Aljeriakoak oraino soldadu frantsesei loa galarazten die

  • 50 urte bukatu zela Aljeriako gerra odoltsua, Parisko Gobernuak eta FLN-k Eviango ituna sinatuta. Baina mende erdiz sendatu gabeko zauriek zornetuta diraute. Hainbeste odol eta basakeriaren egiak ez dira azaleratu oraindik. Aldiz, beren hogei urteetan gerra hartan soldadu ibilitako frantses gaur jubilatu batzuek lehen urrats ausarta eman dute.

Aures Chauouia guneak eskaintzen duen irudian, soldadu frantsesek zaintzen dute (esateko modu bat da) esku eta hankak lotutako preso aljeriarra, ustezko matxino independentista. 1960 ingurukoa behar du. Kolonia frantses hartako azken gerra 1954an hasi zen
Aures Chauouia guneak eskaintzen duen irudian, soldadu frantsesek zaintzen dute (esateko modu bat da) esku eta hankak lotutako preso aljeriarra, ustezko matxino independentista. 1960 ingurukoa behar du. Kolonia frantses hartako azken gerra 1954an hasi zen eta 1962an bukatu. Frantziak 25.000 militar eta 2.800 zibil galdu zituen. Aldiz "“alde batera utzita FLN eta MNA aljeriarren arteko gudu zibilean hildakoak (10.000 inguru) eta OAS ultraeskuindarrak eraginak"“ Aljeriarrek zenbat jende galdu zuten zehaztu gabe dago oraindik. Gerrillarietan 150.000 inguru hil zituzten frantsesek. Zibil indigenen kopuruaz eztabaida handiagoa da: Aljerreko agintariek milioi bat hil aipatzen dituzte, metropoliko iturriek 400.000 arteko kopuruak aitortzen. Asko torturapean banaka garbituak; eta herri osoak tiroz, artilleriaz edo airetik bonbaz suntsituta.

Gau txarra edukiko dudala badakit, baina idatzi nahi dizut. Gure azken bileran izan dut beste lagunek bezala hitz egiteko aukera, baina ‘lehertuko’ nintzela uste nuen. 2003an ere, Giza Eskubideen Ligak torturaz lekukoekin antolatutako bilkura hartan lanak izan nituen nire azalpenak bukatzeko. Gaur hitzez zuei esateko neukana laburbilduko dizut hemen...”.

Pierre Rembaud da honela idatzi zuena 2008ko azaroaren 4an. Haren lekukotza dager Association des Anciens Appelés en Algerie et leurs Amis Contre la Guerre (4ACG) elkartearen gunean. Appelés hegotarrok deitzen ditugu kintoak, derrigor soldadu eramandakoak. 2004an sortu zuten elkartea, Aljeriako gerraz oroitu, gogoeta egin, lekukotasunak azaldu eta bakearen alde lan egiteko.

Idatzizkoez gain bideozko testigantzak ere eskaintzen ditu 4ACGk; joan den martxoan La Rochellen egindako mahai-inguruaren 15 minutuak entzutekoak dira, gogorrak, ausartak, egiatiak.

Baina goazen, berriz, Pierre Rembauden idatzira. Hona zati batzuk, Kabiliako herrixketan 1956ko irailetik 1958ko uztailera bizi izandakoez. “Oso gogorra zen, baina guduka ari diren erregimentuetan ohikoa: kide askorentzako beldurra, izerdia, malkoak eta odola, beste-tzuentzako heriotza. Helikopterozko lehenbiziko operazioan kamarada bat hil zuen beste batek, arma garbitzen ari zela. Hildakoa nobatoa zen ni bezala, nire eskualde berekoa, bertarainoko bidaia osoa elkarrekin egina genuen. (...) Djebeleko [mendialdeko] operazio horiek ezagutzen dituzu, gaueko guardiak hezurretaraino beldurtuta... Baina 50 urteotan nire bizia gehien inarrosi duena tortura izan da. (...) Nire soldadu-lagunak bezala, ni ere askotan izan nintzen torturen lekuko. Gégène [gorputza elektrizitatez astintzea, picana latinoentzat], baignoire [espainolen bañera], entonnoir [inbututik ura edanaraztea], chevalet [espainolek potro deitua], pendaison [zintzilikatzea]... hori guztia ikusita nago.
Sufrikariozko oihuak, oinazezko garrasiak, konortea galtzea, ondoren heriotza... Behin baino gehiagotan bi edo hiru soldadu joan izan gara azpiofizial batekin gorputzak errekara botatzera. Txakalek azkar desegiten zituzten... Hogei urte izanik horrelako munduan erortzen bazara, ez zara berdina itzuliko.

Gau batean, sarritan mozkortzen zen azpiofizial bat torturako etxolan sartu zen, han besoetatik zintzilikaturik zegoen aurretik gégènea aplikatu zioten zigortu bat, askotan horrela hasten zen. Militarrak ukabilkadaka ekin zion gizagaixoari eta gure aurrean hil zen. Ofiziala han baizen, txofer bati agindu zion hura eramatea erreka aldera... Nola egingo duzu lo horren ostean?

Ikusi ditut torturatuak zintzilik beso batetik eta zango batetik. Guardiako borreroak (tenienteak betetzen zuen ‘lan’ hori) presoari galdetzen zion: “Hitz egingo duzu?”. Eta tipoak oraindik konorte pittin bat baldin bazuen baietz esango zuen. Baina lurra ukitu orduko erortzen zen, orduan berriro jipoitzen zuten, eta ez zen gehiago mugitzen.

Beste batzuetan, operazio batean herrixka batera joan eta ordena zen bertako biztanle ‘ar’ guztiak biltzea, haiei FLNen sartzea eragozteko. Axuantak [espainolen brigadaren pare, frantsesez adjudant] orduan agintzen zuen haiei zakurrak botatzea, jendeen haragi puskak eta janzkiak denak nahasten ziren”.

Demokrazia torturatzailea

Frantzia demokratiko eta errepublikanoko herritar gazteak ziren Aljeriako bortuetan bezala hirietako kashba eta txabolategian sarraskiok eta okerragoak burutzen zituztenak. Gero etxeratzen ziren, eta inork gutxik hitz egin zuen horretaz, ez etxean ez kalean. Mende erdi pasa arte, gutxienez.

Gaur nekazari erretiratua den Georges Treilhou Algerian zegoen soldadu 1956tik 1958ra artean. Kezka larriak zituen. Gerrako borroketan erakutsitako adoreagatik domina emana zioten, zakarrontzira bota zuena. Ez zara arriskatzen aberriaren alde, burkideen alde baizik. Norbere beldurra kontrolatzea baizik ez da, esan du joan den martxoan La Rochelleko bilkuran, apaltasunez. Hori ez baitzen garrantzizkoena: preso hartutakoak gosez hiltzen uzten zituzten soldadu nazkagarriena, horiena bai zen larria eta aipatzekoa.

Ikusitakoak ezin jasanik, kapilau militarrari kontatu zion bere ezinegona. Apaizak Biblian aurkitu zion erantzuna: “Jende barbaroari, metodo barbaroak”. Georgesen fedeak ez zuen horrekin gutxiago sufritu. “Etxeratutakoan, herriko apaizari kontatu nizkion Aljerian egindako basakeriak. Berak erantzun: ‘Aljerian ez da errugaberik kondenatzen’. Baina zer zekien berak Aljeriaz? Harrez geroztik, garai hartako kontuez ez nintzen inorekin mintzatu, ez emaztearekin, ez seme-alabekin”.

Gainerako soldaduak ere isilik geratu dira luzaz. Bernard Gerlandek ere ez zion ezer kontatu ez familiari, ez sindikatuari eta ez Alderdi Komunistako herriko taldeari. Harik eta Bertrand Tavernier eta Patrick Rotman-en La guerre sans nom (Izenik gabeko gerra, 1992) filma ikusi zuen arte. “Filmak nire buruaren aurrez aurre jarri ninduen: eta nik zer egin dut? Alderdiko burkide bati aipatu nion, militante gogorra. Galdetu nion ea berak ere Aljeriako gerra egina zuen. Ez zuen hitz egin nahi. Berriro galdetu eta negarrez hasi zitzaidan”.

2003an Gerlandek Ma guerre en Algerie publikatu zuen, antzerki bat non omendu nahi duen preso bat hil dutena. “Nik ez nuen Aljeriara joan nahi, uste nuen hara zertan joanik ez genuela. Baina bidali ninduten eta gerra egin nuen. Azpiofizial izateko ikasi nuen bertan. Seriotasunez aritu naiz, lan egin dut, ondo baloratu naute. Baina halako batean heldu zen exekuzio hura...”. Lan zikin bat, gauez eta odol hotzez egin beharrekoa, nagusien aginduz, nork eta berak, kolonia hartan oinik jarri nahi ez zuenak.

Gaur Gerlandi inporta zaiona da ulertzea zer den gizon bat barbaro bihurtzen duen prozesu hori. Eta zer hain urte luzez isilik edukitzera behartzen duena.

Aljeriako gerraren memoria lantzen duen 4ACG elkartean lehendakari daukate Jacques Pâris de Bollardière jeneralaren alargun Simone. Bollardière izan zen Aljerian tropek erabilitako torturak salatu zituen militar buru bakarra. Arrestatu eta degradatu egin zuten. Gero amnistiek gainerako erantzukizunak estali dituzten arren, Frantziak ez du errehabilitatu Bollardière. Etxeko disidenteak dira beti barkamenen zerrendetan azkenak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude