Norabide ekonomiko zuzenago bat

ipuzkoako foruan hain errotutako ongizate estatua desagertze bidean ez badago ere, ahultzen ari zaigu. Arazo larri hori, langabezi tasa altu, industriaren lekualdatze eta populazioaren zaharkitzearekin lotu behar da. Ongizate estatua mehartzen ari zaigu alde orotatik. Murrizketa honen lau atal aipatuko ditut, gero beste hainbeste neurri proposatzeko. Lehenik, ongizate honen euskarri garrantzitsuenetakoa, irakaskuntza demokratiko eta bidezkoa da, eta berau murrizten ari zaigu abiadura bizian. Bigarrenik, osasungintza daukagu, zeinean oraingoz botiken zati handiago bat ordaindu beharko dugun. Hirugarren euskarria, pentsio publikoena da eta berauek ere urritze bidean daude; izan ere, nabarmentzen ari dira jubilatuen diru sarrera errealak behera egiten ari direla, kontuan badugu hileroko botiketako gastuak hirurogei bat euro izango direla pentsionista bakoitzarentzat. Azkenik, hiritarrek etxebizitza duin bat izateko eskubidean datza, baina langileek oso zail daukate, bizitza guztia zorpetuta bizi nahi ez badute behintzat.

Herrialde bati krisialdi batetik irteteko aukera ezin hobeak ematen dizkio hezkuntza sistema sendo batek. Horren froga eskandinaviar herrialdeetan daukagu, baita Hego Korea eta beste zenbait herrialdetan ere. Aldiz, Espainiak bide horri muzin egin nahi dio, baina Hego Euskal Herriak beste bidea har dezake: indar politiko ekonomiko eta sozialek orok hitzarmen sendo bat egin dezakete. Zertarako? Hezkuntza sistema, eta ikerkuntza eta garapenerako inbertsio publiko handiagoak gauzatzeko. Gai honi buruz Joseph Stiglitz Nobel Saridunak behin baino gehiagotan aipatu du eskandinaviarren eredua, non ikerkuntzari esker krisialdi larri hau nahiko kontrolpean duten iparraldeko estatu horiek, Espainiako Estatuak alderantzizko bidea hartu duen bitartean. Garbi dago, Hego Euskal Herriak norabide horri uko egin behar diola eta irakaskuntza-ikerkuntzan inbertitzen jarraitu behar duela.

Osasungintzan ere gastuak ugaritu behar dira egunetik egunera adineko jende kopuru handiagoari aurre egiteko; gainera, lanpostu berriak sortzeko eremua da, zalantzarik gabe. Atal honetan ere Espainiako Gobernuak gastu publikoak murriztuko ditu portzentaje handi batean: ehuneko hamarretik gora. Jende gehiagok zerbitzu hau eta eskaintza murritzagoa izango ditugu. Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beren esku izango dute zerbitzu maila mantentzea, zerbitzu hori bera ere errentaren birbanaketa gauzatzeko instrumentu bat gehiago baita.

Ez da egia pentsioak mantendu direla azpimarratzea, Espainiako Gobernuak aitortzen duen bezala. Pentsioak beren balio erreala galduz joan dira Maastrichteko hitzarmena onetsi zenetik eta orain balio galtze prozesu horretan jauzi erraldoia emango da. Zer ekarriko du pentsio kopuru berarekin botiketan zati handiago bat ordaintzeak? Errentaren balio galtzea, zalantzarik gabe.

Espainiako Konstituzioak jasotzen du espainiar orok eskubidea duela etxebizitza duin bat izateko. Baina, nola ulertu eskubide hori, etxebizitza lortzeko bizi guztirako zorpetu behar baldin badugu? Oinarrizko eskubide hau ahalbideratzeko Hego Euskal Herriko gobernuek eta udalek etxebizitzak eraikitzeko lursail ez espekulatiboak etxebizitza kooperatiboen esku jarri beharko lituzkete. Eta behin etxe horietan bizitzen hasi ostean, modu kooperatiboan kudeatu, ez norbanakotu, espekulatzeari ateak itxi nahi bazaizkio bederen. Hots, merkatu hori kontrolpean ipini behar da, oinarrizko eskubide horren kontura espekulatzaileek beraien sakelak ez ditzaten sobera bete.

Norabide honi galga ez badiogu ipintzen, euro guneko periferia osatzen dugun herrialdeak bigarren abiadurako ekonomiak izango gara. Azken finean, egungo prozesu endekagarrian jarraitzen baldin badu, Europar Batasuneko industria guneetarako eskulan merkearen hornitzaile bihurtuko gara: hezkuntza kaxkarra, ikerkuntza urri eta lan eskasia izango duen herrialdea. Hori guztia, egun Afrika eta Latinoameriketatik datozkigun etorkinen papera periferiako herrialdetako langileek beteko dute: langile kualifikatu batzuek euro guneko enpresetan aurkituko dute lana eta langile ez-kualifikatu andanak zerbitzu ez-produktiboetan herrialde aberatsetako lanpostu eskasenak eskuratuko dituzte.
Beraz, badugu zereginik.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude