Kukutzak Guggenheim garaitu du

  • Eraikin txirtxilatuaren irudirik ez da faltako urtea errepasatzeko argazki-galerietan. Kukutza III, 1998tik 2011ra Bilboko Errekalde auzoaren birika kulturala izandako gaztetxea, indarrez hustu zuen Ertzaintzak aurtengo irailean; presaz aritu ziren hondeamakinak edifizioa lurrera eramateko, auzotarren oihuak eta polizia autonomikoaren pilotakadak soinu banda. Errekaldeko gaztetxearekin gertatutakoa osotasun baten parte gisa ulertuz baino ezin daitezke atera ondorio sakonagoak ordea; hori eginez soilik uler daiteke nola dauden gauzak krisi garaiotan, erakunde publikoek, azpiegitura kulturalek eta herritarrek osatutako hirukian.

Ñabardura gehiegirik gabe esateko, egoera idealean erakundeek herritarren beharren arabera moldatutako azpiegiturak bultzatu beharko lituzkete eta horren arabera baloratu beharko lirateke politika kulturalak. Baldintzazkoak erabiliz idatzi dugu aurreko esaldia, azken hamarkadetako politika nagusiek (aurrekontu handienak eraman dituztenek) ez dutelako printzipio hori jarri erdigunean; bai, noski, sortu dira beharretan oinarritutako ekipamendu publikoak, baina bestelako haizeek puztu dituzte bela nagusiak: kulturatik harago dauden zereginak berenganatu dituzte hainbat ekipamendu kulturalek Euskal Herrian, industria astunaren gainbeheraren ondoren hirugarren sektoreko jarduerek protagonismoa hartzearekin batera, eta hazkunde ekonomikoak hauspoturik.

Bilboko Guggenheim museoa da joera horren totem nagusia Euskal Herrian, Bizkaiko hiriburuaren berpizkundearen sinbolo, motor ekonomikoaren engranaje garrantzitsu eta turismo erakarle, koman zegoen hiri post-industriala esnatzearen erantzuletzat daukate eraikina; mirakulua, bat baino gehiagorentzat. Geroztik nonahi azaldu dira bestelako helburuak izanik ere, Guggenheimen ildoari jarraitu dioten azpiegitura kulturalak: Donostiako Kursaal (1999), Gasteizko Artium (2002) edo Iruñeko Baluarte (2003) hiri eredu baten zerbitzura sortu ziren, Saskia Sassen soziologoak “hiri global” izenarekin bataiatu zuen patroiaren barruan (hirigintza ereduei eskainitako 128. Larrunen daukazu gai horri buruzko informazio zehatzagoa, baita Bilbo “hiri global” baino “hiri performance” kategorian geratu izanaren arrazoiak ere).

1990eko hamarkadatik lasterketa moduko bat abiatu zuten hiriek mundu osoko sarean egokitu zitzaien posizioa indartzeko edo hobetzeko asmoz; diferentea izatea, zerbait berria eskaintzeko edukitzea da lasterketa horretan posizioak irabazteko modurik onena. Hiri bakoitzak “beste zerbait” bilatzen du, marka globalak ekartzen saiatzen da (Frank Gehryk diseinatutako museo bat, kasu), horrek turismo kulturala erakarriko duelakoan. Joxean Muñozek, oraindik Donostiako Tabakalerako zuzendaria zenean, honela laburbildu zuen afera (120. Larrun, 2008-05-04): “Lehen nazio-estatuen arteko lehia zena orain askoz konplikatuagoa da eta hirien artean ere badago. Hiriek behar dute halako enblema bat, lehia horretan jokatzeko, eta horretan museoek eragin garrantzitsua izan dute”.

Ikuspuntu artistikotik begiratuta, horrek guztiak kulturarekin zeharkako harremana besterik ez du, eraikinak eta azpiegiturak bestelako interesen zerbitzura jarritako erremintak direlako eta hori, bere horretan, posizio zalantzagarria da. Asko eztabaidatu daiteke “Guggenheim efektua”-k Bilboko eta Euskal Herriko kulturari ustez ekarri dionaz eta benetan izan duen inpaktuaz. Baina bertako kritika bati beti txokokeria leporatu ahalko zaionez, jo dezagun kontu hauetan iritzia lege bihurtzen dutenengana. Duela lau urte The New York Times egunkarian idatzitako artikulu batean (Bilbao, 10 years later, 2007-09-23) Denny Leek nabarmendu zuen Guggenheimek Bilbori aurpegia garbitu dion arren, hiriak ez duela jakin museoaren erakarpen indarra probesten eta bilbotarren eguneroko kultura erabat deskonektatuta dagoela arte garaikideko museotik. “Lehen mailako arkitekturaren kontzentrazioa harrigarria, baita Gehryren titaniozko maisulana gabe ere. Baina arkitekturak bakarrik ez du hiria egiten. Bilbo erabat jantzita dago, baina ez du erabaki nora joan nahi duen”.

Eskala txikiagoan, antzeko zerbait gertatu da biztanle gutxiagoko herri askotan ere: azpiegitura kultural txiki eta ertainak asko ugaritu dira azken hamarkadetan. “Interpretazio zentro” bezalako izenak ezagun egin zaizkigu denbora gutxian, han eta hemen ugaldu dira ohiko kultur etxeak tamainaz eta asmoz gainditu dituzten ekipamendu kultural berriak. Herrikako ikuspegia nagusitu da eskualde ikuspegia bazterrean utzita eta horrek kontraesanak sortu izan ditu –elkarri traba egiten dioten programazioak, atomizazioa…–. Gehiegizkoa litzateke beharbada herri mailako “Guggenheim efektu”-ez hitz egitea, baina berriz ere kulturgune handiekin badago loturarik fenomeno lokal hauetan: gastu publiko handiak eskatu dituzte, azpiegituretan inbertitu da dinamiketan baino gehiago eta maiz programazioak koordinaziorik eta planifikaziorik gabe jarri dira abian. Eta ez da baztertzeko modukoa herrietako azpiegitura horiek gastu publiko orokorrean izan duten eragina. 2008ko datu batek dio Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek kulturan gastatutako 510 milioi euroetatik erdia baino gehiago udalek jarri zituztela.

Baina halako batean krisi ekonomikoa etorri da. Administrazioek diru gutxiago biltzen dute zergen bidez, ez dago zorpetzeko lehen adinako ahalmenik eta orain zuri, orain niri, aurrekontuak murritzagoak izaten hasi dira. Artaziek klaska egin dute kulturari eskainitako hainbat partidatan. Handi batzuk aipatzeko: 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango den Donostiak diruak nondik eta nola aurreztu ditzakeen jakin nahi du, 89 milioi eurokoa izan liteke murrizketa egunotan prentsan irakurri dugunez. Azaroan Arabako Kultura diputatuak iragarri du Artiumek sos gutxiago izango dituela eta ezbaian dago KREA zentroaren etorkizuna. Nafarroako aurrekontuetan 2011n izan diren murrizketen artean handiena izan da kulturakoa (%12,8 gutxiago); ezinegona nabarmena da, azaroaren 26an Lizarran “kulturaren heriotza”-ri negar egiteko Kilkarrak antzerki tailerrak antolatutako prozesioak ez du bestelako esplikaziorik eskatzen. Programazioak etetearen kontrakoa zen protesta, baina baita udalaren San Benito azpiegitura kulturala esku pribatuetan utzi izanak eragindako espazioaren aprobetxamendu eza salatzeko ere (beste hainbat herritan ere errepikatzen da gauza bera).

Bilboko Guggenheim da, itxuraz behintzat, oraindik krisia nabaritu ez duena (bisitari kopuruak gora egin du aurten), baina Urdaibaiko museo proiektuaz aspaldian ez da ezer entzuten eta ez dirudi baliabiderik dagoenik proiektua martxan jartzeko (nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu estrategikotzat duen eta PP ere alde agertu den); erabilera kulturalak ere badituen Bilbao Exhibition Centre berriz, estu eta larri dabil urte bukaerara iritsi ezinda.

Bestelako ziklo ekonomiko batean pentsatu eta eraiki ziren azpiegitura hauetatik zenbatek eutsiko dioten garai berriei eta nola egingo duten halakorik, hori da ezbaian dagoena. Orain arteko baldintzetan horietarik asko ez dira ekonomikoki jasangarriak eta zentroen zeregin, programazio eta planteamenduen gaineko errebisio sakona eskatuko du beheraldi ekonomikoak; baita kulturgune publikotzat hartzen ditugun azpiegiturak definiziotik bertatik birplanteatzea ere.

Kulturgune “ikusezinak”

Urrun daude eraikin horiek denak izaeran Errekaldeko Kukutzatik. Hondeamakinen, pilotakaden, manifestarien soinuarekin hasi dugu artikulua eta hara itzuliko gara, aurtengo iraileko azken egunetara, gaztetxea hustu eta bota zuten egunetara. Zergatik hain azkar eta halako indarkeriaz? Testuinguru lokaletik harago, kulturgune eredu bat onartzeko ezintasunetik besterik ezin da ulertu Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak irailean izan zuten portaera. Gure artean “gaztetxe” hitza erabiltzen da esparru horiek definitzeko baina antzeko eran antolatutako espazioak mundu osoan aurki daitezke. Botere politiko eta ekonomikoen eraginetik kanpo sortutako guneak dira, autogestioan oinarrituak eta hutsik dauden lekuak bete eta biziberritzeko helburua dutenak. Politika kultural instituzionalek herritarrei ekipamenduak eman beharko lizkiekete, baina hori egin ala ez, gaztetxeek modu autonomoan funtzionatzen dute. Ekipamendu bat lortzeko bitartekaritza politiko-instituzionalaren galbahetik pasatzeari uko egitean datza gaztetxeen eredua.

Ez da harritzekoa Errekalde bezalako auzo batean sortu izana agian Euskal Herriko gaztetxerik garrantzitsuena zena, auzotarrek horrelako leku baten premia baitzuten. Eta dute. Horregatik okupatu zuten Larraskitu kaleko beste eraikin bat azaroan, berehala Ertzaintzak hustu zuen arren. Eta zio berberengatik okupatzen dira eraikin berriak edonon. Kukutza husten ari ziren egunetan Donostian Uxotegi okupatu zuten; Gipuzkoako hiriburuan bertan, erabilera kulturalak izan beharko lituzkeen Bellas Artes eraikinean saioa egin zuten hainbat lagunek, baina udaltzainek eta Ertzaintzak hustu zuten berehala (luxuzko hotela egiteko asmotan da edifizioaren jabe den enpresa); lerrook idazten ari diren egunetan Ertzaintzak hainbat gazte kanporatu ditu Gasteizko Zaramagan okupatutako Arte eta Ofizioen Eskola zaharretik.

Okupazio praktika horrek ez du zerikusirik krisia nabaritzen hasiak diren kulturgune publiko handi eta ertainekin. Hakim Bey filosofoaren TAZ kontzeptuaren argitan (Temporary Autonomous Zone, euskaraz “Aldi Baterako Gune Autonomo” itzuliko genuke) ulertzen da egokiago espazio kultural alternatiboon izaera. Beyk anarkismotik eta situazionismotik edanda, iraultza iraunkorraren ordez, aldi bat irauten duen matxinada proposatu zuen. Bere hitzetan esateko: “TAZa Estatuaren kontra zuzenean jotzen ez duen matxinada mota da, gerrilla operazio bat, eremu bat askatzeko –lur eremua, denbora eremua, irudimen eremua–; behin hori lortuta, bere burua disolbatzen du beste leku edo garai batean berreraikitzeko, Estatuak zapaldu baino lehen”.

Beyren arabera, aldi baterako autonomia lortzen duten espazio horien alderdi indartsuena ikusezin izatea da. “TAZ batek desagertu egin behar du izendatua –errepresentatua, mediatizatua– denean, desagertu egiten da, atzean hutsunea utziz”. Azken esaldiak ongi islatzen du gaztetxeekin eta tankerako zentroekin maiz gertatzen dena: isilean lan egiten dute, undergroundak dira; urte asko pasa ditzakete martxan mundu guztiaren bistan eta hala ere ikusezin. Baina hedabide nagusietan agertzen hasten direnean, arriskua eta kanporatze mehatxua berehala jausten zaizkie gainera. Jende askok ez zuen izango Kukutzaren berririk aurtengo irailera arte; eta ez du jakingo bere herrian bertan egunero-egunero hainbat lagun biltzen direla antzeko lekuetan.

Erakunde publikoek problemak izaten dituzte horrelako kulturguneekin, ez direlako eskema arautuetan kabitzen. Gaztetxeak gaztetxe dira, instituzio politiko paraleloak ere badirelako, eta erakunde lokal, probintzial edo autonomikoen ordezkaritza mekanismoen aurrean bestelako antolakuntza-ereduak –demokrazia zuzena, asanblearismoa…– lehenesten dituztelako. Baina maiz ahaztu egiten da bokazio publikoa duten guneak ere badirela, konbentzioen barruan sartzen ez diren arren. Ateak zabalik uzten dituzte, nork bere jarduerak gauzatu ahal izateko.

Kulturgune publiko erakundetuekin dituzten diferentzia nabarmenenak dira batetik, espazioak berak, leku fisikoak, ez daukala hainbesteko garrantzirik eskaintzen duen jarduteko aukeraren aldean (nomadismoa beti dago eskura, leku batetik kanporatuak izatean beste espazio huts bat betetzen da, arkitektura gastu handirik gabe, aurrekontuak, ezinbestean, ondo doituta); eta bestetik, ez dutela eskaintza-eskari bidez funtzionatzen, parte hartzeko prest daudenen antolakuntza gaitasunaren arabera baizik. Hain eredu malgua izanik, ekonomikoki jasangarria da gaztetxea, beste hainbat azpiegitura publiko ez bezalakoa.

Kukutzaren garaipena

Kontrajarritako eredu gisa aurkeztu ditugu aurreko lerroetan bi kulturgune motak, baina, hala ote dira? Ez al dute erakundeek gaztetxeetatik ezer ikastekorik? Azken hamarkadetan sortutako azpiegitura publikoen eskutik, diskurtso mota bat ere zabaldu da, kulturgune autogestionatuen ezaugarriak instituzioek bultzatutako eraikinetara eramateko asmoarekin. “Gizarte sortzaile”-aren ideia hainbat hitzaldi eta artikulutan agertu da. Ramon Zallo EHUko irakasleak Gara egunkarian argitaratutako Kafka en Kukutza (Kafka Kukutzan) artikuluaren pasarte batek ondo laburbiltzen du ikuspegi hori: “Udalak ez du jakin ulertzen Kukutza bultzatu beharreko sorkuntza mintegia dela, Richard Floridak ‘klase sortzaile’ deitu izan dion horren parte, hiru ‘T’-en zutabe nagusi: teknologia, talentua eta tolerantzia. Teknologiak berrikuntzari egiten dio erreferentzia; talentuak sorkuntzan lan egiten duten pertsonei, ingeniariak, artistak edo zientzialariak; eta tolerantzia neurtzen da auzo edo hirietan bohemioek, kulturek, gay-ek, kontrakulturak eta abarrek duten presentzia indizearen arabera. Horrek guztiak talentua erakartzen duen eta sorkuntza bultzatzen duen ekosistema osatuko luke”.

Ikuspegi hori zalantzazkoa da bizi dugun testuinguru ekonomikoan, kulturgintza krisia eragin duen ereduaren barruan txertatzen saiatzen da, giza aurpegidun garapen ekonomiko kapitalistaren mesedetan. Zallok aipatutako Richard Floridari behin baino gehiagotan kritikatu izan diote elitista izatea; eta garapen sozialaren ideia ikasketa eta bizi mailarekin lotzen dela ere esan izan diote, ez zonalde batean bizi diren gay edo bohemio kopuruarekin. Baina EHUko irakasleak egin zuen sintesi saiakera interesgarria da eta antzeko ariketetatik aurrera egiten lagun dezaketen ondorioak atera litezke.

Kulturguneen ibilbideari erreparatuz gero, badira hein batean bi ereduen uztartze gisa uler daitezkeen eta arrakastaz aurrera egin duten kasuak. 1987an zabaldu zen Arteleku da horietako bat: Donostiako Loiola auzoko eraikin industrial bati bestelako erabilera eman zioten; berritu zuten, baina gaur egun ere, urrun dago Artelekuren itxura beste hainbat lekutan sortu diren kulturgune arranditsuetatik. Ez du axola, mota ugaritako sortzaileen habia da eta programazio zainduari esker erreferente bihurtu da, bere espezializazio mailarengatik titular handietan gehiegi azaldu ez bada ere. Ikusteko dago Tabakalerako proiektuaren barruan sartu izanak zertan eta nola eragingo dion, baina datozen garaietako kontuan hartzeko moduko modeloa izan daiteke, dagoeneko existitzen diren eraikinen aprobetxamendua beharrezkoa izango baita sos publiko urrien garaiotan. Krisi ekonomikoari irtenbiderik ez duen petrolioaren krisia gehituz gero, gainera, bestelako helburuekin eraikitako egituren berrerabilpenaz gain, zeregin anitzetarako prestatutako eraikinetan pentsatzea ere ez legoke soberan.

Espazioen kudeaketa da aztertu beharreko beste puntua. Baliabide ekonomikoak urritzen diren neurrian, programazioak bertan behera geratzeko arriskua baitago eta hainbeste kostata eraiki diren etxeak edukiz hustekoa. Diru publikoz egin dena herritarrek erabili ahal izateko bideak erraztu beharko dituzte instituzioek, bai “eguneroko” erabileran pentsatutako ekipamenduetan, (kultur etxeak, adibidez), baita tuning handia eduki duten zentroetan ere. Eta horretan, badute zer ikasia gaztetxeen eredutik. Espazioak herritarren esku utzi ala kudeaketa partekatu, parte-hartze handiagoaren bidetik etor liteke kulturgune askoren biziberritzea.

Makinek presaka ezabatu nahi izan zuten Kukutzaren arrastoa Errekaldetik, baina eraikina desagertuta ere, gaztetxearen kulturgintza eredua garaile atera da. Urteak pasako dira zenbait agintari konturatu arte ikuskizun kulturalaren garaia, Guggenheim efektuarena, bukatzen hasia dela, sortu zuen ziklo ekonomikoarekin batera. Kontsigna ezin dela gehiago izan Oier Etxeberriak Veneziako Biurtekoan ironia handiz egindako afixetan agertzen zen hura, “crear dos, tres, muchos Guggenheim” (“Bi, hiru, Guggenheim asko sortu”), aparra soberan daukatela kulturan egindako inbertsio askok eta sos gutxirekin lan aparta egiten ari diren beste zenbait espazio berriz, erabat ahaztuta dauzkatela instituzioek. Bitartean inbertsio okerrak egingo dira, seguru, eta urteekin zarrastelkeriari egindako monumentu gisa besterik ezingo dira ulertu gaur egun ezinbestekotzat jotzen diren azpiegituretatik asko. Baina kontu horiei erreparatu ala ez, kultura bizi da eta biziko da arnas hartzeko bilatuko dituen lekuetan. Horien zenbait adibide dauzkazue hurrengo orrialdeetan, kokaleku, tamaina, antolamendu, finantziazio eta helburu oso diferentetakoak denak, baina zarata handirik atera gabe, bidea ondo pentsatuta, beren ekarpena egiten asmatu dutenak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude