Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Euskal zinema eta eraikuntza nazionala

Beñat Sarasola

Beñat Sarasola


2304. alea
2011-12-25
alde 48    kontra 9

Nik ere ez dut Gartxot ikusteko aukerarik izan, José Luis. Presatu nintzenerako zinema aretoetatik kanpo zegoen, lehentasuna eman nien David Cronenberg, Roman Polanski eta Lars von Trier-en azkeneko filmei.

Azken boladan badirudi halako loraldi bat bizi duela euskaraz egindako zinemagintzak –tira, film-luzegintzak–. Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genituen ale zenbait. Aski aipatuak izan ziren Bertsolari, Urte berri on, amona! eta Bi anai. Tamalez ezin izan nuen Telmo Esnalena ikusi; tamalez diot, zeren ikusi dutenek esan didatenaren arabera, gustatuko zaidalako susmoa baitut. Euskal zinemagintzari buruzko nire kezka Bertsolari ikusi ostean berpiztu zitzaidan.

Batzuentzat, zinemagintza beste zenbait helburu nazionaletarako bide den neurrian baino ez da muntazkoa. Eta niretzat hori akabua da, autodefentsa txatxu eta eskasa, ez soilik euskal zinemarentzat baizik eta edozein arte molderentzat

Ez zitzaidan Asier Altunaren dokumentala gustatu –ez da orain zergatia azaltzeko tenorea, beste batean akaso– eta ene iritzia txiokatu nuen Twitterren, aste hartan ikusitako gainontzeko filmekin egin bezala. Luze gabe iritsi zitzaizkidan nire iritziagatik minduak sentitu zirenen erdeinu, mespretxu eta abarrekoak. Agidanez, Bertsolari gustatu ez izana bertsolaritzaren kontrako erasotzat jo zuten zenbaitek, eta are aberriaren kontrakotzat ere. Absurdua da lotura hori. Schindler’s List filma ez gustatzeak –niri ez zait gustatzen; are, higuingarri zaizkit hainbat eszena– nazien aldeko bihurtuko banindu bezala. Batzuentzat, ordea, zinemagintza –eta, bide batez, baita bertsolaritza ere– beste zenbait helburu nazionaletarako bide den neurrian baino ez da muntazkoa. Eta niretzat hori akabua da, autodefentsa txatxu eta eskasa, ez soilik euskal zinemarentzat baizik eta edozein arte molderentzat. Artea, taxuzkoa bada, ez da inongo komunitatearen barneko loturak indartzeko, ez inongo gizartean halako komunio bat osatzeko. Antropologikoki edo soziologikoki interesgarriak izan daitezke halako fenomenoak, baina ez artistikoki. Eta gure herriaren arazoetako bat horixe da hain zuzen, bere egoera kulunkaria dela eta, soziologiak eta antropologiak artea jaten dutela anitzetan. Herri-batasunak disidentzia itotzen duela. Eta artea, zerbait bada, disidentzia forma bat da.

Zinemaldia bitartean Josu Martinez zinema zuzendariak artikulu bat argitaratu zuen aldizkari honetan bertan. Gai interesgarri askoak mahaigaineratzeko dohaina izan zuen Martinezek, baina sakoneko ideiarekin ez nator bat: “Izan ere, Euskal Herriak bizirauteko borrokan duen gaitzik arriskutsuenetako bat alzheimerra da eta horri aurre egiteko moduen artean, zinema memoria kolektiboaren adierazpide oso baliagarria da (...) herri batek bere burua pantailan ikusten duenean –ez ahaztu filmak normalki taldean ikusten direla, isilik eta iluntasunean–, herria “sortzen” ari da; zeluloideak “ispilu efektua” eragiten duenean ikusleengan, de facto, herri bat dago hor; bere esperientzia, emozio eta kode konpartituekin”.

Baiki, “ispilu efektu” hori ikusi nuen Bertsolari ikusi bitartean, baina ez dut uste horrek filma on bihurtzen duenik. Bidenabar, ez dakit balizko ispilu efektua eragiten duten “euskal gaiak” ez ote diren sobera ustiatu euskal luzegintzan.

Nire iritzian, euskal zinemak aurrera egingo badu, beharrizan nazional horietatik kanpo egingo du. Bertute horixe ikusi nion Bi anai filmari esaterako, bere tasun, keria eta inperfekzio guztiekin, apustu artistiko muturreko eta indartsua delako. Arteak gehiago du zerikusia urraketarekin, distortsioekin, aurreritziak kolokan ipintzearekin, herri baten kohesioa indartzearekin baino.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 2# | ekaitz goienetxea | 2012-01-03 19:41:08

    Niri Bertsolari gustatu zitzaidan. Asko.
    Ez ditut ez Bi Anai, ez Gartxot, ez Urteberri On Amona ikusi.
    Lehendabiziko biak nola amaitzen diren badakit. Lehenengoa, irakurri nuelako aspaldi. Bigarrena, kontatu didatelako, hiruk (#muxubat, kabroiak).

    Barka eztabaidari gehiago ez aportatzea.
    Interesgarriagoa zait beste auzi bati heltzea, biok (Beñat eta Josu) ados jartzen zaituzten horri: zergatik ez zaizue Bertsolari gustatu?

    Barkamenak berriz ere, goiko gaiari ez heltzeagatik,
    eta eskerrik asko.

  • 1# | Josu Martinez | 2011-12-25 20:29:13

    Bistan da ez nintzela ondo esplikatu, edo Beñat Sarasolak ez zuela batere ulertu nire artikuluaren "sakoneko ideia".

    Bestalde, "ispilu efektua" Sarasolak euskal gaiei buruzko filmetan bakarrik topatzen badu... agian berak du arazoa. Nik uste baitut gure imaginario kolektiboa askoz ere zabalagoa eta anitzagoa dela, eta horretaz ari nintzen. Adibidez, berak aipatzen duen "Bi anai" nire imaginarioaren parte da, eta "gartxot" ere bai, eta "urteberrion amona"-rekin ispilu efektua sentitu genuen baigorriko lagun batek eta biok zinemako ilunean...

    Baina zoritxarrez, askotan gertatzen da besteren ideiak sinplifikatzea norbere tesia defendatzeko... edo norbera "modernoetan moderno" agertzeko.

    Eta mintzeko inolako asmorik gabe diot hau, ze ziur nago Sarasolak ez duela fede txarretik idatzi. Baina tira.... agian hain juxtu horixe da okerrena.


    josu

    p.s. niri ere ez zitzaidan "bertsolari" gustatu.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza