Ataka esturako, ilusioa eta informazioa


2012ko uztailaren 29an

Oporretarako sasoia datorkigu irakurle eta, urtero moduan, abuztuan ez da izango Argia aldizkaririk. Neurri batean behintzat ganbara arindu beharrean gaude gu ere eta asmo horrekin helduko diogu abuztuari. Hemen izango gaituzu berriz irailaren hasieran, datorkigun urte bukaera beroari heldu eta zeuretzat galbahe lana egiteko prest.

Garai latzak bizi ditugu eta aurrera begirakoak ere estuak dira. Gu ere ikuspegi ekonomikotik oso estu ari gara; ez da berria gurean, baina egia da urte oparoagoetan gu ere goxoago ibili garela. Gerrikoa estutu beharrak, esate batera, 2012ko soldatetan %14ko beherakada egitera behartu gaitu. Gure lehen helburua lanpostuei eustea da, eta gure produktuei eta beren kalitateari ere bai. Hala, eta 2010etik igoerarik egin ez dugula kontuan hartuta, irailetik aurrera aldizkariaren salneurria %5 igoko dugu, 0,15 euro aleko.

Krisia sortu duten bankuak aurrera ateratzeko herritarron dirua erabiltzen dela jakiteak, trumoiak sortzen ditu gure barnean. Bai, guk ere sumindura saldoka dugu, baina lanerako eta salaketarako gogoa ere bai. Eta zer demontre, baita ilusioa ere, Argian behintzat gaur gaurkoz dosi handitan gainera.

Badakigu une giltzarria dela egungoa eta halakoetan ezin dela lo geratu. Gurean udazkena ere beroa izango da, zorionez arrazoi positiboengatik: bai aldizkarian bai Interneten aldaketak egingo ditugu. Aldizkarian, adibidez, iritzi saila goitik behera berrituko dugu eta kultura sailean ere izango da berririk. Interneten izango dira aldaketarik handienak eta gure ataria goitik behera berrituko da udazkenean.

Krisiak krisi, gu gora goaz irakurle kopurutan. CIESek aurtengo lehen seihilekoan emandako datuen arabera, Argiak 57.000 irakurle ditu Hego Euskal Herrian, iaz baino %7,1 gehiago. Interneteko datuekin ere pozik gaude: 5.000 lagunek irakurtzen dute egunero argia.eus (CIES). Baina Interneteko kasuan irakurri bakarrik ez, gero eta jende gehiagok ikus-entzun ere egiten gaitu, bai geuk ekoiztutako bideoetan, dokumentaletan edo bai gero eta arrakasta handiagoa duen gure Beranduegi web telebistan: oraindik ikusi ez baduzu, horretara animatzen zaitut irakurle, gure produktu izarretakoa da eta zorionez beste batzuek ere hala iritzi diote (aurten Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso du).

Indarrez eta ilusioz gabiltza etxe barruan eta baita kanpoan ere. Besteak beste, Herri Ekimeneko Euskal Hedabideek udazken hasieran sortuko duten elkarte berria gogo handiz ari gara bultzatzen. Elkartearen ardatza garbia da, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun sasoi gogorrari. Asko gara euskarazko komunikabideak, izaera anitzekoak eta hainbat aburukoak, bidea ez da erraza izango, baina elkarlanaren koskari ere heldu beharrean gaude.

Lau astez, beraz, ez gaituzu paperean ikusiko, plazerik baduzu Interneten bai. Zeuri ere, hala badagokizu, oporraldi ona opa dizugu, hartu atseden eta itzuli indartsu, datozkigun garaiak gogorrak bezain ilusionagarriak izan daitezke eta. Hori bai, argi izan, errealitatea ondo ulertzea eta informazioa izatea inoiz baino giltzarriago da sasoi gaitz hauetan; ataka estuan, herritar informatuak beti izango ditu baliabide gehiago aurrera egiteko. Informazioak jantzi egiten du pertsona, eta askeago. Geure independentziatik, horretan saiatzen gara. 
 


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude