"Zinema beti da memoria"

  • Dena ez da berri ona.

Helena Taberna
Helena TabernaJosu Santesteban

Hara, berari buruzko informazio oro ezkutatzen duena!

Zer ardura du dibortziatua naizen ala ez, zazpi haur ditudan ala haurrik ezin dudan ukan, nire aukera sexualak zein diren, ala Errege Magoei buruz zer iritzi dudan? Niri buruzko informazioak ikuslea eta pelikula baldintzatzen dituzten etiketak dira.

Baina XXI. mendeko gizakia baino etiketazaleagorik...

Zer eta nola kontatzen dudan da garrantzitsua. Hortik landa, gorroto ditut pelikula kontatzen dizuten trailerrak, pentsatu eta ikusi behar duzuna azpimarratzen dizuten filmak... Konfiantza osoa daukat ikuslearen inteligentzian.

Mundu honetakoa zara?

Noiz ulertuko dugu ebidentea azpimarratzea mingarria bezain iraingarria dela? Pentsa, batzuetan hala helarazi izan didaten mezua gorrotatzera iritsi naiz, nire ideiekin bat zetorren arren.

Segi, segi kritikari zenbaiti letaginak zorrozten!

Ideologia jakin bateko kritikaren perbertsioak politikotzat jotzen den film oro panfletotzat katalogatzen du. Nik hasi aurretik dakit panfletoak zine txarra dakarrela. Horregatik bakoitzak erabaki dezala zer pentsatu, non kokatu, istorioa nola borobildu.

Aukeratzen dituzun gaiak ikusita, zuri hatza zaurian sartzea gustatzen zaizu.

Hollywoodeko nori otuko zaio Yoyes edo Nagore Laffageri buruzko pelikula bat egitea? Ezinbestekoa da herri batek bere historiak kontatzea. Historia eta istoriorik gabe ez gara ezer, eta zinema beti da memoria.

Baina memoria ez al zuten irabazleek elikatzen?

Bakoitzak elikatu behar du berea. Ez pentsa hautatzen ditudan gaiak hautatzeko DNA berezia dudanik. Munduan bizi naiz, munduan gertatzen direnek hunkitzen naute, eta zine-maitale gartsua izaki, ikusi nahi nituzkeen pelikulak egiten saiatzen naiz.

Independentzia, astero ez bada ere, pelikula oro ikusi dadila.

Zinema egitea oso gaitza da, ez esfortzu artistikoagatik soilik, finantziazioarengatik baizik. Gainera, niri saltsa gustatzen zait, periferiakoa naiz, emakumea... Zailtasun erantsi asko dauzkat, baina independentea ez banintz ez nuke filmik egingo.

Eskerrak zine-aretoak husten ari diren...

Zer kontatua dagoen artean, istorio zinematografikoek izango dute lekua han edo hemen. Niri filmaren osteko kafe-tertulia galtzeak ematen dit pena. Krispetak izozteko egiten ditut pelikulak, jendeari zeresana pizteko, eta errito soziala desagertzen bada...

Gizonezko zuzendariei euren protagonistak zergatik diren gizonezkoak galdetuko diegu.

Ordainduko nuke batzuen aurpegiak ikusteagatik! Apurka-apurka aurrera goaz, baina Goya sarien palmaresa ikusi besterik ez dago: ia erabateko maskulinitatea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude