Euskal sortzaileak laguntzeko ZUbia

  • Artedramak, Luhusoko Harri Xurik, Nafarroa Behereko Herri Antzokiak eta Durango, Zornotza, Leioa eta Elorrioko aretoetako programatzaileek ZUbi deialdia zabaldu dute. Hala, euskarazko antzerki-proiektu bati oholtzarako bidea egiteko laguntza emango zaio. Sortzaileek euskal antzerkiaz gogoeta plazaratu dute deialdiarekin batera.

ZUbi proiektuaren bultzatzaileak, aurkezpenaren egunean.
ZUbi proiektuaren bultzatzaileak, aurkezpenaren egunean.

Ugaria da azkenaldian kultur ereduen inguruan sortu den gogoeta, gero eta ozenago plazaratzen ari da bestela funtzionatzeko proposamenen beharra. Zergatik orain? Krisia bera izan daiteke ahalegin zehatz horien motorretako bat, nahiz eta ez izan bakarra. Krisiak agerian utzi du aspalditik eta oinarritik zetorren kultur sistemaren gabezia, subentzioen sistema sarritan kritikatu honek luzaroan estali duena. Teatroaren kasuan nabarmena da oso, arloak bizi duen babes eza, eta sortzaile berriek bidea egiteko eta denboran irauteko duten zailtasuna.

Gogoetarako bidean hainbat forotan sortu izan diren ahotsek (azkenaldian Eztena jardunaldietan edo EHAZEk antolatu izan dituen mahai-inguruetan entzun ahal izan direnak, kasu) teatroaren arloan nabarmenak diren kontraesan sakonak aipatu izan dituzte: antzoki hutsen edo hustuen sarea, euskarak programazioan duen presentzia eskasa, bizirautearren sortzaileak berea soilik defendatzera bultzatu dituen diru-laguntza sistema, programatzaileen eta sortzaileen arteko amildegia, sortzaileei ezartzen zaizkien burokrazia filtro amaigabeak...

Testuinguru horretan deigarria egiten da ZUbi bezalako proiektua, zeina proposamen zehatz batekin plazaratu den eta lan egiteko eredu berri bat planteatzen duen. Hasteko eta behin, deialdiaren oinarrietan tarte handia ematen zaio teatroaren egoeraren inguruan egindako gogoetari. Bestetik, “laguntza” kontzeptua sortzaileen behar errealei erreparatuta definitu da, laguntza ekonomikoa baino garrantzitsuagoak baitira egonaldi bidez lan egiteko, laguntza teknikoa eta artistikoa jasotzeko eta ostera proiektua babestu duten herrietan denbora laburrean emanaldiak eskaintzeko aukerak.

Errautsak obraren eredua

Orain bi urte hasi ziren elkartzen Hego Euskal Herriko hainbat programatzaile, hastapenean Harri Xuriko esperientzia ezagutzeko xedez. Artedramak erraztu zituen harremanak, dagoeneko elkarlanean ari baitzen Harri Xuri eta Le Petit Théâtre de Painekin. Ander Lipusek azaldu duenez “kontuan izan behar da Harri Xuriren helburuetako bat euskarazko sorkuntza bultzatzea dela, hala egonaldien aldetik nola emankizunen aldetik. Ideia hori izan zen proiektu honen abiapuntua, eta funtsean euskal sorkuntza bultzatzea izan da helburua”.

Durangoko San Agustin antzokian lan egiten duen Arantza Arrazolak ere halaxe dio: “Hor hasi ginen gogoetak partekatzen. Gure lanean ditugun arazoen inguruan hitz egin genuen, norberak zer eratako irtenbideak bilatzen dituen ikusi, elkartuz gero zer irtenbide bilatu daitezkeen antzeman... Galdera hauxe formulatu zen: Zer gertatzen da Hegoaldean euskarazko antzerkiarekin, euskarazko sorkuntzarekin? Erantzuten saiatzerakoan, ikusi genuen ikuspuntu berdina dugula euskal antzerkiaz”.

Hastapeneko pauso haietan ezinbesteko erreferentzia izan zen Errautsak antzezlana; Artedramak, Le Petit Théâtre de Painek eta Dejabuk elkarrekin ekoitzitakoa. Edukien eta estetikaren aldetik obra honek publikoarekiko harremanean bete-betean asmatu zuen, baina harago ere heldu zen. Antzezlana aretoei eskaintzeko orduan bide berriak probatu zituzten, horri esker epe laburrean eta jarraian emanaldi ugari programatzea lortu zuten. Harri Xurin lan egiten duen Filgi Claverieren hitzetan, “Errautsak-ekin esperientzia eder bat gertatu da. Euskal antzerki testu bat sortu da bereziki antzezlan honetarako, eta produkzio mailan berriz, eredu interesgarria. Lehenik eta behin, Iparraldean sarritan baliatzen dugun modu batez egina da obra. Alegia, egonaldiekin, zeinetan aktoreak eta zuzendaria biltzen diren bizpahiru astez, bizpahiru aldiz. Ondoren erabaki zuten hiru hilabetez ematea, eta denbora tarte hori antzezlan horri bakarrik eskaintzea. Produkzioko eta hedapeneko denbora mugatuta asko errazten dira gauzak, eta oso arrakastatsua izan da bai publiko aldetik, bai eta programatzaileen aldetik ere. Berrogeita hamar emanaldi inguru egin dira”. Arrazolaren hitzetan, formatu horretan diseinatuta ezagutu duten lehenengo proiektua izan da, “aldez aurretik bileraz bilera aurkeztu ziguten ikuskizuna programatzaileoi: epe txiki batean emanaldi kopuru jakin bat lortzen bazuten katxeta ere erraztu egingo zitzaigun, eta baita programatzeko bidea ere”.

Lipusek oroitu duenez Errautsak egiteko ez zuten apenas diru-laguntzarik eskatu, “geuretik egin genuen ia guztia, bakoitzaren azpiegiturak jarriz: egonaldiak egin genituen Luhuson eta Aulestin. Ekoizpen aldetik nahiko xumea zen proiektua, eszenografia xinplea eta azpiegituraz nahiko autonomoa: Euskal Herriko leku askotan ez dago antzokirik, eta errealitate hori aintzat hartuta sortu genuen lana”. Hari horretatik tiraka dio Lipusek ezin dela instituzio handien laguntzaren zain egon gauzak egiteko. “Eusko Jaurlaritzak egun daraman politika ikusita, euskal sorkuntzak eta batez ere talde berriek ez daukate ia lekurik. Gabezia horiek osatzeko interesgarria da bestelako proiektu batzuk ere bideratzea, norberaren ahalen neurrira”.

Laguntza sortze-prozesu osoan

ZUbiko bultzatzaileek elkarrekin zabaldutako gogoetan argi ageri da sortzaileek ekoizpena errealitatera egokitu behar dutela: “Beren lanen kostua emankizun gutxirekin estali nahi dute konpainiek; ondorioz, hedatze-kostua oso altua da eta zaila da programazioetan sartzea. Talde artistikoak egonkortzeko asmoz, konpainiek lan berria sortzen dute urtero; honela oso zaila da inbertsio materialak zein immaterialak errentagarri bihurtzea. Bere balio artistikoagatik baino, sustapen-laguntzak jasotzearren itzultzen da lana euskarara, gaztelaniatik edo frantsesetik normalean”. Sortzaileek errealitate hori ezagutu eta aintzat hartzeko ahalegina egin behar duten bezala, programatzaileek ere eskura dituzten baliabideak antolatu behar dituzte sortzaileen beharretara egokitzeko. Horregatik modu integral eta oso batean ulertu behar da ZUbi proiektuko kideen babesa.

Arrazolak aipatu duenez “beste erakunde batzuek badituzte produkziorako laguntza ekonomikoak, eta guk ez dugu hor sartu nahi. Instituzio txikiak gara, udalak izanik ez dugu horretarako ahalmenik, baina areto publiko moduan baditugu sortzaileen esku utz ditzakegun baliabideak”. ZUbi proiektuan parte hartzen duten Hegoaldeko antzokiek oro har lehenagotik ere bazuten aretoak sortzaileen esku ipintzeko jarrera “gure planteamenduan laguntza ekonomikoa funtsean ikuskizunaren katxetari dagokiona da, ez dago besterik, baina gure espazioek badituzte sortzaileentzako baliabideak ere”. Egon badauden baliabideak denentzat jarri, haiek antolatu eta sortzaileei eskaini zaizkie funtsean: laguntza teknikoa, artistikoa, eta emanaldi sorta bat aurretik lotuta edukitzeak ematen duen bultzada.

Lipusek nabarmendu duenez taldeek emanaldiak egitea eskertzen dute lehenik eta behin. “Askotan ikusi dugu taldeek euren ikuskizuna aurkeztu, eta gero etxean geratu behar izan dutela. ZUbin emanaldi kopuru horri egonaldien eskaintza gehitzen zaio, zeinaren bitartez sorkuntza prozesuaren garrantzia nabarmentzen den, hor sortzen den esperimentazio lana bultzatuz eta gero hura estreinatzen lagunduz”.

Claveriek esanda, sortzaile plazaratu berriak ez dira ahulak, baina bai agian hauskorrak “haiek laguntzeko dirua ez da aski, hori ere oso inportantea den arren. Sortzeko lekuak eman behar dira, eta guk ‘kanpoko begirada’ deitzen duguna: maila artistikoan lagungarri egingo den kanpoko oihartzun bat. Maila teknikoan ere asko legoke eskaintzeko: argi diseinu bat egiteko orduan, eszenografiak egiteko orduan, ekoizpenean... Harri Xurin badugu artisten sare egonkor bat. Artista gazte talde horrek bere talde propioa badu, oso ondo, baina galderak baldin baditu, gu erantzuteko prest izanen gaituzte”.

ZUbi kontzeptuak zentzu bikoitza du proiektu honetan. Batetik Hegoaldeko eta Iparraldeko eragileen sareak antolatzea eta bermatzea, lanak bultzatu eta ezagutzera emateko orduan. Bestetik, sortzaileen eta programatzaileen arteko harremanak beste modu batean egituratzea, orain arte egon den bloke kontrajarrien dinamika apurtzeko. Arrazolaren ustez momentu honetan oso garrantzitsua da hori, “krisiak gauzak aldatu ditu, eta horrelako formulak oso aberatsak direla iruditzen zait: sortzaile eta aretoetako arduradunen artean harremana sendotze alde”. Claveriek ere esperientzia hau abiatzearen garrantzia nabarmendu du, “guk ez dugu euskal antzerkiaren arazoa soluzionatuko, baina esperientzia hau probatu nahi genuke, esperimentatu eta zubi honek nora garamatzan ikusi. Orain arte oso interesgarria izan da elkarrekin egindako gogoeta, artistak ere tartean izan direlako. Iritzi ezberdinak bildu dira baina baita puntu komunak ere, eta horri esker egin dugu aurrera”. Bere iritzia agertuta, Claverie ere ez da instituzioen laguntzaren zain gelditzearen aldekoa: “Gure bidea egin behar dugu; udal edo herri elkargoetako programatzaileak gara, instituzio txikiak beraz, baina guk ere probatu behar ditugu gauzak, inportantea da horrelako esperimentazioak oinarritik etortzea. Urte batzuk barru balantzea eginen dugu, eta orduan ikusiko dugu zer den interesgarria eta zer ez, zer hobetu daitekeen. Baina bederen, entseatu dugu zerbait, hauxe da inportanteena nire ustez: urrats bat egin dugula, bizi garela”.

Formatu txiki eta ertainetarako dago pentsatua ZUbi deialdia. Bakarka edo taldeka aurkez daitezke proiektuak, euskarazko testu originalak edo bestela, testurik gabekoak. Proiektua aurkezteko orduan agertutako informazioa behin-behinekoa ere izan liteke. Egonaldia 2013an egingo da, eta estreinaldia urte bereko udazkenean. Irailaren 14a bitarte aurkez daitezke proiektuak, parte hartzen duten herrietako eragileen webguneetan dago informazio guztia.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude