"Mundua hegietarik begiztatzea ez da hain gaizki"

  • Idazle handia, batere ironia arrastorik gabe.

Emazte, iparreko, emaberekundekoi; eta hala ere euskal literaturaren kanonean.

Arras planttakoa izateko tatxa guztiak biltzen ditut, erdi sekretuan atxikitzen ditudanez gain: ameslaria, décroissant ideietakoa, bling bling... Euskal literaturaren kanonean sartzen dira adin kanonikoko emazteak eta adin horretara heltzen ari naiz.

Pentsatzen nuen kanona obra literarioek ezartzen zutela.

Obra literarioek jendartearen erraiak larrutzen dituen minarekiko balizko interpretazioak proposatzen dituzte. Kanona, aldiz, merkatuak bideratzeko eta asetzeko baliabidea da. Kanonarekin edo kanonaren arabera ezin dut idatzi.

Ez eta politikoki korrekt: politika aldetik bazter, sexu aldetik bazter...

Oraindik bazter... Hargatik laster, ez baldin bada jada, bazter boz eta gai horiek jorratuko dira euskaraz deblauki eta molde anitzez. Noka zoragarria erabiliz. Beldurretik urrun, hizkuntzari pentsamenduaren biribilkatzeko askatasuna zor diogu.

Zuk asko idatzi izan duzu; gehiegi batzuen ustean.

Beti horrela da! Gustatzen zait idaztea, egunero, erraten denaz axolatu gabe. Gainera ez naiz ahalke eta ez dut damurik. Sortzen ditudan pertsonaiekiko elkartasuna hobesten dut. Idaztea niretzat bizitzea da, eta vice-versa.

Ez duzu denbora askorik hartzen emakume normal lanetan.

Funtsean ba al da emakume normal lanik? Emakume normalik? Minimo sindikala segurtatzen dut. Maite dut salda bioenergetikoak kozinatzea eta garbiketa egiten dut eri kartzelatua naizenean.

Eta, hartara, ez zaude bost magnifikoen artean.

Ez nago magnifikoetarik bat izateko, idazteko eta irakurleei behin-behineko plazera emateko baino poesia, artikulu eta nobelekin.

Proposamena luzatuko dugu: hurrengo edizioan jainkotuak izan daitezela sei.

Jainkotua izateak ez du interesik. Euskal Herrian hereneguneko elizetan bezala gizonak galeria goretan dira eta emazteak beherean kopetak apal, bereiz, nahastea gohai, moral sainduaren izenean.

Baina ondo legoke, oso postmoderno: bazterreko dena, erdigunearen erdi-erdian.

Ondo legoke agian, baina antza herri honetan hausnarketaren balio erantsia gizonezkoen eskutik datorkigu eta beharbada hori da postmodernoena. Emazteen erdigunea berriz sukaldea eta ohea date. Aitortzen dut mundua hegietarik begiztatzea ez dela hain gaizki.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 29a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude