun sortu dugun programa zeharo ezkertiarra eta zeharo subiranista da. Europako beste indarrekin harremanak ditugu eta kontrastatu ditugu gure programak. Esaterako, gurea Frantziako Front de gauche-ren programa baino ezkertiarragoa dela dioskute beraiek. EH Bildun nork bere ibilbidea egina du, baina argi daukagu nora goazen. Nork bere esperientzia ekarri du koaliziora, ekarpen horiek ipini ditugu denon zerbitzuan, eta bat gatoz. Hori da interesgarriena. Bakoitzak zer egin duen baino, zertara konprometitzen garen da kontua orain. Programa oso ezkertiarra da eta subiranista.

Programa ezkertiar horrek zer ekar dezake? Esan eta egin behar da.

Bai, ez da nahikoa esatea programa ezkertiarra dela, neurri zehatzak ipini behar dira. Lehenengo eta behin, herritarren ongizatea begiratu behar dugu, eta hori oinarrizko behar izana gordetzea da: lana. Lan duina. Horregatik planteatzen dugu lan duin bat ez dadila inoiz 1.095 euro baino gutxiagoko soldata izan. Zerbitzu sozial eta unibertsalak debaldekoak izatea nahi dugu. Horretarako dirua bildu behar da modu ekitatibo batean, fortuna handiei zerga ipini nahi diegu, progresibitate fiskal hori jarri nahi dugu maila guztietan. Aldi berean fondo bat sortu nahi dugu inbertsiorako eta eskualdeak garatzeko. Proiektu produktiboetan inbertitu behar dugu ez espekulatiboetan, eta betiere tokiko eskualdeei begira. Horretarako zerbitzu publiko indartsuak behar dira, enpresa publikoak funtsezkoak izaki, besteak beste.

Hobetsiko zenuke independentzia EAErentzat, Estatu bat Europan,  Nafarroa eta Iparralde gabe, Euskal Herria zatituta?

Nik lehenesten dut independentzia Euskal Herria osoarentzat.

Hori ez da utopia, baina uneon kimera bai.

Ez, ez... Ea, eduki behar dugu garbi zein den gure helburua. Lehenik eta behin, lehen asmoa, helburua garbi edukitzea da. Helburua Euskal Herria osorako independentzia da, eta, bien bitartean, baliabideak argi eta garbi izan behar ditugu helburu horretara heltzeko. Nik ez dut hori baino gutxiago helburutzat. Helburua lortzeko inteligenteki jokatu behar dugu. Inteligenteki jokatzea da faseak lantzen joatea. Hasteko eta behin, gizartearen erabakia izan  behar da. Orduan, gizarteari informazioa eman behar zaio, baliabide politikoak eman behar zaizkio, bere nahi hori egia politikoki bihurtzeko, eta aldi berean, politikoki jarduten dugunok aukerak eman ideia hori praktikara eraman ahal izateko. Adibidez, Iparraldean hautetsi guztiek onartu dute, guztiek, Lurralde Elkargoaren alde egitea. Guztiek pausoa batera ematea itzelezko pausoa da. Izugarrizko poza hartu dut, Korean nengoen une horretan. Hori da bidea. Halaber, Nafarroan indar subiranistak indarra hartzen ari dira, eta konstituzionalistak gainbehera doaz. Prozesu batean gaude, abiadura ezberdinetan, baina gure helburuak ez ditugu alboan utziko.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude