argia.eus
INPRIMATU
Haur eta gazte literatura
Bazterrekoak, kanonizatuak eta azterketa tematiko berriak
  • Bat baino gehiago dira azkenaldian generoa aztertzera hurbildu direnak, linea ofizialetik kanpoko begirada eskaini nahian, azterketa sistematikoagoa egiten edo gai zehatz batean sakontzen. Haur eta gazte literatura zeresana ematen ari da gurean.

Miel Anjel Elustondo 2012ko maiatzaren 20a

Haur eta gazte literaturari buruzko lana argitaratu du berrikitan Iñaki Zubeldia idazleak. Haur literatura aztergai 2 titulua ageri du liburuaren azalak, eta, honenbestez, orain dela sei urte egindako azterketaren jarraipen dugu. “Ez da haur literaturari buruzko tratatu bat, ezta gai horri buruzko azterketa sakon eta orokor bat ere. Gehiago dira haur eta gazte literaturaren eremura egindako inkurtsioak”, egileak azaldu duenez. “Haur literatura, idazlearen ofizioa, liburutegien garrantzia, literatura bultzatzeko bide berriak… aztertzen dira eta zenbait gogoeta, elkarrizketa eta iritzi kritiko eskaintzen”. Iñaki Zubeldiak berak esan digunez, “ni ez naiz haur literaturan aditu edo jakintsu bat, saiatzen den bat baizik eta gauzak gaizki ikusi ditudanean azaldu egin izan ditut, beti nire arrazoiak eta nire ikuspegiaren zergatia garbi uzten ahaleginduz eta adibide argiak eskainiz. Linea ofizialetik kanpoko begirada bat eskaintzen diot haur literaturari eta autore konsakratuetatik kanpoko autoreak –‘beste autoreak’ deitzen diet nik–, aztertzen ditut, nolabait linea ofizialak baztertuta eta kasu batzuetan ‘ignoratuta’ dauzkan idazleak”.

Helburu horiek gogoan, hainbat gai landu ditu Zubeldiak lan honetan. Joxantonio Ormazabalen oroimenez idatzitako testuak irekiko du liburua, eta, ondoren, hamaika azterlan eta gogoeta: euskarazko haur eta gazte literaturaren bilakaera, haur literaturaren defentsa, haur liburutegien garrantzia, zenbait egileren lanaren azterketa eta haiekin egindako elkarrizketak… Gaur egungo haur eta gazte literaturari egindako begirada pertsonala da egilearena.

Azterketa sistematikoa, Etxaniz eta Lopez Gaseni

Bestelakoa da Xabier Etxaniz Erlek eta Jose Manuel Lopez Gasenik egin ohi duten azterketa. Bi lan ditugu eskueran, elkarren osagarri. Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia dugu lehena, eta XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura, berriz, bigarrena. Bi lanotan ikuspegi zientifiko-akademikoa nagusituko da begirada pertsonalaren gainetik. Zubeldiak generoan barna egindako sartu-irtenak ditu gogoko, zertzeladak biltzea, han eta hemen ohar egitea. Etxanizek eta Lopez Gasenik sistematizazioa bidetzat hartu eta jotzen dute aurrera. Zubeldiaren kasuan bezala, Etxanizen eta Lopez Gaseniren lanak ere aurreko bat dute abiapuntu, hots, 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura. Hala orduko lanean, nola iazkoan, euskarazko haur eta gazte literaturaren sistema bera dute aztergai bi egileok.

Bidea egina dute beren azterketan Etxanizek eta Lopez Gasenik, euskarazko haur eta gazte literaturaren hastapenetatik gaur egungora bitartekoa landu baitute. 1990era artekoa lehenengo, 90eko hamarkadakoa ondoren, mende berriko lehenengo hamarkadakoa hurren. Eskuartean dugun azken lanean, XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura izeneko honetan, alegia, “sarrera historiko baten ondoren generoka azken hamarkadan izaniko garapena eskaintzen da, kanonari buruzko azterketa bat eta egungo sistemaren egoera eta erronkekin amaitzeko”. Horretan, irakurleak, idazleak, instituzioa, bitartekariak, merkatua eta errepertorioa dira sistemaren osagaiak.

Lanaren helburuei dagokienez, honela diote Etxanizek eta Lopez Gasenik: “Alde batetik, egungo egoeraren berri eman –zer argitara den, nork, gaiak, generoen egoera…–, eta egoera horretatik abiatuta zeintzuk diren gure literaturaren erronkak aurrera egiteko, gero eta literatura osatuagoa eta erakargarriagoa eskaini ahal izateko; eta bestetik, ikerketa honek bide eman nahi die beste batzuei, hemendik abiatuta beste lan batzuk sortuko direlakoan”. Horietan da Iñaki Zubeldiarena, horietan beste azterlan bi, guztiz bestelakoak izanagatik ere: Garbiñe Salaberriaren eta Txabi Arnal Gilen azterketa tematikoak. Batak, balio etiko eta moralek haur literaturan duten presentzia aztertu du. Bestea, heriotzak haurrentzako albumetan duen trataerari begira jarri da.

Kanona, garai jakin bateko joera

Eman dezagun Iñaki Zubeldiaren esana, “linea ofizialetik kanpo” dauden autore eta obrak aztertzera jo ohi duela, “ignoratuta” geratu diren horiek. Eman dezagun, aldiz, kanonari begira ari direla Etxaniz eta Lopez Gaseni, mende hasierako literatura aztertu dutenean. Eta zer dute kanona? “Garai jakin batean sistemaren erdigunean dauden obrei eta obra horien ezaugarriei buruz ari gara. Ez gara berariazko balioa luketen lanez ari, baizik eta garai jakin horretako instituzioak –akademiak, kultura erakundeek, unibertsitateek, argitaletxeek, eta abar–, hobetsi eta, horrenbestez, erdiguneko posizioa hartu duten lan eta egileez”.

Kanonak ez du, berez, literatura ona eta txarra esan nahi. Horretan, bi egileek bere egin dituzte Even Zohar-en hitzak: “Zenbait garaitan, zenbait ezaugarrik estatus jakin baten inguruan biltzeko joerak ez du esan nahi ezaugarri horiek ‘ezinbestean’ dagozkionik estatus jakin bati”. Garaian garaiko joera halako bat nagusi dela besterik.

Kanona gorabehera, idazle guztiek dute sarrera mende hasiera honetako haur eta gazte literaturaren baratza deituan.

Etika, heriotza literaturan

Haur eta gazte literaturari buruzko azterketa horiek ez ezik, badira literaturaren alderdi espezifiko bati begira egindako ikerketa lanak, eta doktore tesiak. Horietarik ditugu Txabi Arnal Gilek, batetik, eta Garbiñe Salaberriak, bestetik, egindako lanak. Salaberriak etika izan du abiapuntu, eta balio etiko eta moralak hartuko ditu aztergai. Horretarako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleek irakurri ohi dituzten literatura liburuetara jo, 80ko lagina baliatu eta egin zuen tesia, Contextos sociales y valores en la literatura infantil y juvenil izenburupean. Soziologiatik jo zuen azterketan, 564 liburu kontuan hartu eta haietarik 80 aukeraturik, ikasleen artean harrera handienekoak; Harry Potter bildumakoak, kasu. Jakina da guztiz bestelakoak direla Lehen Hezkuntzako ikasleek, alde batetik, eta Bigarrenekoek, bestetik, irakurtzen dituztenak. Gai konkretuagoak –baina ez esklusiboki konkretuak–, ageri dira lehenek irakurtzen dituzten liburuetan, eta abstraktuagoak bigarrenetan. Salaberriak inoiz esan izan duenez, ordea, batzuetan eta besteetan irudimen narratiboa agerikoa bada ere, irudimen etikoa ez da maila berean garatu, mundu honetako hainbat gai, bizipen eta esperientzia nekez baitira irakurtzen ahal ikasleen irakurgaietan.

Gisa berean, gai berezi bat lantzera jo zuen Arnal Gilek doktore tesian, eta haur eta gazte literaturako albumetan heriotzaren agerpena aztertu, gaztelaniazko 57 albumeko lagina aztergai.

Honela idatzia du Arnal Gilek tesiaren atarikoan:

“Ondo gogoan dut aitona Emilio hil zen eguna. Hamar urte nituen. Aitona gazterik alargundua zen. Gure ama haurra zelarik hil zen amona. Zahartzean, herria utzi zuen aitonak. Gurekin bizitzera etorri zen. Sasoi batean, gela ere banatu genuen. Langileen etxeak behin ere ez dira oso handi izan.

Aitona etxean hil zen. Bat-batean izan zen, aurrez abisatu gabe. Bazkalondoko kuluxka egiteko sartu zen ohera, eta ez zen esnatu. Eskolatik itzuli nintzenean, ustegabekoa jaso nuen. Etxea jendez betea, eta ama eta izebak negarrez etengabe, negar marmarrean, baina negarrez. Zer zen galdetu nuen, zergatik hainbeste jende, eta denak betilun. Amak kontatu zidan. Negarrari eman nion. Ez nuen bestelako azalpenik behar izan. Ondo baino hobeto nekien zer gertatua zitzaion aitonari, betiko gertatu ere.

‘Ikusi nahi duzu’, amaren galdera niri. ‘Ohean datza’. Baietz esan nion, ikusi nahi nuela. Izeba haietako batek ezetz esan zion amari, logelara sartzen ez uzteko. Amak ez zion kasurik egin. Aitona nuela erantzun zion, eta nik, nahiz eta haurra izan, aitona agurtzeko eskubidea nuela.

Gaur egun oraindik, eskerrak ematen dizkiot amari, aitona ikusteko eta agurtzeko aukera eman zidalako. Haren hilotzak ez ninduen larritu. Aitona nuen eta, hilik ala bizirik, maite nuen. Hura izan zen nire ‘lehen hildakoa’, heriotzarekin izan nuen lehenengo esperientzia, eta, dudarik gabe, gisako esperientziak gertatu zaizkidanean ikaragarri lagundu nau”.

Lagundu, heriotzak literaturan ageri dituen hamaika aurpegiak sakon aztertu eta tesia egiteraino: El tratamiento de la muerte en el álbum ilustrado infantil.