Artze frikia

  • Isturitzetik Tolosan barru :: JosAnton Artze.

    Pamiela, 2007 (lehen edizioa 1969).


    144 orrialde.


    20 euro.
Jaio gabeak ginenok ere egin dezagun ariketa: 69an gaude –69 betean, ezen ez batean–. Euskal literaturaz ari garela, pleistozenoan edo. Lozorrotik esnatzen ari da dinosauroa –katutxoa, esango dute errealistenek–. Kolpetik agertzen da JosAnton Artze delako bat, Zeruko Argian-eta kolaboratu izan duena, harako Ez dok amairu hartan txalaparta berreskuratzen aritu izan dena; baina liburu argitalpengintzan artean birjina duguna. Eta ateratzen du Isturitzetik Tolosan barru izeneko, xuabe esatearren, zera bat. Zera bat berria, berritzailea, apurtzailea, uppercuta irakurlearen matrailezurrera. Ez dut nik esaten, Juan San Martinek daitor liburuan berean, garaiari pultsua hartuta: “Ez baita erreza izanen liburu honi kidekorik arkitzea”.

Poema bilduma gisa dugu sailkatu, baina izatez da zer edo zer gozoagoa. Objektu artistikoa Koldo Izagirreran hitzetan, biltzen baitu poema sorta, bai, baina egiten du modu berezian, ikusgarrian, leitzeko testuak bakarrik ez, begiekin jatekoak ere bailiran. Estetika du ausarta, diseinua dago poemaren, bildumaren menera, liburua bilakatuz eszenario multiplea. Eta liburua azkenerako da abentura bat, ez dakit Isturitzetik Tolosan barrurakoa, baina bai literarioa.

Eta ez soilik abentura estetikoa, poemetan ere gai berriak ematen dira, edo gaiak ematen dira ikuspegi berritik, indarrean zeuden ideiekiko oldarkor; tarteka nahita lizun-zikinak, marteka kolpe labur lirikoak. Eta esango dut: liburua irakurri ondoren, Txoria txori ez da akaso Artzeren poema lortuenetako bat. Edo tira, hain dago mitifikatua, onaren eta txarraren gainetik dagoela jada –eta azpitik ere bai, estutzen banauzu–. Baina iruditeria popularrean iltzaturik geratu diren poemetatik harago, Artze osatuago bat ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu Isturitzetik Tolosan barru lanak.

Bere garaian oihartzuna izandakoa, ahanzturaren neguan ez ote zen erori gero, desmemorian geratzeraino. Ahanztura horrek kitzikatuta etorri zen 2007ko edizio hau, edizio faksimila, orijinala bere kontzepzioan errespetatzen duena. Bidean geratua berreskuratzeko. Bidea ireki zuena berriz errailean sartzeko. Gaur egunekotik irakurketa berriak egin ahal izateko, zergatik ez. Eta literaturaz asko dakien irakasle batek esan izan dit, ahots apalean esan ere, idazle friki gisa kalifika lezakeela lasai asko Artze gaurko oinezko irakurleak. Bego. Ez dateke agian erabat okerra, ez guztiz txarra halaber. 69an jaio gabeak ginenok ere ez baitezagun ahantz: irakurketak biziarazten duela denboran barrena literatur lana.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude