Berriki egindako esperimentuan, Utah-ko Unibertsitateko (AEB) ikerlari talde batek ura –48ºC-ko tenperaturan egoera likidoan mantentzea lortu zuen. Hortik behera ura bat-batean izoztu zen, baina nola lortu zuten tenperatura horretan ura egoera likidoan egotea?
Ura 0ºC-tik behera egoera likidoan mantentzen dena, kasu ugari topa ditzakegu naturan; lainoan, adibidez, inguruko airearen tenperatura gradu askotan negatiboa izanik ur-tantak topa daitezke. Gakoa uraren purutasun-mailan datza, hau da, uretan normalean dauden ezpurutasunek (gatzak, hondarrak, eta abar) eragiten dute urak 0ºC-ren inguruan izoztea. Zenbat eta ur puruagoa izan orduan eta izozte-puntu baxuagoa lortuko da; Utah-ko ikerlariek –48ºC-tan finkatu dute, oraingoz, izozte-tenperatura.
Ez dirudi aplikazio praktiko izugarririk izango duenik saiakera honek, baina gutxienez, hobeto ulertuko dugu zergatik, batzuetan, euri-urak lurra ukitzean bat-batean izozten diren.
2# | Joxerra Aizpurua | 2011-12-12 09:40:47
Mikel
http://www.sciencesetavenir.fr/fondamental/20111124.OBS5274/l-eau-peut-etre-liquide-jusqu-a-48-c.html helbidetik hartu nuen berria. Bertan ikusiko duzunez, uraren purutasunari egozten dio likido mantentzearen erantzukizuna eta aldiz, ez-purutasunak omen dira kristaltzea eragiten dutenak.
Nik, egia esan harritu egin nintzen berria irakurtzean, baina gero konturatu nintzen lainoetan -30ºtik gora badaudela ur-tantak eta hor ura oso purua dela.
Enfin, mila esker zure ekarpenarengatik
1# | Mikel | 2011-12-11 21:52:53
Kaixo, Joxerra:
Lehenik, nere aitortza Argiako zientziari buruzko ataltxo horri eusteagatik.
Azken aleko berri batek, odea, harrituta utzi nau. Bertan diozunez "Zenbat eta ur puruagoa izan orduan eta izozte-puntu baxuagoa lortuko da". Kimikaria naizen heinean, esaldi hori propietate koligatiboak deritzaneko baten aurkakoa da: hain zuzen ere, urtze-tenperaturaren jeitsiera bezala ezagutzen dena, eta uretan soluto bat disolbatzean eragiten duen izozte-tenperaturaren jeitsiera azaltzen duena. Orain arteko hainbat ebidentzia eta esperimentuk hori bera frogatzen dute. Ez dakit esaldi hori nahi gabeko irristada izan den edo aurkikuntza benetan harrigarri baten aurrean gauden, baina argitzea gustatuko litzaidake.
Agurrak eta segi zure Argiako ekinean.
Adeitasunez,
Mikel
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa