Deustuko alaba, Urruñan ama, gureratutako dama

  • 2011ko abenduaren 22an hil zen Inma Gomila, hamarkada oso batez ARGIAren eta Ametzagaiña taldearen garapenean parte hartu zuen euskaltzalea. Argiako lankideez gain, kolaboratzaile eta irakurle askok ezagutu zuten Inma, eta Iparraldeko ikastolen munduan ere pertsona ezaguna izan da.

Inma Gomila, 1997ko argazki batean.
Inma Gomila, 1997ko argazki batean.ARGIA

Inma Gomila Carro 1957an jaio zen Bilboko Deustuan. Ekonomia eta Enpresetako zientzietan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Oso gazterik administrazio eta finantza zuzendaritzako ardurak eman zizkioten Bilbon, Iruña eta La Granja kafetegiak kudeatzen zituen ostalaritza enpresan, eta ondoren Irunen aritu zen, Mataderos Monteron.

1988an iritsi zen ARGIA astekariak parte hartzen duen enpresa taldera, Ametzagaiñara, orduko Apika informatika enpresaren eskutik. Administrazio eta finantzen ardurak izan zituen hamarkada batez.

Astekari honen proiektuak eta asmoak bezala, bizirauteko zailtasunak barru-barrutik ezagutu zituen urte horietan Inmak. Proiektuen artean, ARGIArentzako eta Antza inprimategiarentzako egoitza berria aurkitu eta antolatu beharra zegoen, azkenean Lasarte-Oriako industrialdean mamitu zena. Eta kasik horrekin batera Euskaldunon Egunkariaren sorrera etorri zen.

Euskaldunon Egunkariaren prestaketa lanetan parte hartu zuen eta 1990eko abenduan kazeta plazaratu zuen hasierako zuzendaritza ekipoan aritu zen, 1991ko ekainean kargua utzi zuen arte. Berriro itzuli zen Ametzagaiña taldeko enpresen kudeaketara, lanak aurrera ateratzeko ohiko kemenarekin eta ideia ezkertiarrak defendatuz beti ere.

Urte horietan familia osatua zuen 1985etik taldeko enpresen informatika-buru zen Simeon Barrosorekin. Bi haur ekarri zituzten, Odei eta Orhi. Geroago beste bi mutiko hartu zituzten etxean, Migel eta Sebas.

Hondarribian bizi ostean, Urruñan egin zuten etxea. Inmak Urruñako ikastola martxan jartzeko kanpaina eta lanetan parte hartu zuen. Urruñako ikastola auzapezaren eta erakunde gehienen nahiaren kontra egin zen, auzolanean, dirua biltzeko hainbat ekintzarekin –ikastola eraikitzeko harriak euskaltzaleei eskaintzeko kanpaina ezaguna izan zen–; eraikuntza bera langile boluntarioek jaso zuten. Denbora batez Seaskako zuzendaritzako kide ere izan zen Inma.

ARGIAn eta Ametzagaiñan mende hasiera arte jardun zuen. 2001ean berak eta Siomeon Barrosok Diana Teknologia informatikako zerbitzu enpresa sortu zuten; enpresa-ideia onenaren Toribio Etxeberria saria irabazi zuen proiektuak.

Baina hortik gutxira, Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria ixteko Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an antolatu operazioan atxilotu zuten, Irunen muga pasa eta Hondarribiako aireportura zihoala. Bost egunez inkomunikaturik egon ostean 18.000 euroko fidantza ordainduta utzi zuten kalean. Ez zen epaitua izan, askoz lehenago auzitegiak aferatik kanpo utzi zuelako. Tortura salaketarik aurkeztu ez zuen arren, Inmaren lagunek jakin zuten oso bortizki tratatu zutela.

2010aren hondarrean azaldu zizkion sendagileak gaitz larri baten lehen zantzuak. 2011ko hasieran operatu zuten. Urte zail honetan berarekin egon direnek diotenez, gaixotasuna gainditzeko gogor borrokatu da eta ez du etsi hil baino aste gutxi lehenago arte. Abenduaren 22 ilunabarrean zendu zen. 24an, Gabon egunez, erre zuten Errenteriako Zentolengo beilategian, azken agurra jaso ondoren.

Argiak lerro hauekin agurtu nahi du Inma Gomilaren oroimena, eta bat egiten du bere lehengo eta oraingo lankideek, lagunek eta batik bat familiak bizi duten tristurarekin.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 08a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude