Astekaria

 Liburuak 

Igandetako kronikak

Irudia

Saioa Ruiz Gonzalez


2305. alea
2012-01-08
alde 1    kontra 0

IÑAKI IRASIZABAL::Igelak benetan hiltzen dira

Elkar

iraupena ::113 orrialde

prezioa ::11.00€

Kostaldeko herri txiki batean, turismo pilaketez geroztik etorri ohi den udazkeneko lasaitasuna amaitu da Aroa Lopez desagertu denetik. Ikerketa polizialek ezin izan dute kasuaren inguruan azalpen argirik topatu, eta bizirik hala hilik ote dagoen jakin ezinak familia eta herriko biztanleak aztoratu ditu.

Denak susmagarri bihurtzen dituen ezbehar horren aurrean, herria ohiko bizimodua berreskuratzen saiatuko da. Izan ere, uneoro norbait kolpatua izaten ari den mundu honetan, aurrera egin beharra dago. Besteek jasaten dutenarenganako arduragabekeria izango ote? Edo, agian, “niri ez zait gertatuko” barneratuegi daukagun ustearen eragina? Dena delakoa, eleberri honetako pertsonaiek bazekiten Sarrionandiaren ipuineko igelak benetan hiltzen zirela, baina ez, aldiz, halako pasarte baten biktima bilaka zitezkeenik. Hori dela eta, Iñaki Irasizabalen eleberri berriaren izena, Igelak benetan hiltzen dira.

Istorioak asmatzeko gaitasunaz gainera, idazleak agerian utzi du beste esparru batzuenganako ezagutza eta interesa baduela. Irasizabalen hitzek, gizarte baten erakusleiho izan daitekeen eleberria idazteko asmoa zuela aditzera ematen dute: “Delituen inguruan ardazten diren istorioak, gure gizartea islatzeko tresna ezin egokiagoa dela uste dut”. Ildo horretatik, eremu soziologikoaren garrantziari eutsiz, eleberri poliziakoen eta beltzen arteko mugak zehaztu ditu liburuan; lehenbizikoaren itxura ematen dion krimen bat abiapuntu hartuta ere, ez da ikerketa polizial baten prozesua kontatzera mugatzen, edonor errudun izan daitekeen testuinguru mesfidati bat aurkeztuz, nobela beltzera gerturatzen duen giza talde bati buruzko eta erreakzio desberdinen inguruko analisia egin nahi izan du; narratzaileak berak dioenez, garai eta leku zehatz batean gertatutakoaren “kronika subjektiboa”.

Arin irakurtzen diren 113 orrialdeetan, pertsonaia ugariren istorio indibidualak ezagutzera ematen dituzten eszena labur txandakatuak topatuko ditugu. Aurrera egin ahala, argitu gabeko gertakari latz baten ondoko zauri irekiak azaleratuz joango dira. Iragan mingarri bat atzean uztea, senide bat galdu duten pertsonaientzat, ez da lan erraza izanen. Erantzunen bila, ingurukoen iragan pribatua nahasteari ekiten diotenean, hastapeneko kasuari beste hainbat ekintza tragiko gaineratuko zaizkio. Horretan datza eleberriaren misterioa. Bestela ere, igande arratsalde batean eta burua gehiegi nekatu gabe irakurtzekoa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza