Lurren lapurretak matxinada berriak dakartza Afrikara

  • Matxinada harrigarriak erakutsi dituzte Afrikako hiriek 2011n, Tunisiatik Egiptora, Libian barrena, ahaztu gabe Maroko. Karrikak bero egon dira beste askotan, Hegoafrika, Senegal eta bestetan. Baina landa eremuetan ere jendeak haserre dira. Munduari jakiak eta bioerregaiak emateko aitzakiatan, lurra ostu nahi zaie laborariei.

GRAIN erakundearen webgunetik hartu argazkian ageri da Tiedo Kane, Sexagon Office du Niger erakundearen maizterren sindikatuko kidea. Argazkilariari erakusten dizkio soroetan burututako artatxikiak. Paisaia horrek ez du luze iraunen: bertako nekazariek la
GRAIN erakundearen webgunetik hartu argazkian ageri da Tiedo Kane, Sexagon Office du Niger erakundearen maizterren sindikatuko kidea. Argazkilariari erakusten dizkio soroetan burututako artatxikiak. Paisaia horrek ez du luze iraunen: bertako nekazariek landu alorrok laster kendu egingo zaizkie, Gobernuak Markala Sugar Project konpainiari eman dizkiolako gutxienez 30 urterako, azukre kanabera ekoiztu dezan. Azaroan Nyeleniko biltzarrean Maliko laborarien buruzagi Ibrahin Coulibalyk esan zuenez, "gure begien aurrean ari zaizkigu lurrak ebasten. Malin bertan 800.000 hektarea eman dizkie Gobernuak enpresei eta inbertsiogileei. Baina lurrok ez zeuden hutsik! Baliteke hor bizi diren jendeek jabego titulurik ez edukitzea, baina belaunaldiak daramatzate bertan, batzuek mendeak, eta, aldiz, Mali estatu gisa 1960an sortu zen".

Britainia handia halako zortzi, horra 2005etik 2010era bitartean estatuen eta multinazionalen arteko tratuetan sal-erosi den hektarea kopuruaren tamaina. 200 milioi hektarea baino gehiago mende luzez goldatu dituzten nekazarien eskuetatik janariak eta bioerregaiak era industrialean ekoiztu nahi dituzten konpainia erraldoienetara. International Land Coalition erakundeak ezagutarazi ditu datuok abenduan plazaratutako txostenean.

Harrapatutako lurron %78 bioerregaiak ekoizteko darabiltzate multinazionalek. Horregatik ez dira bete Iraultza Berdearen propagandistek mundu osorako agindutako mirariak, gosetiak ase ahal izango zirela alegia, eta elikagaien prezioek goraka jarraitzen dute.

Sorootan produkzio industriala egin ahal izateko, lurrik emankorrenak kendu dizkiete bertako nekazariei, azpiegituretatik gertuen daudenak, urez ongien hornituak. 

Atzerriko enpresa handiei estatu txiroek –ez beti hain txiroek, gogoratu Argentinaz edo Brasilez– onura fiskal handiak eskainiz uko egiten diete zerga bidezko diru sarrerei; aldiz, estatu horien buruzagitzan ari diren eliteak bai aberasten dira, multinazionalen bitartekari lana egiten dutelako.

Farm Land Grabbing –nekazal lur lapurreta– izendatu duten neokolonialismo berri honek eraldaketa sakonak dakarzkie lekuko ekosistemei, baina kalterik latzenak bertako laborariei eraginez.

Nekazaritza industrial berriak denentzeko aski lanpostu sortzen ez duenez, askok burua makurtu eta hiri handietako txabolategietara emigratu dute. Baina lapurretari aurre egiten diotenak ere badira. Via Campesinak beste zenbait erakunde eta mugimendurekin azaroan Maliko Nyeleni herrian antolatu biltzarrean, saiatu dira estrategiak aztertu eta adosten.

Malin gertatzen ari dena ikusen-tzunezko batean azaldu du Philippe Revellik, haren webgunean bezala Le Monde Diplomatique aldizkariarenean ere bisitatu daitekeena: Ruée sur les terres agricoles à Mali, euskaraz libreki “Maliko laborantza lurren lapurreta izugarria” eman lezakeena. Niger ibai bazterrean erregadioz hornitutako lur aberatsez ari da.

Mali hein handi batean oso lehorra izan arren, herrialdea zeharkatzen duen ibai handiaren ertzetan 1947tik egindako obra publikoei esker 90.000 hektarea urez ondo aseturik daude. 50.000 familiak lantzen dituzte baratze eta alorrok, Malik kontsumitzen duen arrozaren %60 ekoiztuz. Office du Niger erakundeak kudeatzen dituen lur horien bazterretan, beste familia asko bizi dira nekazaritzatik bezala abeltzaintzatik.

Azken urteotan, ordea, Maliko agintariek tratuak sinatu dituzte konpainia handiekin bertako lur onenetarik ehunka mila hektarea saltzeko edo alokatzeko. Niger ibaitik ura eramanez garaztatu beharko direnak.

Nyelenin ikusi dutena

Malibya proiektuak, Libiako kapitalarekin, 100.000 hektarea eskuratu ditu, Libiara arroza, barazkiak eta aziendak esportatzeko. Horretarako kanaletako bat zabaldu behar izan dute, eta errepide berria ireki Kolongo herri inguruetan. Djande Tamarak kazetariari deklaratu dionez, “Malibyak harrapatu gaituen guztiok gaude haserre. Dozenaka urte daramatzagu hemen bizitzen eta etxeak eraitsi dizkigute. Kalte-ordain oso kaxkarrak eman dizkigute”.

Proiektua orain geldirik dagoen arren, kanala zabaltzearen ondorioz herritarrek nabaritu dute ura urritu zaiela. Bamakoko gobernuarekin sinatuari esker, Malibyak lehentasuna izanen du beti Nigerreko ura eskuratzeko idorte garaian ere, eta ez dauka erantzukizunik jendeek nozitu beharreko kalteetan.

Tomota talde maliarrak beste 100.000 hektarea eskuratu ditu, bioerregaietarako laboreak ekoizteko. Orain arte mila hektarea ingurutan erein da koltza, baina dagoeneko baserritarrak kanporatu dituzte espropiatutako lurretatik, Tomotak bere makinak sartu ditzan.

Markala azukre konpainiak Hego Afrikako kapital pribatua eta Maliko gobernua biltzen ditu. 14.000 hektarearen jabe egin da, bioerregaietarako azukre-kanabera ekoizteko. 30 herritako lurrak harrapatu ditu, bertako herritarrak haserraraziz. “Etxea kendu badizute, nora jo?”, dio herritar batek bideoan. “Kanaberak hondamendira garamatza. Segou eskualdea Maliko bihitegia da, baina artatxikia, fonioa, sorgoa eta babak ereinda, ez  azukrea eginez”.

Alatona Millenium Challenge Account AEBetako USAID erakundearen proiektua da. 22.000 hektarea eman dizkiote nekazaritza industrialeko enpresa berriak sortu ditzan. 33 herritako jendeak lekualdatu dituzte horretarako. Hormigoizko etxez egindako herri berrietan bildu dituzte, familia bakoitzari lur txiki baten jabegoa emanez, eta kontent daudela dirudi.

Ez da, ordea, iritzi horretakoa Tiedokan Diallo, Association des Organisations Professionales Paysannes sindikatuko buruzagia: “Proiektu honen benetako helburua da Office du Nigerrek kudeatu herrilurren pribatizatzea”.

Moulins Modernes du Mali Modibo Keita izeneko aberats maliar batena da. 5.600 hektarearen jabe egin da, garitarako, 20.000taraino hedatzeko aukerarekin.. Sanamandougou herri zaharraren lurretako asko bereganatu ditu. Jendeak haserre protesta egitean, Keitak armadaren laguntza eskatu du. Etxeak lurreratu dituzte buldozerrez, buruzagiak espetxeratu, zahar eta emakumeak jipoitu. Hiru pertsona hil dituzte.

Nyelenin azaroan lur lapurretaren kontrako biltzarrera hurbildutako berrehun militanteen artean ziren Sadamandougoukoak. Maliko nekazarien koordinatzaile Ibrahin Coulibalyk deklaratu du: “Inbertsio horiek herritarrengan sekulako ondorioak ekarriko dituzte. Horietako gehienek jendea lekualdarazten dute, bazterretako lur kaxkarragoetara eramaten dituzte. Jendeek ezingo dituzte beren familiak mantendu”.

Biltzarrean zen Shalmali Guttal, Indiatik etorrita, Focus on the Global South erakundeko kidea. “Lurrak ebastea ekosistema osoa ebastea da. Lurrarekin harrapatzen dira ura, oihana, bioaniztasuna, fauna, flora. Inbertsiogileak eta gobernuak gezurretan ari dira garapena eta enpleguak sortzen dituztela diotenean. Garapena eta enpleguak sortuko ditugu nekazariei entzuten baldin badiegu”.

GRAIN erakundeko Henk Hobbelinkek azaldu duen moduan, mundu osoko nekazarien kontrako ofentsiba da hau. Milaka urtez gizadia elikatu dutenei, gaur ere elikatzen dutenei, esaten zaie atzeratuta daudela, eraginkortasunik gabeak direla,  munduaren garapenaren oztopo. Hitz bitan, hobe dutela desagertzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mali
Gutxienez 70 pertsona hil dira Malin, urre meategi bat erorita

Meatzea ilegalki ari ziren esplotatzen, Maliko Gobernuak ez baitzuen meategia irekitzeko baimenik eman. Dagoeneko gorpu batzuk berreskuratu dituzte.


2023-07-26 | Ilargi Manzanares
Malik frantsesari ofizialtasuna kendu eta bertako hamairu hizkuntzari eman die

Beste aldaketekin batera, frantsesa "lanerako hizkuntza" gisa uztea erabaki dute, eta Maliko hizkuntza nazionalak ofizial bilakatu dituzte, “hizkuntza lokalak sustatzeko”.


2021-05-05 | Ixone Arana
Olivier Dubois kazetari frantsesa bahitu du Al Qaedaren gertuko talde batek Malin

Frantziako kazetaria Malin bizi zen azken urte hauetan kazetaritza lanak eginez hainbat hedabidetarako. Apirilaren hasieran desagertu zen Gao hirian erreportaje batean lanean zebilela. 


2020-08-20 | Mikel Eizagirre
Hauteskundeak "arrazoizko epean" ospatzea aurreikusten dute Maliko altxamendu militarraren buruek

Ibrahim Bubacar Keita Maliko presidentea dimititzera derrigortu dute. Herrialdean aspaldian protesta gogorrak ari ziren ematen krisi ekonomiko larria dela eta.


Soumaïla Cissé oposizioko hautagaia bahitu dute Malin

Legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpaina egiten ari zela bahitu dute Soumaïla Cissé hautagaia martxoaren 25ean. Igandean egitekoak dituzte bozketak. 2012az geroztik gerra giroan sarturik da Afrika mendebaldeko herri hau, jihadistak erasoak errepikatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude