argia.eus
INPRIMATU
Joanes Etxebarria
"Nahi badut bertsolari izan, behar dut hasi nintzen bezala, ostatukoa izan"
  • Hurkoa identifikatzeko dugun beharrak sortu zuen izena. Joanes Etxebarriak badu izena, badu titulua: Iparraldeko bertsolari txapelketaren finalean kantatu duen lehen zuberotarra dugu. Izenaren atzean, izana: kazetari eta argazkilari, “jakintsuagotzen gaituen zalantza orokorra” lagun.

Miel Anjel Elustondo 2012ko urtarrilaren 29a
"Komunikatzea da garrantzitsuena. Aurrean duzun publiko horrek sentitzea edo pentsatzea lehendik sentitua edo pentsatua ez zuen zerbait. Batzuetan jendeak ez daki oso ongi nola erreakzionatu eta ea zer sentitu behar duten galdetzen dute. Publikoak egon behar du aktibo eta agian hori da ziurgabetasuna sortzen diona. Baina balio duena da norberak sentitu duena".

“Elkarrizketa niri? Beharrezkoa dea?” Egin zenidan galdera. Bertso plazara ekarri duzu zeure burua, Iparraldeko txapelketan . Hortik heldu da solas hau…

Bai, bertsolaritzaren mundua ezagutzen nuelakoan… Baina kanpotik ezagutzea, edo barnetik, bi gauza dira. Zerikusirik ez daukate. Bertsolariekin egin elkarrizketak maite ditut, iruditzen zait ikuspegi interesgarria dutela gizarteaz, Euskal Herriaz, kulturaz… Batzuekin gehiago, edo gutxiago identifikatzen naiz, baina hor ez da belaunaldi konturik. Silveira asko maite dut, adibidez, harekin identifikatzen naiz. Baita Lizaso ere, Sebastian, eta haren semea, Beñat.

Eta Sebastianen aita, Beñaten aitona Joxe Lizaso?

Bertsozale amorratua bilakatu naizenean, internet eta prentsa bidez segitu dut bertso mundua. Zuberoan bizi zarelarik, bertsoetara joateko behar dira bi ordu, Gipuzkoara joateko, Iparraldean oso gutxi baitira jaialdiak. Hemendik ez da segitzen ahal bertso mundua astebururo, eta internet bidez entzun dut Joxe Lizaso ere. Baina beti urrundik segitu dut bertsoa.

“Bertsozale amorratua bilakatu naizenean”, esan duzu…

Hamahiru-hamalau urterekin sartu zitzaidan zaletasuna, lagunen bidez: Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua, bereziki. Haiekin nintzen kolegioan, Kanbon, oso lagun egin ginen, eta haiek bertsotan ari, ikustera joaten nintzelarik, maitatu nuen bertsoa. Ikusi nuen bertsolaritza ez zela, bakarrik zaharren gauza, izan zitekeela nire hurbileko jendearen hitza ere. Eta interesatzen hasi nintzen. Kanbon, bestalde, irakasle zen Aitor Sarasua, eta sasi-eskola muntatzen saiatu ginen, Joañe Bedaxagar eta biok, baina gazte ginen, eta ez genuen aurrera egin. Eneritz eta Xumai, aldiz, ttiki-ttikitandik hasi ziren, Hendaian, eta bidea egin zuten. Guk bertan utzi genuen. Orduan ez nuen pena sentitu: saiatu ginen, ez zen atera, eta puntu.

Uste nuen Mixel Etxekopar bertsoa lantzen ari zela Zuberoan, ikastolako ikasleen artean…

Baliteke… Ni, hala ere, belaunaldi bitxi batekoa naiz. Gu baino lehenago bai, izan ziren bertsolaritza ikastolan landu zutenak. Gu eta gero ere bai: anaia, urte bat gazteagoa da, uste dut Ernest Alkhatekin ibili zela bertso ikasten. Nik, berriz, ez dut eskolan ezagutu Alkhat, gerora baizik.

Hori gorabehera, zu bertsolari, zure anaia ez…

Kar, kar, kar… Hori da! Ez dut uste nire anaia ere horretaz oroitzen denik. Anaiaren lagun batek geroztik kontatua dakit nik hori. Haurrak ginen orduan. Bertsoaren inguruan ibili naiz beti, lagunen artean, bertsoa entzuten… Lehenago, oroitzen naiz ekitaldi politiko batzuk bazirela, Errefuxiatuaren Eguna, adibidez, eta haietan beti BAZIRELA bertsolariak. Gustura entzuten nituen, baina aritzeko gogoa sekula ez nuen ukan. Mixel EtxekoparRen taldea… Uste dut Izuran hasi zirela bertsoa lantzen, Baxenafarren, Orzibarren, baina beti ukan zituzten zailtasunak talde iraunkor bat osatzeko. Gero, Zuberoan biltzen hasi ziren, eta haiekin bildu zen Xan Alkhat ere, Ernesten semea, eta ni berarekin bildu nintzen, Zuberoara etorri baitzen bizitzera. Adiskidetu ginen, jakin nuen bazela eskola hori, eta sartu nintzen. Baina, hasieran, askotan egin dudan gauza: sartu, zer den ikusi, eta utzi. Ustekabean harrapatu nau oraingo bertso obsesio honek.

Barkoxen sortua… ez da beti hor Pierra Topet Etxahunen kantua beti presente?

Bai, baina Barkoxen kantua da tradizioa, ez bertsoa. Nire begietan, Etxahunen testuak hartzen ditudanean, bertsoak ikusten ditut, baina barkoxtarrek kantuak! Eta, berez, gehienak kantu dira. Tradizioa, bada. Beti entzun ditut Etxahunen kantuak Barkoxeko ostatuan. Koblakari dela diote, baina zer da koblakari? Hasi nintzenean kobla kantatzen ostatuan, gehienak aho zabalik geratu ziren, ez zekitelako zer zen hura. Inprobisatzen ikustea eta! Uste dut Zuberoan Etxahun Irurik mantendu zuela bertsoa plazaz plaza, eta bera eta gero tradizio hori hemen nonbait galdu zela.

Zuk berreskuratua, nonbait. “Zuberotar bertsolaria” diote zutaz ari…

Taldeak berreskuratua! Bada hor gauza bat aski bitxia, zeren eta nik ez baititut erroak Zuberoan. Xiberotarra sentitzen naiz, baina Bilbon ditut erroak, hangoak dira gurasoak. Han, erroak, tradizio luze batekoak. Xiberotar batek hitz egiten dizularik beti badira aitatxi, amatxi eta aitzinagokoen erreferentziak. Nik ez dut horrelakorik. Hemen naizelarik, nire adineko gazteen artean, diferentzia handi bat sentitzen dut: Barkoxeko etxeen izenak ez ditut ezagutzen, esaterako, eta hori da ez garelako bertan errotuak, nahiz eta onartuak eta integratuak bizi. Nire auzoko etxeak ezagutzen ditut, baina ez beste auzo batekoak Barkoxen. Behar dut sinadura –hemen erraten den bezala, familia izena–, eta oraindik ere…

Batean eta bestean, aldiz, Joanes Etxebarria, zuberotar bertsolaria leitu genuen…

Nik saldu nuen hori, nik egin nuen propaganda! Kar, kar, kar… Bertsotan zubereraz aritzeaz gain, elkarrizketa guztiak zubereraz egin nituen, erakusteko zuberera ez dela, bakarrik, pastoraleko gauza bat. Gu bizi gara zubereraz.

Zuberoaren propaganda egin zuen zuberotar pertsulariak…

Orain irudi zait gehiegi egin nuela. Uste dut ez zela bortxaz beharrezkoa, zeren, berez, Euskal Herrian norbait entzuten baduzu zubereraz ari, jadanik jendea harritzen da; erran nahi dut, Zuberoatik kanpo entzutean zuberera. Uste dut hainbeste egitea ere ez zela beharrezkoa azkenean. Orain ari naiz, hobeki pentsatuz. Baina bai aspertua naizela, eta garela asko, beti entzuten duguna entzuten: Zuberoa zer polita den, pastoralak, maskaradak, kantuak… Nahiz eta hemen sartzen den pertsona batek pentsatzen duen herri hau hila den, guk badakigu batere ez dela horrela, eta jendea euskaraz bizi dela hemen ere. Bertsoak ongi erakusten du: gizartearen argazkia da bertsoa, eta Zuberoan ez balitz inor euskaraz bizi, ez litzateke bertsolaririk zubereraz ari. Ez da urtean behin egiten den gauza.

Urtean behin egiten den gauza, pastorala, adibidez.

Nik, nonbait, nahiz eta alde batetik asko maitatu pastorala, gorrotatzen dut ere, zentzu batean, non hemengo jendeak errezibitzen dituen autobusak HEGO EUSKAL HERRItik, eta erakusten dute irudi euskaldun edo euskaltzale bat –horrela interpretatua da, behintzat–, eta, egiaz, herri batzuek ematen dute pastorala eta urtean zehar ez dute euskararen alde deus egiten… Bada anbiguetatea… Ez da erraz esplikatzen.

Pastoral ikusleen artean frantsesa entzuten dugu usu…

Eta aktoreak. Aktoreen hiru laurdenak frantsesez mintzo dira, eta ahoskeran ere sentitzen da hori… Nik hemendik kanpo zubereraz egiteak bazuen beste zentzu bat ere: zuberotarrei erakutsi nahi nien nola hemen baden Herri bat, kultura hau ez da bakarrik gurea. Asko, sentitzen dira zuberotar, eta gero frantses! Eta nik hori ezin dut ulertu. Ez dut deus aldatuko, ez dio inori deus eraginen. Beharbada jendeak ez  du  sekula nire berri ukan, edo txapelketaren berri ukan, baina nahi nuen zubereraz egin Donibane-Lohizunen, eta ulertua izatea; ez jende guziarenganik, baina, hala ere!, erakutsi berdin Donibane-Lohizunen, berdin Donostian, berdin Bilbon, hizkuntza bera dela erabiltzen duguna, nahiz eta diferentzia batzuk izan, nahiz eta gure euskara markatuago izan.

Esan duzu, “hemen bizi gara, ez gara hilak”. Pier Paul Berzaizen kantuan: “Xiberoak zer duen gogoan, hiltzea, ala bizia” dut entzuna oraindik orain… Ez da Zuberoatik kanpoko euskaldunon ustea bakarrik. Zuberoatik bertatik kantatzen da gibelatzea. Eta Mauleko auzapez Mixel Etxebestek ere errana du ARGIA aldizkarian bertan ere: “Zuberoaren lehenbiziko problema da, bizitzea!” Hamalau mila lagun, heren bat euskaraz mintzo…

Maskaradak ere erakusten du euskararen beheititzea. Joan den urtean, Santa Grazin, haien taldea osatzeko, joan ziren kanpoan bizi diren gazteen bila, gurasoak jatorriz Santa Grazikoak zituztelarik. Herrian ez zuten aski gazte euskaraz egiteko, giltza diren paperak egiteko, erran nahi dut, euskaraz egin behar direnak. Hor bai, arrangura bada. Hala ere, nik ez dut alde ilun hori bakarrik ikusi nahi. Oraindik ez gara ere hilzorian, nahiz eta anitzek horrela erran. Ikusten dut nire belaunaldia –hogeita hamar urtez beheiti–, eta ez da euskalduna, baina, irriskatuko naiz, eta erranen nuke gehiengoak ulertzen duela, eta sentsibilizatua dagoela. Egia da ere, Santa Grazin erran zuten egiazko euskara eman behar zela. Erran zuten publikoki. Amorratzen nau horrelako ikuspegiak, zeren entzun dugun askotan, gure euskara, ikastolako haurrena ez dela egiazkoa. Zer erran behar da? Konplikatuegia da: ari gara hiltzen, eta gainera ez da ikastolarik behar ez delako egiazko euskara!

Eta zirimolan, 2010ean Xilaba txapelgoa, zuberotar gaztea bertsolari, lehenbiziko aldiz parte hartzen, eta finalera heldu… Amets Arzalluzek esana, “txapelketako ilusio injekziorik handiena” izan zintzaizkion zu…

Baina bera da ilusio injekziorik iraunkorrena ! Enetako gehiegi izan zen, kolpez. Nire helburu nagusia plazak ezagutzea zen. Plazak ezagutzeko, txapelketa bat egin behar duzu, nahi ala ez, hor ikusten zaituztelako antolatzaile potentzialek, eta besteek. Pentsatu nuen txapelketan sartzea, giro hura maite ote nuen ikusteko; hori, hasteko. Eta ea ateratzen zen plaza pare bat gehiago urtean, zeren aritu naiz kantuz hiru bat aldiz urtean, ez gehiago. Eta, bat-batean, finalean izatea, eta, gainera, xiberotarraren exotismoa… Gehiegi izan da.

Zer ekarri dizu gehiegizko horrek?

Plazak! Kar, kar, kar… Nahi nuena ukan dut, espero baino gehiago. Ez nuen sekula pentsatuko Bilboko bestetan, edo Iruñean, kantatuko nuenik. Eta hori pasa da!... Baina nire aita bezalakoa naizenez, kontu guziekin burua jaten… Duda anitz ukan nituen, adibidez, Bilbon: “Zertara joanen naiz ni Bilbora, xiberotarrez kantatzera?” Nik eman nuen irudiarekin, jendeak erraten zidan: “Bai, joan, segi xiberotarrez!” Eta Bilbon kantatu nuen xiberotarrez, eta uste dut izan dela egin dudan pitokeriarik handiena bertso munduan. Itxura polita ematen du, baina jendea begira egoten da, ulertu gabe. Plazan baziren berrehun pertsona edo horrela, zenbatek ulertu zituzten nire bertsoak? Eta bertsoa komunikatzeko da, mezua pasatzeko Atik Bra, mezua egokitu behar da errezibitzen duenari. Eta batuan kantatzen hasi naiz, eta batuan kantatzen dudanean ere bitxia zait. Eta ez dakit. Nik, berez, buruhausteak baditut biziaren edozein tontakeriarentzat, eta horrelakoetan, gehiago: ez dut argi ikusten zer ekartzen dudan entzuleari, bertso maila horrek zer ekartzen didan. Baditut mila buruhauste! Kar, kar, kar…

Ameriketara joan zinen, ihesi, zenbait plaza eta jaialdiri uko eginez…

Ameriketara joan nintzen, bai, baina ez ihesi. Aspalditik erabaki nuen joatea, txapelketa hasi baino urte bat lehenago gutienez. Ez da izan eskapatze bat, baina momentu onean erori da finala, hori bai egia. Ez dut gordetuko, finalak harrotasun handi bat ematen dizu, eta nahiz eta ez nuen horraino iritsi nahi, poztu naiz finalera iritsi naizelako; merezia edo ez merezia, beste kontu bat da. Nire lekua irabazi nuen han, baina gero, arriskua da txapelketan sartu, zeure burua goi-mailan ikusi, eta elitekoa zarela pentsatzea. Eskerrak joan nintzen Ameriketara finala eta gero! Uste dut handik bi astera joan nintzela. Joateak lagundu zidan hankak guziz lurrean ematen, han, Ameriketan, jende xumea, umila, borrokalaria ikusi nuen, eta lagundu ninduen pentsatzen: “Finala izan da egun bat, handia niretzat, ez dut sekulan ahantziko, baina nahi badut bertsolari izan, behar dut hasi nintzen bezala, ostatukoa izan, sinple-sinpleki, ez beste pretentsiorik ukan, zeren, bertso munduan sortu da elite bat, eta nik nahiz eta bertsolari horiek maite ditudan, ez dut maite giro hori.

Zer zaizu bertso mundu hori, elitekoa?

Dena baino gehiago ari da bilakatzen, nire ustez. Izenari ematen zaion garrantzia ez dut ulertzen. Hamabost urtetan hasi nintzen kazetaritza maitatzen. Gaztezulon hasi nintzen, ikastaroa egin nuen, Donostian, Berrian ere egin nituen kolaborazioak… Horretan saiatu naiz beti, kolaborazioan. Finala eta hilabetera, galdegin zidaten hedabide batean baino gehiagotan. Aurretik batzuei  galdegina nien kolaboratzea, baina ez nuen lortu. Ez zait hain normala iduri. Ez naiz gehiago, finalean kantatu dudalako.

Utzi dezagun Euskal Herria, goazen Ameriketara. Bidaia, eta bidea, egin duzu han. Kuba, Mexiko, Guatemala…

Argazkia egiten ikasi nahi nuen, berdin zen nora joan, banekien ikasi nahi nuela, eta ez dagoela beste biderik ikasteko: egun osoa eman horri pentsatzen, argazki egiten. Bidaiaren birusa orain dela hiru-lau urte harrapatu nuen. Andaluziara joan nintzen, bakarrik, furgoneta batean, hiru hilabeterako. Beste kulturak, beste jendea ezagutu nahi nituen, neure burua ere hobeki ezagutzeko, eta nire herria. Iruditzen zait Euskal Herria hobeki ezagutzen dudala kanpotik ikusi eta gero. Birusa… zaila zait esplikatzen. Badakit lanean ari naizela, dirua baztertzen, beste billete baten erosteko.

Eginak dituzu, eta interneten erakutsiak bidaian eginiko potreta zenbait. Nola egiten ahal da potreta on bat?

Pasatu ditut bi edo hiru hilabete hori konprenitu nahiz, han, bidaian. Argazkia hartu baino lehenagoko momentuan da erabakitzen potreta ona edo txarra izanen den. Hasieran, iristen nintzen jendearengana, eta galdetzen nien argazkia ateratzeko. Horrela egin nahi nuen, fite-fite. Eta, edo ezezkoa ematen zidaten, edo argazki txarrak ateratzen ziren. Ikasi dudana, biziko gauza gehienak bezala, jendearekiko harremanean dela giltza. Teknikoki ikasi dut, baina hori hemen ere ikasiko nukeen. Gehienbat, jendearekin harreman normala ukaiten ikasi dut, ez turista bezala egiten: hara joan eta nahi dutena egin. Ez. Jendearekin behar da hitz egin, argazkia maite dudala erran, zintzo izan. Gehienetan pasatu dut, gutienez egun bat, batzuetan aste bat, jendearekin, argazki tresna atera baino lehen, eta hor da egiten argazki on bat, jendearekiko harremanean.

Eta turistak ikusten dituzunean ezker-eskuin argazki egiten?

Ihizian ari zirela iruditzen zitzaidan. Argazki tresna eskopeta balitz bezala zuten. Iritsi eta, jendearekin hitzik ere egin gabe klik! klik! klik! ari ziren, safarian bezala. Ni ere turista nintzen han, baina turista masa hori ikustean naiz bidetik baztertu, eta argazki askoz gutiago egiten hasi, gehiago pentsatzen, errespetu handiago ukaiten jendearekiko. Adibidez, maia kulturak badu harreman berezi bat argazkiarekin. Entzuna nuen hemen, bidaian joan baino lehen: haientzat, argazkia egitean, kentzen diezu arima. Askok erran didate hori. Hala ere, jende askok, kamera ezkutuan atera eta egiten dizkiete argazkiak. Ezin dut hori ulertu. Nik, hitz egin nuen maia zenbaitekin, pentsaturik ezingo nuela argazkirik atera, baina, nire afizioa zein zen zintzoki erranez, eta denborarekin, eta haiekin hitz eginez, eta haien hizkuntzatik bizpahiru hitz ikasirik, “otoi” errateko, “mila esker”… atera ditut maia jendearen argazki asko eta asko. Irakurria nuen zenbait argazkilariri, harremanean zela giltza.

Herrialde zenbaitetan han bizi diren zenbait euskaldun izan dituzu sostengu.

Bai. Kontakturik gabe joan nintzen, jakinik han bazela euskaldunen bat edo beste. Han ezagutu nituen. Ez nuen harremana bortxatu. Naturalki egin dut lotura.

Orduko argazki zenbait sarean ikusi genituen (http://joanesetxebarria.blogspot.com/), zenbait bederen…

Eta sarean segitzen dute, nahiz eta kenduak ere baditudan asko. Momentuan egiten ari nintzena erakusteko jarri nituen sarean argazkiak. Geroztik, hilabeteak pasatu dira eta selekzioa egin dut. Uste dut hori dela zailena, lanak selekzionatzea. Batzuk baino ez ditut utzi sarean. Erakusketa egitea ari naiz pentsatzen, baina zaila da hori ere. Aita artista dut, badakit zer lan duen erakusketa bat muntatzen, badakit egin daitekeela nolanahika, edo koherentzia batekin, eta koherentzia eta logika horren bilatzen ari naiz. Uste dut, azkenean, hango eta hemengo potretak ezarriko ditudala erakusketan, baina hemengoak ez ditut oraindik eginak.

Bertsolaria, argazkilaria… non da zure baitako kazetaria?

Kazetariak eta bertsolariak, biek bat egin zuten liburuxka batean: egunkaria, bertsoz idatzia. Kuban, lehen bi hilabetean, ia egunero idazten nuen, bertsoz. Gero, segitu dut idazten, ez hain erregularki, baina idazten. Memoria txarra dut, eta bereziki hortakotz egin nuen, idatzi, bertsoz. Baditut ere, publikatu gabeko erreportaje eta elkarrizketak paperetan, hor nonbait gordeak. Hor dira. Gauza batzuk behar dira digeritu. Lan batzuek ez dute baliorik, ez dira publikatzekoak, baina lehen kontaktu onak dira, bidaian itzuli eta hango errealitatearen ezagutza minimoa eramanen dudalako, hobeki ezagutuko dut hura. Pasta bildu dut. Ez naiz errazki joaten jendeengana, baina erranez kazetari zarela egoten ahal zara jende baten etxean elkarrizketa egiten, publikatu edo ez. Hor ikasten da asko. Horretarako egin nuen, bereziki.

Nortasun agiria

Joanes Etxebarria (1984, Barkoxe, Eiheraberria etxea), Kazetaritza diplomatura egina Parisen. Lan eta kolaborazioak eginak ditu hainbat hedabidetan: Xirika, Xiberoko Botza, Gaztezulo, Berria, Argia… Egun, Berria egunkariaren Ipar Euskal Herriko Hitzan ari da lanean, Ozazeko etxetik, Zuberoako Basaburuan. Zuberera eraman zuen 2010ean, Iparraldeko bertsolarien Xilaba txapelketara, finalera heldu, eta laugarren egin zuen. Bertsolari da, kazetari eta argazkilari zorrotza denaz gain. Haize freskoa dator Zuberoatik.

“Beharrezkoa dea?”

“Jendearekin egoteko ez naiz izua. Alderantziz. Baina igortzen didazularik mail bat erranez elkarrizketa egin behar didazula, hor bai, izua naiz, eta edozein aitzakia asmatuko dut. Maddi Oihenart elkarrizketatu dut berriki, eta hari ere kostatzen zaio. Ni sutan jartzen naiz: ‘Jendeak jakin nahi du zure iritzia, zertan zaren’. Baina errazagoa da mikroaren alde batean egotea, bestean baino. Ni besteen hitzen lekuko izanez elikatzen naiz, besteen hitza hedatzen, eta, bat-batean, niri iritzia galdetzea –nahiz eta badudan iritzia– bitxia egiten zait. Hortik heldu da ‘elkarrizketa niri? Beharrezkoa dea?’.