Onartzen zaila bada ere, denborarekin konturatzen zara, feminista izateagatik badituzula heteroaraua aukeratu eta betetzen dutenen interesa sortzeko hainbat puntu. Segituan ulertuko didazue zuek zeuok ere feminista bazarete edo lagun feministaren bat baduzue. Nik beti jartzen ditut hiru-lau kasu, eta saiatuko naiz denak laburbiltzen.
Demagun, unibertsitateko zure lagun hetero-jator eta nahikoa “suelta” zen horren dei bat jasotzen duzula. Kontuan izanik urte eta erdi daramazula bere berririk izan gabe, zer izan daiteke deiaren arrazoia? Ez ezazue gezurrik esan, norbera feminista izan edo ez, denok pentsatzen dugu fabore bat eskatzeko izaten dela. Beraz, azalduko dizkizuet, niri esperientziak emandako hiru-lau aukera posibleak.
Bat: “Begira eske nire lagun batek [hau da, berak] non abortatu dezakeen jakiteko deitzen dizut”. Ondo da. Hau kuriosoena izaten da, kontuan izanik, nire lesbiana bizitza honetan ez dudala sekula abortatu; baina are kuriosoagoa da, dei hauek direla eta, ederki dakidala nora bidali.
"Demagun unibertsitateko zure lagun hetero-jator eta nahikoa ‘suelta’ baten deia jasotzen duzula (...). Azalduko dizkizuet, niri esperientziak emandako hiru-lau aukera posibleak"
Bi: “Begira eske oso larrituta nago nire lagun batek [hemen bai izaten da benetan lagun bat] oso harreman txarra dauka bere mutilarekin, jada ez dakigu zer egin, ez digu ezer kontatzen, oso gaizki tratatzen du mutilak... Berekin hitz egingo bazenu...”. Eta bat-batean asistenta lana betetzen ikusten duzu zure burua, total zertarako eta, bere mutilak zu gorrotatzen bukatzeko, eta ondoren neskak berak, ezer aldatu gabe.
Hiru: “Nire mutilarekin oso gustura nago, asko maite dut eta hori dena, baina esperimentatzeko gogoa daukat, beste batzuekin egon, probatu...”. Ondo da. Eta hemen entzun nahi duen hori botatzen diozu, horretarako deitu baitizu, “ba egin kasu zure desioei, probatu eta abar, baina onena berekin hitz egitea duzu, gauzak argi utziz...”. Hemen kuriosoa da, lehenengo zatiari bakarrik kasu egin ohi dizutela, mutilarekin hitz egitearena ahaztu egiten dutela. Gero, feministak gorrotatzen dituen mutil bat gehiago gehitzen da gorroto zaituztenen listara.
Zer egingo diogu baina, baditugu lagun abokatu edo medikuak ere, eta haiei ere antzekoa gertatuko zaielakoan nago (“antibiotikoak hartzen nabil, edan al dezaket?”), beraz ez naiz gehiegi kexatuko, batez ere beste topiko bat ahaztu dudalako zerrendan: “Neska batekin oheratzea probatu nahi nuke...”, eta hor, hor gorrotatzen zaituen beste mutil bat sartzen da listan, baina normalean gehiago merezi izan ohi du.
3# | kattalin | 2012-01-19 16:51:45
Ummm... aber, biei erantzuten saiatzen, feminista izateak, eta bai, gehitu genezake feminista militante izateak, nire kasuan behintzat ez du ideologia politiko batekin zer ikusirik bakarrik, bizitzeko modu batekin baita ere, eta horrek jendeak zu zeu feminista (eta nire kasuan lesbiana) bezala irakurtzera darama. Ez dudalako ezkutatzen, hori ere egia da.
Beraz, askotan inguruko jendeak gai batzuen inguruan "erreferentzia" bezala ikusten zaitu, eta askotan gainera espero da, epaiketa moralik ez duzula egingo.
Baina bueno, besterik gabe.
Dena den, ez ezazue humorea ahaztu hau irakurtzerako orduan, ez naiz "esperantzaren telefonoa" noski, eta pentsatu kararktere kopuru mugatu batean gehiegi zehaztea ere ez dela erraza.
Gutxigorabera erantzunda... (enaiz ona honetan, jeje)
2# | Nerea | 2012-01-19 13:27:44
Ardibeltzekin guztiz ados nago. Neure burua feministatzat hartzen dut eta ez dut uste sekula horrelako deiak jasoko nituzkeenik, batez ere "esperimentazio" horri buruzkoak direnak. Baino bestelako zerbait ere gehitu nahiko nuke: feminista izateak ekarri behar al du kolektibo jakin bateko kide izateak eta beraz ingurukoek (aspaldi ikusi ez dugun unibertsitateko klasekide hori, adibidez) zu feminista zarela "jakiteak"? Gordinago jartzeagatik: feminista izatea lanbide bat al da, artikuluan aipatzen diren abokatu edo medikuen maila berean?
1# | Ardibeltz | 2012-01-17 16:54:13
Interesgarria zure artikulua Kattalin, komentario txiki bat (ta hau ere topiko-estereotipo batean erortzen arazten gaitu): Nere ustez ez da guztiz argi gelditzen galdera edo/eta komentario hoiek feminista izateagatik ala lesbiana izateagatik egin dizkizuten... Zihuraski banaezinak dira zuretzat baina ideia orokorra pixka bat nahasten duela uste dut.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa