"Kontzientzia ondraduen aurrean, buldek ez dute konkista justifikatzen"

Euskaroen aitapontekoak iraungitze-datarik gabeko lana idatzi zuen Euskariana seriean. Nafar arimaren
Euskaroen aitapontekoak iraungitze-datarik gabeko lana idatzi zuen Euskariana seriean. Nafar arimaren "despertsonalizazioa" salatu zuen.

Arturo Campionen obra erraldoian Nafarroako konkistak leku mugarria dauka. Bizitza politikoan biziki parte hartu zuen iruinsemeak, foruen eta euskaltasunaren defentsan aritzea egokitu zitzaion, eta bere historia ikerlanetan politikaren eragina disimulurik gabe sumatzen da. Akaso horregatik, batzuk saiatu dira bere ikerketa desprestigiatzen. Maria Puy Huici Goñik zioen Arturo Campion literato ona zela, baina ez zela historialaria, ez zuela konkista oinarri sendo eta egiazkoekin kondenatu. Ikuspegi kamuts hori erabat desmuntatzen da Campionen lana aztertuz gero. Emilio Majuelok berrikitan bere obra historikoa landu du La idea de Historia en Arturo Campion saiakeran (Eusko Ikaskuntza, 2012). Bertan dio Campionek ikerlanak metodologikoki lantzen zituela eta bere ideiak “odolez eta suz” markaturik zeramatzan arren, horrek ez ziola eragotzi Europan zabaltzen ari zen “diziplina historikoaren profesionalizazioan” parte hartzea.

Gertatzen dena da, Campionen ultraaktibitate publikoak eta izan zituen eztabaidek itzal egin ziotela bere ikerketari. Nafarroako konkistari loturik polemika sonatuena Víctor Praderarekin izan zuen 1920ko hamarkadaren hasieran. Amaiurren monolitoa eraiki nahi zuten laurehun urte lehenagoko “azken erorien” oroimenez. Víctor Praderaren eta Arturo Campionen inguruan sektore bana bereizi zen, ideia kontrajarriekin. Praderak zioenez Nafarroaren konkista erabat justifikatua zegoen eta “abertzaletasunak alderdi traidorea loriatu” nahi zuen monumentu horrekin; “antinafar” deitu zituen Campion eta enparauak. Campionek abiltasun ikaragarria zuen dialektikarako eta erantzunean ez zen motz geratu; Mas reflexiones sobre la bula ‘exigit’ y más pormenores sobre la Conquista de Nabarra artikuluan honakoa bota zuen: “Nire jarrerak harrotasunez estaltzen nau. Koraza honetan irrist egiten dute, nire irmotasun-zuntza zauritu gabe, dardorik krudelenek: herrikide desnaturalizatuen buiraketatik irteten direnak”.

Amaiurko polemikaren garaian konkistari buruzko hainbat artikulu idatzi zituen Campionek. Majueloren esanetan horiek probestu zituen aspalditik esku artean zebilkien Euskariana serieko bederatzigarren liburuaren berrargitalpena osatzeko: Nabarra en su vida histórica (Euskal-Erriaren Alde, 1929). Bertan, konkistaren inguruko makina bat informazio publikatu zuen. Nafar erresumaren “arimaren” bilaketan saiatu zen bizitza osoan gure poligrafoa eta liburuan garbi adierazten du konkistarekin ez zela dinastia aldaketa soil bat gertatu, nafar arimaren “despertsonalizazioa” baizik. Liburua 1971n berrargitaratu zuen Manuel Irujok erbestean, eta aurten Txalaparta argitaletxeak argitaratu du berriz ere, Campionen obrak iraungitze-datarik ez baitu.

Euskaroen aitapontekoa, Joxemiel Bidador zenak behin esan zuenez: “Euskalerritasun historiko eta literarioaren ikurra bihurtu zen bere bizitzan eta bere produkzio historikoa, zentzu zabalean, horren isla dugu”. Campionen pentsakerak oinarria ipini zuen Aranaren abertzaletasunetik kanpoko euskaltzaleentzat, baita konkistari dagokionez ere. Harrigarria da gaur egun oraindik zein gutxi ikertu den pertsonaia hau sektore ideologiko zehatz horretan.

Bulda horiek oso eraginkorrak izan ziren Nafarroako erregeei euren koroa harrapatzeko; baina kontzientzia ondraduen aurrean, buldek ez dute ekintza hori justifikatzen. On Fernandoren politikaren eta bere pertsonaren oso zaleak diren historialari espainolek ikusarazi dute zein epai gogorra merezi zuen lapurreria aragoarrak. (…)

Zuzenbide estatuari kasu eginez, Gaztelara gehitzea, dinastia aldaketa hutsa balitz bezala hartu zitekeen lehen garaietan, gauzen funtsa aldatzen ez duen koroaren usurpazio moduan; baina horrekin, Nafarroak bere nazioarteko pertsonalitate publikoa galdu zuen eta nazio kategoria menpekora jaitsi zen, nazioarteko zuzenbide pribatuaren barruan baino ezin zitekeen mugitu jadanik. (…)

Nafarroak egunero euskaldun4 izateari uzten dio, gero eta gehiago, eta nafar izateari ere bai. Gainbeheraren legea bikoitza da: batek eduki euskalduna husten du; besteak, eduki nafarra; azkeneko lege honek besteak baino mantsoago dihardu”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroaren Konkista
2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Nafarroako Estatu Nagusiak Donapaleun
500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]


Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun

Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.


Eguneraketa berriak daude