Sarkozy ala Hollande: bozen arrantzan, zirt eta zart

  • Presidentetzarako hauteskundeak dira Frantziako Estatuan. Bi bozketan: apirilaren 22an eta maiatzaren 6an. Bost urtean behin hautatzen da presidentea. Bi dira hautagai nagusiak: jarduneko presidente Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Hollande (PS).

Bazko biharamunean hasi zen bi asteko boz kanpaina. Ofiziala, alegia. Izan ere, bost aste joan dira hautagaiak –zeharka bada ere– boto eske hasi zirenetik; oposizioko hautagai nagusi François Hollandek PSko primariak irabazi ondotik. Areago, Nazioarteko Diru Funtseko presidente Dominique Strauss-Kahn-en –PSko hautagai nagusia zenaren– sexu aferek sei hilabete aurreratu zuten presidentetzarako kanpaina bortitza eta nahastua. Hamar dira hautagaiak: Nathalie Arthaud (Lutte Ouvrière), François Bayrou (MoDem), Nicolas Dupont-Aignan (Debout La République) François Hollande (PS), Eva Joly (Europe Ecologie-Les Verts), Marine Le Pen (Front National), Jean-Luc Mélenchon (Front de Gauche), Philippe Poutou (Nouveau Parti Anticapitaliste), Nicolas Sarkozy (UMP) eta Jacques Cheminade (Solidarité et Progrès). Lehenago baina, hamar hauekin lehian, beste 40 hautagai aritu ziren presidente izateko bide luzean.

Hona, orain arteko hauteskunde kanpainaren premisa bat: Frantziako eredu errepublikarra zaharkituta dago. Estatuaren eredu instituzionalak ez du Europaren baitan funtzionatzen. Frantziako demokraziak konfiantza galdu du.

Jarraian, kanpaina ofizialaren argazki moduko bat.

Hedabideen erritmora

Hedabideek –eta boz joeren inkestek– markatzen dute kanpainaren erritmoa, baita hautagaien arteko lehia ere. Zortzi enpresa-ikerketen emaitzen batez bestekoak batu ditugu. Lehen itzulian hauek dira hautagaiei ematen dizkieten bozen ehunekoak: %29 Sarkozyri. %28,5 Hollanderi. %15 Le Peni. %14,5 Mélenchoni. %9,5 Bayrouri. Gainerako lauek bozen %1 ingurua jasoko ei dute. Hauen bozek pisu txikiagoa dute bigarren itzuliari begira: %4-5. Halere, hauen bozemaileek, eta nagusiki Le Pen, Mélenchon eta Bayrouren aldekoek erabakiko dute, bigarren itzulian, nor izanen den Frantziako presidentea. Hollande irabazletzat jotzen dute inkestek, bozen %55arekin. Sarkozyk, ostera, %45a lortuko lituzke.

Aurrekanpainakoak

Nicolas Sarkozyren itxaropenek behetik gora egin dute. Bozen %6 irabazi du azken hiru hilabetetan. Frantzia Indartsua (La France Forte) da bere eslogana. Demagogia populista erabili du erruz: “Eskuineko nahiz ezkerreko frantziarrak behar ditut”, erran du. Europako ongizatearen estatu-eredua (Frantziakoa barne) gainbehera etorri izanak kolokan jarri zuen Eliseoan jarraitzea. Alabaina, Estatuaren segurtasunean eta Frantziako krisialdi ekonomikoan –are okerragoa izanen delakoan– oinarritzen duen “beldurrezko” bere diskurtso larderiatsuak etekinak eman dizkio.

Islamismoaren mamua agertu da aurrekanpainan. Poliziak hainbat talde jihadista atxilotu ditu azken asteotan. Lehenago, Mohammed Merah jihadistak Okzitaniako Montauban eta Tolosan egin bide zituen hilketak, hala nola poliziak bera hil izanak indartu dituzte jarduneko presidentearen kanpaina –eta politika–. Langabeziaren mamua ere erabili du Sarkozyk: “Frantziarrek Hollande presidente hautatuko balute, honek Rodriguez Zapatero sozialistak utzitako Espainia bihurtuko luke Frantzia” erran du. Hots, bost milioi langabetuen herrialdea bilakatuko litzateke Frantzia. Halaber, Sarkozyk Alemaniako kantziler Angela Merkelen “menpekotasunetik” ihes egin du kanpainan.

François Hollanderen esloganak aldaketaren garaia (Le Changement c’est maintenant) aldarrikatzen du. Sozialdemokraziaren aldarria zabaldu du. Sarkozyren aldean, etorkinekiko politika ordenatuagoa, nazioarteko politika malguagoa –bozak irabaziz gero, tropak Afganistandik aterako dituela hitzeman du–, kanpo zorra doituko duela, eta aberatsen eta langile klaseen arteko fiskalitate proportzionalagoa ezarriko duela promes egin du, besteak beste. Alta, inkestek urtarrilean Sarkozyrekiko ematen zioten sei puntuen aldea galdu du.

Ezbairik gabe, Front de Gaucheko Jean-Luc Mélenchonen gorakadak eragin zuzena dauka Hollanderen bozen aurreikuspenen beherakadan. Inkestek bozen %7,5 iragarri zioten Mélenchoni iragan urtarrilaren, eta kanpaina hasierarako boz kopurua bikoiztu ditu. Parisko La Bastille plazan indar erakustaldia egin zuen iragan martxoko 18an. Ezkerreko politikari batek ez du lortu azken urteetan Frantzian, alderdi sozialistaz harago doazen ezkertiarren indarrak batzea. Ezkerreko Alderdiaren (Parti de Gauche) buru Mélenchonek, aldiz, ezkerreko ildo nagusiak bildu ditu. “PSk promes egin ohi duen, baina inoiz betetzen ez duen politika sozialagoa egitea” hitzeman die frantziarrei. V. Errepublika amaitutzat eman du eta VI. aldarrikatu kanpainan. “Ezkerrak boterea [Prenez le pouvoir esloganaz] hartu behar du, plaza hartu behar du, benetako demokrazia gauzatuko bada” dio.

Eskuin muturreko Fronte Nazionaleko Marine Le Penek bozen %15 lortuko bide du inkesten arabera. Inkestek baina, hiru puntu gehiago ematen zioten urtarrilean. Pentsatzekoa da, bozemaileen %3 Sarkozyren aldera lerratu direla. Le Penek diskurtsoa islamaren eta immigrazioaren aurka funtsatzen du, langabezia tasa azken hauei leporatuz. Europak Frantzia hondamendira daramala dio, eta berau salbatzeko boterea indartu beharra proposatzen du. Zailtasun estrategikoak ditu, haatik. Azken batean, aldarrikapen horiek Sarkozyren eskuinak modu pragmatiko edota sofistikatuagoan bere egiten baititu. Fronte Nazionalaren egoera politikoa paradoxikoa da. Aspaldiko urtetatik populazioaren bozen %15-18 jasotzen baitu, baina indar hau ez da botere gunetan –instituzioetan– gauzatzen. Fronte Nazionala hirugarren indarra da, baina Marine Le Pen porrotaren zama arrastatzen ari da, nolabait, kanpainan. Adituek diotenez, bere aita Jean-Mari Le Penek erabili ohi zuen diskurtso gogorra falta zaio.

François Bayrou, zentroko politikaren MoDem-en burua, paradoxaren beste adibide bat da. Bozen %9,5 iragarri diote kanpaina ofizialaren hasieran, urtarrilean, ordea, inkestek %14 eman zioten. Ia bost puntuen galera jasan du. Bere kasuan ere, bozemaile zentrista zenbait UMPko eskuin aldera lerratu direla pentsa daiteke. Demagun bozen %3. Hiru puntu eskuin muturretik gehi beste hiru zentrotik, sei puntu dira –kanpaina nagusia hasi orduko– Sarkozyren eskuinak bereganatu dituena. MoDemen egoera paradoxikoa hauteskundez hauteskunde errepikatzen da. Bayrouk lideratzen duen zentroak politika errealista aldarrikatzen badu ere, politikaren pragmatismoak bizkarra ematen dio funtsean. Bayrouren oztopo handienetako bat, bakar-bakarrik egotea da bere alderdian. Ez dauka egiturarik eta talde sendorik bere inguruan. Egoera hau, neurri batean, zentroaren beraren praxi politikoaren ondoriotzat jo daiteke. Erregio eta Departamenduetako botere gunetan, eskuarki, UMPrekin batean aritzen baita.

Kanpainaren berezitasunak

Aurrekanpaina joan da, eta oraindik ere boz emaile erabakigabeen ehunekoa 15 da. Boz hauek kanpainako azken txanpan jokatuko dira. Frantziako hauteskundeek AEBetako demokraziaren ereduaren gero eta antza handiago daukate nolabait ere. Kanpaina hamar hautagaien bideoklip banarekin abiatu da. Irudi batek argi diezaguke kanpainaren jitea: Europe Ecologie-Les Verts hautagai Eva Jolyk erabili ohi dituen betaurreko gorrien ordez, berdeak jantzi ditu. Ezkerreko baloreak defendatzen omen dituen hautagai baten aldetik, ekimen hutsal baten adibidea baino ez da. Kanpainaren beste ezaugarri bat, hasi eta berehala, hautagaien proposamenak dira. Esaterako: gazteek gida-baimena eskuratzeko modu merkeak proposatzen dituzte hautagaiek. 1.500 euro behar dira gida-baimena lortzeko, bada, badago “dohainik” eskuratzea proposatzen duena, Mélenchonek, kasu. Halaber, badaude ere errepideko trafiko isunak amnistiatzea proposatu duten hautagaiak. Le Pen, kasu, neurri horren alde agertu da. Kanpaina, gazteen bozen “arrantza kanpainatzat” ere jo daiteke. Kanpainaren funtsa ilustratzen duten ohiko proposamenak dira hauek, batzuk zaharrak eta berriak bestetzuk.

Funtsean, hautagaiek badakite presidente aulkia Sarkozyren eta Hollanderen eskueran besterik ez dagoela. Hartara, Sarkozyk –zuzen edo zeharka– eskuin muturreko FNko eta zentroko MoDemen aldetiko proposamenak arretaz jasotzen eta neurtzen ditu bigarren itzulira begira. Eskuineko Dupont-Aignanek eta Cheminadek ere akolitoaren rola jokatzen dute hauen inguruan. Ezkerraldean antzean gertatzen da. Inkestek Hollanderi ematen diote Eliseoko aulkia. Itxura guztien arabera, Mélenchonek eta Jolyk Hollande babestuko dute bigarren itzulian. Alabaina, nork bere proposamenak indartzeko ongi baliatzen dute kanpaina. Adibidez, Mélenchonek langile profesionalen gutxieneko soldata (SMIC) 1.700 eurotan jartzea proposatu du. Jolyk energia berriztagarrien aldeko politika finkoaren truk eskaintzen dio bere sostengua. Ezker muturreko Arthaud eta Poutou hautagaiek ere klase sozial apalen aldarrikapenen truk, euren aldeko boza kario eskaintzen diote Hollanderi.

Guztiarekin, beren boza erabaki gabe duten hautesleen %15 hedabideen eraginpean jokatzen den kanpainan erabakitzen ari da. Sare sozialek –Twitter, Facebook eta abarrek– modu berezian eragiten dute emaitzetan, batez ere kanpainako azken hiru egunetan. Lege eta arau berriak ezarri ezean, indartsuek beren sarera aise daramate boza, hots, “arraina”.

Abertzaleak aiduru

Sarkozy presidentearen bisitarekin abiatu zen Ipar Euskal Herrian boz kanpaina. Hollanderen etorrera ere iragarri zen, baina orainokoan ez da heldu. Abertzaleen aldarrikapenak ozenki entzun zituen egungo presidenteak: euskal instituzioa eta euskararen ofizialtasuna. Deiadar kolektiboaren Baionako manifestazioaren oihartzuna ere handia izan da. Anartean, EH Bai koalizioak begi batez behatzen ditu presidentetzarako hauteskundeak eta burubelarri ari da lantzen, ekainean izanen diren Legebiltzarrerakoak (Assemblée Nationale). Nolanahi den ere, egungo sistema demokratikoaren bermatzaileek eta Iparraldeko politikari notableek –UMP eta MoDemeko hautetsiek; baita PSkoek ere beste neurrian– Ipar Euskal Herriari begira egin ohi dituzten proposamenak ez dira egundo bete. Hona, azken adibidea: François Hollande presidentegaiak politika posibilista urratzen duen bitartean –euskal instituzioa eta euskararen ofizialtasunaren aldeko promes historiko antzuak gogoan– ezkerraldeko bozak “arrantzatzea” espero du. Alabaina, ezkerreko hautagaiek (Mélenchon, Arthaud eta Poutouk) hizkuntza gutxituen ezagutza konstituzionala errefusatzen dute funtsean, era batez edo bestez. Eskuinak statu quoari eusten dio, eta Frantziako muturreko ezkerra eskuina bezain jakobinista da


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude