Astekaria

 Diskoak 

Moldaketei eta konponketei hegan egiten uztea

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2305. alea
2012-01-08
alde 5    kontra 0

RAFA RUEDA::Enaren geometria

autoekoizpena

iraupena ::45´54´´

prezioa ::5.00€

Mungiako musikariaren bakarkako laugarren lana are eta kontzeptualagoa, sakonagoa eta irekiagoa iruditu zait. Enarak eta haien zein gure joan-etorriak eta eraldaketak ditu abiapuntu. Musikari dagokionez, Rafa Ruedak oraingoan ere pop-aren inguruan hegan egiten du, baina bestelako ñabarduraek lur hartu dutela esango nuke, gitarrek protagonismoa duten pop-rocketik harago joan dela. Erritmo eta bateria gogorragoak ditu, Arkaitz Minerren laguntzarekin Irlandako folkera hurbiltzeko gai da; baita mugaldekoak eta latinoak diren musika estiloetara eta funky-jazz beltzera ere. Punta-puntako musikariez inguratu eta konponketak egiterakoan askoz irekiago egon da mungiarra. Disko hau zuzenekoetan edo berari eskatuta soilik eskuratu daiteke; eta agertokietara talde handia eramaten du.

www.rafarueda.net

«Badirudi helburua ez dela kultur transmisioa, estruktura ekonomikoari eustea baizik»

Distantzia. Urrundu eta gauzak handik ikustea?

Distantzia bidaiaren parte da. Mundu berriak deskubritu ahala, zure mundua urrunetik nolakoa den ikusten duzu. Batzuetan, berritasuna abiapuntua berraurkitzea da. Diskoan norberaren ezagutzarako bidaia agertzen da etengabe.

Enarak. Hobe, memoria gabe, lainoetan elipseak egiten galtzen utziko bagina?

Enarak diskoaren abiapuntua dira. Garajean habia nuen eta harritzen ninduen urtero etortzeko zuten gaitasuna. Enaren etengabeko bidaia eta gure bizitza oso parekagarriak dira. Behin eta berriz aurkitzen gara pertsona eta egoera beren aurrean baina bidaiaren esperientziak, halabeharrez eta aldi berean, egoera eta pertsona ezberdinen aurrean jartzen gaitu, gu ezberdinak izanik ere. Enarak berak ez dira inoiz habi berberera itzuliko eta guri askotan antzeko zerbait gertatzen zaigu: atzo berdea zena, gaur urdin. Etengabe ari gara aldatzen, izen berbera dugun arren.

“Dylanen kantu baten erdian inor bagina, eternal ginateke”. Entzuleei zer sentiarazi nahi diezu?

Ahalik eta kanta onenak egiten saiatzen naiz. Helburua jendearengana heltzea da, emozioak transmititzea. Gustatuko litzaidake entzuleek zerbait jaso dutela sentitzea, entzun aurretik baino hobeto sentitzea. Niretzat musika hobeto bizitzeko baliabidea da, hori zabaldu nahi dut.

Berriro autoekoiztea erabaki duzu, eta bizkarra eman diezu banatzaile eta dendei. Jarraitzaileak saritu nahi dituzu?

Benetako jarraitzailea saritu nahi dut, baina baita ere uste dut gure musikaren industria ez dagoela modu jasangarrian eraikita eta horrek lanaren gutxiestea dakar. Badirudi helburua ez dela kultur transmisioa osasuntsu mantentzea, estruktura ekonomikoa eustea baizik. Ekonomia eta artearen arteko oreka behar da. Sortzaile eta jarraitzailearen arteko harreman ezberdin baten bila nabil.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza