Hil da herrigilea

  • Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, 2012ko urtarrilaren 14an hil zen. Berarekin desagertu da Euskal Herriaren azken mende erdia ulertzeko ezinbesteko pertsona. Zenbaezinak, sailkagaitzak dira hark egindako lanak. Hil da idazlea, politikaria, pentsalaria, hizkuntzalaria. Txillardegi asko joan zaizkigu Txillardegi bakarraren azken arnasarekin.

Txillardegi eskuinean, Mikel Atxagarekin hizketan, atzean Bitoriano Gandiaga dutela.
Txillardegi eskuinean, Mikel Atxagarekin hizketan, atzean Bitoriano Gandiaga dutela.

Kolpe bat eman zion mahaiari “ez dago zereginik” esan ondoren; elkarrizketa batean izandako beroaldia –mahukak bilduta ari zen, izan ere–, keinu bat besterik ez; edo zerbait gehiago, beharbada. Txillardegi izan den guztia ezin laburbil daiteke artikulu batean. Ez batean, ez bitan, hirutan, bostetan, zortzitan, hamahirutan... Ezin da. Osotasuna ordezkatzen duen partea bilatu behar, keinu bat, bizitza baten sinekdokea entseatzeko. Eta mahai-kolpe horrek balio du, izan zitekeelako 2007an egoera politikoak sortzen zion ezinegonak eragindako astindua; baina keinu berdina egiten imajina zenezakeen 1958an EAJrengandik urrundu –“horrela ez dago zereginik”– eta ETA sortzen. Keinu berdina 1967an, V. biltzarraren ondoren ETA utzi zuenean. Mahaian danba, “horrela ez dago zereginik”, Euskara Batua behar zela. Beste kolpe bat, Euskal Herrian Euskaraz, ezin zelako hizkuntz eskubideen urraketa etengabea ametitu. Leturiaren egunkari ezkutua, ordura arteko euskal literaturaren mahai kostunbristari kolpea, ezin zelako horrela segi. “Horrela ez dago zereginik”, keinu berdina 2000.ean ere, borroka armatuari buruzko hausnarketa faltarengatik Batasunatik atera eta Aralarren sorreran parte hartzen. Keinu hura, 2007ko elkarrizketa hartan, kazetariek Aralar utzi izanaz galdetu ziotenean. “Ez dago zereginik”.

Kolpea mahaian, zirt edo zart, irmo, erabakiak hartzeko beldurrik gabe, hala jardun zuen Txillardegik bizitza osoan. Hil da, baina haren bizitza eta lana ezinbestekoa da Euskal Herriaren azken mendeko historia politikoa, soziala eta kulturala ulertu ahal izateko.

Gerrak markatutako belaunaldi batekoa zen. 1940ko hamarkada ondo sartuta, Francoren “40 urteko bakea”-ren hastapenetan, tiro hotsek esnatzen zuten maiz Antigua auzoa, norbaiti Ondarretako kartzelan Elizaren eta Estatuaren berunezko bakea ematen ziotenean. Ez da ezinbestekoa bonbardaketaren lekuko izatea, nahikoa da 10 urterekin han preso daudenen senideak joan-etorrian ikustea, denik eta prozesio errukarrienean, Gernikako suak begietan ezin itzalita bizitzeko. Konturatzeko bonba guztiek ez dituztela eraikinak eta gorputzak suntsitzen, bizirik ateratzen direnak ere kiskaltzen dituztela, barrutik bada ere, eta mututzen, beraiena ez den hizkuntza batean hitz eginarazten.

Esnezalearekin aritzen omen zen euskaraz Txillardegiren ama, semearekin inoiz ez. Mahaiari kolpea, “horrela ez dago zereginik” eta bere kabuz ikasi behar 17 urterekin, amari galdezka gramatika liburu propioa osatuz. Hori zen Euskal Herria Frankismoan, txirtxilatutako ideia bat, ahapeka esan beharrekoa, herri bat izan zenaren lekuan geratutako azken hondarrak. Zaharberritu ez, osorik berreraiki behar zen zerbait.

Lan horri eskaini dio bizitza osoa Txillardegik. Berpizkundeko pertsona izan da, euskal berpizkundeak behar zuen pertsona; interesatu da begien aurretik pasa zaion ia edozein gairekin, Donostiaren historiatik astronomiaraino, budismotik soziolinguistikaraino. Eta badira Txillardegiz seguruenik asko aipatuko ez diren aspektuak, kontrastea egiten dutelako-edo bere pertsonaia historikoaren irudiak eskatzen duen sendotasun serioarekin. Musikarekin zeukan sentsibilitatea da horietako bat –Chopin eta Debussyren lanekin hasi eta jazz pieza jostarietara eramaten zuen pianoa–, animalienganako errespetua beste bat, Markos Zapiainek Txillardegi eta ziminoa saiakeran erakutsi zuen gisan.

Idazlea, hizkuntzalaria, politikaria, pentsalaria... Etiketa guztien gainetik, Txillardegi herrigilea izan da, herri ikuspegi baten alde lan egin du, esparrua zeinahi izan dela ere. Bete-betean asmatuz batzuetan –Euskara Batuaren alde egindako lana da horren lekuko–, eta denborarekin iritziz aldatuz bestetan –Bernardo Atxagarekin euskal idazleen zereginaz izandako eztabaidan, kasu–. Haren lan intelektual handia gogoratuko du historiak, baina ez da ahaztu behar Txillardegi ez zela idazmahaiari itsatsita egotekoa. Konprometitua zen, mugimendu berrien sorreran agente aktibo, kezkatzen zuten aferetan inplikatzeko nekerik gabea, ezta engaiatze horrek deserrira eraman zuenean ere.

Berandu aitortu zaio Txillardegiri bere ekarria. Leku batzuetan, berandu bakarrik ez, gaizki ere bai, Euskaltzaindian, berbarako: hiru aldiz proposatu zuten Euskaltzain Oso izateko eta hiruretan beste norbait aukeratu zuten. Sektarismo kutsua hartu zien berak –eta beste hainbatek– akademiaren erabaki horiei: “Nire ibilbide politikoa oso ezaguna denez, ni bezalako pertsona bat ez da interesantea instituzio ofizialetan, Euskaltzaindian ere ez”. Alferrik izendatu zuten 2004an Ohorezko Euskaltzain, uko egin zion –mahaiari kolpea, “ez dago zereginik”–.

Euskal Herria aro berri batean sartzera doanean hil da Txillardegi, berak beste batzuekin batera hasi zuen garaia, ETAren jarduerak zedarritutakoa, amaitu eta gutxira. Gaitza izango da datorren fasean aurrekotik zer gorde eta zer baztertu behar den erabakitzea, ezerk ez du berdin jarraituko, ezin du berdin jarraitu, ez politikan, ez kulturgintzan, ez euskalgintzan. Txillardegiren obra eta lan guztietatik batzuk baino ez dira gogoratuko belaunaldi batzuen buruan, historiak langintza mardulenak ere azkar murtxikatu, irentsi eta metabolizatzen ditu. Horregatik, ez genuke gaizki egingo lan horiek sortu zituen espiritua ere gurekin hartuko bagenu, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, ardura kolektiboa eta autonomia pertsonala uztartuz ibili baitzuen bere bidea. Herriarekin egon zen, bere izaera galdu gabe. Kontsentsua bilatu zuen abertzaleen artean eta euskalgintzan, baina horrelakorik posible ez zenean, posizioa hartzeko beldurrik ere ez zuen eduki. Eta erakutsi zuen arauari obeditzea baino hobea dela norbere arauak egiten saiatzea, horretarako, batzuetan, mahaiari kolpe bat emanez “horrela ez dago zereginik” esan behar bada ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude