Urrezko Biblioteka digitalaren alde

  • Elkar argitaletxeak iazko azaroan Urrezko Biblioteka saila jarri zuen martxan, 1990eko hamarkadatik Literatura Unibertsala bilduman publikatutako liburu deskatalogatuak berriz ere merkaturatzeko. Jarraian kontatuko duguna joan den mendeko argitalpen politikaren historiatxo bat da.

Literatura Unibertsala bildumako liburuak zergatik dauden deskatalogatuta esplikatzea tokatzen da aurrena. Durangoko Azokan jakin nuen duela urte bi edo, Ibaizabalen standera hurbildu nintzenean, sailean argitaratutako titulu baten xerka –editorial horrek kaleratu zituen bildumako hasierako tituluak; gero Alberdania-Elkar tandemak hartu zuen lekukoa–. Ez zeukatela esan zidaten eta ez, preseski, publikatutako ale guztiak saldu zirelako. Antza, liburu horiek ez zeuden jada mundu honetan, gillotinatu egin zituzten, paper-ore bihurtu, biltegian urte luzez hautsa hartzen eduki ondoren. Ray Bradburyren Fahrenheit 451eko eszena bat etorri zitzaidan gogora –exageratzeko berezko ohitura daukat–. Baina pena hartu nuen, hori da egia, itzulpenak egiten hainbeste izerdi eman ondoren debaldeko lana izan zela pentsatuta.

Balio literario handikoak dira, baina ez bestseller izateko asmoz argitaratutako liburuak; atzerriko hizkuntzetatik euskarara ekarritako obra klasikoak gutxi saltzen dira eta Eusko Jaurlaritzak 1989an EIZIErekin sinatutako hitzarmena baino lehen, argitaletxeek mohikanotasunez publikatzen zituzten tankerako lanak, dirua galtzeko arriskuarekin, euren betebeharra zela pentsatuta. 1990eko hamarkadan aldatu zen kontua aipatu hitzarmenari esker eta gaurdaino 150 obra itzuli dira sailaren barruan.

Bestelako problemak sortu dira ordea, eta ez da txikiena izan, liburuak merkaturatzeko modu egokirik aurkitu ez izana. Aurreikusitako tiradak ere handi samarrak ziren, artikulua ilustratzen duen Edgar Allan Poeren Kontakizunaken lehen edizioan 2.000 ale atera ziren inprimategitik adibidez, nobedade arrunt baten bikoitza gutxi gorabehera. Eta saltzen ez. Eta biltegian pilatzen ari. Eta azkenerako, stock guztia suntsitu beharra.

Pentsa liteke beraz, Urrezko Biblioteka martxan jartzea pozteko moduko notizia dela, inongo dendetan aurki ezin zitezkeen obrak berriz ere irakurlearen esku jarriko direlako. Eta bada poztekoa, baina ez hainbeste; orain artekoa ikusita, leku berera iritsi eta berriz ipurdiz gora jausteko arriskua sumatzen baitut apustu horretan. Gainera, badaude alternatibak. Ez da txarrena Pentsamenduaren Klasikoak bildumarekin egindakoa: argitaratutako 130 tituluetatik ia denak www.ehu.es/ehg/klasikoak helbidean doan deskarga daitezke. Zentzu handiagoa ikusten diot horrelako zerbaiti, gutxi salduko direla jakinda paperean berriz argitaratzeari baino. Klaro, baina horretarako XXI. mendeko ikuspegia eduki behar. Badakizue, Internet eta gauza horiek.

PS: Literatura Unibertsala bildumako lan batzuk badaude sarean dagoeneko, www.armiarma.com/liburu-e helbidean, EPUB eta PDF formatuetan. http://ekarriak.armiarma.com helbidean berriz, bildumako 100 liburu inguru aurki daitezke HTML formatuan.


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude