Astekaria

 Diskoak 

Sentimenduz eta aniztasunez osatutako puzzlea

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2303. alea
2011-12-18
alde 2    kontra 0

Governors::Collage

Mauka

iraupena ::39’36’

prezioa ::10 euro

Kokagunea Arrasaten duen taldeak diskoetxez aldatu du eta hirugarren lana dakarkigu. Abestiak konposatzerakoan J. Sangek azken urtean taldean gitarra jotzaile aritu den Keu Agirretxea iraganeko bidelaguna izan du alboan eta emaitzan nabaritzen da: gitarrek are eta presentzia handiagoa dute. Taldeak aniztasun eta kolore handiko collagea osatu du eta mimoz zaindutako alderdi asko ditu: Amets Arzallusek, Fredi Paiak, Eider Zumaldek eta Mikel Etxaburuk hitz hunkigarriak idatzi dituzte (abestearen amildegia, espetxeak, Palestina…); Joserra Semperenak hammondarekin eta teklatuekin bestelako giroa eman die zenbait kantari; eta estilo aldetik, disko zabalena dugu hau. Taldekideen hastapenetako heavya eta hard-rock gogorra ageri da, baita punk-rock gitarreroena, rock elektroniko dantzagarria, metala eta pop-rocka ere.

www.myspace.com/governorszon

«2000. urtetik Israelek 800 umetik gora erail ditu, ezin beste alde batera begiratu»

Collage bat egitea esperimentua da. Nola bizi izan duzu disko honen sortze prozesua?

Lan egiteko modua desberdina izan da bai hitzei dagokionez, baita konposatzerakoan ere, Keurekin urrutitik lan egin dudalako. Une batzuetan guztia kontrolpean ez izateagatik bertigoa izan dut, baina pieza guztiak heldu eta maketa egiterakoan disfrutatzen hasi nintzen.

Diskoetxe berri baten aldeko apustua egin duzue. Zer eskatzen diozue diskoetxe bati?

Lan egitea eta etorkizunari begiratzea. Askotan taldeak lan handia egin, diskoetxe bati diskoa eman eta bi asteko promoaren ostean, luzaroan ez da argitaletxetik inolako mezurik izaten. Maukakoek gure managementa daramate, hurbil ditugu eta etekin azkarra bilatzen ez duen jende langilea dela erakutsi digute.

Zer sentitzen duzu Larru azaletan kanta abestean?

Oso berezia da. Amets Arzallusek guretzat idatzi zuen eta azaldu zigun idazterakoan ezertan pentsatu gabe kantak berak piztu zizkion sentsazioak jarraitu zituela. Hori ikaragarria da! Eta ni hitz horiekin oso identifikatuta nago.

Nolakoa izan da A song for Bobby kantan Bik MacFarlaneren laguntza izatea?

MacFarlane guk egindako bertsioaz oso harro dago eta hala esan zidanean asko hunkitu nintzen. Askotan kantak konposatzen edo aztertzen ari naizenean ez dut halako detailetan arreta jartzen, baina geldiune bat egin eta MacFarlanek Long Keshen lagunak hiltzen ikustean bizi izandakoa pentsatuz oilo ipurdia jartzen zait. Bere parte-hartzea ikaragarria da guretzat.

Palestinari buruz sarritan abestu duzu. Asko hunkitzen zaituen al gaia da?

Bai, Mikel Etxabururi hango umeei buruz idazteko eskatu nion. 2000tik Israelek 800 umetik gora erail ditu, atxilotuak eta torturatuak ere badira, eta 35.000 gaizki elikatuta daude. Ezin beste alde batera begiratu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza