Don Vito eta akolitoak

Martxoaren 15ean 40 urte egin zituen Francis Ford Coppolaren The Godfather apartak, aitzakia ezin hobea mafia italoamerikarra –botere borroka, ustelkeria, familia, mendekua, negozioa– gai duen filma berrikusteko. Azken finean, ezaguna zaigu istorioa: pelikula irekitzen duen ezkontzaren eszena luze eta gogoangarrian nola, ospakizun alaian eman ditugu egunak, eta alboko gela ilunean, don Vito eta akolitoak aritu dira azpijokoan, lokatzetan eroso. Sotilagoak dira egungoak, ez dituzte zaldi buruak uzten ohean, ez dute etsaia sokaz itotzen; nahiago dituzte neurrira sortutako legeak, mehatxuak eta txeke zuriak. Garaiotako Corleonek ez du Marlon Brandoren ahots urratuarekin hitz egiten, ahapeka adosten ditu eskupekoak, eta jokoa baino, adreilua, errauste plantak, hirigintza, espekulazioa ditu negozio-iturri. Haatik, familia zutabe garrantzitsua da oraindik, esleipenak eta goi-karguak banatzeko garaian.

Ikusi ditugu gurean funts-desbideratzeak –lapurretak, hizkera jatorrean–, irregulartasunak museo eta erakunde publikoetan, golf zelai eta lursailen salerosketa zalantzagarriak, epaile eta agintarien prebarikazioak, opari festak. Baina The Godfather-ko mafiosoen dotorezia eta estiloa falta zaie, gaurkoek trakets jokatzen dute, egun argiz eta lotsagabe. Fikziozko mafiak bere alde du klasiko bihurtu den Nino Rotaren musika-banda zirraragarria, ikuslea harrapatzeko gai den tentsio dramatikoa, Coppolak erabilitako plano berritzaileak, pelikula guztia zipriztintzen duen giro beltza, Marlon Brando eta Al Pacinoren interpretazio bikainak, buruan iltzatuta geratzen diren esaldiz osatutako gidoia… “Aitak edozein gizon boteretsuren antzera jokatzen du, senatari edo presidente baten antzera”. “Ez izan inozoa, Michael, senatariek eta presidenteek ez dute jendea hiltzen”. Isilunea. “Zein da hemen inozoa?”. Inozoenak gu, ospakizun alaia betiko izango zela sinesteagatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude