Eskuz esku egina

  • Miarritzeko Jai Alai frontoian zuzeneko emankizunerako probak egiten harrapatu ditugu Kanaldude telebistako langileak, kamera eta kable artean. Egun garrantzitsua dute, lehenengo aldiz zuzenean emateko saiakera dela kontatu baitigu Ximun Carrere Kanaldudeko arduradunak.

Grabaketa bat prestatzen harrapatu genituen Kanaldudekoak. Miel Zeleztino da kable berdeekin ageri dena.

Euskara hutsean, herritik eta herriarentzat egindako telebista da Kanaldude, Internet bidez eskaintzen dena. Astean 7.000 bisitari inguru ditu kanaldude.tv webguneak. Lan molde eraginkorra du hedabideak, eskuz esku lan egiteko prest dauden kolaboratzaile ugarik hartzen baitute parte albisteen egituraketan. Miel Zeleztino joan den udaberrian hurreratu zen Kanaldude proiektura eta telebista-kableekin aurrera eta atzera dabil gaur, frontoian. Kultur elkarte batekin konparatu du hedabidea: “Kultur dinamika gertutik ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen dit”.

Zortzi langilez eta gertuko hamabost kolaboratzailez osaturiko sareak hartzen du bere gain Kanaldude webgunea eguneratzeko ardura, Iparraldean gertatzen dena bertatik bertara kontatzeko. Lasako Markotx kamiseta egileari buruzko erreportajea, Lekorneko etxaldeek duten etorkizunari buruzko kezka azaltzen duen elkarrizketa sorta, Donazaharreko adinekoen egoitzara egindako bisita gidatua, Bidarraiko mendiko etxaldeetan gazte gutxi dagoela adieraziz eta mendia kudeatzeko gakoak emanez bildutako iritziak… ikus daitezke webgunean, Tokika izeneko sailean, guztiak ere herritarrek pentsatuak, diseinatuak eta, sarri askotan, grabatuak. Kanalduderen eta landutako bideoen izaeran bi ezaugarri nabarmendu dituzte arduradunek: tokikoa eta parte-hartzailea izatea.

Herritarren esku

Egin beharreko bideoak hiru hilabete lehenagotik hasten dira lantzen, egokitzen den herrian. Bertan, parte hartu nahi duen jendearekin bilkura antolatzea da lehenengo urratsa eta hortik aurrerakoa herritar bakoitzak parte hartzeko duen gogo eta asmoaren esku geratzen da. Baten batzuek gaiak proposatuko dituzte, beste askok grabaketa nola egin ikasteko emankizunetara gerturatuko dira eta hainbatek bere etxeko ateak zabalduko dizkio Kanalduderi, norberaren bizipenak partekatzeko.

Adibidea jartzearren, Ximun Carrerek hunkituta hitz egin digu Larrainen bizitakoaz: “Oso esperientzia positiboa izan genuen, Tokika saioa grabatzera gerturatu ginenean; Monzonen pastoralaren grabaketa eta hainbat erreportajeren gidaritza herritarrek beraiek hartu zuten euren gain. Gure kolaboratzaileen sare finkoa hamabost lagunekoa bada ere, gisa honetako lanketek aukera ematen dio nahi duen orori ekimenaren parte sentitzeko eta proiektua hurbiletik ezagutzeko”.

Xantxo Ernaga ere kolaboratzaile hasi zen Kanalduden, eta kirol emankizunen buru da egun. Frontoiko kamerak prest daudela ziurtatu bitartean solastatu da gurekin eta hizketaldi laburrean azpimarratu nahi izan du ikus-entzuleek egindako telebista dela beraiena: “Jendeak gaiak proposatuz deitzen digunean, guk ezetz erantzun ohi diogu, guk ez dugula egingo, beraiek egingo dutela esaten diegu, baina horretarako behar duten laguntza eta material guztia eskainiko diegula”. Ikus-entzulea kontsumitzaile soil izateari utzi eta egile eta sortzaile bihurtzea da telebistaren asmoa.

Hori guztia, euskaraz, nahiz eta, Carrerek gaineratu duenez, euskal hiztunak ez direnak ere erakarri nahiko lituzke Kanaldudek, frantsesak euskarara gerturatzeko bidea izan baitaiteke hau. Azken finean, Iparraldeko tradizioaren, kirolaren, kulturaren, egunerokoaren, ekonomiaren, jendartearen… errealitatearen berri izan nahi duenarentzat, telebista eta webgune aproposa da Kanaldude.

Elebista bideo-kazetatik sareko Kanaldudera

1997. urtean hasi zuen bere bidea Kanaldude telebistak. Urte horretan ondorioztatu zuten irratiaz eta paperezko prentsaz gain ikus-entzunezko komunikazio tresna bat garatzea komeni zela eta Elebista sortu zen, hilero kaleratzen zuten bideo-kazeta. Harrezkero, telebista igorgailuak erabilita Ipar Euskal Herriko txoko ahalik eta gehienetara iristeko saiakera egin zuten. 2006. urterako, telebista Nafarroa Beherea guztian zehar hedatzea lortu zuten. Hurrengo urtean, Interneterako jauzia eman eta ordutik sarean ikus daitezke emankizunak. Gainera, astean ordubetez TVP telebista-katean ere eskaintzen dituzte hainbat eduki eta hori pauso garrantzitsua dela uste du Ximun Carrerek, “izan ere, batez ere adineko jendea ez dago ohituta ordenagailuak erabiltzera, are gutxiago Interneten nabigatzera, eta horiengana heltzeko aukera eskaintzen digu TVP bidezko emisioak. Momentu honetan zuzeneko emisioak lortzeko probak ere egiten ari gara”.

Proiektua aurrera atera ahal izateko eta dirua lortzeko, ate publiko nahiz pribatuak jo dituzte behin baino gehiagotan. Diru-laguntzak handik eta hemendik jaso arren, urte bukaerako kontuak ez dira baikorregiak. “Urtero 25.000 euro inguru faltan izaten ditugu, baina lanean dihardugu aterabide berriak aurkitzeko”, dio Carrerek. Jendearen parte-hartzea duten bitartean, gogorik ez zaie falta etorkizunari aurre egiteko.
 


ASTEKARIA
2011ko abenduaren 25a
Azoka
Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude