"Emak bakia ez da xuxurla bat, oihuka esaten den zerbait da"

  • Man Ray artista dadaistak Emak Bakia 16 minutuko zinepoema egin zuen 1926an, lan esperimental eta berritzailea. Miarritze inguruko etxe batean errodatu zuen, diotenez Emak Bakia izeneko etxe batean. Arrasto horren atzetik, eraikinaren bila abiatu da Oskar Alegria 39 urteko iruindarra. Emak Bakia Baita dokumentala da emaitza, bihurgunez eta ezustekoz betetako bidaldia, eta batez ere, Man Rayren arima berreskuratzen duen filma.

Helburua baino, aitzakia da etxea aurkitzea, eta prozesua da garrantzitsuena. Istorioari bere bidea egiten utzi behar zaio?

Ez guztiz. Jean Rouch zinegileak zioen bezala, eszena on bat lortzeko bota makila zakurrari. Ekarriko dizu edo ez, edo beste zerbait ekarriko du… baina zuk makila bota behar duzu, abiapuntua jarri. Kaos hutsa ez dut uste formula denik. Hori esanda, etxea aitzakia da, bai, bidean altxor gehiago aurkitzeko: nahiz eta etxea ez topatu, gauza interesgarriagoak aurki ditzakezu bidean; helburuarekin ez itsutzea da gakoa, jarrera irekia izatea. Istripu hitza erabili ohi dut nik: zientzialari handiek ere, probetari begira baino, istripuz egin dituzte aurkikuntza ugari, eureka momentu horretan.

Kontakizun interesgarririk ez topatzeko arriskua izan dezake istorioa istripuen edo ustekabeen esku uzteak?

Egia da gidoia zoriak egina dela, misterioak; nik makila botatzen dut, baina gauzak beren kabuz datoz. Hala ere, beti dago kontatzeko zerbait. Areago, dena kontatu ezina da arazoa, kanpoan altxor ugari utzi behar izan dut. Jarrera onarekin joanez gero, beti aurkitzen duzu zerbait; magiak magia erakartzen du, eta gauzetara eta besteengana umil eta interes ustelik gabe hurbiltzen bazara, modu berean erantzuten du jendeak. Hilerrian hasten da filma, eta hilerrietan beti aurkitzen duzu zerbait. Hilobi baten bila bazoaz, istorio interesgarriak dituzten beste bost aurkituko dituzu. Eta berdin Lapurdiko etxeekin, edozein ateren atzean duzu istorioren bat.

Hasiera batean hutsalak diruditen historiei heltzen diezu, eta edertasuna aurkitzen duzu adibidez plastikozko poltsa baten “dantza” mugimenduan, edo etxeen izenetan. Begiradan dago gakoa?

Lupa jartzean datza, edertasuna dago gauza txikienetan ere. Hemengo etxeen izenek bakarrik historia handiak dituzte atzean. Azkainen esaterako Zapata Txurienea izeneko etxea dago, imajinatu, ziur denak zapata beltzekin ibiltzen zirela Azkainen, etxe horretako jabea ezik. Zein izango ote zen ezaugarri horregatik nabarmentzen zen pertsona hori? Ederra iruditzen zait. Edo Ibardineko Aire Leku muinoan, zoragarri jotzen du haizeak, eta izena aldatuko baliote, airea desagertuko litzateke. Izena eta izana. Muinoak Belar Berdea izango balu izena, belarrean jarriko genuke arreta, haizea beharbada ez genuke sentitu ere egingo. Poesia hori aldarrikatu behar da, garaiotan magiaren monopolioa zientziak hartu duelako. Zientziaren aurrerapenek liluratzen gaituzte, baina lehen gauzarik poetikoenak ziren gehien harritzen gintuztenak. Etxe bat, pertsona bat bilatzea oraindik abentura bat izan daiteke batzuontzat, baina belaunaldi gazteenek Facebook bidez bilatzen dituzte lagunak. Magia bukatzen da hor, poesia amaitzen da, eta nire belaunaldikooi oraindik zientziak eramaten ez gaituen lekuetara eramaten gaitu poesiak. Kazetaritza ikasi dut eta kazetari moduan ekin nion etxea bilatzeari, artxibotan begiratzen, galdetzen… baina lan horrek ez zizkidan erantzunak ematen eta azkenean kazetariak artistari eman zion lekukoa, poesia eta magia horrek urrutira eraman zaitzakeelako. Kazetaria eta artista eskua emanda doaz film honetan, poesia hutsa gehiegi aldendu daitekeelako istoriotik.

Umorea eta alde ludikoa oso presente dago Man Rayren obran, baita zurean ere. Garrantzitsua da istorioak kontatzeko orduan?

Bai. Etxea bilatu bitartean, jolasten nabil, eta oso jarrera dadaista da hori, Man Rayk zuenaren gisakoa. Istorioak kontatzeko ezinbesteko jarrera da eta hain zuzen, Emak Bakia etxea eraiki zuen gizonaz hitz egiten didan arkitekto errumaniarrak azpimarratzen du hark zuen umorea. Bi zakur zituen: “Sofatik jaitsi” eta “Baita zu ere”. Familiarengandik askatasuna bilatuz, etxea eraiki zuen Bidarteko muinoan, eta Emak Bakia izena jarri zion. Film hau errodatzean konturatu naiz askatasuna benetan praktikatzen dutela hoberen ezkutatzen dutenek. Man Rayk gauza bera egin zuen: bi euskal hitzekin izendatu zuen bere filma, eta hitz horien babesean ezkutatzen zen askatasuna, utzidazu bakean, Fiche-moi la paix titulatu balu baino hobeto. Paradisua izendatzeko modua zen Emak Bakia.

Nahi estetizista nabari zaio dokumentalari. Estetikak baldintzatzen du artea?

Apropos gaizki errodatutako dokumentalak ikusi ditut, eta ez dakit zergatik, baina sarri itsuskeria bertute gisa defendatzen da. Nik batzuetan uzten dut haizeak mugitu dezala kamera, Man Rayk berak plano askeena egiteko airera bota zuen kamera, errodatu bitartean, baina hori ere ederra iruditzen zait estetikoki. Eta iruditzen zait egiazko gauzak kontatzen direnean, aldi berean ederrak badira, gorago eramaten zaituztela. Itsuskeria bere horretan ez zait sinesgarri egiten.

Man Rayren lana baino, batez ere Man Rayren espiritua berreskuratzen du filmak, haren zinema askea, istripuzko zinema.

Pelikulari, fisikoki bakarrik ez, haren espirituari ere orbanak ateratzen zaizkio denborarekin, kalteak jasaten ditu, eta Rayren zinema egiteko moduak (askatasunean, aurrekonturik onartu gabe, bakarrik) kalte asko jasan ditu gaur egun. Nire neurrian, espiritu hori berreskuratzen saiatu naiz, modu berean lan egiten, bakarrik (eta era berean auzolanean, laguntza handia jaso baitut), jolasean, disfrutatzea helburu. Nahi zuena egiten zuen Man Rayk, narraziorik gabeko istorioa (imajinatu hori 1926an!), besteen gustuko izango ote zen kontuan izan barik, hori da zinema askea. Eta nik, tripetatik atera zaidan moduan egin dut nire pelikula, nolabait Man Ray berpiztuz. Álvaro Cunqueiro idazle galiziarrak zioen lurperatzen diren gauzetako asko ez daudela hilik, eta hala da. Nahi izanez gero, berpiztu egin ditzakezu.

Hain zuzen, bakean eta libre aritzeko espiritu horri erantzuten dio “emak bakia” filosofiak, pelikulako hainbat elkarrizketatuk jarraitzen dutena. Filosofia bera darabilzu?

Bai, dokumental hau ez baita Man Rayri buruzkoa, bi hitz horiei buruzkoa baizik. Emak bakia ez da xuxurla bat, oihuka esaten den zerbait da, eta espiritu hori mantenduz esamoldea erabili duten proiektu ugari dago: nahi duen arropa egiten duen Florentziako diseinatzailea, musika ganberroa oinarri duen Madrilgo musika talde bat, abangoardia helburu duen argitaletxe-diskoetxea… Nire kasuan, kazetari gisa egiten utzi ez didatena egiteko aukera izan da filma, emak bakia esateko modua, mugatzen zaituzten gauzei “utzidazue bakean” esateko modua. Eta orain pozik nago emaitzarekin, baina askatasuna ordaindu egiten da, munduak ez dizu erraz jartzen: askok oztopoak jartzen dizkizute, esaten dizute bakarrik ez duzula lortuko, proiektua aurrera ateratzeko industriari men egitea hobe dela, audioa oso gaizki entzungo dela horrela eginda… eta makien gisan aritu behar zara batzuetan, zureari eutsiz. Oso konbentzituta egon behar duzu, bertan behera uzteko zorian egon naiz behin baino gehiagotan, baina nafarra naiz, burugogorra, kar, kar, kar. Aldi berean, uste dut muturrera jo gabe baina proiektuan nolabait sufritzea ona dela, prozesuak gogorra izan behar duela, hein batean.

Dokumentalak zenbat du zuretik eta zenbat Man Raytik?

Man Ray beti dago ondoan, kopilotua da. Sarri galdetu diot nire buruari, ea Man Rayri gustatuko ote zitzaion pelikula, bere obra abiapuntu bezala baliatzen dudalako gero nire pelikula propioa kontatzeko. Baina Victor Erice zuzendariak edo Man Ray Fundazioak esan didate hain juxtu hori dela gehien gustatuko zitzaiokeena: nik ere nahi nuena egin izana, aske, bere biografia kontatu beharrean. Nire nerbio-sistema dago obra honetan, antsietatea, estropezuka aurrera egite hori…

Estropezuka aurrera egitea, diozu. Interesgarriagoa da bide bihurra, bide zuzena baino?

Bakartiagoa izan ohi da, bide zuzena normalean artaldean egiten baita. Bihurgunedun bidean, gelditu zaitezke, aurrera eta atzera egin… Askeagoa da. Eta basatiagoa, naturala, errekak hori du bere bidea; etxeko iturria, jario zuzena, gizakion asmakizuna da, naturak irteerak bilatzen ditu, eta aurkitu egiten ditu. Egun gomendatzen zaigu denek batera bide zuzenean ekitea, urrutirago iristeko, baina interesgarriagoa da bihurra, errebeldeagoa. Okerrago pasako duzu agian, bakarrik zaudelako eta leku gehiagotan geldituko zarelako, baina beharbada urrutirago iritsiko zara, gauza gehiago ikusiko dituzu, altxor gehiago aurkituko.

Pelikula hau esperimentaltzat, abangoardistatzat har daiteke, baina 1920ko hamarkadako film baten esperimentazioan eta abangoardian oinarritzen da! Zer da abangoardia?

Abangoardista eta aldi berean klasikoa da filma, esperimentazio hutsa ez dut atsegin, zerbait kontatu nahi dut. Ez dut narrazioa galdu nahi, baina era berean esperimentazio handiena narrazioan eta umorean egin dut. Surrealismo kutsu handiarekin, esperimentatu egin dut istorioekin, eta frogatu nahi izan dut ustekabeak logika duela bere baitan. Narrazioaren barruan, pailazo felliniarra, zerrizaina, printzesa errumaniarra… sartzen dira, surrealista dirudi, baina logika baten barruan dago eraikia, bide beraren zati dira, erreka beraren adarrak.

Eta kontatzen dituzun adar edo istorio horietatik guztietatik, zein duzu gustukoen?

Mitchel Etcheberryk hunkitu ninduen gehien, Bidarteko bizilagun zaharrenetakoak. Erretiratu ostean, Bidarteko antzinako portua maketan berreraiki du eta izugarria da. Urpean geratu diren arroken izenak dakizkien bakarra da, arrantzaleek beraien kartografia propioa egiten zutelako garai batean, baina dagoeneko inork ez ditu arroka horiek izendatzen, eta lehen esandakora bueltatuz, gizon hau hiltzen denean, zer pasako da izen horiekin, arroka horiekin? Ilargita, Harrigaizto, Elizaportu, Bibaziki…

 

Pailazo hilezkorrak eta postal sekretuak

84 minututan, adar ugariko bidaia bitxia osatu du Alegriak. Tartean ageri dira hiltzat jo arren hila ez dagoen pailazoa; aspaldiko postal baten hartzailearen peskizan egindako espedizioa; 92 urteko printzesa errumaniarra; Ruper Ordorika hitzen heriotzaz solasean; zerri zaintzari buruzko irakaspenak; lotiak lortzeko castinga; etxeen izenak tartekatuz kontzentrazio-esparrutik mezu ezkutuak bidaltzen zituen gizona (Maison Igorri Gasna, esaterako); Man Rayren hilobian aurkitutako diskoa… Mimoz eta pasioz kontatutako historia txikiak, historia handi baten baitan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude