“Agur, nuklearrak” Japonian esaten da “Saionara Genpatsu”

  • Gezurra da Fukushima Daiichiko zentral nuklearraren hondamendia dagoenekoz kontrolpean dagoela. Intelektualak, komunikatzaileak, zientzialariak eta gero eta herritar ugariago ohartu dira Japoniaren izatea bera jarri dutela arriskuan nuklearrek. Oraindik ezin da baztertu Tokyo bera hustu behar izatea, tamalez.

Le Grenier de Choco bloga egiten duenak ipini ditu Interneten Kenzaburo Oeri (handia) eta Satoshi Kamatari (txikietan behekoa) Pariseko Salon du Livre erakustazokan berak egin erretratuak. Kamata kazetari beteranoak aitortu zuen, esker onez, nuklearren ko
Le Grenier de Choco bloga egiten duenak ipini ditu Interneten Kenzaburo Oeri (handia) eta Satoshi Kamatari (txikietan behekoa) Pariseko Salon du Livre erakustazokan berak egin erretratuak. Kamata kazetari beteranoak aitortu zuen, esker onez, nuklearren kontrako mugimenduari sekulako laguntza ekarri diola Oe mundu osoan ospetsuaren konpromisoak. Argazki txikietan goikoan ageri da Hiroaki Koide ingeniaria, Fukushimako hondamendia eta bere ondorioak ulertzeko erreferentzia nagusi bilakatu dena. Internetez ingelesezko nahiz frantsesezko azpitituluekin entzun-ikus daiteke Fukushimakoa gertatu eta hamar egunera Koidek emandako hitzaldi osoa, Nuklearren egia izenekoa, informazio osagarriz hornitua. Gutxitan dago aukera hain hitzaldi argi eta zehatza entzuteko nuklearrena bezalako gai konplexu batez.

Kenzaburo Oe Nobel Sariduna Parisen izan zen otsailean, Salon du Livre erakustazokak konbidaturik. Honela mintzatu zen: “Zerura begira nengoela, ikusi nuen hodei garden bat, oso berezia, zama larria zekarrena. Beranduago jakin nuen laino hark erradioaktibitate handia ekarri zuela”. Geroztik ez du beste ezertaz idatzi nahi, ez bada hodei haren ukiaz eta mugimenduaz.

Azken zortzi urtez prestatzen ari zen liburua bazterrera utzia duela aitortu zuen 1994ko Nobelak koroatutako Oek. Editorea ez du pozik edukiko. “Fukushimak aurrean ezarri dit hondamendi orokorra. (...) Erabaki dut nire lanak aipatuko duela ikusten dudana, egokitu zaidan garai hau. Horra zer ekarri didan Fukushimak”.

Frantziako Centre National du Livrek antolatzen duen ferian Oek berak eta Satoshi Kamata kazetari beteranoak La littérature de la catastrophe aztertu zuten. Biak dira Sayonara Genpatsu (Agur, Nuklearrak) mugimenduko kide ezagunenetakoak. Bilkura publikoan esandakoak bildu ditu bere blogean Sciences et Avenir aldizkariaren zuzendari Dominique Legluk.

Kenzaburo Oek 1965ean argitaratu zuen Hiroshimako Apunteak izenekoa, Fukushimakoaz geroztik hainbat hizkuntzatan berrargitaratu dena. Beti eskaini die arreta Oek bonba nuklearrek kaltetutako herritarrei, baina Parisen aitortu zuen luzaz uste izan zuela arriskua gainditu zuela.

Idazleari Fukushimako hondamendia hasi eta gutxira heldu omen zitzaion mediku bat esatera 1965ean Hiroshimakoaz gauzak oker azaldu zituela: jendeak ez direla kanpoko erradiazioengatik bakarrik gaixotzen, horrez gain irentsitako partikulek barnetik eritzen dutela pertsona eta “horixe gertatuko zela Fukushiman. Berrogei urte barru umeek gaixotzen segiko dute”.

Satoshi Kamata, 77 urte, kazetari ezaguna da, liburu ugariren egilea, ikertu ditu Toyotako langileen bizi baldintzak, kutsaduraren ondorioak, AEBek Japonian dauzkaten base militarrak... Orain 10 milioi sinadura bildu nahian dabil zentral nuklearrak geldiarazteko, dagoenekoz bost milioi lortu omen dira.

Kamatari gaurko egoerak oroitarazten dio Hiroshiman lehen bonba atomikoa lehertu eta Nagasakin bigarrena zapartarazi arteko hiru eguneko epe hura. “Japoniako Gobernuak ez zuen deus egin bigarrena jaurti ez zezaten, errenditzerik ez zuen agindu. Orduan inporta zitzaion sistema inperialari atxikitzea. Orain inporta zaio sistema nuklearrari zutik eustea, enpresen interesei”. Orain Kamatari loa kentzen diona Japoniako hurrengo hondamendia da: “Bigarren katastrofe nuklearra prebenitzeko mugitu beharra daukagu”. Horregatik firma bilketak eta jende bilkura handiak, martxoaren 24an egin zen bat Tokyon, hurrengoa uztailaren 16rako prestatzen dute.

Hondamendi giro honetan zer egin behar du idazleak, galdetu diete biei. Kenzaburo Oek: “Indar egin dezake zentralak geldiarazteko edo berriz abiatzea eragozteko”. Katamak: “Gaur gai nagusi bat daukagu: zer egin behar dugun etorkizuneko belaunaldiei ez eragozteko bizi ahal izatea, gizakien legez bizitzea alegia”.

Erregaien urtegi madarikatua

Hiroaki Koide aspalditik ari da energia nuklearraren kontrako kanpainan. Ez da idazle edo kazetaria, ez intelektuala, nuklearrean espezializatu ingeniaria baizik. Duela 40 urte murgildu zen atomoetan, hauen promesek liluraturik. Laster etsi zuen, ordea, nuklearren ahuleziez eta arriskuez jabetuta, horien kritiko zorrotzena bilakatuz.

Urteotan Koide zokoraturik eduki dute Kyotoko unibertsitatean. Hala ere lortu du erradiazioen neurketan ikertzen segitzea. Hiru liburu plazaratu ditu, tartean Genpatsu no Uso, Nuklearren Gezurrak. 2011ko martxoaren 11ko katastrofea iritsi zen arte: harrez geroztik, Hiroaki Koiderengana sarritan jo dute kazetariek bezala gizarte mugimenduek, argibide eske, hitzaldietara konbidatuz.

Joan den martxoaren 8an Asahi TV katean, Goizeko Txoria saioan, tertuliakideak ari ziren kalakan Fukushimako zentralaren egoeraz, agintariek diotela kontrolpean daukatela. Kazetariak deituta, Koide sartu zen solasean bere bulegotik. Pantaila handi batean erakutsi zuen Fukushima Daiichiko laugarren erreaktorearen irudia.

Haluzinatzekoa da zein hondaturik dagoen eraikin hori... barruan daukalarik infernua zelatan. Koideik dio: “Ikus dezakezuenez, hementxe dago piszina, bere barruan dauzka erregai usatuzko barra mordoa. Lurrikara handi batek berriro astintzen badu eraikin hori, piszinako ura ihesi joango da eta erregaia ez da gehiago hoztuko. Eraikina hondoratuko denez, erradioaktibitate kopuru izugarri bat isuriko da airean, ez baitauka inolako horma babesgarririk”.

Toru Kamakawa kazetariak galdetuko dio ea ez ote den posible 4. erreaktore horren ondoan beste piszina bat eraikitzea, erregai barrak bertara eramateko. Ez da hain erreza. Hasteko, ezin dituzu barrak atera uretatik, bestela inguruko langile guztiak bertan geratuko lirateke hilda, hain da gogorra berengan daukaten erradioaktibitatea. Horrelako sorpresak ematen dituzte nuklearrek, jendeek “erregai usatua” esanda pentsatzen baitute arrisku gutxiagokoa dela.

Erregaiok piszinan sartu eta bertatik ateratzeko garabi erraldoi bana zeukan Fukushimako erreaktore bakoitzak. “Zeukaten”... lurrikarak eta istripuaren ondoren erreaktoreen leherketak suntsitu baititu. Orain, azaldu du Koidek, TEPCOren langileek putzua garbitu behar dute estreina, gero garabi handi berri bat eraiki, horrekin edukiontzi erraldoi bat eraman piszinako barrak bertan sartzeko... eta hauek ontzian sarturik atera, gauza oso erreza ez pentsatzen bada erregai barrak hondatuta daudela.

“Lan guztiok burutzeko urteak beharko dira” dio Koidek. Kamakawa kazetariak itauntzen: “Eta tarte horretan beste lurrikara handi suntsitzaile bat gertatuko balitz?”. Koidek: “Hori litzateke akabera”. “Akabera?”. “Bai”, bukatu du gordin Koidek.

Asahi TVko bideoa frantsesezko azpitituluaz hornitu duen Fukushima.over-blog gunearen arduradunak esplikatu ditu azken esaldiak: “Zeren akabera? Zentraletik 250 kilometro arterainoko giza bizitzarena. Toru Tamakawa kazetariak ez du zehaztu, beharrik ez zegoelako: denek dakite Tokyo ebakuatu beharko litzatekela hori gertatuz gero. Solaskideen aurpegietan nabari da ikara”.

Zortearen mende da hein batean milioika jenderen eta Japoniaren izatea bera.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude