Astekaria

 Ekonomia 

Borboitarren opakotasun erreala

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2305. alea
2012-01-08
alde 0    kontra 0
Iñaki Urdangarin.
Iñaki Urdangarin.

Juan Carlos Borbón erregearen suhi Urdangarinen auziak mahai gainean jarri ditu Errege Etxe espainiarraren diru eta negozioak. Espainiako Estatuko zergadun guztiok mantentzen dugun etxea da, baita euskaldunok ere, monarkikoak ez izan arren, erregea aukeratu ez dugun arren eta Euskal Herri libre eta independentearekin zerikusirik ez duen arren. 35 urteko opakotasunaren ondoren, etxe horrek dio orain gardena izango dela bere kontuekin. Joan den astean aurkeztu zituen. Opakotasuna mantendu egin da. 2011n, Borboiek 8,43 milioi euro jaso zituzten Estatuko Aurrekontuetatik, gure poltsikotik. Erregeen eta Asturiasko Printzeen gastuak ordaintzeko kopuru hori, aitzitik, Espainiako Koroara aurrekontu publikoetatik bideratzen denaren zati txiki bat besterik ez da. Eraikinen mantenua, enplegatu askoren nomina (130), baita militarren, guardia zibilen, gidari ofizialen eta bidaien kostuak ere, Ondare Nazionalak, Administrazio Publikoen Ministerioak eta Atzerri Ministerioak ordaintzen dituzte. Zenbat milioi euro izango ote dira horiek?

Forbes aldizkariak zioen monarka espainiarrak 1.790 milioi euroko fortuna duela. El País egunkariaren arabera, Zarzuelako iturri batek zera segurtatu zuen: “Erregeak gutxi gastatzen du eta ondo inbertitzen du”. Nola gastatuko du dena ordainduta badu! Nola eta non inbertitzen du? Zeinek aholkatzen du? Gardentasunez argitu beharko luke hori, zeren eta zurrumurrutik harago doaz paradisu fiskalen inguruko susmoak, Urdangarinen eta Espainiako Errege Etxearen diruaren aterpe liratekeenak. Ez da nahikoa azaltzea 8,43 milioi euro gozo horiek zertan erabili dituzten. Azal dezatela, baita ere, zertan erabili dituzten Ondare Nazionalaren eta Kanpo eta Administrazio Publikoen Ministerioetako partidak. Eta azkenik, azal dezatela zer harreman duten paradisu fiskalen munduarekin!

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza