"Gizartea prestatu behar dugu datorren testuinguru berrira ahalik eta ondoen egokitzeko"

  • Kimikan lizentziatua EHUn. 1994tik ari da IHOBEn, ingurumenaren babes eta kudeaketarako EAEko sozietate publikoan. Hondakin arriskutsuez eta isurketez ikerketak egin izan ditu, besteak beste.


2012ko irailaren 30an
Kimikan lizentziatua da Castillo.
Kimikan lizentziatua da Castillo.Iñigo Azkona

Hasteko, diagnosi laburra egiteko eskatuko dizut.

Harreman historikoa dago atmosferan dauden berotegi efektuko gasen eta planetaren batez besteko tenperaturaren artean. Industrializazioa hasi zenetik, handitu egin dira bai kontzentrazioa bai tenperatura. Industrializazioaren aurreko garaitik, planetaren tenperatura 0,6 gradu igo da, modu linealean ez bada ere. Igoera hori ez da homogeneoa izan. Planetaren eskualde gehienetan tenperaturak gora egin du, eta gutxi batzuetan behera. Horrek agerian uzten du planetako masa eta energia fluxuen aldaketa dagoela, eta aldaketa hori areagotu egingo da. Kontuan hartu beharrekoa da gertakari askok baldintzatzen dutela klima. Hori dela eta, zaila da zehaztea zein heinetan aldaketak fenomeno antropikoen ondorio diren, eta zein heinetan fenomeno naturalena. Klima Aldaketarako Gobernuarteko Batzordeak (IPCC), bere laugarren txostenean,  azpimarratu zuen klimaren gertakari naturalak modelizatu beharra, eta atera zuen ondorioa izan zen giza eraginak besterik ezin zituela aldaketok azaldu. Gure gizartea, gure ekonomia eta gure inguru naturala egokitu behar ditugu etorriko diren aldaketa horietara, erresilientzia edo inguruneen egokitzapen gaitasuna sustatuz, eta labore edo aktibitate ekonomiko berrien eremuetan sortu litezkeen aukerak baliatuz.

Zer iritzi duzu klima aldaketari aurre egiteko azken hamarkada bietan hartu diren neurriez?

Gaur eguneko nazioarteko markoa Kyotoko protokoloa da, eta konpromisoak ezartzen ditu 37 herrialderentzat, Europar Batasunaz gain. Aurrerapauso garrantzitsua da arazoa onartu eta aurre egiteko beharra finkatzen duen heinean, horrelako ezaugarriak dituen nazioarteko itun batek dauzkan zailtasunak kontuan hartuta beti ere. Protokolo hori, 1990. urtearekin alderatuta isurketak %5 murrizteko helburuarekin adostua izan zena, sinatzaileek hartutako konpromisoetan oinarritzen da, baita mekanismo malguen erabileran ere. Mekanismo horiek, batetik, murrizketa kostu txikiagoarekin egitea ahalbidetuko lukete, eta bestetik, bidea erraztuko lukete teknologia ezartzeko garapen txikiagoa daukaten herrialdeetan, karbono isurketa txikietan oinarritutako garapena sustatze aldera. Hala ere, urteak igaro ahala ikusi da bitarteko hori ez dela nahikoa izan, arrazoi hauengatik, besteak beste: berotegi efektuko gas asko isurtzen duten herrialdeak akordiotik kanpo daude, zenbait herrialde oso garatuk, AEBek adibidez, ez baitzuten izenpetu, ez eta ere une hartan emergentetzat hartuak ziren beste batzuek, Txinak eta Indiak esaterako; mekanismo malgu batzuk ez dira eraginkorrak eta zenbaitetan ondorio txarrak eragiten dituzte, beraz errebisatu egin behar dira. Ez da lortzen ari atmosferako CO2 baliokidearen kontzentrazioa bere horretan gelditzea; hori hala izanda, berehalako helburutzat ezarri zen bi graduko igoeratik gora ez egitea IPCCren txostenetan oinarrituta. Horrek esan nahi du atmosferako CO2 baliokide kontzentrazioa milioiko 400 eta 550 zatiren artean mantendu beharko genukeela, eta gero eta urrunago gaude hori lortzetik.

Zer egoeratan gaude Rio+20 gailurra eta gero? Zer iritzi duzu han adostutakoaz?

Rio+20 klima aldaketa baino gehiago da. Rio+20n gure planetarentzat nahi dugun etorkizuna diseinatzeko, eta hori lortze aldera konpromiso eta akordioak erdiesteko saiakera egin zen. Oso zaila da, ordea, erabaki globalak hartzea arazo globalak konpontzeko, gobernuak estatuetakoak izanda. NBEren lana, egitura eta gaitasuna baliotsuak dira, baina ez dira nahikoa. Herrialde bakoitzaren interesak direla eta, zaila da dokumentu bat sortzea. Azkenik adostutakoa borondatearen araberako konpromisoetan oinarrituta dago. Hala eta guzti, historian parte hartze handiena eduki duen goi-bilera izateak adierazten du gobernuek zer nolako kontzientziazioa duten aldaketak egin beharraz.

Europar Batasunaren politikak ondo ezagutuko dituzula pentsatzen dut. Zer esan dezakezu horiez?

Europar Batasuna pauso sendoz ari da lidergoa hartzen klima aldaketan daukan erantzukizunaren kudeaketan. 2009an bere buruari jarri zion helburu bat: nazioarteko akordioak egon ala ez egon, 2020rako emisioak %20 gutxitzea 2005ekoekin alderatuta, baita ere berriztagarriak energia osoaren %20 izatekoa eta efizientzia energetikoa %20 hobetzekoa. 20-20-20 ospetsua. Isurketak gutxitzeko helburua %30ean ezarriko litzateke nazioarteko akordioa lortuz gero. Helburu horietara iristeko makina bat araudi ezarri da. Isurketen merkataritzari dagokionez baldintza zorrotzagoak ezarriko zaizkio arauaren menpeko industriari 2013-2020 bitartean. Ahalegina partekatzeari buruzko zuzentarauak bete beharreko helburuak ezartzen ditu estatu kide guztientzat, gainerako sektoreetan. Zuzentarau horiekin batera beste bat dago, efizientzia energetikoaz arduratzen dena, eta aldez aurretik ezarritako hobekuntzarik lortu ezean legedia berrikusiko duena. Araudi orokor horrekin batera, sektorekako araudiak daude, garraiobideen isurketetarako, fluorra daukaten substantzien erabilerarako, ekodiseinurako, eraikuntzarako... Eta urtez urte lege berri gehiago sortzen dira. Epe luzerako, 2050erako hain zuzen, isurketak %80 murrizteko helburua jarri da mahai gainean (1990eko isurketa hartuta erreferentzia).

Zeintzuk izan beharko lirateke hurrengo urratsak, Europan eta oro har?

Beharrezkoa da Europak bere apustu tinkoari eustea, eta antzeko konpromisoen inguruan munduko beste herrialde batzuk erakartzea. Eta beharrezkoa da akordioak lortzea, herrialde garatuei beren inpaktua gutxitzea ahalbidetzeko, eta besteei garapenerako aukera emateko, orain garatuak direnek bere garaian erabili zituztenak baino karbono gutxiagoko ekonomien bitartez. Akordioak behar dira datozkigun aldaketa energetiko eta ekonomikoei aurre egiteko, eta lan hori egitea ahalbidetuko diguten teknologiak garatzeko. Herritarrak kontzientziatu behar dira, ez kolaboratzeko bakarrik, baizik eta aurrerapausoak eskatzeko. Azkenik, ezagutza zientifikoak aukera ematen duen heinean ebaluatu egin behar ditugu orain isurketak gutxitu arren nahi eta nahi ez gertatuko diren aldaketak, eta gure gizartea prestatu behar dugu iristeko dagoen testuinguru berrira ahalik eta ondoen egokitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude