Hiru ikastola, hiru errealitate

  • Seaskak 1964an Ipar Euskal Herriko lehen ikastola Arrangoitzen sortu zuenetik, asko aldatu da egoera. Egun, ia 3.000 ikasle biltzen ditu Seaskak, 29 ikastoletan banatuta. Herri Urrats jaiaren atarian, horietako hirutara gerturatu gara, hiru esperientzia aberasgarri bildu nahian: Kanboko Xalbador Kolegioa, Alozeko ikastola eta Ziburuko ikastola proiektua.

Xalbador Kolegioko haurrak
Xalbador Kolegioko haurrak

Seaskako ikastolek beren beharrak asetzeko erabiltzen dute Herri Urratsen bildutako dirua, baina ikastola bakoitzaren testuinguruak, tamainak, helburuek… baldintzatzen dituzte behar horiek. Gogora dezagun Falloux legearen pean daudenetik, Seaskako ikastolek ezin dutela erakunde publikoetatik dirurik jaso egoitzak finantzatzeko edo ordaintzeko. 1850. urtean egin zen Falloux legea, garaiko eskola katolikoen ondarea babesteko: Estatuak ez zuen ikastetxe pribatuaren eraikuntza ordainduko, eta ordainetan ondarearen jabetza Elizarena izango zen. 1994-95 ikasturtean, Seaskako ikastolak lege hori onartu zuten beraientzat, eta irakasleak Seaskaren babesean egotetik, Estatuaren esku egotera igaro ziren; ordainketak ere Estatuak egiten ditu ordutik, nahiz eta aipatu moduan, egoitzari dagozkionak ez. Ikastolen federazioko lehendakari Paxkal Indoren hitzetan, hartu beharreko erabakia izan zen, bestela ezinezkoa izango baitzen gastuei aurre egitea eta ikastolak desagertu egingo ziratekeen. Gastuei aurre egitea, hala ere, eguneroko borroka dute Iparraldeko ikastolek.

Xalbador, hiru euskarridun bide berritik

Bere proiektuan sakontzeko erabiliko du festako dirua Kanboko (Lapurdi) Xalbador Kolegioak. “Ikasle autonomoak, euskaldunak, kritikoak, autokritikoak eta herritarrak nahi ditugu ”, adierazi du bertako zuzendari Maite Andiazabalek. Hori lortzeko, gaika ematen den sistema klasikoa oztopo dela uste du: “Arazorik ez duten ikasleentzako egokitua dago, elitista da, eta %10a baztertzen du; Lanbide Heziketara bideratzen ditu horiek”.

Duela lau bat urte, gogoeta prozesua ireki zen Xalbadorren, eztabaidara guraso eta profesionalak batuz. Bordeleko ikastetxe bat hartu zuten eredu, hezkuntza tradizionaleko ordutegi itxia alboratu eta interdiziplinitatea lantzen duena. Aho batez onartu zuten hiru euskarri nagusiri heltzen dion bidea, nahiz eta Hezkuntza Nazionalak ematen duen programa ere jarraitzen duten. Batetik, Lankiak sortu dituzte, zeharkako gaitasunak modu interdiziplinarioan lantzeko: “Lankietan helburua da curriculumeko gaitasunak lantzea, horretarako irakasgaien artean koherentzia eta elkarlana garatuz. Egitura tradizionalak ez du errazten nahasketa hori eta Lankietan hori bultzatzen dugu”, dio Andiazabalek. Bestetik, IALA (Ikasgai Arteko Lan Astea) ekimena jarri dute martxan: urtean bitan, astebetez eskolako ohiko ordutegia eten eta gai jakin baten gainean egiten dute lan, taldeka eta diziplina ezberdinetatik –laguntzeko, gonbidatuak ekarri eta bisitak antolatzen dituzte, besteak beste–. Azkenik, tutoretzak egiten dituzte, adin ezberdineko hamabi ikaslez osatuta. Gogoeta egiteko eta eskolako lan eta gaiekin irakaslearen nahiz gainerako ikaskideen laguntza baliatzeko erabiltzen dituzte orduok.

Ikasleen parte-hartzea oinarri, ikasleek, hezitzaile nagusiak eta irakasleek osatutako Euskara Batzordea ere badu Kolegioak. “Euskaraz bizitzeko proiektuak bultzatzea da helburua, ikasleak protagonista bilakaraziz” argitu digu zuzendariak.

Anduezaren hitzetan, ikasle guztiek ez dute zertan goi mailako ikasketarik egin beharrik, “baina guztiek pentsatzeko autonomia lortzea eta adierazteko tresnak barneratzea, hori da ikastolaren xedea. Nahi dugu maila lor dezaten lizeo orokor bat edo profesional arloa egiteko. Hemendik irten osteko ikasketak egiazko hautua izan daitezen, eta ez besterik egin ezin dudalako aukeratutako zerbait”.

Alozen, euskalkia funtsezko

Garrantzitsua da txikitatik oinarri sendoak ezartzea, eta lan horretan 30 urtetik gora daramatza Alozeko (Zuberoa) ama eskolak, 2 eta 8 urte arteko umeekin. Bi ikastola baino ez daude Zuberoan, Sohütakoa da bestea, Maule ondoan. Bietan aritutakoa da Alozeko ikastolako zuzendari Solange Chimix; bere hitzetan, garrantzi handia ematen diote euskalkiari: “Euskara ez da eskolakoa soilik, beraz beharrezkoa da kalean erabiltzeko ere erakustea”. Horrek kezkatzen du Chimix: “Euskara ahultzen ari da, ikastolak lagundu dezake, baina ezin du dena egin. Erabili egin behar da ondoren”.

Zentzu horretan, ikastola indartzen ari dela ikustea ona dela gaineratu du zuzendariak: izan ere, 28 ikasle dituzte Alozen, baina bizpahiru urte barru 45 izatea espero dute. Herri Elkargoak eraikitako ikastola da bertakoa, baldintza onetan: haurtzaindegi publikoa dago alde batean, ikastola bestean. Irakasle bakarretik aurten bi izatera igaro dira eta epe laburrean aurrefabrikatutako eraikinak egin nahi dituzte, lehen eta bigarren maila eskaintzeko.

Ziburuk ikastola izango du irailean

Ziburun (Lapurdi) ez dago ikastolarik, baina irailetik aurrera izango dute, haurrak herrian bertan eta euskaraz hezi nahi dituen guraso talde baten ekimenari esker. Amaia Saez eta Laida Mujika dira gurasoetako bi: “Konturatu ginen, guraso batzuk prest zeudela beren haurra Ziburuko ikastola batean sartzeko, baina ez beste herri batera eramateko”. Alegia, bestela ikastolara joango ez liratekeen haurrak Seaskan matrikulatzea lortuko duela proiektuak. Eta ikastola bat, eskola bat baino gehiago dela aldarrikatu du Mujikak: “Herri batek behar du ikastola bat, euskararen aldeko dinamikak sortzeko, haurrak herrian bertan hezteko. Gainera, hori guztia gizarteratzeko lan ere egiten du ikastolak. Herriari ekarpen handia egiten dio, azken finean”. Diotenez, gurasoetako asko frantsesdunak dira, baina beren haurrek euskaraz ikastea nahi dute.

Lehenago ere saiakerak izan direla diote Saez eta Mujikak, baina guraso talde baten bultzada falta izan zela, oraingo honetan ez bezala. Zailtasunik handiena lekua lortzea izan da, baina lokala eta irakaslea lortuta, geroz eta haur gehiago batzeko beharra besterik ez dute. Interesa duzuenok idatzi ziburuko.ikastola@hotmail.fr helbidera.

10.000 euro ikasleko

Ikastola berriak sortzeko bakarrik ez, daudenak mantendu eta hobetzeko, beharrezkoa du Seaskak hilaren 13an egingo den Herri Urrats bezalako ekimenetan lortutako dirua. Eraikinen aferak gastu handiak sortzen dituela gogorarazi du Paxkal Indok, eraikin berri bat sortzeak ikasle bakoitzeko 10.000 euroko gastua ekartzen baitu.

Baina ez da eraikinena buruhauste bakarra. Frantziako legearen arabera, udalak behartuta daude ikasle bakoitzeko diru kopuru bat ematera, eskola publikoa zein pribatua izan. Barnealdeko ikastoletan ez da betetzen, lehendakariak dioenez: “Ortzaizeko ikastolak, adibidez, hamahiru herritako haurrak hartzen ditu eta ordaintzera derrigortua dagoen bakarra Ortzaize da”. Baina Ortzaizeko haurrak gutxiengo dira: ia ehun haurretatik, laurogei kanpokoak dira eta horrek diru galera handiak sortarazten dizkie. Seaskako lehendakariaren arabera, aspaldian lege hori aldatu nahian dabiltza, baina zenbait zinegotzi ezkertiarrek ez dute nahi. Kritikatu du hautetsi horiek borroka eremu publiko-pribatura eramaten dutela, Frantziak eskola bakarra eta publikoa behar duela argudiatuz. “Baina Iparraldean dugun arazoa da D eredua Seaskak baino ez duela eskaintzen”, azpimarratu digu Indok.

Euskara eskolan sartu dutelarik, orain berau zabaltzea eta gizarteratzea da helburua. “UNESCOk esaten du biztanleriaren %30ak hiztun izan behar duela hizkuntza bat berriz pixka bat pizteko, eta guk %10 euskaratzen ditugu, ez gara aski, Seaskak ezin du dena bakarrik egin. Guk lokomotorarena egiten badakigu, eta egingo dugu, baina ezin dugu tren osoa egin, besteek ere hasi beharko dute”, azaldu du zuzendariak. Hasiko ote diren galdetuta, hona bere gogoeta: “Ez gaitezen tronpatu, horretan hasten badira, gainontzean haur batzuk galtzen dituztelako da eta batzuk Seaskara joaten direlako. Baina euskararen afera da inportanteena, Seaska ez baitzen sortu Seaska defendatzeko, euskara salbatzeko baizik”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude