Fukushimako hondamendiaren lehen urteurrena

  • Mundua giza-kate, kanpaldi, bilkura eta meeting antinuklearrez beteko da martxoaren 11n, Japoniako Fukushiman egun horretan hasitako triskantza nuklearra oraindik pozoi-dariola dagoela oroitarazteko. Nahi balu ere ezingo genuke ahaztu, 25 urte lehenago Txernobylen gertatua ezin dugun moduan: bizi-bizirik darraite tamalez.

The Science of Conundrums blogetik hartutako argazkian, polizia japoniarraren kontrola Minamisoma hiri inguruetan, gune debekaturako sarbidea galarazten. Poliziak bideak eta ahoak itxita, Fukushimako istripuaren ondoren agintariek, industriak eta hedabide
The Science of Conundrums blogetik hartutako argazkian, polizia japoniarraren kontrola Minamisoma hiri inguruetan, gune debekaturako sarbidea galarazten. Poliziak bideak eta ahoak itxita, Fukushimako istripuaren ondoren agintariek, industriak eta hedabide nagusiek elkarlanean lortu dutenaren metafora bailitzan. Abenduan adierazi zuen Tokyoko gobernuak Fukushima Daiichiko erreaktoreak hotzean egonkortzea lortu zutela, eta komunikabide guztiok egin zioten oihartzun. Alabaina, otsail honetan matxuratutako erreaktoreetatik bigarrena tenperatura kezkagarrietaraino berotu dela zabaldu dute Fukushimakoari jarraipena egiten dioten blog eta webgune ondo informatuek, usinak lurruna jaurtitzen dutela ere erakutsi dute zenbait bideok. Agintariek adierazi dute 40 urte beharko direla zentrala osoki desegiteko: otsailekoa bezalako susto gehiago izango dira.

Georges Baumgartner bidali du Suitzako TSR Tele Suisse Romande kate publikoak Fukushima inguruetara, han gauzak urte beteren buruan nola diren ikuskatzera. Fukushima departamenduko gobernadore izandako Eisaku Satorekin bisitatu ditu zentral nuklearraren inguruak, itzulitakoan C’est la zone! erreportajea egiteko. 11 minutuko erreportajeak frantsesez eskaintzen duena hemen euskaraz kasik hitzez hitz emanen dugu, bideoa –Argiaren webgunetik erraz eskuratzen da– ikusi nahi duenaren lagungarri.

Eisaku Satok babesgarriak jantzi ditu Fukushima inguruetan sartzeko, autoaren ondoan. Prefektura hartan gobernadore izana da 18 urtez. Garai hartan salatu zuen TEPCO konpainiak informazio faltsuak ematen zituela zentral nuklearreko istripuez. Orain kazetariarekin ikusi nahi ditu zona debekatuko eremuak, Europarako bidea hasi aurretik.

Zentralaren inguruko hesietara iritsi da ekipoa. Lau erreaktoreetatik bi urtu egin ziren eta menturaz barruan zeukaten erregaiak zulaturik dauzkate ontziak. Badirudi okerrena saihestu dutela orain arte. Gobernuak deklaratu du erreaktoreak hotzean geratuta daudela, 100 ºC azpitik. [Otsailean 2. erreaktorean tenperatura askoz gehiago igo da, aditu batzuek diote fisio katea ez dela gelditu].

Yukiteru Naka doa kazetariekin, zentralaren eraikuntzan arduradun izandako ingeniaria. Babes-jantzirik gabe, harrigarria. Hamar minutu daramatzate hesi ondoan eta erradiazio mailaren mugara iritsi dira, alde egin beharra dago. Tartean TEPCOko guarden kontrola pasa beharko dute, legez etorriak izan arren.

TEPCOk informazioa ezkutatzen duela diote askok, inork ez daki zentralean zer gertatzen den. Enpresaren eta gobernuaren arteko konplizitatea, Eisaku Satok aspaldi salatu zuena, ez da aldatu Fukushimako istripuaz geroztik.

Zentralaren ataritik pasa dira, ezin da sartu. Erreaktoreak kontrolatu nahian ari diren langileak lehen Japoniako futbol taldeak entrenamenduetarako zerabilen eraikinean dauzka TEPCOk, zelaiak parking. Egunero 3.000 langile ari dira barruan, baina erreaktoreetaraino hurbildu gabe, erradiazioa handiegia da oraino.

18.000 langile txandakatu dira istripua kontrolatzeko ahaleginean. TEPCOk diluitu egin nahi luke horiek hartu erradioaktibitatea. Tokyioko Toranomon ospitaleko Suichi Taniguchi doktoreak salatu du langileen osasuna ez dela zehaztasunez kontrolatzen. Langileen zerrendarik ez da. Erradioaktibitatea neurtzen hasi zitzaizkien maiatz-ekainean, hamabostean behin aztertu beharko lituzkete, baina ez dute egiten.

Yukiteru Nakak kazetariak daramatza lurrikara eta tsunamia baino urte bete lehenago Fukushima inguruan eraiki zuen txaletera, Fukushima Daiiniko zentralaren ondoan. Tsunamiak ez zuen hainbeste kaltetu. Nakak karrera osoa General Electricen egin du eta Fukushimakoaren eraikuntza gidatu. Etxean ordularia lurrikararen orduan dago geratuta: 14:46.

Nakaren bilobak asko dibertitzen ziren txaletean. Ezingo dira itzuli. Baina ez dauka kexatzerik, dena galdu duten milaka jendeen aldean. Uste du istripu nuklearra saihestu ahal izan zela, langileak emergentzia hartarako prestatuak izan balira.

Herri kutsatura itzuli ala ez?

Kotsuya Endo Tomioka herriko alkatea da. Koriyama hirian aurkitu dute, lekualdatu dituzten erkideekin. Herrira itzultzea da beretzako lehentasuna, TEPCOren kalte ordainak eskuratuta. Kazetariak Tomiokara doaz gero. Zonalde debekatuan dago. Langileak ari dira lurzoruari eta lurpeko urei kutsadura kentzen. Zertarako saiatu, ordea, oraindik erreaktoreak atmosferara partikula erradioaktiboak isurtzen ari badira? Kamerari urrutiratzeko, erradiazioak handiegiak dira.

Naka ingeniariarentzako, zona kutsatua garbitzea garestiegia izanen da. Itsasoari kutsadura kentzea, ezinezkoa. Hobe zona hau bihurtzea hondakin nuklearrak metatzeko gune, parke nazional edo memorial edo erradiazioek ingurumenean dituzten kalteen ikergune.

Tomiokako kaleak famatuak dira gereziondoengatik. Alkateak gonbidatu ditu herritarrak loraldian itzultzera, itxaropenari eusteko. Ryo Sugimoto udal langilea daramate gidari. Haur txiki bat dauka. Nekez itzuliko dira kutsadura apalduta ere. Aldiz, zaharrek itzuli nahi dute, jaiotako lekuan hiltzeko. Trenik ez Tomiokako geltokian. Arimarik ez TEPCOk indar nuklearra promozionatzeko eraiki parke tematikoan; Edisonen eta Curie senar-emazteen etxeen erreplikak dauzka.

Eisaku Satok ikasgaia azpimarratu die kazetariei. Nuklerrak dira herrialde baten heldutasun demokratikoaren neurgarri. Polizia-estatu bihurturik, zentraletan pasatzen dena ez dizute sekula ikusten utziko.
Kawauchi herria bitan zatitua da, erdia gune debekatuan, beste erdia libre. Yuko Endo alkateak itzultzeko konbentzitu nahi ditu herritarrak, aterpeturik dauzkaten Koriyaman baino erradiazio gutxiago dagoela, ez dutela utzi behar herria hiltzen Txernobyl inguruko askorekin jazo bezala.

300 bat baizik ez dira itzuli. Shigeru Iidek jatetxea ireki du berriro Kawauchin. Itzuli egin behar dela dio, gobernuak ez dituela TEPCOren biktimak betiko lagunduko, bakarrik moldatu beharko dutela.

Koriyama, zentral nuklearretik 60 kilometrora, 300.000 biztanle. Hemen babestu dira zonalde debekatutik kanporatutako herritar asko. Baina gaur Koriyaman erradioaktibitatea handiagoa da gune debekatuan baino. Hemen bizi da Eisaku Sato, Fukushimako prefekto ohia.
Nuklearrak gainbegiratzeko erakundea METI Industria Ministerioaren menpe dago. METIk abian jarri nahi ditu geldituta dauden zentralak, eta industriarekiko konplizitatea sekula baino handiagoa da. Sinestekoa da Satoren hitza. METIko funtzionario izana. Gobernadore zela ikusi du informazioak nola ezkutatzen dituzten. Ez du sinesten Japoniako Segurtasun Nuklearreko erakundeak nuklearrak ondo gainbegiratu ditzakeenik.

Agintari politikoen eta enpresen arteko lagunkeriaren eragina borobiltzeko, Japoniako komunikabide nagusiek ez dute auzitan jartzen energia nuklearra. Erreportajearen azken irudiak: 2011-2012ko neguan Sato kamera hartuta dabil zonalde debekatuan, hor den mendetako kultura desagertu ez dadin ahaleginean.

Georges Baumgartnerrena bezalako bideoak eta informazioak eskueran daude sarean, nahiz eta hedabide nagusietara ez diren iristen. Begiratu egin behar. Internet hor egonik, Fukushimaz ez dakienik bada, nahi duelako da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude